Fenomeno paranormalak eta euskara
Fenomeno paranormalak eta euskara –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Ez dakit inoiz Iker Jimenezen saioa ikusi duzuen, seguru nago baietz, Hegoaldekoak bazarete, behintzat. Cuarto milenio du izena, eta fenomeno paranormalez, OHEz (objektu hegalari ezezagunez), konspiranoiez eta abarrez hitz egiten du bertan. Gidoilariak gozatzen ibiliko dira pandemiarekin, beste hamar denboralditarako ere emango dielako materiala. Bada, programa horretan teoria bat defendatzen dute: eraikin baten hormen artean bizi izandako gertaerak indartsuak eta bortitzak badira, paretak sentimendu horiekin blaituta geratzen dira, sufrimendu hori kutsatuta geratzen da bertan, alegia. Jakina, fenomenoa sufritzen dutenak beti izaten dira ospitale psikiatrikoak, kartzelak, barnetegi krudelak… Oinazea eta terrorea aterpetu duten etxeak aztertzen dituzte, psikofoniekin-eta. Beldurgarria (hartu nahi duzuen zentzuan).
Ez dakit Euskal Herrian ibili ote diren halakoen bila. Badakit ankerkeria aterpetu duen leku bat baino gehiago dagoela gurean, polizia etxeetan, esaterako. Halere, badago toki bat non urduritasun neurgailu guztiek —existituko balitz halakorik—, eztanda egingo luketen: BEC, Barakaldoko erakustazoka. Hango pabiloietako hormek milaka azterketariren urduritasuna xurgatuko zuten honezkero, han egiten diren azterketa eta oposizioen ondorioz. Iker Jimenezen lantaldeak kirio-neurgailua jarri beharko luke Ansioko eraikinean ea poltergeistik dagoen.
Aurten, ordea, BECeko hormek ez dute urduritasunez kargatzeko aukera handirik izan, bertan behera geratu direlako pentsatuta zeuden oposizio eta azterketa guztiak. Tira, den-denak ez, HABEkoak egingo dituztelako; barkatu, egiten dabiltzalako dagoeneko. Atzo goizetik datorren asteko ostiralera arte, EAEko euskara ikasleek B2, C1 eta C2ko etsaminak egingo dituzte. Pandemiaren amaieran euskara ikasten dabiltzanek BECera joan beharko dute. Lehen, hiru azterketa leku egoten ziren: Donostia, Gasteiz eta BEC. Orain, bakarra. Izurritearen erdian erabakitako kontua. Euskaltegietakoek ez ezik, C1era euren kasa aurkeztuko direnek ere han egingo dute etsamina. Komentario gutxi merezi du erabakiak.
Askok argudiatu dute ikasleek merezi zutela azterketa izatea. Hala bada, zergatik ez du inork halakorik esan HAEEk (IVAPek) bertan behera laga zuenean udaberriko deialdia? Osakidetza, Ertzaintza, Hezkuntza, suhiltzaileak… Oposizio (ez oposaketa, mesedez) horiek guztioriek atzeratu zituztenean sine die? Ez ote dute oposiziogileek ere errespetua merezi? Ezinbestean egin behar zen C1eko azterketa librea deialdi honetan, orain arte inoiz egin gabea? Derrigorrean BECen, beste aukera batzuk mahai gainean jarri zirenean (eskualdeka, herrika, euskaltegietan)? Ez litzateke logikoagoa, osasuntsuagoa, Barakaldoko areto erraldoian 14.000 pertsona ingururen joan-etorria eragitea baino? Hainbeste galdera dauzkat, Misterioaren ontziak ere argituko ez lizkidakeenak…
Eta galderarik handiena: zergatik bihurtu dira azterketak euskararen irakaskuntzan ezinbesteko? Azterketa dugu ardatz, zoritxarrez. Euskara ikasi eta erabiltzea inportanteena izan beharrean, probak (eta ez frogak) gobernatzen gaitu, euskararen kaltetan. Titulua versus praktika. Gurpil zoro horretan dugu murgilduta euskaltegien jarduna. Iker Jimenezi ere kostako zaio fenomeno paranormal hori argitzea!