Euskarazko aisialdia garatu nahi dugu eta bakarrik ezin…

Euskarazko aisialdia garatu nahi dugu eta bakarrik ezin… –

Jasone Mendizabal Altunak, Topaguneko aisialdi batzordetik, Arabako Alean.

“Pandemiak ekarritako desafioei aurre egiteko aisialdiko sektorean birpentsatze eta egokitze gogor bati erantzun beharko diogu. Esperientzia arrakastatsuak baditugu, baina horiek ikertu, elkar trukatu eta garatzeko baliabideak behar ditugu”.

Euskarazko aisialdia garatu nahi dugu eta bakarrik ezin...Haur eta gazteen aisialdiak berebiziko garrantzia duela behin eta berriro agertzen ari zaigu hainbat gogoetatan: Topalabe taldearen Berrindartu eta Jauzi txostenean, haur eta gazteei buruzko ikerketen argitan eta baita erakunde publikoetatik lehenesten diren politikatan ere. Eskolak bakarrik ezin du eragin euskararen erabileran, eta, eskola eremua pandemiak harrapatu duenetik, aisialdi eskaintza aberats eta zabal egokitu bat garatzeko beharra indartu zaigu.

“Eskola eremua pandemiak harrapatu duenetik, aisialdi eskaintza aberats eta zabal egokitu bat garatzeko beharra indartu zaigu”

Euskarazko aisialdia euskarara hurbiltzeko bide gozagarri eta eraginkorrenetakoa da gure haur eta gazteentzat, euskara belaunaldi berrietan txertatzeko bizipen positiboen bidea.

Aisialdian dihardugun Topaguneko elkarteok gizarteari egiten diogun ekarpenari buruz gogoeta eragin nahiko genuke idatzi honen bidez, lehenik eta behin gure bereizgarriak balioan jarriz:

  • Euskaltzaleengan oinarritzen gara, borondatezko lana artikulatuz.
  • Tokian tokian eratzen gara, eta auzo bizitzari lotzen gatzaizkio gertutasunetik.
  • Euskara biziberritzeko proiektuak ardazten gaitu.
  • Umeei eta nerabeei ez ezik, hezitzaile (gazteei) ere euren jarduna euskara hutsez gauzatzeko lekua eskaintzen diegu.
  • Proiektu hezitzaile bat garatzeko balioetan oinarritzen gara: ingurumenari errespetua, kooperazioa, parekidetasuna, kultura eta hizkuntza aniztasuna…
  • Haur eta gazteen ikuskera eta kontsumo joera berrietara egokitzeko berrikuntzan eta etengabeko esperimentazioan dihardugu.

Pandemiaren eraginez, euskarazko aisialdiko ekintza, gazteleku, ludoteka, udaleku eta abarrak bertan behera utzita, milaka eta milaka haur eta gaztek euskararekin harremantzeko zituzten aukera apurrak desagertu dira bat-batean. Eten horren aurrean, aisialdi eta kulturgintzako jarduerari eustea izan da gure lehentasuna, eta aurtengo urterako aurreikusita geneuzkan 110 egitasmoetatik %44ari eustea lortu dugu, ahalegin eskerga egin ondoren. %41a berriz, bidean gelditu da.

“Euskarazko aisialdiko ekintzak bertan behera utzita, milaka eta milaka haur eta gaztek euskararekin harremantzeko zituzten aukera apurrak desagertu dira bat-batean”

Zenbakiak zenbaki, martxoaz geroztik gertatu zaigunaren alde kualitatiboari erreparatu nahi diogu baita ere. Covid-19aren eraginez, erakunde publikoek kudeatzen dituzten udaleku eta aisialdiko eskaintza gehienak bertan behera gelditu dira, baina, aldi berean, euskara elkarteoi aisialdiko jarduerei eutsi diezaiegun eskatu zaigu kasu askotan instituzioetatik.

Herri askotan gure jardunak bakarrik bete du herrietako euskarazko aisialdiko hutsunea, euskararen beharrei ez ezik, haurren jolasteko beharrari eta gurasoen zaintza beharrei ere erantzun diegularik. Horregatik, gugan konfiantza jarri duten horrenbeste gurasori esker ona adierazi nahi diegu, eta baita babesa eskaini diguten horrenbeste udalei ere.

Egoera honetan jasotako babesa, baina, gorabeheratsua izan da, eta beste zenbait udalen babes falta ere sufritu dugu. Zenbait programa erori zaigu babesik ezean, eta beste zenbaiti bakarrik eutsi diegu, arrisku guztiak gure gain hartuta. Albo kalteak ere eragin dizkigu honek guztiak, aurtengo ekitaldian 140.000 euroko galerari aurre egin beharko diogularik. Irabazi asmorik gabeko elkarteek osatzen dute Topagunea.

Egoera honi buelta ematea ez da erraza izango, egungo haur eta gazteen pantaila bidezko kontsumoa areagotu baita, eta, horrekin batera, erdaretako eskaintzekiko lotura. Pandemiak ekarritako desafioei aurre egiteko aisialdiko sektorean birpentsatze eta egokitze gogor bati erantzun beharko diogu. Hasita gaude horretan, eta esperientzia arrakastatsuak ere baditugu motxilan, baina horiek ikertu, elkar trukatu eta garatzeko baliabideak behar ditugu.

Leiho honetatik, aukera baliatu nahi dugu elkarren babesean aritzeko dei egiteko, prekarietatetik atera eta kalitatez jarduteko eta erronka berriei elkarrekin aurrera egin dezagun eskua luzatzeko, herri bizitzako eragileei, udalei eta beste erakunde publikoei eta sektoreko gainontzeko eragileei.

Sektorea artikulatzeko, ikertzeko eta egitasmoen babes egonkorrak bideratzeko laguntza behar dugu, eta honetarako guztirako lankidetza indartu.

Topaguneko aisialdi arloan euskararen desafio berriei heltzeko prest gaude, hori bai, bakarrik ezingo dugu.

 

Euskarazko aisialdia garatu nahi dugu eta bakarrik ezin…

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude