Hizkuntz realpolitik-a: EUSTAT edo hizkuntz politika zitala Eusko Jaurlaritzan

Hizkuntz realpolitik-a: EUSTAT edo hizkuntz politika zitala Eusko Jaurlaritzan –

Hizkuntz realpolitik-a: EUSTAT edo hizkuntz politika zitala Eusko Jaurlaritzan91 langilek, emakumeak gehienak, 27 urte daramatzate lanean Eustat-Jaurlaritzarentzat, aldi baterako kontratuekin beti, Administrazioko soldatarik baxuenekin, prekarietate betean. 2010ean Langileok auzitara jo zuten lan baldintza duinen bila, eta 2012an epaitegiek arrazoia eman zieten, Eustateko langile zirela ezarriz.

Eustati (Jaurlaritzari) ez zitzaion epaia gustatu, antza. Batetik, baldintza prekarioetan kontratatzen ditu oraindik ere langile horiek, aldi baterako eta soldatarik baxuenekin. Azken urteotan gainera, lanpostu horiek eskaintza publikora aterako dituela adierazi du: bataz beste 54 urteko adina duten langileak kale gorrian uzteko mehatxu zuzena eginez.

Eusko Legebiltzarrak langileon alde egin zuen 2016ko ekainean, Jaurlaritzari eskatuz aipatu lanpostu guztiak, lanaldi osoz eta urte guztian zehar berma zitzan, eta operazio estatistikoak pribatizatzeri uzteko eskatuz, alferrik. Jaurlaritzak “artikulo tres”, kasu pitorik ez.

Euskararen ezagutza mehatxu gisa erabiltzen du EUSTATek langileon aurka
Kopeta behar da gero. Izan ere:
Eustatek euskararen ezagutzarik ez die eskatu sekula langileoi. Eta sekula ez die eman lan-orduetan ikasteko aukerarik. Areago, ukoarekin erantzun die sistematikoki langileek egindako eskariei. Eustatek enpresa pribatuei esleitzen dizkie operazio estatistiko zenbait (enpresa horietako lan baldintzak oso kaxkarrak direlarik sarri) eta sekula ez die hizkuntz eskakizunik egin. Eta okerrena da, Eustateko jarduna gaztelerazkoa da goitik behera eta alderik alde, ia %100ean. Jaurlaritza ia osoan bezala, itzulpen masiboen bidez ematen zaio euskarazko azala erdarazko lanari.

Tximistak jota edo, euskararekin gogoratu da EUSTAT
Eta erakundeko arduradun politikoek erabiltzen ez dutena, langilerik apalenei exijitzea otu zaie, 27 urtez zeharo ahaztuta izan duten arren.

Hala, jubilaziora gerturatzen ari direnean, 50 lanpostutan 2. Hizkuntz Eskakizuna exijituko duela egin die mehatxu Eustateko zuzendaritzak, ez hanka eta ez buru ez duen erabaki “ulertezin” batez. Jakin daiteke zer mesede egiten dion mendeku usaineko erabaki horrek euskararen normalizazioari? Langileon artean ezinegona eta euskararekiko arbuioa eragiteaz gain, zer lortu nahi du Jaurlaritzak? Egoera zuzentzeko garaiz dago oraindik Eustat (Eusko Jaurlaritza). Onberatasun apurrik geratzen baldin bazaio behintzat.

Administrazio Orokorreko langileok bestalde, badugu zer esan eta zer erakutsi: EUSTATEKO LANGILEOKIN ELKARTASUNA!

Hizkuntz realpolitik-a: EUSTAT edo hizkuntz politika zitala Eusko Jaurlaritzan
Eusko jaurlaritza, eustat, prekarietatea
JJ Agirre

Albaitaria.

5 pentsamendu “Hizkuntz realpolitik-a: EUSTAT edo hizkuntz politika zitala Eusko Jaurlaritzan”-ri buruz

  • Euskara ikasi beharrean, euskara sustatu beharrean, hizkuntz eskakizuna erabili iruzurra egiteko. Nafarroako bi herri ezagutzen ditut hori egin dutena. Euskaraz zekienari puntu gutxiago eman EZ zekienari baino.
    Kultur elkarte batean ere ezagutu dut ongi zekienari eta arras gaizki zekienari puntu berak ematen euskarazko frogan.
    Horrela goratzen dugu euskara.
    JJ segi horrela, iruzurren kontra eta euskararen alde

  • JJ Agirre

    Merzi.
    Bada bai, iruzurra da. Iruzur orokortua gainera. Langileei exijitzen zaie euskara maila bat, ondotik lanean inork eskatuko ez diena, arduradunen %95ek erdara hutsez egiten baitute lan. Ondorioz, urte batzuen buruan, eskuratutako maila galdu egiten dute langile askok, eta beraz, HPS-k harrotasunez aipatzen dituen HE-egiaztatze kopuruak ez datoz bat errealitatearekin. Bestela esanda, gauza bat da behinola egiaztatutako euskara maila, eta beste bat, euskara erabili barik urteak aurrera joan ahala, maila hori zertan geratzen den kasurik gehienetan.
    Horregatik, aipatutako langile horien kasuan are lotsagarriagoa da Eustaten jokabidea.

  • JJ Agirre

    Jaurlaritazk mekanikoki dihardu langileekiko (ez goi-soldatako arduradunekin, teknikariekin eta hortik beherakoekin baizik), lanpostuetan robotak baleude bezala, eta ez pertsonak.
    Euskara eskakizunik inongo lanpostutan egin barik 27 urte emon ostean, ez da zilegi, ez da zentzuzkoa, ez dauka ez hanka ez buru, jubilaziora gerturatzen ari diren langileei igarotako derrigortasun datadun hizkuntz eskakizunak ezartzea.
    Ez jendaurrean eta ez inon. Horren ondorioa langile horiek kale gorrian jartzea baita.
    Are gutxiago español hutsez lan egiten duten sail eta erakundeetan, Eustat kasu.
    HPS-k aukera dauka lanpostu horietan, lanpostuaz jabetzeko dataren ondorengo derrigortasun data jartzeko, kaleratzeak ekidinez.
    Kaleratzeak ahalbidetzea sekulako astakeria litzateke.
    Areago, langile horiek hamar / hamabost urteko epean jubilatuta egongo direlarik guztiak, eta bien bitartean, hutsik geratzen diren lanpostuetan langile euskaldunak sartzen joateko aukera dagoelarik. Nahi izatera hogei urtetan inkestagile eta ikuskatzaile guzti-guztiak euskaldunak izango lirateke. Inor kaleratu gabe ere.
    Baina ez da hori Jaurlaritzaren helburua, tamalez.
    Administrazio honen jarrera ez da euskararen normalizazioaren aldekoa, langileak zapaltzekoa eta zerbitzu publikoak salmentan jartzekoa baizik.
    Oso tristea.

  • Kasu horietan, A2 maila eskatzea ez legoke gaizki, sikiera hurbilketa bat ez bada ere.
    Baina bestelako helburua badute nagusiek… Tira, ez naiz aditua, ezin dut iritzia eman.

  • Ni euskara eremu guztietan inposatzearen aldekoa naiz, baina aitortzen dut baldintza sozialak ez direla aldekoak. Baina JJ Agirrek dion bezala nahikoa litzateke lanpostu berrietan euskara exigitzea. Euskaldunok euskaraz dakien ororekin gure hizkuntzan egiten badugu 25-30 urtez azpiko belaunaldi guztiak euskara erabiltzera derrigortuak leudeke praktikan. Erabilera bultzatzeak hizkuntzaren kalitatean eta eskolan ikasitakoen artean erraztasunean eragingo luke, zirkulu positibo bati hasiera emanez. Oraingoz ordea zirkulua kontrakoa da, eta eskolan ikasten dutenek bertatik kanpo apenas erabiltzen dutelarik erdoilduz doakie pixkanaka, ia erabat ahaztu arte

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude