Genero-ikuspegia hizkera sexista al da?

Genero-ikuspegia hizkera sexista al da? –

Eguneroko hizkeran sexismoa azaltzeari buruzko eztabaida, eta hala badagokio, horri aurre egiteko neurriak neurtzeko aukerari buruzkoa, gizartean puri-purian dagoen gaia da. Gainera, karga emozional handia du, eta horregatik, hainbatetan jarrerak muturrean jartzera dakar eta ez horrenbeste ikuspegiak elkartzera.

Artikuluak dioenaren arabera, Espainian zehazki lanbideen feminizazio-estilo gidak sustatzen dira, baina beste herrialde aurreratuago batzuetan berdintasun-kontuetan, joera hain zuzen ere kontrakoa da, eta ingelesez adibidez “actress” kendu dute eta denentzako “actor” hitza erabiltzen dute. Euskaraz ere genero gramatikalik ez duen hizkuntzan antzeko zerbait gertatu da zenbait lanbiderekin: “aktoresa” ez da erabiltzen eta “aktore” erabiltzen da denentzat. Suedian ere antzekoa gertatu da irakasle hitzarekin; izan ere, berdintasuna ez da lortzen nahitaez sexu-desberdintze bat indartzen, baizik eta desberdintasun hori neutralizatuz. Eskubide eta betebeharren berdintasuna lortuko dugu denak desberdin izanik, inor nabarmendu gabe elkar tratatzen dugularik.

Artikuluaren arabera, genero gramatikalak gaizki deitzen dira, eta genero gramatikal inklusiboa edo ez-markatua erabiltzea sexistatzat hartzen dira, eta hori gertatzen da ez delako bereizten genero gramatikala eta kontzeptu-desberdintzea. Genero gramatikalak dituzten hizkuntzetan nahiz generorik ez duten hizkuntzetan arazoa funtsean bera da azken hamarkadetan, eta sexu-desberdintzea nabarmendu nahi dugu feministetan feministenak izateko, eta horretarako gramatikaren sistema behartu ere egiten dugu hainbat bide desberdintzaile hartuz, baita euskaraz ere. Plural generiko berdintzaileak ez erabiltzearren, emakumeak ikusezin egiten dituelako, bikoizketa artifizialak eta ez oso ekonomikoak erabiltzen ditugu, emakumea ikusgarri egiteko.

Ikusgarri egiteko alternatiba horiek ez dituzte kontuan hartzen, artikuluaren arabera, hizkuntzaren funtzionamendua, eta hizkuntzaren sisteman bikoizketak gertatzen dira, ez beti beharrezkoak, eta batzuetan okerrak.

Artikuluak erakutsi nahi izan du gramatika bere neurri zuzenean ulertzen denean, ez dela ez matxista, ezta baztertzailea ere. Sistema gramatikala ez da, beraz, berez sexista; sexistak pertsonen jarrera baztertzaileak dira. Artikuluaren egileak ere normalean “hizkuntza ez sexisten gidak” deitutakoetan normalean agertzen diren termino ez markatuen erabilera inklusiboen alternatiba nagusiak errepasatzen ditu, noiz diren aukera onargarriak edo noiz ez esaten digu.

Hizkuntza-baliabideak ongi pentsatuta erabili behar dira, eta irtenbide gramatikal inportatuak inposatu nahi dutenek sisteman berehalako disfuntzioa eragiten duen espezie inbasibo bati ateak irekitzen dizkiote. Modu inklusiboan forma ez markatuak erabiltzen segitzeak ez du esan nahi emakumeen isiltasuna babesten denik. Izan ere, berdintasuna ez da espainieraz “arquitecta” deitzea, baina bai berdin ordaintzea eta aukera berak izatea. Gizon eta emakumeei atxikitako rolekin lotutako estereotipoak ezabatu behar dira, eta eskubideen eta aukeren berdintasuna azkenean errealitate bihurtu, baina pobrezia ez da desagertuko mundutik, hiztegitik “pobrezia” hitza ezabatuta, ezta matxismoa desagertu ere generoaren gramatika-sistema aldatuta. Gramatika behar bada aldatuko da, baina ezarpenik gabe, bere denborak jarraituta.

Arazoa dator, azken batean, maskulino eta femenino kontzeptuak genero gramatikalarekin lotzetik, eta hori da ene uste apalean gaur egungo feminismoak duen arazoaren iturrietako bat: berez genero-indarkeriarik ez da existitzen, genero gramatikaletik ez baitator bortxa edo indarkeria; indarkeria pertsonok egiten dugu, eta maskulinotasuna eta femeninotasuna gu guztion baitan ditugu, eta era berean gure hizkuntzen gramatiketan barneraturik daude maskulinoa eta femeninoa eta baita neutroa ere zenbait hizkuntzatan!

Gutako bakoitzaren barnean ditugu bai femeninoa bai maskulinoa, eta hizkuntzaz bereizketa hori egiten dugularik, gugan gatazka sortzen da, gero kanporatzen duguna oso arriskutsu baita. Arazoa dator generoa sexu jakin batekin lotzearekin, eta egokiagoa litzateke, beharbada, genero-indarkeria baino, “pertsonen arteko indarkeria” terminoa erabiltzea sexu-erasoez, bortxaketez edo bestelakoez ari garenean, adibide bat jartzearren.

Bibliografia: En torno al género inclusivo. Escandell-Vidal, 2020

Genero-ikuspegia hizkera sexista al da?

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.

Zer duzu buruan “Genero-ikuspegia hizkera sexista al da?”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2020-09-04 15:10

    Nik badut hipotesi bat: ETB2ko Teleberria luzeagoa da ETB1eko Gaur Egun baino, ez eduki gehiago dituelako, ez, baizik hark denbora gehiago darabilelako “niños y niñas”, “diputados y diputadas”, “arquitectos y arquitectas” esaten.