Gazteen euskara

Gazteen euskara –

Ez da kontu berria, baina noizean behin erreproduzitzen den kontua da: polemika piztu da sareetan, Kai Nakai eta Chill Mafiako musikariek izandako eztabaida baten harira. Berriro ere bete zaizkigu sareak, aldeko eta kontrako argudioekin, eta berriro ere ahazten ari zaigu barrenera begiratzea.

Gazteen euskara

Euskararen inguruan ari gara, ari dira, ari naiz. Euskara eta bere erabileraren inguruan. Euskara, gaztelania, eta baita ingelesa ere, naturaltasunez nahasten ari diren musikari batzuen aurrean gaude. Hiru hizkuntza hauek naturaltasunez nahasten ari dituen belaunaldi berri baten isla.

Ez gaitezen engainatu, gazteek ez dute euskara erakargarri bizitzen, gazteok onartuko didazue kolektibo honetan sartzea, ez dugu euskara gure egunerokotasuneko zerbait bezala sentitzen.

Urteetan zehar, euskararen inguruan oso diskurtso eta praktika makalak erabili dira. Euskara hizkuntz zaharra, zaurgarria, defendatu beharrekoa, gure arbasoen hizkuntza… dela azaldu zaigu behin eta berriz. Eta zintzoak izan gaitezen, nor identifikatzen da gaur egun ahuldadearekin, zahartasunarekin, desagertzeko zoriarekin?

Parean hizkuntz nagusiak jarri dizkigute: gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Kultur sorkuntza dena hizkuntz hauetan saltzen digute. Egunero EAEn diru publikoz gazteentzako zuzendutako irratian, diru publiko beraz ordaindutako telebistan, youtuben edota espotifyn.

Euskara gutako askorentzat eskolan ikasitako hori da, eskola barrurako balio duena baina kalean espaziorik ez duena. Lan munduan titulitisaz haratago, euskarak ez du presentziarik. Aisialdian desagertua, eta gainera eguneroko borroka eta autoerreafirmazioa eskatzen diguna.

Askok ez dugu euskara ama hizkuntzatzat jaso. Andereño eta maisu kementsuen bitartez jaso dugu eskoletan, eta han euskara formal bat ikasi dugu, arauei lotutakoa beti ere, beti “ikusi dizut” txarto esatearen beldur, beti zuzenketa bat esaldi bakoitzeko, beti lotsarazteko aditz madarikatu bat.

Euskara ez zaigu natural eman, ez dugu natural egin. Eta hortaz, ez dugu eguneroko hizkuntz bilakatu. Erosoago gaude gaztelaniaz, erosoago euskañolez. Hor dugu gure ohiko espazioa, gure espazio naturala.

Bagara ordea, euskararekiko hautu politikoa hartua dugunak, askotan, gehienetan, gehiegitan, beste hautu politiko asko hartuak garen berdinak. Herriaren aldeko hautua, herritarren aldekoa, emakumeen aldekoa, naturaren aldekoa… eta baita euskararen aldekoa ere. Mainstringak ez garen horiek gara.

Euskara normaltzeko 200 urte beharko ditugula diote batzuk, baina galtzeko belaunaldi bakar batekin nahikoa dela. Inongo hizkuntzarik, inongo proiekturik ez da salbatuko soilik bazterretan gauden horiek era militantean, eta eguneroko gure errealitateen aurka eginez, eusten badiogu.

Euskara eta herria, bata bestea gabe ezin daitezkeelako bizi, salbatuko ditugu, soilik ez baditugu salbatu behar. Soilik gehiengoaren hizkuntza eta herri natural bilakatzen baditugu, soilik gehiengoa erakartzen badugu. Horretarako, galtzailearen mezua alde batetara utzi, eta aurrera egiteko unea heldu zaigu.

Eta horretarako, gazteen hizkera, sentimenduak, eta bizitzeko hautu eta manerak kriminalizatze, epaitze eta arautzeari utzi beharko diogu, ezinbestean.

Gazteen euskara Gazteen euskara

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.

10 pentsamendu “Gazteen euskara”-ri buruz

  • Independentziaren lehen urratsa hizkuntzan eman behar da, espainolari eta euskañolari progresiboki uko eginez. Espainolak izan nahi baduzue, euskarak ez dizue balio. Segi ezazue espainol, baina ez etorri negarrez hala deitzen badizuete.

  • Benat Castorene 2021-05-27 11:36

    Garrett, ezdakigu etorkizunean zeinen aldera joko duen gazte honek baina momentuz gauza inportanteak erraiten ditu adinaren frankiziarekin.

  • Bai, Beñat, esate baterako Euskal Herri kontinentalari bizkarra emateko prest datozela.

  • Mikel Haranburu 2021-05-27 13:26

    (Nondik hasi…?)
    Niri ere ez zidaten Euskara modu naturalean eman; ez eta ikastolan ere. Adinez harago iritsi behar izan nuen Euskaraz ikasteko. Eta Euskaraz hasi nintzelarik (ez bakarrik hizketan lagunekin; irakurtzen, idazten, eta pentsatzen ere) ez nuen nire sentipenak adierazteko inolako trabarik sentitu. Agian “gazte” ez nintzelako?
    Eroso diozue… errealitatea gora eta behera… aski da!
    Inor ez da eroso sentitzen aitzurra eskuetan duelarik, eta inori ez diote “era naturalean” eskuetan eman. Eta errealitatea, oi, errealitatea! Lurra batzutan gogorra da, bestetan bustia… baina aldatzen ahla da, errealitatea bezalaxe, aitzurra erabiliz eta gerria makurtuz… baina gazteok, gaixoak, izugarrizko arazoak dituzue aitzurra maneiatzeko…
    “Ikusi dizut” gaizki dago, eta “ari dituen” ere bai; baina aski izaten da ‘ikusi zaitut’ eta ‘ari diren’ esatea; hain erraz!

  • Mikel Haranburu 2021-05-27 13:44

    (Nondik segi?)
    Hainbat gauzatan arrazoi du egileak, hala ere. Esate baterako, inguruan erabiliak diren beste hizkuntzak. Edonork esango luke gauzak, benetakoak izanen badira, hizkuntza horietako batean behar dutela… eta hori gutako askok egiten dugu, eta askotan… (irakur Euskaldungoa erroizturik, bestela): “Learning from reality” esaten digute, lotsagabeki, errealitatea, benetakoa behintzat, Ingelesaz besterik ez bailegoan…
    Gazteok -euskaldun gazteok, erran nahi baita- ez duzue behar erakargarri izanen den eta ahul, zaurgarri, zahar, izanen ez den zerbait, hizkuntza bat, funtzionatzeko. Zuek izan behar duzue erakargarri, eta zinez uste dut nork bere hizkuntzarekin bat denean izaten ahal dela erakargarriena. Aitzaki-maitzaki aritu beharrean, senez eta kemenez bere hizkuntzaz arituz, eta behar direnak ikasiz.

  • “… bada garaia” “garaia da” zenbatetan ez dugu esaldi hau entzun joan den 15 urtean? Oierrek “aurrera egiteko unea heldu da” dio.
    Esker luke, egia balitz.

  • Bai, esker luke egia balitz. Bitarte honetan Irungo auzi oker-okerra nozitu dugu, eta ez da deus egin, ez Irunen, ez Donostian. Euskal Herri mailan gutxiago.
    Bitarte honetan, 165 haur ttiki 0-3 urte arteko eskolarik gabe gelditu dira Iruñean.
    Zer egin da? Karrikara ateratzeko konbitaren zai gauzkazue. ISILTASUNA da nagusi. Datorren urtean edo, beharbada, datorren mendean. Nork daki? Baina unea ez da heldu.

  • Euskera EZ ZAIE NATURAL EMATEN eskola-umeei, eta…. hizkuntza biluzi mamigabekoa edoskitzen dute, batere motibaziorik gabe.

    Inondik etorriko ez den garaiari itxaroten egon gabe (antzina-minez eta lanturuz) plazara dezagun euskerak duen aberastasuna eta altxorra.

    Horretarako… hamaika bidez eRRan dudana (eta eRRaten jarraituko dudana). KULTURGINTZA-II-2020.

    Traka-traka-tra

  • Çuen kukulturarequin norat?

    https://youtu.be/bKD9gJ6PaG4

    Certacotz haimberco presa eta desgana minçatzeracoan?

    Berce non edo norat chapa berdina eta berbera emaiterat joan beharra, ala?

  • Ez zekiat zer esan nahi duan, Josu. Eta ez diat laket hizkera enigmatikoa. Zelan izanen litzateke hire hizkera moldean?:
    kriptikoa? subkriptikoa? downkriptikoa?

    Erranzak uskera argian aurpegira, motel!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude