Gazteak euskaraz nagusi

Gazteak euskaraz nagusi –

Udaberriarekin iritsi zen euskararen kale erabileraren VIII. azterketaren emaitza. Lauzpabost urtez behin egin ohi da, 1989tik. Euskara kalean mantendu egin da azken hamarraldian. Era berean, albiste garrantzitsua ekarri zigun azterketak: euskararen erabilera gaztetu egin da.

Gazteak euskaraz nagusi
Arg: Ananian

Euskal Herrian %12,6an dago erabilera oro har. Haurren artean handitu da gehien 1989tik, eta %19,3koa da. Hala ere, haurrengandik 15-24 urte bitarteko gazteengana pasatzean, apaldu egiten da erabilera, eta 25-44 urteko adinekoen artean berriz igotzen da.

Familia transmisioa eta hezkuntza izan dira esparru nagusiak euskararen ezagutza hedatzeko. Hezkuntzak ezagutza hedatu du eta euskara gaztetzeko elementu nagusia izan da (ez euskararen lurralde guztietan maila berean, tamalez). Baina erabilera ez dago hezkuntzaren menpe bakarrik, ezta familiaren menpe ere.

Faktore ugarik dute eragina erabileran. Batzuk norbanakoarekin lotuta daude, hala nola haurtzaroko hizkuntza ingurunea, identitate kolektiboa eta jarrerak zein portaerak. Beste batzuek ingurune hurbilarekin dute lotura, hala nola egoera soziolinguistikoarekiko hizkuntza pertzepzioa, hizkuntzarekiko gizarte pertzepzioa eta harreman sareetako hizkuntza arauak eta ohiturak, eta ingurune hurbileko erreferentziazko pertsonen jokaerak. Eta azkenik, gizartearekin loturiko faktoreak daude, esate baterako, input mediatikoak, kontsumo eskaintza, testuinguru politikoa, eta gizartean erreferente diren pertsonen jokaerak.

Bestalde, mudantza linguistikoaren fenomenoak adierazten digu norbanakoak bizitzan zehar, eta inguruneko baldintzen arabera, hizkuntza ohiturak aldatzen dituela. Hauek dira une nagusiak gazteen kasuan euskararen aldeko mudantza egiteko: testuinguru oso euskaldun batera bizitzera joatean; bikotekide batekin hasterakoan; guraso bihurtzerakoan; sare berrietan edo jarduera berrietan sartzerakoan; eta kontzientzia hartzean.

Behin batean, gazteen euskararen erabilerari buruz galdetu zioten behi euskaldun baten memoriez idatzi zuen idazleari irratian. Honela erantzun zuen: «Gazteen planetara iristen dena euskal kulturaren Bill Gates bihurtuko da».

Mundu hori ulertzea eta aztertzea, barnetik, ezinbesteko langaia da euskara biziberritzeko. Horretan ari dira soziolinguistikan. Bat aldizkarian topa ditzakegu emaitzak argitaratuta. Esate baterako, Jone Miren Hernandez, Olatz Altuna eta beste irakasle batzuen ekarpenak daude Gazteak eta euskara ale monografikoan (2021).

Ezer baino lehen esan behar da gazteekin batera egindako azterketak direla. Horiek horrela, gako garrantzitsuak azaldu dituzte.

Ideologiari dagokionez, gazteak hustuta ageri dira. Ez dute diskurtso sendorik eta garai bateko politizazioa (politika ulertzeko era tradizionala, esan dezagun) ia desagertu egin da.

Hizkuntza egoerak kudeatzeko baliabideak eta kultura mugatuak dituzte. Trebetasun handiz euskaratik gaztelaniara igarotzen dira, automatikoki, egoera deserosoak ekiditeko. Hurbileko harremanetan gertatzen da hori: egunerokotasunean, ikasgeletan edo kuadrilla giroan.

Gazte askorentzat eskola izan da hizkuntzaren gaineko ideiak, irudiak, erreferenteak edo balioak jasotzeko bide bakarra. Oro har, gazteen artean eskolak duen nagusitasuna hizkuntza ideologian nabarmena da. Era berean, agerian geratu da haur, nerabe eta gaztetxoentzat garrantzitsuak diren beste esparruek hizkuntzaren arloan duten eragin mugatua. Kirolak izugarrizko pisua du adin horietan.

Hizkuntza praktikari dagokionez, oso finkatuak dituzte hizkuntza ohiturak gurasoekin, anai-arrebekin eta gainerako familiako kideekin. Jakina da euskarazko irakaskuntza oso zabalduta dagoela, behintzat DBH amaitu arte. Baina, kasu!… hortik aurrera kasuistika oso zabala da, bai unibertsitatean bai lanbide heziketan.

Gazteen unibertsoan, gazteen kulturan, euskarak oinarri eta euskarri gutxi ditu. Kasu askotan, gazteen artean hizkuntza hutsetik abiatzen da. Sare sozialak, ikus-entzunezkoak, musika, moda, kirola, kuadrilla, lokalak, diskotekak, jaiak… gazteen mundua betetzen duten elementu, produktu eta praktikak dira, eta hor euskarak oso toki gutxi du.

Hizkuntzaren ezagutzari dagokionez, haur eta gazte guztiak ez dira modu berean euskaldundu. Hiru testigantza mota topatu dituzte: 1.- Kontzientzia hartu dute denborarekin eta erabilerarekin ardura agertzen dute. Oztopo handiena ohiturak iraultzea da. 2.- Ospakizunekin, festarekin eta talde identitate horrekin lotzen dute hizkuntza. Une jakin horietan aktibatzen dute hizkuntza, edo aurrean dituzten pertsonak hori eskatzen dutenean. 3.- Hizkuntza harremanen matazan kokatzen dute, eta horren arabera jokatzen dute. Ohiturak bere horretan uztea erabakitzen dute.

Ondorio orokor gisa esan genezake gazteekin edo gazteei begira egiten den guztiak ez duela balio. Fin jokatu behar da. Helduon ardurak gazteekin partekatu behar ditugu, haien kezkei bidea eman… haiekin batera aritu.

Sor ditzagun Babesguneak sistemaz. Ez da beharrezkoa espazio berriak sortzea. Nahikoa izango litzateke egungo espazioak ikuspegi horretatik ere lantzea, eta beharrezkoa balitz, birmoldatzea.

Ikasgela bat, euskaltegiko talde bat, kirol talde bat, musika talde bat… bihurtu daitezke Babesgune. Gazteen artean euskararen erabilera garatzeko oinarrizkoak diren elementuak topatzen dira: gazteen berezko esparru bat, gazteen arteko konfiantzazko harremanak, hizkuntza(k) kudeatzeko baldintzak eta gaitasuna, hizkuntza ezagutza eta hizkuntza baliabideak.

Gaztetxoak gazte eta gazteak heldu izango dira 6-10 urte barru… Euskara hizkuntza nagusia izango ahal da!

berriarentzat egindako kolaborazioa

Gazteak euskaraz nagusi  Gazteak euskaraz nagusi  Gazteak euskaraz nagusi

Gazteak euskaraz nagusi

Berrikuntza eta kulturgintzako eragilea