Ezin burutik kendu

Ezin burutik kendu –

Ezin burutik kendu

Barkatuko didate Euskalerria irratiko entzuleek duela bi asteko kontu batekin etortzea, baina benetan, ezin burutik kendu nabil kontu hau azken egunotan.

Apirilaren 21ean Mendigorriko Juan María Espinal eskolako bi guraso Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean izan ziren, eskola horretan haurren eskubideak bermatzeko egin den urratsaren inguruan iritzia agertzen.

Aspaldi ikusi gabea nengoen horrelakorik: D ereduko gela irekitzea beste ikasleen gizarte ongizatearen kontra doa; D eredua jartzeak ez du ahalbidetuko aniztasun funtzionala dutenentzat igogailua jartzea; D eredua jartzearen ondorioz jantokian ez da tokirik izango, jolaslekuan ere ez… D eredua bihurtu zuten eskola horretako gaitz guztien iturri.

Arratsalde horretan bertan, Mendigorriko gurasoekin eta haurrekin izan nintzen, eta goizean leporatutakoak zetozkidan burura: ausartuko al lirateke guraso eta ume hauei aurpegira esatera goizean botatako barrabaskeriak, alegia, inertzia politiko zehatz bati men eginez eskrupulurik gabe botako lizkiekete? Segurki bai. Izan ere, oposizioan den talde nagusiarentzat hizkuntza-eskubideen afera bada hil ala biziko gaia.

Bat egiten dut Parlamentuan egondako gurasoek egindako ohar batekin: ez daude euskararen kontra, ez. Ados, izan ere, haiek haurren eskubideen kontra daude eta eskubide horiek berma ez daitezen edozer egiteko prest daude. EDOZER.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2021ko maiatzaren 4koa]

Ezin burutik kendu

Euskararen Gizarte Erakundeen KONTSEILUko idazkari nagusia