Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua!

Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua! –

Izenburuko esaldi hori, lau urtez ezker abertzaleko kideetan inoiz inork izan duen botere instituzional handiena izandakoak emandako erantzuna da, Berria egunkariko kazetariak galdetuta (2021-06-27), ea zergatik aritu den gehienetan gaztelaniaz eta ez euskaraz. Zer-pentsa ematen du, ezta?, gure barneko kolonizazio onartuaren tamainaz. 

Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua!

Kazetari zaildua da erantzun hori eman duena, Egin, Euskadi Información eta Gara-n aritu da, irratian halaber, eta Gipuzkoako diputatu nagusi izan zen 2011tik 2015era. Bergaran jaioa, eta ez edonon, baizik eta leku enblematiko batean: monzondarren Olaso dorrearen hirugarren solairuan hain zuzen. Txikitatik izan zuen harremana abertzale eta euskaltzale handiarekin, eta hark galdeturik ea zer ikasi nahi zuen, eta Martin Garitanok kazetaritza erantzunik, Monzonek esan omen zion Euskal Herriak aske izan arte poetak eta kazetariak behar zituela; geroago beharko zirela ingeniariak eta gainerakoak. Nonbait ez zion espresuki aditzera eman euskaraz lan egingo zuten kazetariak behar zituela Euskal Herriak, edo ez zion kontuan hartu behinik behin. 

Dena den, ikuspegi hori ez da diputatu ohiarena bakarrik -berak egiati jokatu du-, da hari boterea eman zion koalizioaren aparatuarena, eta da elebidun askorena edo gehientsuena segur aski.

Telesforo Monzonek bere azken artikuluan, “Hiru oinarri” izenburupean, zazpi euskal lurraldeen eta bertan bizi diren euskal herritarren batasunaren premiari, euskararen balioarena erantsi zion: 

Biharko Euskal Herria euskalduntzen ez badugu, Euskal Herriaren hizkuntza, mintzaira, hizkera, bene-benetan, beheko mailetatik hasi eta goiko mailetaraino egiten ez baldin badugu, esan dezakegu hori ez dela Euskal Herria (…) Beraz, benetako Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. 

Beste batzuk ere izan ditugu Monzon baino lehen: Jokin Zaitegi, Andima Ibinagabeitia, Txillardegi eta abar -Txillardegi kronologikoki beranduago noski, eta ideologia ezkertiarragoarekin-, oinarri horren ezinbestekotasunaz hitz egin eta idatzi izan dutenak, eta horretarako abertzaletasuna, estatu independente bat osatzeko nahi sendo baten behar noraezekoa aipatu dutenak behin eta berriz, baina oraindainokoan, ez du behar bezalako bidea egin, eta, horretan, esan beharrik ez dago honako ikuspegi honek zer kalte egin duen eta egiten ere jarraitzen duen:

Gehienetan gaztelaniaz aritu zara. Zergatik ez euskaraz?

Euskaraz idazten eroso sentitu naiz, baina hobeto idazten dut gaztelaniaz. Banitate kontua izango da. Garai bateko semea naiz. Gaztelaniaz irakurtzen dut batez ere, eta horrek ematen dit erraztasuna. Nire mugak ezagutzen ditut.

Hitz horietatik honako ondorio hau ere atera daiteke: ba, euskaraz edo erdaraz, ez du hainbeste axola, edukia da inportanteena; ez dute horrela pentsatzen eta jokatzen hainbeste kritikatzen ditugun arduradun politiko espainiar eta frantsesek eta! 

Gaur egun, Telesforo Mozon edo Martin Garitano bera ere gazteak zirenean baino baliabide gehiago dugu euskaraz, geure burua janzteko eta erdaraz bezain eroso sentitzeko, baina egia da asko falta zaigula euskaraz eta erdaraz baliabide eta aukera berdintsuak izateko, eta arlo horretan gobernatzen gaituztenek ez dutela aski egiten inondik ere, eta oposizioak ere, gehienbat ahuleziagatik, ez, aldeak badiren arren.

Gobernuan direnen eta are independentista zenbait edo askotxoren pipi horixe dugu gure euskaltasunaren minbizietarik bat, elite politikoaren desertzioa edo atxikimendu  aski eza, eta koherentzia eskasa. 

Eta nola tratatu gaitz hori? Batzuek pentsatuko dute erremedioa izan ezean, hobe dela horrelakoak ez haizatzea; ez natorkie bat. Pipiak jota gaude, minbiziak, eta presazkoa da tratamendu on batekin sendabide onak jartzea, eta banitateak alde batera utzita, euskaltasun koherentean aurrerapausoak ematen joatea.

Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

20 pentsamendu “Gaztelaniaz idaztea, banitate kontua!”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo 2021-06-28 10:48

    Eskertzen diat hausnarketa, iradokizuna eta ez gutxiago ausardia. Kontuan izatekoa!

  • Estimatua Bittor

  • Mikel Haranburu 2021-06-28 12:46

    Izan ere, ez da ariketa txarra noizean biluztea; zitzoki eta egiaz adieraztea zergatik egiten dugun egiten duguna, kasu honetan hizkuntzaz dugun jokabidea. Biluztutakoan, geure buruarekin solas egin eta hari aitortu geure gabeziak eta beldurrak, eta alferkeriak.
    Fikzioan bizi gara bestela, sarri askotan batzuk, ez hain luma handiak beharbada, baina ausardiaz salatu izan dutenak gure barne-ustelkeria, hiztun garatekeen aldetik behintzat: Aristi, Perurena, Epaltza, ehundaka honez gero…
    Eta fikzioan bizi nahi badugu, aurrera! baina egunen batean, zakuaren barrenera begiratzen dugunean (klusterrak eginen du…) zakuan uste genuena saguek jan dutela oso osorik ikusiko dugu.
    Korrika, ikastolen festak, bai Euskarari, biziberritze planak…; errealitate soziolinguistikoa… irrealitate soziolinguistikoa bai gurea… Noiz hasiko? Banitateak galarazten digu gu geu izatea? Eta Euskararen Unibertsoa, eta Euskal Kulturaren Batzarrea? Eta Euskal Herriko Unibertsitatea? Eta Euskal Liburutegi Nazionala? Eta ‘Gazte Hizkera Nazionala’? Eta BECeko bertsolari txapelketen finalak? Non eta zertarako horiek guztiak, “banitateak” (lotsak, ausardia faltak, geroari begiratu nahi ez izateak, alferkeriak, ‘politizazioak’…) ez Euskaraz ez egitera, baina eta Gaztelaniaz egitera bultzatzen bagaitu, eta bultzadari men egiten badiogu?

  • Garitanok berak atera du gaia, besteak beste GAZTELANIA eufemismo modura erabiliz (“la RAE prefiere el uso del término «español» en lugar del término «castellano»”), eta nahi gabe bezala ( (nola garbitu dezake gaur egun inork bere burua “garai bateko semea naiz” lotsatu gabe esaten?), euskaraz ez egitera gonbidatzeko hordagoa jo du.

    Zoritxarrez ez da kartekin edo dialektikoki amai daitekeen jokoa. Sustrai sakonegiak ditu haren kalakak, arrazoibidearen bitartez konpon daitekeela pentsatzeko.

    Ez, euskaldun batek, edozeinek, Euskal Herrian gehienetan ESPAINOLEZ IDAZTEA ez da banitate kontua, banitatez mozorratu nahiko balu ere. Euskaldun batek batez ere ESPAINOLEZ IRAKURTZEA banitate-kontua ez den bezala.

    Euskaldun alfabetatu batek Euskal Herrian gehienetan EUSKARAZ EZ IDAZTEA beste zerbait da, eta kazetaria den batek ongi jakin beharko zuen hori.

    Euskaldun batek, edozeinek, IRAKURTZEN DUEN IA GUZTIA ERDARAZ EGITEA euskal kulturari, euskarazko prentsari, euskal literaturari ostikadak ematea da.

    Eta hori guztia egiten duen euskalduna Euskal Herrian agintari alfabetatu ahaltsua izan bada, bere gizataldea omen denari porroxka hutsak ematen aritu izan zaizkio. Eta hori guztia deus gutxi balitz bezala kontatzen duen euskalduna Euskal Herrian oraindik ezer baldin bada, bere kulturari eta bere gizataldea omen denari putinka ari zaie, eman beharko liekeenaren utzikinak besterik ez zaie banatzen ari.

    Eta ez, ez dirudi jokabide hori banitatearen aitzakiak zuritu dezakeenik, ezta beste alorretan egindakoek ere.

  • Txalo, Pako! Balio handikoak hire koherentzia eta ausardia. Ez dauzkagu soberan inguruotan…
    Banitatea (aitortua) baino ezaugarri gehiago biltzen dira Garitanoren jarreran. Ardura politikoak (oso garrantzitsuak bere kasuan) dauzkanak, ezin du bere jokabidea horrela zuritu “nire mugak ezagutzen ditut”… azalpen motzagorik!
    Baina dozenaka dira, aipatu den bezala, euskaldunak aintzat hartu ez eta erdaldunei lehentasunezko arreta (edo arreta osoa) eskaintzen dieten ordezkari abertzaleak. Bada, sareetan espainieraz gehienbat, baina ingelesez ere euskaraz baino gehiago jarduten duen diputatu txit-abertzaleren bat edo beste, to banitatea… eta konplexua?
    Espainierari lehentasuna ematen dioten ordezkari abertzaleek egundoko kaltea eragiten diote euskaldunon komunitateari, euskararen erabileraren aldeko kanpainarik (balego) onena ere hankaz gora jarriz egunero-egunero, milaka eta milaka euskaltzaleren ahalegina hutsaren hurrengo bilakaraziz, herritar askoren erreferente diren neurrian.
    Iruzur egiten digute euskaldunoi, eta iruzur egiten diete euren jarraitzaileei. Garitanoren (ete beste hainbaten) kasuan, Sorturi eta EHBilduri. Izan ere, honako hau dago jasota Sorturen “proiektua” azaltzen duen idatzian:
    “Euskara da Euskal Herriko hizkuntza eta euskararen berreskurapenaren alde lan egiten dugu. Sortuk euskaraz funtzionatzen du”.
    Eta hau EH Bildurenean (nahasiagoa den arren):
    “Gure ustez funtsezkoa da euskara normalizatzeko estrategia komun bat landu eta sendotzea, pertsona eleaniztunez osatuta egongo den eta XXI. mendeko euskal jendartearen kultura-aniztasuna errespetatuko duen Euskal Herri euskaldun bat lortzeko”.
    Garitanoren eta beste ordezkari askoren jokabideak ez dute bide horretan askorik laguntzen…

  • Euskal Herrian espainolez irakurtzea, idaztea eta bizitzea, nazio espainola eraikitzea da, argi eta garbi, zeure buruari deituta ere abertzale zein munduko hiritar.

  • Ados guztiokin. Garitano jaunak azken finean bere Gara maitatua irakurtzen pasatzen ditu orduak, espainolaren handitasunaren aurrean miresmenez urtzen delarik.

    Honek euskaraz irakurtzen duen bakarra ” *Euskal Herría ” da, horrela, azentu espainol eta guzti. Ez eskatu EuskálHerriá ahoskatzea, gehiegi izaten da hauentzat.

  • Erraztasuna landu egiten da: zenbat eta gehiago irakurri gaztelaniaz, gero eta erraztasun gehiago gaztelaniaz irakurtzeko; zenbat eta gehiago idatzi gaztelaniaz, gero eta erraztasun gehiago gaztelaniaz idazteko; eta berdin euskararekin, jakina. Euskaraz egiten dugunean euskaraz egiten ikasten dugu, (eta irakasten); eta berdin erdaraz, jakina.

    Alferkeria eta lotsa, batez ere.

  • Euskara herri xeheak ekarri du honaino. Euskal Herriko eliteak (ekonomikoak, elizatarrak, POLITIKOAK…) erdaltzaleak izan dira gehienbat.
    Garitanoren praktika erdaltzaleak, eliteen hizkuntza ohiturei segida ematen die, ez da salbuespena. EAJn eta EH Bildun ez da eredu horren adbide faltarik.
    Menperatutako herrien ezaugarri da hori.
    Aldiz, nekez aurki daiteke euskaraz, partez sikiera, jardun ohi duen eliteko kide espainiazalerik. Horiek oso argi daukate zein den hizkuntzaren garrantzia.

  • Iraganekoak utzita, orain beste bat da galdera:

    Memoria-liburua ere espainolez idaztearekin mehatxatzen ari da gure euskaldun agintari ohia?

    Euskal Herrian hain geurea dugun espainol naturalean argitaratuko al du liburua?

    Pentsa daiteke dagoeneko erantzuna emana duen galdera dela hori, baina BERRIAko kazetariari tintontzian sartuta geratu zitzaionez, ez dugu itxaropena galduko.

  • Arran O'pola 2021-06-30 12:20

    Memoria-liburua (ere) españolez argitara ematen badu, “euskal” herritar (ia) guztien (Iparraldean lau katu dira) hobe beharrez egingo du, español kosmopaletoa (ia) denek ulertzen baitugu, ez euskara baserritarra bezala.
    Zeren eta española espainiar guztion komuneko hizkuntza baita… Hara! Nahastu naiz berriro! Hori ez da abertzaleon matraka!… Kontua da dagoeneko ez dakidala zenbat hizkuntza dauzkagun, komunekoa eta beste bi, beste bat, hamaika… Anístasuna oso konplexua da!

  • Mikel Haranburu 2021-06-30 15:39

    Baina galdera larriena hauxe da: Eta, Garitano, horrelakorik egiten duen bakarra al da? Zeren eta, hala balitz, anekdota neurria ere izan bailezake… arazoa da Gaztelaniaz askoz ere erosoago dabilen euskaldun asko dagoela… eta ez soilik hiztun den aldetik -mintzatuz, idatziz-, baizik eta publikoari eroso helaraziz bere mezuak…

  • Graveena da vanitatez eguiten duela dioela!
    Hyper grave eta larria.

  • Zorionak, Pako! Egia beti.

  • Estimatua Ba ote!

  • Askotan grazia egiten dit batzuek ezker abertzalean oportunista okagarririk ez dagoela pentsatzeak. Gizajoak… balekite! Parasito guztiak EAJn daudelakoan ala?

    Printzipio eta moralik gabeko oportunista okagarriak alde guztietatik ditugu, zoritxarrez. Ikusi Gara, Deia, Noticias de Gipuzkoa eta ETB2, euskara hiltzeko lan egiten dutenak, EAJ eta Bilduren zati handi batek bezala. Beren helburua gaurko koiunturaren normalizazioa da, hau da, euskararen minorizazio estrukturala, kronifikatua, behin betiko eraikitzea. Komunikazio iturri eta alderdi horiek botere nahi bat asetzeko egiten dute lan, ideia politiko konkretu batzuk zabalduz norbanako gutxi batzuei jaten emateko. Helburu horrek noski talka egiten du euskararen suspertzearekin, honek epe-motzeko irabazi politikoetatik haratago dagoen estrategia bat eskatzen baitu. Beste modu batera esanda, beren helburua ez da euskararen egoera iraultzea, mozkin politikoen behia jezten jarraitzea baizik.

    Horrek eta horrek bakarrik azaltzen du Garitano bezalako pertsonaia baten edo beste milaka “Garazale”ren jarrera.

    Adibide esanguratsu bat. Orain dela urte batzuk telebista kateen inguruan egindako konpetentzia azterketa bat publikatu zuen EHUk, honakoa ondorioztatuz: ETB1en konpetentziarik handiena ETB2 da. Beste era batera esanda, ETB2 existitzen ez balitz ETB1en audiantziak handiagoak lirateke. Hau da, ETB2k euskara kaltetzen du. Dirua xahutu, eta euskara hil. Plan borobila.

    Aizue baina… orduan zergatik segitzen dute estrategia berdinarekin? Bada, ETB2 botererako propaganda delako EAJrentzat. EAJ oso alderdi baskoa da, ez dezagun ahantz. Euskara hiltzen badu ere, ETB2k baskotasuna bultzatzen du, eta hori oso garrantzitsua da gure establishmentaren bezerokeriarentzat.

    Bide batez, ez dut Conquis ikusten, baina esan didatenez euskaldun peto-petoak beren artean erdara batean edukitzen dituzte, euskarazko tarteak moztuz. Azkoitiar/Azpeitiarrak beren artean erdaraz eta antzekoak. Latza. Darabilten planen erakusgarri. Begi bistakoa denez, hauek ez dute Bilbo euskaldundu nahi. Zerbait nahi izatekotan, hau Azpeitia eta antzekoak erdalduntzea da. Haien ustetan ziurrenik euskara gehiegi egiten da Azpeitian, ez dago behar besteko elebitasunik. Beraz, Azpeitian espainola normalizatzea tokatzen da, azpeitiarrak ETB2n espainolez erakutsiz. Follow suit! Hori nazionalismo espainolaren propaganda ez bada, etorri bedi Espiritu Santua ikustera.

    Nahi dutena esan dezakete, baina ez da esaten dutena, egiten dutena baizik, beren benetako intenzioak erakusten dituena. Eta intenzioa, mozkin politikoen truk Euskal Herria irlandizatzea da.

    Ferrolgo ipotxa deskojonatzen egongo da bere hilobian, berak ere ez bailuke hain sotilki planifikatuko hizkuntza baten desagerpena.

  • Vanitatea dela ta, bakoitzak aukeratu egin dezake non dagoen bere vanitatea; batzuentzat gaztelanian egon daiteke; beste batzuentzat, euskaran: “badakit traketsago egiten dudala euskaraz, baina euskaraz egiten dut (edo idatzi), hortxe dago nire vanitatea”.

    Erabakitzeko eskubidea.

  • Peru_Gabiriko 2021-07-01 18:22

    Zorrotza eta zehatza, beste behin ere, zure artikuluaren xedea, Patxi.

    Hala ere, gogorxko mintzo zara Garitanoren aldera, nire ustez. Egiatia eta zintzoa izan da bere erantzunean.

    Bada, bai, okerragorik gure ordezkari publikoen artean!

    Euskararen alde mintzatzea “modan” dago, Denek eginen dute bat horretan, Athleticeko jakalariek, pilotariek eta sukaldari ospetsuek…

    Beste kontu bat da, damurik, euren bizitza pribatuan egiten duten hautua..

    Eskaparateari begira, denok gara hemen jatorrak. (Noski, noski…)

    Bada aspaldi esaten gabiltza EuskalGezur handi baten erdian bizi garela !!!!!!

  • Erabakitzeko eskubidea?
    Zer erabakitzeko eskubidea?
    Euskal Herriko berezko eta zapaldutako hizkuntzan, ala mende luzez inposatzen zaigun espainiarren hizkuntzan jardutea?
    Bitxia benetan “erabakitzeko eskubide” hori…

  • Peru_Gabiriko 2021-07-01 18:58

    … eta hasian has, beste hau ere bide beretik bihoa.

    Errealiatearen eta gure erakusleiho sozialaren artean dagoen AMILDEGI ZABALA denon artean areagotzen ari gara eguneroko jardunean.

    Ez da politikarien bizkar (soilik) ezarri beharreko ogena, ez.
    Ez da bitarteko eskasian gaudelako….
    Ezda subentzio gutxi lortzen dugulako….
    Ez da EAJren Hizkuntza Politikak txiringito gutxi antolatzen dituelako euskal kausari begira…

    EEEEEEEEZ

    Benetako arrazoia beste nonbait arakatu behar da.
    Nire ustez honako honetan:

    OSO ONDO BIZI GARA GAUZAK DAUDEN-DAUDENEAAAN