Gogoa eta herra

Gogoa eta herra –

Gogoa eta herra
Arg: Arantzabela Ikastola (Alea).

Jakin berri dugu euskara ikastea zaila dela, munduko hizkuntza zailenen ranking-ean bosgarren lekua betetzen omen. Hain zaila ezen 1.295 ordu ikasten eman ondoren, soilik gutxieneko maila bat lor daitekeen, antza.

1.295 ordu, hiru orduko ikastaro bateko erritmoan 432 saio inguru. Astean hiru saio eginez gero, gutxi gorabehera, urritik ekainera bitarteko lau ikasturte oso izango lirateke…

Barkatuko dit Laudioko Udaleko langile ohi horrek, baina ez zait sinesgarri egiten. Bakarrik bi aukera ikusten ditut nik: astean bitan piper egiten zuen euskaltegian edo ez zuen euskara ikasi nahi, ez dago besterik: piperzale ala piperpotoa maite, edo biak batera, akaso. Gasteizen eta Araba osoan, milaka eta milaka emakume zein gizon aritu dira, eta dihardute euskara ikasten, gehienak gogotsu eta gustura, zenbaitzuk beharrak aginduta; baina, orain arte, inork ez du horrelako argudio sinesgaitzik erabili bere gogo falta edo euskararekiko ezinikusia garbitzeko, justifikatzeko.

Horietako bat, euskara gogotsu ikasi zuenetako bat izan zen hil berri zaigun lagun on baten ama, eta berehala akordatu naiz lagunak kontatutakoaz: nola pasa den mendeko 70. hamarkadan Gasteizen eskolak euskaraz emango zituzten maisu-maistrak, irakasle eta andereñoak, behar ziren bertako ikastoletan, eta nola bere ama eta magisteritza ikasitako beste gazte batzuk uda batean ikastaro trinko batzuk jaso, eta hurrengo ikasturtean Gasteizko umeei eskolak euskaraz ematen hasi ziren.

Hori bai ariketa zaila! Eta hortik aurrera, beren burua jantzi, hizkuntzan trebatu eta euskaldun oso bilakatu ziren, urtetan bertako umeen eredu izateraino.

Euskara zaila? Gustuko aldapan nekerik ez dagoen bezala, bestelakoetan ere ibili beharra dago bizitza honetan.

Hizkuntzak ikastea gogo kontua izan daiteke; baina hauenganako gorrotorik edo herrarik ez izatea, ingurukoak errespetatzeko modua da, inguratzen zaituen kulturari gutxieneko begirunea agertzea.

 

Gogoa eta herra

Oihaneder Euskararen Etxeko kultur teknikaria ofizioz, kultur-xaxatzaile afizioz

Zer duzu buruan “Gogoa eta herra”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-19 22:13

    Tira, izan daiteke gizon hori Monolingüe irridento hutsa izatea, grekoz “IDIÓTES”…

    edota erderaren toxikazio orokorraren kontrako maskarilla gaizki ipinita edukitzea, sudurra ongi estali barik-edo, edota erdal telebista aurrean tontotuta orduetan eta orduetan lozorroan…

    edota EPAILEA gaiztoa izatea, besterik gabe.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude