Euskararen zonifikazioa, inoiz ez?

Euskararen zonifikazioa, inoiz ez? –

2016an, Nafarroan Aldaketaren Gobernua deitutakoa iritsi eta urtebetera, Ion Orzaiz eta Joxerra Senar kazetariek “Nafarroa. Orain ala inoiz ez” izeneko liburua argitaratu zuten. Izenburu apokaliptiko bezain profetikoa gero. Bertan, gobernu berriaren lehenengo urtearen balantzea egin eta legealdia amaitu bitarteko erronkak bildu zituzten. Agintaldiaren lehenengo urtea soilik igarota zegoen arren, jada bertan irakur daitezke neurrien moteltasuna eta ausardia falta leporatzeak gobernuari, edo euskaltzaleen etsipen adierazpenak.

Egun badakigu nola igaro ziren ondorengo hiru urteak ere. UPNren gobernuaren hamarkada ilunarekiko aurrerapenak gertatu baziren ere (ez zen zaila ere), euskararen berreskurapen-prozesuan eta zonifikazioa gainditzeko bidean ez zen jauzi estruktural esanguratsurik egin. Aldaketaren gobernuak ez zuen ia aldaketarik ekarri euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen egoeran.

Iritsi zen 2019 urtea eta hauteskunde berriekin gobernu aldaketa gertatu zen. Aldaketa berri hau ez zen izan inboluzioa ekarriko zuen atzera jauzia, baina bistan da egungo indar korrelazioarekin Nafarroa osoan ofizialtasunaren onarpena lortzea ia ezinezko dirudiela. Ia diogu ez dugulako etsipenean erori nahi. Baina oraingo gobernuko batzuen jarrera euskarafobikoa eta besteen ausardia falta ikusirik itxaropen gutxi dugu.

Aurreko legegintzaldiaren hasieran orokorrean euskalgintza eta euskaltzaleongan piztutako ilusioak kontrako eztarritik joan izana oraindik ere liseritu gabe dago. Ordu hartan ametsa ostu ziguten eta orain amesteko aukera ere ez digute eman nahi. Baina ezin gara galdutako balizko aukerei begira atzerantz begira geratu. Igarotako urek ez dute errotarik mugitzen.

Ezin gara konformismoan erori ere. Ea oraingo egoeran ze ogi-apur lor dezakegun, egoerak ez omen duelako amesteko aukerarik ematen. Euskaldunok ez gara aseko ogi apurrekin, ogi osoa nahi eta behar dugu. Hizkuntza-eskubideen ezagutza eta berme osoa behar dugu. Eta hori lortzeko lehenengo urratsa ametsa berreskuratzea da. Egungo errealitatea kontuan izango duen ametsa baina, era berean, ofizialtasunaren aldeko dinamika zabal eta indartsua egituratzeko ilusioa emango diguna euskaltzaleoi. Aurkako faktoreak nagusi dira une honetan, baina ez dira betierekoak. 2015ean Erregimenaren erortzea eragin zuen indar-metaketa alez alekoa, nekaezin eta pazientziaz betetakoa, berreraiki beharko dugu hurrengo urteetan. Konplizitateak berreskuratu eta berriak sortu, sektore berriak zonifikazioa gainditzearen aldarrira gehituz. Horretarako herriz herri, elkartez elkarte, eremuz eremu, zonifikazioa injustizia bidegabea dela berriz ere zabaltzeari ekin behar diogu euskaltzaleok.

Une honetan ez dirudi auzi honetan posizioak irauliko dituen aldaketarik egongo denik epe erdian; baina gauza bera zirudien Barcina gobernutik kendua izan bezperan. Erregimenak euskararen zonifikazioan ezarria du iraun ahal izateko lubaki garrantzitsuenetako bat. Baina ziur gaude lubaki hori ez dela gaindiezina. 2015ean herritarren ekimenez eta kale mobilizazioekin erregimenaren gobernua amiltzea lortu genuen bezala, zonifikazioa ere herritarren ekimenez eta kale mobilizazioekin gainditzea lortuko dugu!

Helburu horrekin Euskal Herrian Euskarazetik gure aletxo xumea gehitzeko prest gaude. Horrela, hurrengo alea datorren abenduaren 15ean ezarriko dugu, Vascuencearen Legearen 34. urteurrena izanik, euskaltzaleei dei egiten dizuegu Parlamentuaren aurrean elkartu eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan aldarrikatzera. Orain ezinezko dirudiena noizbait, ahalik eta azkarren, gerta dadin.

Euskararen zonifikazioa, inoiz ez?

Euskararen zonifikazioa, inoiz ez?

Euskal Herrian Euskaraz (EHE), herri mugimenduko eragile euskaltzalea gara #MugarikGabekoEuskara

10 pentsamendu “Euskararen zonifikazioa, inoiz ez?”-ri buruz

  • Saiatuko naiz bertaratzen, baina:
    Ez zabiltzate oso berandu?
    Horrelako deialdi bat ezin zen beste eragil batzuekin ere adostu?
    Lau katuren bilkurek ez digute laguntzen.

  • Beste eragile horiek erantzun beharko lukete zergatik kendu duten abenduaren 15a euren agendetatik.

  • Beti ari gara temati zonifikazioarekin bukatzeko. Zailena erdietsi nahi dugu eta zonalde erdaldunean momentuz egoera ez da nahiko genukena gehiengo zabala aurka baitago. ¿Ez litzateke errazagoa zonalde mixtoan egiatan euskara ofiziala izatea lortzea? Urrats handia litzateke euskaldun gehienak hor bizi baikara. Egingarriagoa iruditzen zait eta argudiatzen errazagoa. Zerbait erdiestea hobe da deuz ez lortzea baino. Hobe da gauza berriak egiten saiatzea betikoetan tematzea baino, nahiz eta luzerako xedea nafarroa osoan euskara oficiala izatea izan.

  • Zonalde euskalduna, mixtoa, erdalduna… horrelako zerbait ba al dago munduko beste lekuren batean? Nik aspaldi galdu nuen gaur egungo nafarrekiko fedea. Nafarroak, merezi ez dituen nafarrak ditu, ezjakinak, faltsuak eta disimulatzen duten fatxak.

  • Zonifikazioa (eta D eredua ahultze nahia), euskal nazionalismoaren hedatzea zela eta, Nafarroan jaun eta jabe izan ziren horiek ezarri zuten. Baina pixkanaka bada ere, euskara eta abertzaletasuna Nafarroan zabaltzen ari da: abertzale bat izan zen hango presidentea eta gaur egun alderdi abertzaleen beharra behar dute gobernatzeko, zona mistoan udalerri gehiago daude, euskaraz ikasteko aukera ugaritu da, ofiziala ez den lekuan euskararen aldeko ekimenak egiten dira (Errigora…) eta abar.

  • Harrigarria, Hego, zure baikortasuna. Ez dakit non bizi zaren, zenbaterainoko ezagutza duzun Nafarroako egoeraz, baina deigarria egin zait diozuna. Gutxienez 20 urte baditugu gaibehera goazela.
    Kontua da, Zuzeun idazten duten analista zorrotzenak gauza bera diotea EAEz eta Iparraldekoek ere ez dabiltza oso urruti. Ez al da hobe, gauzak diren bezala onartu?

  • Benat Castorene 2020-12-27 09:45

    Ikusten dut zazpi lurraldeetan baikortasuna dela abertzaleen ohizko joera psikikoa. Gehienetan egiazko eritasun filosofikoa da.
    Izan ere, eragozten digu analisia objektiboa egitetik eta hau egin gabe alferretan ari gara.
    Aeazoa da gauzak diren bezala ikusteak eskatzen duela entrenamendua eta adorea, ez baita uste dugun bezain naturala.
    Hori egiten ikastea hil ala biziko premia dugu.eta hau egin gabe gureak egin du.
    Aldiz, beste batzutan baikortasun hori ez da eritasuna, alegiazkoa da, eta ez da gure portaera txarraten ondorioak izkutatzeko edo justifikatzeko amarrua baizik.
    Baina ez da bat ere erraz bata bestetik bereiztea, bi baikortasun mota nahasten dira eta.

  • Ados erabat, Beñat.
    Ilusionismoa baikortasunarekn nahasten dugu sarri, eta errealismoa “ezkortasunarekin”.
    EAEko agintariek arrakastaz sustatutako pentsamoldea da hori, euskalgintzako gero eta eragile gehiagoren laguntzaz. Ekaitz ferpektua… perfekturik ez baita ezer.

  • Kaixo A, agian nire baikortasuna eremu erdaldunean bizitzearen ondorioz nabarmentzen da (Araba).
    Badakit Nafarroako egoera ez dela guztiz Arabaren parekoa, han politikoki eta sozialki badute traba gehiago.

    Baina aipatutako bi arloetan (euskararen ezagutza eta abertzaletasuna) aurrerapausoak egin dira:

    Adibidez, botoen aldetik (1991-2011)
    https://www.urnavarra.org/wp-content/uploads/2015/05/NA_AB_comparacionhorizontal2.png
    Euskararen aldetik (1991-2011)
    http://www.urnavarra.org/wp-content/uploads/2015/05/Captura-de-pantalla-2015-05-07-a-las-23.20.45-1024×699.png

    Hauteskundeak (hantxe alderdi abertzaleen botoen ehunekoak ikusi al dira)
    https://www.berria.eus/bereziak/hauteskundeakM26/mapa.php?urtea=2019&mota=for

    Eremu mistoa zabaldu egin da.
    https://eu.wikipedia.org/wiki/Euskararen_Foru_Legea#/media/Fitxategi:Navarra_-_Zonificacion_linguistica.png

  • Benat Castorene 2020-12-28 11:05

    Hego ezin da ukatu zuk emandako datuak existitzen direnik. Egia erraiteko ez naiz kapable erraiteko objektiboak diren ala ez.
    Alta, aspaldian entzuna eta nihaurk ikusia dut toki euskaldunenetan ere euskararen estagnazioa edo batzuetan beheititzea eta sumatua dut ere kalitatearen endekatzea.
    Aldiz, bai arrazoi duzu sekula hitz egiten zen toki batzuetan euskaradunen kopurua handitu egin dela azken hamarkadetan.
    Baina Oiartzunen edo Irisarrin ere hizkuntzaren erabilera eta kalitatea beheititzen badira zer etorkizun dute datu berek Gazteizen edo Biarritzen?