Gizarte berria eraiki beharrean gaudela eta…

Gizarte berria eraiki beharrean gaudela eta… –

Ez da batere erraza hainbeste indar duen sistemari aurre egitea, eta are gutxiago, denboraren poderioz garatzen dituen sustrai beltz eta ilunei sega sartzea.

Gizarte berria eraiki beharrean gaudela eta…

Dena dela, eta ahal dugun denbora eta neurrian, bide horretatik urratsak  eman beharrean gaude. Horretarako ezinbestekoa da norekin  eta nola indarrak gehitu alde batetik, baina baita ere sistemaren sustraiei izerdia kenduz, bestetik.

Nik gaur, hemendik jotzeko asmoa agertu nahi nuke. Estatuek betidanik erabiltzen bai dute bere hizkuntza tresna bezala. Horrela inposatzen dute eskola, hezkuntza eta bere inguruak, beraz tresna gisa, hizkuntza, menderatze sistema guztien eraikuntzarako, beti izan dute beharrezkoa.

Hori horrela izanik, ondoko helburua argia da; hizkuntza desberdinak desagerraraztea, nahiz bizi dugun demokrazia irrigarri honek beti uka.

Laburbilduz, hizkuntza beti izan da, eta izango da, koloniaren zutabe.

Arlo honetan, zoritxarrez, Lakuan EAJ bakarrik egon ala ez, eta batez ere hizkuntzarekin harreman zuzena duten sail guztiak, “gehienetan” urrats txepel bezain ahulak ematen ari dira.

Dena dela, egiten ari direnak –esandakoak aparte- ez dira hain berriak, badituzte aurrekariak.

Agian norbaitzuk ez dute pozez hartuko, baina gaur mahai gainean jartzen diren erabakiak, eta bihar lege izango direnak ikusiz, espainiarrarentzat, hain miresgarriak diren Isabel eta Fernando, “Errege-Erregina katolikoak”, Estatu espainoleko demokraziaren gobernu guztien aitzindari eta “maisu” bilakatzen ari dira. Zoritxarrez, Gasteizen ere ba da horrelako zerbait.

“Errege-Erregina Katolikoak”, Euskal Herria, baita Galizia konkistatu zituzten garaian erabilitako metodologia berbera dute eredu, gaur ere.

Orduan herri bat konkistatzen zutenean, lehen begiratu beharrekoa zen, ea konkistatzailearen hizkuntza berdinekoak ziren ala ez.

Errege-Erregina Katolikoak” egindakoaren arabera, desberdinekoa baldin bada, hauek hartu beharreko neurri batzuk; disidenteak desterratu eta espetxeratu. Pilaka kanpora bidali behar dira eta alderantziz, kanpotar jende ahalik eta gehien eraman bertara bizitzera. Hau da, inbaditu, kolonizatu egin behar da. Jakina, gainera noblezia eta buruzagiak neutralizatu, eta kanpokoak ezarriz, noski.

Hau da, besteak beste, “Errege-Erregina katolikoak” Euskal Herrian et Galizian erabilitako metodologia, indarrez konkistatutako lurraldeak kolonizatzeko.

Poliki, poliki, lerro hauetan agertzen ari direnak baino hurbilagoko denborak, ezagutzak eta baita esperientziak ere sumatzen dira. Ez baitaude hain urrun Franco diktadorearen menpe, bizi eta ezagututakoak.

Galiziar txiki bezain gaiztoak, ongi ezagutzen zituen bera jaiotako lurraldean Isabel eta Fernando famatuek egindako sarraskiak. Beraz, ez da batere harritzekoa, helburu berberak izanik,  gauza bera egin izana.

Beranduago, eta galiziar “maisua” omenduz, Afrikako iparraldean, Hasan II ak Saharan indarrez inposatutako kolonizazio berbera.

Ez du ezertarako balio egiari bizkar emateak, Aspaldidanik dakigu indarrez eraikitako estatuak, berez sortzen dituen disidentziari, “separatista” edota “terrorista” deitzen duten tendentzia oso hedatua dagoela. Ez da berria, garai bateko Sobietar Batasunean, Ukrainiarekin hasi eta beste hainbat errepublika indar zentralisten eragina  ongi ikasita daude. Zenbat urte dira ba Sizilia banatu  zenetik?

Frantzian, Espainian, Ipar Irlandan, Eskozian , Belgikan, Kanadan eta beste lurralde gehiagotan, gatazka sozialek, dimentsio etnikoa dute. Hainbat “probintzia” eta “Autonomia” nazio agertzen dira, eta neurri batean edo bestean, estatu nazional bat bereganatu nahi dute.

Beraz, ez dago luze begiratu beharrik, gaur egungo mugak menperatzaile diren klaseen interesei dagozkiela eta ez herrikoi diren nahiei. Horregatik, potentzia handiek harrokeriaz aldarrikatzen duten batasun horrek, nazio eta herri txikiagoaren zapalkuntza adierazten du.

Eta nola ez, honek begi bistan -edo gordeta- dakarren bortxa errepresiboaren erabilera.

Ez da harritzekoa beraz, beti egia estali nahi izatea, eta horregatik, PSOEk, -Lakuan egon ala ez- betiko mezu berbera erabiltzea: sentiberatasun asko dituen gizarte “berria” eraiki beharrean gaude. Bere inguruetatik ez dator besterik, berdintasunean bizitzen ikasi beharra dago, aipatzen dute behin eta berriro. Tarteka ere entzuten dira “euskaldun pasiboaren” izaera aldarrikatu eta bermatzen dituzten hitzak. Baina euskaldunari –euskara duenari- “gaztelau pasiboa” izateko aldarria eta bermea ez dizut oraindik entzun Mendia andrea.

Beraz, berdintasun nahiko berezia saltzen ari zarete. Beste zerbait asmatu ezean,-eta ez dut espero- hori bortxaren  beste aurpegia besterik ez da, beste bat.

Nahiz PSOEko buruzagiak, zeuen  sistema politikoa eredugarria balitz bezala defendatzen duzuen, egia oso bestelakoa da.  Estatu espainoleko Autonomiak, indarrezko konkista eta kolonizazioa ezkutatzen duten zatiketa abstraktua besterik ez da. Edo ez? Indarrez lortutakoa kudeatzen duen sistema demokrazia ote ba?

Ez zarete denak berdinak, hainbeste badakit, eta ongi jakin ere, baina ez al dizue lotsarik ematen hain demokrazia ustelaren eredu izateak? Ba al dakizue, hemen, kolonia honetan, disidenteak nagusi garela?

Mendia andrea, ezagutzen al duzu planeta honetan, beste lurralderik, bertakoak diren herritarrei, euren hizkuntza ez jakiteko eskubidea bermatzen duenik?

Gizarte berria eraiki beharrean gaudela eta…
Gizarte berria eraiki beharrean gaudela eta…
Josu Iraeta

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude