Euskaraz egin diodalako, tabernariak edaria kendu dit!

Euskaraz egin diodalako edaria kendu dit – 

Igande eguerdia, 13.00. Basurtu inguruko taberna bat (Bilbo). Lagunekin nabil terraza batean eta lagunetako batekin tabernan sartu naiz edari gehiago eta rabak eskatzera.

Barran, 2 tabernari: 40 urte inguruko gizon bat eta mutiko gazte bat.

-Kafesne bat.-nik.

-¿Qué? -tabernari erdaldunak.

-Un café con leche. -tabernari erdaldunaren ondo-ondoan dagoen mutiko gazteak itzuli du.

-Rabak. Bat. -atzamarrekin keinu eginez.

-Una de rabas. -tabernari gazteak.

-No se euskera. -tabernari erdaldunak.

-Garagardo bat.-nik.

-¿Me lo dices en castellano? Ya te he dicho que no se euskera. -tabernari erdaldunak, bere lankideak itzultzen hasi aurretik.

-Garagardo bat-una cerveza. Mira, así aprendes. -nik.

-Pues… me voy a callar. -tabernari erdadunak, garagardo edalontzia garagardoz betetzen zegoela.

-¿Callar? Dime, dime lo que tengas que decir. -nik.

-Es que, si no hay educación… Con los que no tienen educación… -Momentu horretan nire kuadrilako laguna komunetik etorri zen.

-¿Educación? Educación, tú.  También es educación el aprender.-nik.

Garagardoa zerbitzatu dit, tabernako barran jarriz.

-Pues, mira, ¿sabes qué? Que no te voy a servir. -barran jarritako edaria kendu dit.

-Ba, oso ondo. Nik nire lagunari esanez. Horrela eskatu diot eta ez dit zerbitzatu nahi, ba ni banoa.

Eta hala egin nuen.

Euskaraz egin diodalako, tabernariak edaria kendu dit!

Egia esan, lehen aldia izan da hain sendo eutsi diodala euskarari noizbait taberna batean. Aurrekoetan, amore eman edo kikildu naiz. Aitortu behar dut beste egoera batean (dendetan, ertzain baten aurrean…), normalean ez diodala eusten. Baina pentsatzen dut, esaldirik erabiltzen ez duzunean, hau da, hitz solteak baino ez dituzunean esaten, ez duela inolako trabarik sortzen. Are gehiago, ondoko norbaitek itzultzen badu.

Nire helburua zera da; elkarrizketa ezin badut eduki, hitz solteak behinik behin erabiliko ditut, ahal dudan neurrian. Bestela, horrela erdaldunek ez dute inoiz ezer ikasiko. Eta aurrean dudan solaskide horri ez zaio ikasteko beharrik sortuko edo jakinminik piztuko. Gutxienez, euskara agerian utzi nahi dut, entzun dadila.

Egia esan, egunez egun, beti erdarara jo beharrak mindu egiten nau. Eta, Katalunian kataluniarrek nola eusten dioten bereari jakiteak, nolabait, eragina izan du niregan. Adibidez, bideo honetan, katalan batek bere NAN zenbakiak katalanez esaten jarraitzen du, nahiz eta banatzaileak gaztelaniaz esateko eskatu:

@politicaysociedad

#españa #catalunya #independencia #viral #parati #fyp #vox #pp #barcelona #gerona #lerida #tarragona #madrid

? sonido original – Politica y Sociedad

Nik uste, katalanezko zenbakiak oso errazak direla gaztelaniadun batentzat, are gehiago banan banan esanda (cinc, sis, set, vuit…). Nik neuk atzamarrekin ikusaraziko nizkioke, laguntzearren. Telefono edo NAN zenbakia denda batzuetan horrela adierazi izan dut, euskaraz kili-kolo ulertzen zuen norbaitekin.

Arazoa da oso gutxik egiten dugula jarrera hau Euskal Herrian. Ia inortxok ere ez zonalde erdaldunetan.

Pentsatzen dut erdaldun askok erasotzat hartzen dutela. Nire kasuan, tabernariak iraintzat hartu zuen “pues así aprendes” edo “educación también es aprender” entzutean. Baina hori ez zen nire helburua, ezta gutxiago ere. Ez nuen modu oldarkor edo harroan esan eta uste dut ere hori ez dela bidea. Nik hobe beharrean (de buena fe) esaten dut, hizkuntza agerian uzteko eta zabaltzeko. Irribarrez eta modu atseginez, ahal bada.

Gustatuko litzaidake taberna horretara bueltatzea, baina ez ni bakarrik, baizik eta hiruzpalau euskaltzalerekin (nire kuadrilakoak euskaldunak dira baina ez euskaltzale amorratuak) eta egoera, hala nola, zergatiak patxadaz azaltzea. Baina sakonean, arazoa jarrera da. Tabernari edo bestelako pertsona horientzat euskaraz egitea “errespetu falta” bada, atzetik ikasteko inolako borondaterik ez izana ezkutatzen du. Eta euskaldunen partetik inolako presiorik ez jasotzearen ondorioa da, ni bezalako ardi galdu bakanengatik ez bada.

Izan ere, asko izango bagina euskararari lotsarik eta beldurrik gabe eusten, orduan… orduan bai, orduan beste oilar batek egingo liguke kukurruku.

Euskaraz egin diodalako edaria kendu

Euskara irakasteko laguntza eta ekintza.

17 pentsamendu “Euskaraz egin diodalako, tabernariak edaria kendu dit!”-ri buruz

  • Ba ondo legoke euskal talibanen taldetxo bat sortzea eta noizean behin poteak hartzera joatea elkarrekin. Taldearen indarraz baliatuta, errazagoa litzake euskarari eustea horrelako egoeretan, manera onez eta irribarrea ahoan, baina tinko.

    Era zientifikoan planteatu liteke. Adibidez, erreakzio desberdinen aurrean jokatzeko era txukun eta ahaldungarriak aztertzeko.

  • Oso jarrera duina zurea. Ea beste euskaldun batzuk, makurtzeari utzi eta duintasunez jokatzen hasten diren ere.
    Zein da tabernaren izena?

  • Jone: Basurtuko Geltoki kalean dagoen “Geltoki” tabernan gertatu zen.

  • Eskerrik asko. Aintzat hartuko.
    Erdal supremazismoa oso gaitz hedatua da, euskal sumisioa bezainbeste, eta horrela doakigu. Gaixo tabernaria, euskaraz eska diozaioten jasan beharra!
    Zer nezesidade, denok españolez edo frantsesez dakigularik?
    Sumisio apur bat gehiago, mesedez…

  • Jarrera kontua zalantzarik gabe. Tabernan erabiltzen den hiztegi apurra euskaraz ikasteko gai ez bada, arazoa berak du.

  • Arazoa gurea, makurtzen garen neurrian, euskaldun gehienek egin bezala. Horregaitik ematen dituzte erantzun zakar horiek.
    Hezurretaraino sartuta daukagun menpekotasuna ez badugu iraularazten…

  • Zorionak zureari eusteagatik. Supremazita hauen jarrera lotsagabearen aurrean ez dugu kikildu behar.
    Hau esanda, Euskal herrian bizi den jendea euskalduntzea lortu nahi badugu, aurrean daukagunaren jarreraren zergatia aztertzea komeni zaigu.
    Supremazisten kasuan, jarrera irmoa. Baina, sineskaitza bada ere, bada hari euskaraz zuzentzerakoan adarra jo nahian ala lotsarazi nahian ari zarela uste duen jendea. Normaltasun erdaldunaren ondorioa nire ustez. Nik halakorik topatu dut behin baina gehiagotan. Haiekin hitz eginaz eta euskaraz zergatik zuzendu natzaion azaltzean jarrera guztiz aldatu izan dute hauek. Aipatzen ditudan hauek jemen ezagutzen ez duten errealitate bat dagoela jabetu izan dira horren ondorioz.
    Beraz, garrantzitsua deritzot aurrean daukagunaren motioak aztertzeari. Ezjakina bada, azalpenak eta “rollo ona”. Supremazista bada, egurra.

  • “bada hari euskaraz zuzentzerakoan adarra jo nahian ala lotsarazi nahian ari zarela uste duen jendea”, bai, baina ez genuke euskaldunok misiolariarena egiten ibili behar, oinarrizkoetan oinarrizkoena azaltzen batean eta bestean.
    Hor nabari da, beste behin ere, erakundeen arduragabekeria. Erakundeek azaldu behar liekete horrelako artaburuei, kanpaina ondo funtsatuen bitartez, euskaldunok gure etxean euskaraz egiteko eskubide osoa daukagula, eta hobe luketela euskara apur bat sikiera ikasi.

  • Zarautzera edo herri euskaldun petoetara joan naiz, euskaraz arreta emango zidaten itxaropenez, baina kale. Orain dela urte batzuetatik langileen zati handi bat atzerritarrak dira eta jakina, euskaraz, hutsaren hurrena. Nola egingo dugu aurrera milaka erdaldun sartzen uzten badugu? Eta okerrena, immigrazioa gure politikari eta ONG-GKE askotatik bultzatzen badute? Horrela ezin.

  • Arazoa ez da migrazioa. Arazoa da migratzaile horiek “Espainiara” datozela, inongo erakundek ez diela ganorazko harrerarik eskaintzen ez ezer azaltzen… Eta taberna-jatetxe-ostatu askotako jabeek mixeriazko soldatak ordaintzen dituztela (horregatik bertokoek ez dituzte lan horiek nahi), eta gainera ez dietela egun on esaten ere irakasten. Migratzaileak dira erru gutxien dutenak sarritan.
    Duela 50, 40, 20 urte etorritako migratzaile ohi gehienek euskara ikasi gabe jarraitzen dute, kafesne bat zer den “ulertu” gabe, euskaldunoi zakar erantzuten… Arazoak bi alde dauzka; batetik, migratzaile horien aurreiritziak, jarrerak, eta abar. Baina batez ere, bertoko erakundeen eta euskaldun askoren utzikeria edota menpekotasunerako joera.

  • Beñat Castorene 2021-12-22 18:10

    JJ, bai migrazioa arazo bat gehiago da. Baina ongi formulatu behar da arazoa. Lehenik ezbaginu gaizki ordaindu lanposturik sortzen, demografia sendoa baginu, erdaren kontrako erresistentzia linguistika erasokorra egiten baginu, ezbaginu… eta abar, migratzaileak ez lirateke trumilka hona jinen et jinen liratekeen gutiak, guti litzatekeelako, beharbada, behartuta ezfortzuak egingo luke euskara ikasteko.
    Baina horrela ez da, eta horregatik migrazioa arazo larria da, eta ganorazko harrerek eta azalpenek bakar batzu konbentzituko dituzte beharbada baina gehienak ez, inolaz ere.
    Migratzaile batek talde dominantearekin egokitu nahi du ez menperatuekin. Etorri da bizi modu hobea gozatzeko, ez euskadunen arazoetan sartzeko, horretarako bere herria eta erroak abandonatzeko gai izan da, pentsa zer axola duen gureaz. Eta oraindik migratzaile onetaz mintzo naiz, oneski lan egin nahi dutenetaz.
    Enetzat, arazo zaila da migrazioarena guretzat, ezgara bihotzonagatik inkontzientzak izan behar, baina ezta basak ere.

  • Bai, ez dut ondo azaldu. Migrazioa arazo bat da, gurea bezala, botere tresnarik ez daukaten herri asimilatuontzat. Migratzaile guztiak daude espainiera edo frantsesa ikastera behartuta, euskara ez, ostera. Baina ez nator bat Ikerrek egiten duen planteamenduarekin.
    Bestalde, asko dira euskara bazterrera utzi (behar) izan duten bertoko seme-alabak ere. Adibidez, Bilbora, Gasteizera edo Iruñera bizitzera abiatzen ziren hiri horien inguruko herrietako biztanle gehienek hartzen zuten lehen ardura, euskara ezkutatu eta “ahaztea” izaten zen.
    Pairatzen dugun menpekotasuna da migrazioa baino arazo larriagoa. Migrazioa, noski, arazo hori larriagotzera dator. Gainera, mentalitate inperialistadun migratzaileak ere ez dira gutxi, hori aipatu ere egin ezin bada ere…

  • Menpekotasuna, migrazioa, asimilazioa, gure konplexuak,…Arazo bakarra balitz, ez ginateke horren gaizki egongo, baina horrenbeste ditugunez…

  • Benat Castorene 2021-12-23 09:34

    Ados naiz zurekin Jonjo, baina Ikerren planteamentuari ere arretaz begiratu behar diogu. Errealitatea baizik ez du erraten du baina zakarki erraten du.
    Ez zaigu egokitzen ez migratzaileen etorrera eragoztea ez eta euskara bortxaz erakastera. Hau da gure egoera.
    Gaur ikusten dugun migrazioa da kapitalismo globalaren premia bat zeinaren ezaugarriak diren propaganda kontsumitzailea eta langileen eta kontsumitaileen mugiarazi beharra. Kapitalaren metaketaren onura bakarrerako.
    ONG-GKE delako horietan denetarik izango da: alde batetik bihotz oneko jende onak beharrean dauden jendea laguntzeko prest eta bestetik globalisazioaren agenteak direnak jakin gabe gehienetan.
    Migrazioa da problema inportantea, latza eta zaila da ongi formulatzen ikasi behar duguna behintzat.

  • Ados, bai. Baina tentuz aztertu eta formulatu beharreko auzia da, besteak beste, muniziorik ez emateko espainiar eta frantses uniformizatzaileei… eta onbera-usteko abertzale despistatu “eskuzabalei” ere.

  • Benat Castorene 2021-12-23 17:33

    Arrazoi duzu Jonjo, bidea biziki hertsia da, baina ongi pentsatzea beti arriskutsua da.
    Elkarren kontrako obligazioen artean hautatu behar dugu:
    Onbertasuna gure komunitatearen aldera ala beharrean dagoen jende klase baten aldera.
    SWen erakaspenak interpretatzen entseia banendi arazo konkretu honentzat erran nezake munduaren orden sozio politiko perbertso baten aurrean garelako seinalea dela.
    Animo

  • Europarren %60ak Europan etorkin gehiegi daudela pentsatzen du. Espainian %70ak, Frantzian %65ak. (kontuan hartu behar dugu herrialde horietan, jadanik etorkin kopurua %10etik gorakoa dela)

    12.000 pertsonekin egindako ikerketa bat egin dute, ez nolanahikoa. Beraz, datu hau ez dut nik esaten Elpais egunkarian agertutakoa da.
    https://elpais.com/internacional/2021-12-23/el-60-de-los-europeos-considera-excesivo-el-numero-de-inmigrantes.html