Euskararen periferietako gazteak

Euskararen periferietako gazteak –

D ereduan ikasi dute 2000. urtetik aurrera Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan jaiotako gazte gehienek; baina, euskaraz badakiten arren, erabilera ez da neurri berean hazi. Egun, Bilbo Handia eskualdean pilatzen da euskaradun gehien; halere, euskara eta bere mundua ia ikusezinak dira bertan, biztanle gehienak euskararen bizi-munduetatik kanpo —edo periferian— kokatzen baitira. Gazteak testuinguru horrexetan bizi dira, eta, hizkuntza ulertzen badute ere, ertzetik eta urrunetik begiratzen diote unibertso horri, hein handi batean arrotza zaie-eta.

Euskararen periferietako gazteak

Periferiaren erreferentzia erabiltzean, ikuspegi soziolinguistiko hutsetik harago, zera adierazi nahi dugu: euskarazko bizi-munduekin dagoen distantzia sinboliko eta kognitiboa. Distantzia hori, besteak beste, ezagutzan, pertzepzioan, identifikazioan, atxikimenduan eta parte-hartzean oinarritzen da. Kokapen fisikoak eragina dauka, baina konplexuak dira distantzia handitzeko edo txikitzeko arrazoiak, eta adimenaren zein kognizioaren eremuetan zertzen dira batez ere. Gazteek nolako bizi-esperientziak eta testuinguruak izan dituzten, hala sentituko dute euskarazko mundua: propioago edo arrotzago; eta, horren arabera, bizi-mundu horien erdigunetik hurbilago edo kanporago kokatuko dira.

Esan den moduan, egungo gazte gehienek badaukate euskarazko oinarrizko maila, eta eskolaren zein jaien bidez (batik bat) iritsi dira euskararen bizi-munduetara. Bizipenak izan eta sortu dituzte, euskara propio moduan hautematen dute, eta eusten diote haurtzaroan euskal munduarekin eraikitako lotura emozionalari. Hori guztia horrela izanik ere, gazte horietako asko bazterretan geratu dira. Zergatik? Bost arrazoi nagusi aipa daitezke:

  • Lehenengoa. Euskaraz komunikatzeko gaitasun apala dute, eta horrek zaildu egiten die beren sentimendu, pentsaera edo iritziak euskaraz azaltzea.
  • Bigarrena. Kultur edukiak erdigunetik ertzetara igortzeko sareak ahulak direnez, euskarazko sorkuntzaren gaineko ezagutza mugatua dute, eta euskararen munduari dimentsio hori aitortzen diote.
  • Hirugarrena. Beren inguruan euskarak ez dauka lekurik; alegia, gutxiagotuta dago kalean, lan-munduan zein komunikabideetan, eta, horren ondorioz, ohikotasunean ezintasun handia dute euskarazko bizipenak eraikitzeko.
  • Laugarrena. Euskarazko bizi-munduen inguruan sortutako diskurtso eta iruditeriak ez daude egokituta egungo bizimodu eta pentsamoldeetara. Alde batetik, euskararen unibertsotik at daudenek estereotipoz beteriko erreferentzia karikaturizatuekin lotzen dituzte euskara eta euskal mundua; eta, beste aldetik, euskalgintzaren ohiko mezuen artean, maiz badaude duela 30 urteko argudioak, eta dagoeneko konbentzituta dauden horientzat izaten dira. Erreferentzia sinboliko horiek aski urrunak dira 2000. urtetik aurrera jaio diren gazteentzat, eta ez zaizkie erakargarriak.
  • Bosgarrena. Euskal bizi-munduen erdigunetik, batzuetan, zalantzan jartzen da hiztun berriek zilegitasunik ote duten bertako partaide izateko, eta jarrera horiek, nola ez, deserosotasuna eragiten diete gazteei.

Laburbilduz, gurea hizkuntza gutxitua izanda, euskaraz bizitzeak hautu kontzientea eskatzen du: mugitu behar izatea, esfortzua egitea, gatazka edo tentsio-egoeretan murgiltzea… Erdigunetik urrundu ahala, gainera, egoera zaildu egiten da, aukerak zein baliabideak murriztu, eta estres linguistikoa areagotzen da. Gazteen bizi-uneak, bestalde, larriagotu egiten du estres hori.

Edonola ere, periferia eta zentroa ez dira beti distantzia fisikoan antzematen. Argi dago, Euskal Herriko geografia eta ikuspegi soziolinguistikoa aintzat hartuz gero, eremu euskaldunak eta euskarazko kultura-sortzaile gehienak batez ere gune zehatz batzuetan kokatzen direla. Haatik, hala herri euskaldunenetan nola gehiengo erdalduneko inguruetan, denetarik egoten da: euskarazko bizi-munduen erdigunean zein kanpoan dauden pertsonak. Askotan, azken horientzat —euskararekin harremanik ez dutenentzat— guztiz hauteman ezina da euskal mundua, haiek eta euskaldunek ia elkar ukituagatik ere fisikoki.

Kontuan hartu behar da, bestalde, hiriguneetan metatzen direla herritar gehien eta euskaldun gehien, eta, laster, biztanle gehienak gai izango direla euskara ulertzeko. Horregatik, euskalgintzaren lehentasunetako bat izan behar da euskararen mundu horiek ikusgarri, entzungarri eta sentigarri bihurtzea; are gehiago euskaradun gehien pilatzen diren eremuetan eta belaunaldientzat: hirietan eta gazteentzat, hain zuzen. Bozgorailuak eta fokuak sortu behar dira eremu horietan, oso zaila baita —ia ezinezkoa— ezagutzen ez denarekiko interesa piztea, are zailagoa diglosiaren ondorioz gutxietsita eta topikoz estalita egonez gero.

Alta, transmititzea eta erakustea ez da nahikoa, egungo munduan bizitzeko baliagarria izatea ere nahitaezkoa da. Euskarak aurrera egingo badu, hori gertatuko da bere lekua hartu duelako euskaradun gehien pilatzen diren hiri-eremuetan; eta, horretarako, halabeharrez, eremu horretan funtzionala izan beharko du garatzeko: mundua interpretatzeko, ohiko beharrizanak asetzeko, bizipenak sortzeko, komunikatzeko, komunitatea sortzeko… Hortaz, periferietako horiei ere aukera eta baliabideak eskaini beharko zaizkie, beren euskarazko bizi-munduen zentroak eraiki ditzaten.

Gai hauen guztien gainean hausnartzeko, abenduaren 2an Igo bolumena! jardunaldia egin dugu Barakaldon: bai hiriguneetako gazteek euskararekin eta euskararen munduarekin nolako harremana duten ezagutzeko, ulertzeko eta periferiatik barneratzeko, bai erdigune berriak sortzen laguntzeko.

Naroa Jauregizuria, Maialen Begiristain eta Lander Muñagorri

Ahize-AEK

Euskararen periferietako gazteak  Euskararen periferietako gazteak  Euskararen periferietako gazteak  Euskararen periferietako gazteak

5 pentsamendu “Euskararen periferietako gazteak”-ri buruz

  • Hausnarketa interesgarria eta landua.
    Baditut galdera batzuk, hala ere:
    “egungo gazte gehienek badaukate euskarazko oinarrizko maila… euskara propio moduan hautematen dute, eta eusten diote haurtzaroan euskal munduarekin eraikitako lotura emozionalari…” asko esatea iruditzen zait Eremu erdaldunduetako gazte gehienek ez dute euskara propiotzat jotzen, eskolako hizkuntza deserosotzat baizik, eta asko, eskola utzi eta urte gutxiren buruan ez dira gai elkarrizketa bat normaltasunez garatzeko, urteen joanean ia guztiz galtzen duten arte.
    “Kultur edukiak erdigunetik ertzetara igortzeko sareak ahulak direnez”… Zer esan nahi duzue? Kultur hedapenera sistema oso ahula daukagula? Erakunde ustez abertzaleek ere ez dutela ahalegin seriorik egiten euskal kultura zabaltzeko?
    “Beren inguruan euskarak ez dauka lekurik… eta, horren ondorioz, ohikotasunean ezintasun handia dute euskarazko bizipenak eraikitzeko”.
    Ezintasuna eta gogorik eza, normala denez, inork ez duelako bigarren mailako herritar izan nahi norbere herian.
    “Euskarazko bizi-munduen inguruan sortutako diskurtso eta iruditeriak”… heltzen zaizkie gazteei? Nik ezetz esango nuke. Gazteek darabiltzaten hedabideetan euskararen presentzia hutsaren hurrengoa da. Euskarazko kate publiko bakarrak ere gauza gutxi eskaintzen dizkie gazteei (helduei ere berdintsu).
    Gazteei indarrez heltzen zaien mezua da gaztelera/frantsesa direla hemen erabat nagusi, eta agintari abertzaleek ere horiei ematen dietela lehentasuna.

  • “Euskal bizi-munduen erdigunetik, batzuetan, zalantzan jartzen da hiztun berriek zilegitasunik ote duten bertako partaide izateko, eta jarrera horiek… deserosotasuna eragiten diete gazteei”
    Sarri entzuten edo irakurtzen da kritika hori, baina neronek adibidez, ez dut halakorik ikusi. Ez dut esaten gertatzen ez denik, baina uste dut justu oso bestelako jarrera dela ohikoena, hau da, “euskal bizi-munduen erdigunetik”txalotu egiten dela gogoz hiztun berrien jarduna eta ekarpena.

  • Egun on, Naroa.
    Hor bi gauzatara mugaturen nituzke.
    Lehenik, umeek zein gazteek ez daukate kontzientziarik .Nortasunaren edo izatearen kontzientzia. Hezkuntza sistema espainiarrak eta frantsesak, berdin da autonomi erkidegoetakoak diren ala baliokidea den, ezarritako curriculumean identitate espainiarra eta frantsesa helerazi eta zertzen die. Berez, nortasuna bilbatzen duten lau osagai hauen bitartez: lurraldetasuna, historia, kultura eta hizkuntzarena berarena erabat espainiarrak eta frantsesak dira. Herri osoaren luze-zabalaz: ibaien, mendien, hirien eta herrien kokapenaz ez dakite ezer, EAEko eta Foru erkidegoko lau kendurik, hori bai ikastekotan, bi errealitate administratiboak bereizirik.
    Iberoak, zeltiberoak, ertaroko penintsulako “erresumak” bi orrialdetan, errege katolikoak, Amerika, industrializazioa, Espainia XVIII. mendean, espainiar gerra zibila, Karlomagno, Ioana Arc-ekoa, iraultza frantsesa eta abar dira guretzat landutako historia.
    Kulturaz beste horrenbertze erran dezakegu, euskarazko zenbat liburu, disko eta komiki kasurik onenean irakurri dute urte batean ?
    Aitzitik, haiek bereganaturiko erreferentzia guzi-guziak kontrako espaloian dira. Zer aipaturik ez bideo-jokoena, filmak eta pantailak.
    Euskara hizkuntzaren inguruko gertakizunez ez dakite ezer ere: antzinako hedadura, zerk eragin zion gibelera jitea, zergatik horrenbertze alde euskara mota desberdinen artean, zenbat euskalki diren eta zergatik bizirik iraun duen gaur arte …
    Bigarrenik, euskarak segitzen du gizarteratu gabe, normaldu gabe. Ez administrazioetan: Jaurlaritzan, Foru gobernuan, Aldundietan, hirietako eta herrietako udaletan, Osasunbide, Osakidetzan, Foru zaingoan, Ertzaintzan, Udaltzaingoetan, EITBn eta abar. Ez da lan hizkuntza.
    Eremu pribatua are lekutaragoa da, ez da galdegiten, ez eta gutxieneko kuota ere, Katalunian duela urte anitz egiten zuten gisan.
    Zuk adierazi bezala, arrotza zaie euskara beste bat haboro da gainontzekoen artean, bereizlerik gabe hizkuntza hegemonikoen aurrean.
    Labur erranik: hizkuntza politikarik ez, tira, nagusigo espainiarren eta frantximanten hizkuntza politika bakarra izan ezik!
    Hondarrean, Oasi gabeko Lore bat basamortuan.

  • Beñat Castorene 2021-12-15 11:27

    “Oasi gabeko Lore bat basamortuan” irudikapen hau esanguratsua da eta egiazko gogoeta estrategiko baten aurrean jartzen gaitu .

  • josu naberan 2021-12-15 12:29

    Horixe, Biperrek-eta arrazoi: “lore eder bat basamortuan”

    Euskera BALIAGARRIA, FUNTZIONALA izatearen.. eta LOTURA EMOZIONALAREN FALTA.

    Zer egin?, esan ohi zuen Lenínek -ANTOLATU -esaten zuen beti-.

    Zer antolatu beharko litzateke EUSKAL HIZKUNTZA mitologikoa baliagarria eta funtzionala dela frogatzeko?

    Bada, lehenbizi, EZ PLANTEATU EUSKERA ASIGNATURA HUTS GISA, baizik eta EUSKAL KULTURAZ, HISTORIAZ ETA ANTROPOLOGIAZ JANTZIA.

    Eta badakigu gure Hezkuntz Erakundeak EZ DUELA horrela programatuko, zeren azken batean eta sakonean EUSKAL PENTSAERAREN KONTRAKO KOLONIZATZE dugulako (EHU, ETBko zuzendaritza… bezalaxe)

    Beraz, GUK GEUK hasi beharko, behe-behetik eta GOIEI esperoan egon barik, erro-erroko ikuspegi hura antolatzen.
    Eta orduan ez legoke arazorik gure euskera mitiko bezain urruna, baliagarri bezain funtzionala dela sentitzeko, eta LOTURA EMOZIONALA lortzeko.

    Horrexegatik nago planteatzen KULTURGINTZA-2022, maila guztietan, ez bakarrik Hezkuntza mailan. Baina Hezkuntza mailan berebiziki.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude