Gaizka Garitano euskaltzalea kanporatu du Athleticek!

Gaizka Garitano euskaltzalea kanporatu du Athleticek! – 

Gaizka Garitano euskaltzalea kanporatu du Athleticek!

Ez dago futbolzalea izan beharrik G. Garitano Athleticetik kanporatu dutela jakiteko.

Historia handia du Bilboko futbol taldeak eta UEFAko postuetatik kanpo dabilenean, entrenatzaileak ez dauka ziurtatua lanpostua, eta hala gertatu zaio G. Garitanori ere, bidaltzeko modua zakarra eta begirunetsua ez izatetik harago.

Horraino denok ados egongo gara. Futbol profesionala kirol profesionala da; entrenatzaileak ondo ordainduta daude -pribilegiatuak dira-, eta jokoa eta emaitzak zaleek espero baino kaskarragoak direnean, entrenatzaile zaharra bota eta berria hartzea, izan litekeen gauzarik ohikoena da.

Denok dakigu, ordea, futbolak, zaleentzat grina-piztaile eta denbora-pasa estimatuenetakoa izateaz gain, beste osagai batzuk ere biltzen dituela. Bilbo inguruan lan egiten duten gipuzkoarrei maiz entzun izan diet Athletic, Bilbo inguruan bereziki, erlijioa dela, sakratuetan sakratuena; askotan suertatu zait, halaber, “Vascos por el mundo” programan entzutea “Gora Athletic”, identitate zeinu nabariena bezala, eta ikurrina eta Athletic lotuta daude eta baskotasuna-euskaltasuna eta Athletic ere bai. Bartzelona futbol-taldeak duen identitate balioa izatera ez dakit heltzen den, baina gertu ibiliko da, eta historian zehar Euskal Herriko futbol-talde transbertsalena ere bera izan da. Esaterako, arraroa da bizkaitar realzale bat aurkitzea, baina, alderantziz, ez hain arraroa!

Natorren, baina, artikulua idaztera jarri nauen motibazioa azaltzera. Zuzeu blog honetan bertan jaso zen kontatzera noan gertaera hau: 2015eko apirilean, Eibarrek Almeria futbol-taldearen aurka jokatu zuen eta bi eta huts galdu zuen, Eibar futbol-taldeak entrenatzaile G. Garitano zuela. Partida ondoko prentsaurrekoan, ETB1eko kazetari batek euskaraz egin zizkion galderak Garitanori, eta hala erantzun zituen hark, baina Almeriako kazetariak kexu azaldu ziren ez ziotelako ulertzen. Prentsa-arduraduna Garitanoren alde paratu zen, baina prentsaurreko hartan giro txarra sumatuta, Garitanok altxa eta alde egin zuen.

Bartzelona futbol-taldearekin ez ziren berdin portatu Almeriako kazetariak, nahiz eta Bartzelonako entrenatzaileak Garitanok egindako gauza berbera egin, hots, lehenbizi, katalanez erantzun katalan kazetariei. Katalanfobia baino euskarafobia gehiago erakutsi zuten, Espainian ohi samarrekoa denez.

Oraindik orain adierazi zigun, bestalde, Andoni Egañak Berria egunkarian idazten duen zutabean (2020-12-01), Euskaraldi garaian, Getaferen aurka Athleticek jokaturiko partidan, erdaraz izanik telebistako emankizuna, zelai ertzean zegoen kazetariari galdetu ziotela bi entrenatzaileen jarreraz. “«Garitano aginduak eman eta eman ari da bere jokalariei. Baina zer esaten dien ezin dizuet kontatu, gehienei euskaraz zuzentzen zaie eta». Egia. Zertxobait entzun genezakeen guk ere etxetik. Tentsio betean, zinez ahobizi ari zen Gaizka.”

Badu beste goresgarri bat ere deriotarrak: entrenatzaile euskaldun mordoxka dago, eta emakumeen futbol-taldeetako entrenatzaileen hizkuntza-gaitasunaren berririk ez dudan arren, G. Garitanoren gorazarretan esan liteke euskara batu aski txukunean mintzo ohi dela jokaturiko partiden berri ematean -onentsuenetakoa izango da euskaraz mintzatzeko orduan, onena ez bada-, eta horrenbestez, etsenplu ona ematen digula euskaldunoi.

Zilegi bekit neure dolutxoa agertzea Athleticetik kanporatu duelako, eta pentsatzen dut kazetari euskaldunak eta Zuzeuko irakurleak ere lagun izango ditudala dolutxo honetan. Laster aurkituko du lana berriz ere, ez dut dudarik egiten, eta zorterik onena opa diot bere ibilbide profesionalean, eta noski, jarrai dezala euskaltzaletasunean fin eta kontsekuente, eskertuko diogu eta!

Gaizka Garitano euskaltzalea kanporatu du Athleticek!

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude