Euskaraz bizi den familia baten kezkak

Euskaraz bizi den familia baten kezkak –

Larunbatean Arnas Dezagun ekimenak manifestua aurkeztu zuen. Honek eztabaida ugari sortu ditu eta gure familiaren iritzia eta esperientzia partekatu nahi genuke.

Euskaraz bizi den familia baten kezkak

Gasteizen moduko hiri batean bereziki zaila da euskaraz bizitzea, gaztelania baitago nonahi. Gure auzoan Zabalgana Euskara Taldea daukagu eta, bertan, gure alabek auzoko beste umeekin batera ekintzak euskaraz egiteko aukera dute. Elkarte honek antolatzen dituen ekintzekin pozik gauden arren, hiriak euskaraz eskaintzen dituen aisialdi jarduerak oso murritzak direnez, euskararen inputa eskasa da. Aisiaz eta etxeko denboraz gain, gure seme-alabek denbora luzea pasatzen dute eskolan eta ume gehienen ama hizkuntza gaztelania denez gero, hori euskararen gainetik gailentzen da, umeen arteko komunikazio-hizkuntza nagusia bihurtuz. Hori gutxi balitz bezala, eskola gehienetan familia euskaldunen umeak elkartu beharrean, gela ezberdinetan sakabanatzen dituzte. Guk errealitate honekin topo egin dugu, alaba nagusia eskolan hasi denean.

Nik Duranako Ikasbidea ikastolan ikasi nuen eta bertan D naturalaren aldeko apustua egiten zen. 3 eta 12 urte bitartean, euskara ama hizkuntza zuten beste umeekin batera egon nintzen gelan. Gure komunikazio-hizkuntza euskara izan zen beti. Egoera hori D naturalaren arnasguneak ahalbidetu zuen, hau egon izan ez balitz hizkuntza handiak txikia jan izango zukeen eta. Gaur egun ere, txikitako gelako lagunekin elkartzean, euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu, eta hori hasierako urteetan finkatutako hizkuntza ohituren ondorioa da. Izan ere, pertsona batekin hizkuntza batean hitz egiteko ohitura hartzen duzunean, oso zaila izaten da horri buelta ematea. Horregatik, ume euskaldunak sakabanatzean, euskararen erabilera galtzen dute eta gaztelania bihurtzen da gelako komunikazio-hizkuntza.

Azken urteetan euskaldun kopuruak gora egin du. Aitzitik, beldurgarria da ikustea nola erabilpenak aurkako noranzkoa hartu duen. Egoera horren aurrean, gobernu-aginteek neurri eraginkorrak hartu beharko lituzkete.

Arnas Dezagun ekimenak gai honen inguruan hausnarketa bat eskatzen du. Guk manifestuari atxikimendua eman diogun arren, zalantza batzuk sortzen zaizkigu inklusibitatearen aldetik. Dilema handia da umeen taldekatzea nola egin, baina argi dago gaur egungo sistemak ez duela funtzionatzen eta aldaketak egitea beharrezkoa dela, gure seme-alabak erdalduntzen ari baitira. Gaur egun, umeek euskara gutxiago erabiltzeaz gain, okerrago egiten dute. Geldirik jarraituko al dugu egoera honen aurrean?

Honengatik guztiagatik, nik Arnas Dezagun ekimenaren manifestuari atxikimendua eman diot.

Euskaraz bizi den familia baten kezkak

2 pentsamendu “Euskaraz bizi den familia baten kezkak”-ri buruz

  • Nagore Maturana 2021-12-10 08:13

    Markelen bizipena Euskal Herriko edozein tokitan errepikatu daiteke, gure politikari guztien eta gizarte eragile gehienen paralisiaren aurrean.

    Haur euskal hiztunak ez sakabanatzeko manifestua irakurri eta sinatu esteka honetan:

    https://arnasdezagun.eus/manifestua/

    Mugi gaitezen!

  • Lukas Etxeberria Sagastume 2021-12-15 20:30

    Ez da gai erraza arlo inklusiboak galerarik izan ez dezan, baina erabat ados nago zuen planteamenduekin. Gure seme-alabak ere eredu naturalean ibili ziren, eta irakaslea naizen aldetik badakit zer gertatzen den errealitatean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude