Garai bateko euskaldun berriok eta oraingo euskaradunak

Garai bateko euskaldun berriok eta oraingo euskaradunak –

Lagun batek aspaldi esaten zidan geu ginela euskaldun berrien azken belaunaldia. Haren ustez, geroztik, euskaldun berri gutxitxo sortu dira, hainbat arrazoi tarteko. Eta, egia esanda, begiratua atzera eman eta lagunak arrazoi zuela pentsatzen hasia nago neu ere.

Sasoi hartan, laurogeiko hamarkadan, baita laurogeita hamarrekoaren lehenengo erdian ere, gizartean bizi izaten genuenak euskaltegira bultzatzen gintuen gazte erdaldunok, euskaltegiak euskaradun bihurtu eta gu geu euskaldundu egiten ginen. Euskara(z) ikasteaz gain, euskal kulturaren zantzuak behintzat, euskaldunen balioak eta bizimodua ere geureganatzen genituen, dena batera eta guk nahita; lau paretaren arteko eskolez gain, euskara bizia ere ezagutzen genuen, herri euskaldunetara, kultur ekitaldietara eta abarretara joanda.

Harrezkeroko belaunaldiek, ordea, modu aseptikoago batean ikasi dute euskara. Euskal munduak eragin litzakeen zirrara eta sentipenetatik at ikasi dute, hizkuntza soil gisa, eta funtzio eta helburu ia bakarra dutela: euskara-egiaztapena eskuratzea, titulazioa. Apurka-apurka, gainera, askozaz ere tresna eta aukera gehiago izan dute euskara eskura izateko; direla euskarazko hainbat eta hainbat hedabide eta ekintza, edo dela, nagusiki, eskola publikoko D eredua. Guk izan ez genituen lanabesak, alegia.

Hala ere, aldeko faktore askoz gehiago izan arren, badirudi inplikazio gutxiago eta atxikimendu eskasagoa dutela euskal munduarekiko; bereziki, euskara eta euskal kulturarekiko. Izan ere, euskara jakitea (ez euskaraz jardutea) Administrazio publikoan lanposturen bat edo beste eskuratzeko erreminta hutsa dute; ez dute ezertarako ere baliagarritzat jotzen, oposizioetan hainbat puntu lortzetik harago; lotsagarri eta barregarri deritzote eguneroko harreman pertsonal eta sozialetarako erabiltzeari; ez dira euskaraz jakiteagatik harro sentitzen, eta are gutxiago euskaraz bizitzera animatzen; EUSKARADUN estatusa erdietsita, bost axola zaie EUSKALDUN izatea edo ez.

Garai bateko euskaldun berriok eta oraingo euskaradunak

Bada, horretan guztian, zeresan handia du jendarteak eta, jakina, agintean ditugun mandatariek. Izan ere, garai bateko gizarteak berak bultzatu bagintuen gu euskaldun izatera, oraingoak ez dirudi berdin jokatzen duenik, eta euskaraDUN izate hutsarekin, hau da, nolabaiteko euskalduntze estatistikoarekin, nahikoa eta sobera dela ematen du. Gazteek (eta inguru nahiz familia erdaldunetako gazte euskaldun berriez ari naiz, noski) motibazioa behar dute euskaraz jarduteko, gizarteak xaxatu ditzala eta kontzientzia harraraz diezaiela behar dute, baina, antza denez, ez dute prestigiodun erreferente euskaldunik topatzen, imitatzera eta euskaldun jokatzera bultzatuko dituenik. Eta, bitartean, nagusituz doaz eta euskara bazter utziko dute behin betiko; beste belaunaldi bat galduta euskararentzat.

Eta, orain, guraso garen garai hartako euskaldun berriok lan nekeza izaten dugu gure ondorengoak euskaldun izan daitezen, euren gizartean nolabait euskaraz bizi dadin. Horregatik diot lagunak arrazoi zuela, euskaltegietan nahiz eskola publikoetan, oro har, euskaldun berriak bainoago euskaradun berriak sortzen ari garela uste dudalako; estatistikak betetzeko balio duten tituludun berriak, alegia, politikoki (batzuentzat) zeinen ondo ari garen zuritzeko balio duten datuak, azken finean. Datuok, baina, ez dute Euskal Herria iraunaraziko.

Garai bateko euskaldun berriok eta oraingo euskaradunak

11 pentsamendu “Garai bateko euskaldun berriok eta oraingo euskaradunak”-ri buruz

  • Euskal kontzientzia barik, euskararen arloan egin daitekeen lana alperrikakoa da. Gure ondoan ditugun bi hizkuntz monstruek beti jango gaituzte.
    Euskal nortasunaren harrotasuna berreskuratu behar dugu, argi azalduz euskaraz bizi dena euskaraz bizi ez dena baino euskaldunagoa dela. Bestea baskoa izan daiteke, baina ez euskalduna.

  • Benat Castorene 2021-02-27 16:26

    Euskal kontzientzia da herria eta euskaara maitatzea.
    Baina, herria eta euskara ez ote da maitatzen ikasten herria eta euskara maite dituztenen kontaktuan biziz?
    Beraz galdera da:
    :Nola euskal kontzientzia atxiki eta sortu euskal mundua bera, neurri handi batean, azeptikotu bada?

  • Gurasook frakasoaren lehen errudunak gara. Euskara eta Euskal Herria baino maiteago izan dugu aisetasuna, dirua, prestjioa. Eta hori erakutsi diegu gure haurrei eta bultzatu ditugu ikasketa handiak, dirua eta “arrakasta” izatera
    Porrota gurea da. Hala ere oraindik zerbait itxura dezakegu partida hau

  • Benat Castorene 2021-02-28 08:53

    Erosotasuna, dirua eta prestigioa dira motibazio unibertsalak. Gurean areagotu dira erligioaren eta utopia politikoen errautsen gainean. Ondorioak edo kalteak larriagoak dira gurea bezalako herri tipi zapaldu eta ahulduetan besteetan baino, adibidez, frantzian edo Espainian baino.
    Suposatzen dut erabiltzen duzun “itxuratu” aditzak hobetu esan bahi duela hegoaldean.
    Orduan erraiten duzularik partida hau itxura daitekeela ez da egia neurri batetaraino baizik. izan ere, . txura dezakegu beharbada partidaren bukaera baina hasieran galdutako punduak galduak dira betiko. Beraz kontzentratu behar gara oraindik jokatzeko gelditzen diren punduetan ez eta denbora galdu nigar egiten galdutakoetan gainean. Medikuntza edo kirurgiako metafora erabiliz diagnostikoa egin behar dugu jakiteko zer moztu behar den eta zer salbatu. ezin da salbatu moztu gabe.
    Euskaldunok, eriasun filosofiko bat sofritzen dugu, paralisatzen gaituena arrisku fatalaren aurrean. ..

  • “Baina, herria eta euskara ez ote da maitatzen ikasten herria eta euskara maite dituztenen kontaktuan biziz?”

    Bai, hala da, arazoa hor dago. Euskal lurralde gehienetan euskal mundua ikastoletara eta hauek antolatzen dituzten ekimenetara mugatzen da. Eremu horretan euskal mundua ia ez da kalean edo harreman sozialetan hautematen, eta, horregatik, gehienentzat euskara curriculumean gehitzen den hizkuntza baino ez da (titulu bat eskuratzen ahalegintzen badira, noski). Euskaldun komunitatea hazten eta hedatzen ez bada, askok euskara ikasteari uko egingo diote – Irlandan irlandarrarekin gertatzen den moduan- euskarari ez baitiote inolako erabilgarritasunik aurkituko eta ikasketak amaitutakoan ahaztuko duten hizkuntza izango da.

    Egia da gutxiengo batek hizkuntzarekiko atxikimendua duela, baina gutxiengo hori ez da nabarmentzen eta ez du indar sozialik.

    Pragmatikoak izan behar gara estrategia berriak garatu nahi baditugu.

  • Benat Castorene 2021-02-28 16:12

    Etorriko da egun bat zeinean Herriarekiko eta euskararekiko atximendua dutenak ezinbestean elgarretaratu beharko baitira eremu berexetan euskaldun gisa bizitzeko.

  • Helduko da egun bat non euskaldunak Euskal Herrian desagertuko diren eta País Vascon hamaika hizkuntza entzungo diren, euskara hoien artean egongo ez delarik, jakina.

  • Gaitasuna erabat galdu duen euskaldunon bizi-sena nola dagoen ikusita, esango nuke Tximinoren iragarpena errealistagoa dela.

  • Benat Castorene 2021-03-01 08:56

    Egia da orai ez dela erraza portaera justua aurkitzea. Nahiz errazago den erraitea egitea baino, erran ginezake baikorkeria zozoa eta etsipen suntsitzailea garaitu ondoren, errealismo filosofiko ekintzaile batean xerkatu beharko ginukeela bidea. Horretarako berandurik ezbada adorearen bertutea jorratu behar ginuke .

  • Benat Castorene 2021-03-01 10:36

    Azkenean, gehiago pentsatu eta, dena batera egin behar dugu: amets egitetik edo etsitzetik geratu eta denbora berean ekintza praktikoak errealistak aztertu. Errealitatea adorez aurrean begiratzeko, ekintza praktiko eta errealista baten ideia tipiren bat bederen eduki behar da aurretik, Bestenaz denoi adorea faltatuko zaigu eta. .

  • artikuluak dionarekin bat eginik, gauza bera gertatzen zait niri ere On Bingen entzuten dudan aldi oro! “inoiz baino euskaldun gehiago…” tururuuuu!