Garrantzitsua denok zipriztintzea da

Garrantzitsua denok zipriztintzea da

Ilusioa eta itxaropena eragiten ditu euskalgintzan ikusten den mugimenduak. Ahots propioa bereganatu du hiztun komunitateak eta euskararen bizi-indarra jarri du beste lehentasun guztien aurretik. Euskalgintzan zabal onartutako eta errespetatutako hainbat pertsonak altxatu dute ahotsa: konplazentziatik atera eta inertziak astintzera deitu dute.

Une erabakigarrian bizi garela esan zuen Kike Amonarrizek. Argi dago inor gutxi gogobetetzen duela azken urteotan lortutakoak. Gero eta euskaldun gehiago gara, egia da, baina euskararen erabilerak ez du gora egin eta nabarmenak dira geldialdi zantzuak. Premiazkoa da joera hori aldatzea, erabakigarria izango baita euskararen etorkizunerako.

Hala ere, badaude optimistak izateko arrazoiak. Adostasun zabala ikusten da aditu eta aritu askoren artean, bai diagnostikoan eta baita eginbeharrekoetan ere. Joseba Sarrionaindiak honela dio azken liburuan: “Euskal komunitateak, alderdien arteko zeingehiagoken menean egon gabe, subjektu gisa antolatu behar du bere burua, ezinikusi ideologiko eta oztopo politikoen gainetik, batez ere euskaraz eguneroko bizimodua egitea posible izan dadin”.

Hiztun-komunitatean hausturak eragiteko diskurtsoak zaharkitu egin dira, lekuz eta sasoiz kanpo daude. Euskararen bizi-indarra da lehentasuna eta elkarlanerako deiak zabaldu dituzte hainbat eragilek. “Elkarrekin eramango dugu euskara plazara, elkarrekin mugituko ditugu euskararen hegoak” txiokatu zuen Mertxe Mugikak, AEK-ko Koordinatzaile nagusiak, Euskararen Txantxangorria ekimenaren aurkezpena zela eta.

Bistakoa da zirimiria hasi duela, baina garrantzitsua denok zipriztintzea da. Bide handia falta da egiteko, egia da. Baina susmoa daukat hiztun-komunitateak badakiela nondik datorren eta baita nora heldu nahi duen ere. Askotariko komunitatea eta irekia izan nahi du, eta pertsona orori eskaini nahi  dio euskara erabiltzeko aukera; bizikidetza, justizia eta enpatia nahi ditu gizartean: hiztun ezberdinak baina eskubide berdinak, inor ez inoren gainetik, euskara duintasunez eta asertibitatez erabiltzeko adostasuna.

Ahotsa altxatzea eta erantzukizuna hartzea erabaki du hiztun komunitateak: elkarlana sustatzea, diskurtsoa berritzea eta asertibitatea praktikatzea, konplexurik gabe. Egiten dugunak egiten gaitu. Aro berria dugu aurrean, abagune berri bat geldialditik atera eta aurrera egiteko. Hala bedi!

Garrantzitsua denok zipriztintzea da

Garrantzitsua denok zipriztintzea da
elkarlana, euskalgintza, hiztun-komunitatea

Zer duzu buruan “Garrantzitsua denok zipriztintzea da”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude