Euskararen misterioa (III)

Euskararen misterioa (III) –

Euskararen gibelatzea

Euskarari hizkuntzakeriaren pozoitik eman izan zaizkion eztenkada mingarrienak inperialismo linguistikoaren botere egituretatik etorri izan zaizkio. Eztenkada horiek etengabeak izan dira historiaren joan-etorrian, baita gaur egun ere (Saez, 2018).

1234-1239koa da agirietan agertzen den euskararen aurkako hizkuntzakeriari buruzko testigantzarik zaharrena. Sasoi hartan Errioxako Ojacastro herrian, eta baita eskualde osoan ere, euskara zen egunerokoan herritarrek hitz-jario bizian erabiltzen zuten hizkuntza. Herritar haietako asko eta asko euskaldun elebakarrak ziren. Baina, Gaztelako merioak, erregearen izenean lurralde hartan epaile lanak egiten zituenak, epaiketetan euskaraz egiteko debekua ezarri zien. Erabakiarekin suminduta, haserrearen haserrez, alkateak eta Ojacastroko bizilagunek bat hartuta, merioari ikusarazi zioten epaiketetan euskaraz egitearena aitortuta zeukaten eskubidea zela. Alkateak Gaztelako merio nagusia zen on Morial jaunari frogatu zion lurralde hartako herritarrei Ojacastroko foru edo lege zaharrak aitortu egiten ziela euskaraz egiteko eskubidea. La «fazanya» de Ojacastro du izena herri usadio zaharrean oinarri zuen epai historiko hark. Euskarak lurralde batean legez aitortutako ofizialtasunaren lehen testigantza dugu Ojacastrokoa (Aznar, 2011).

Euskararen misterioa (III)

1349. urtetik hasita, Aragoiko koroaren mendean zegoen Oska hirian argitaratutako udal agindu edo ordenantzetan, herriko azokan pertsonen arteko salerosketetan artekaritza lana egiten zutenei, arabiera, hebraiera eta euskara erabiltzea debekatu zieten eta garai hartako kristautasunaren hizkuntza zen aragoitar erromantzea erabiltzera derrigortu zituzten. Aldi hartan, artekariek, iruzurrik ez gertatzeko, pertsonen arteko salerosketak egiaztatzen zituzten.

«Item nuyl corredor non sia usado que faga mercaduría ninguna que compre nin venda entre ningunas personas, faulando en algarabía (arabiera), ni en abraych (hebraiera) nin en basquenç (euskara); et qui lo faga pague por coto XXX sol».

«Edozein pertsonaren arteko edozein salerosketatan, artekariek ez dezatela egin arabieraz, hebraieraz edo euskaraz; eta egiten duenak 30 sol ordain ditzala isunagatik».

Oska hiriko ordenantzetatik, denbora igaro ahala, arabieraren eta hebraieraren debekua kendu bazuten ere, hizkuntza haiek lurralde hartatik desagertu egin zirelako, euskararen debekuak hirurehun urtez iraun zuen, XVII. mendera arte.

1768 eta 1770. urteetan hartutako erabakien bidez, Espainiako Carlos III.a erregeak inperioko eskola guztietan, baita Amerikakoetan ere, gaztelania derrigorrezko ezarri zuen eta gainontzeko hizkuntza guztiak erabiltzea debekatu eta zigortu egin zuen. Hizkuntzakeriatik sustatutako bazterketa eta debeku hura horrela arrazoitu zuen Borboi etxeko errege glotofoboak, bere izenean argitara eman zuen aginduan:

«Para que de una vez se llegue a conseguir que se extingan los diferentes idiomas y sólo se hable el castellano».

«Behingoz beste hizkuntza guztiak desagertzea lor dadin eta gaztelania bakarrik mintzo dadin».

Hortik, euskarari bizkar eman zioten lehendabizikoak aitoren semeak eta gizarte-maila altuko herritarrak izan ziren, eskolara joateko aukera handiena zutenak. Jakina den bezala, poliki-poliki, eskolara joateko aukera gero eta zabalagoa gertatu zenean —XX. mendean orokortu zen aukera hori— euskara orduan eta larrekoago bihurtu zen. Izan ere, edozein hizkuntza galbidean jartzeko, lehen-lehenik, hizkuntza horretako hiztunak elebidundu egin behar dira, ondoren, erdalduntzeko eta etxekoa duten hizkuntzaren katea eteteko. Espainiako eskolak ezari-ezarian bikain egin zuen azpilan hori inperioaren baitako hizkuntza guztiekin, baita euskararekin ere.

Frantziako iraultzaren garaian, 1794. urtean, Frantzia osoan hizkuntza bakarra ezartzearen aldeko Barère txostena  gailendu zen (Barère, 1794):

«Vers une autre extrémité de la République est un peuple neuf, quoique antique, un peuple pasteur et navigateur, qui ne fut jamais ni esclave ni maître, que César ne put vaincre au milieu de sa course triomphante dans les Gaules, que l’Espagne ne put atteindre au milieu de ses révolutions, et que le despotisme de nos despotes ne put soumettre au joug des intendants: je veux parler du peuple basque. Il occupe l’extrémité dés Pyrénées-Occidentales qui se jette dans l’Océan. Une langue sonore et imagée est regardée comme le sceau de leur origine et l’héritage transmis par leurs ancêtres. Mais ils ont des prêtres, et les prêtres se servent de leur idiome pour les fanatiser; mais ils ignorent la langue française et la langue des lois de la République. Il faut donc qu’ils l’apprennent, car, malgré la différence du langage et malgré leurs prêtres, ils sont dévoués à la République qu’ils ont déjà défendue avec valeur le long de la Bidassoa et sur nos escadres».

«Errepublikaren beste muturrean herri berri bat dago, nahiz eta aspaldikoa izan, artzainena eta itsas gizonena, sekula morroi eta maisu izan ez dena, Zesarrek Galian barrena ibili zenean mendean hartu ezin izan zuena, Espainiak bere iraultzekin irentsi ez zuena, eta gure despoten despotismoak mendean hartzea lortu ez zuena: Euskal Herriaz hitz egin nahi dut. Itsasoraino iristen diren mendebaldeko Pirinioen bukaeran dago. Hizkuntza ozen eta berezia dute bere jatorriaren iturburu eta arbasoen arbasoengandik oinordetzan jasoa. Baina apaizak dituzte, eta apaizek hizkuntza erabiltzen dute grina pizteko; baina ez dakite frantses hizkuntza eta Errepublikako legeen hizkuntza. Ikasi egin behar dute, izan ere, hizkuntza ezberdina duten arren eta apaizak dituzten arren, Errepublikaren aldekoak dira, ausardiaz defendatu baitute Bidasoan barrena eta gure eskuadroietan». 

Jakobino iraultzaileek frantsesa  estatu-nazioaren hizkuntza bakar eta nagusi bihurtu nahi zuten garai hartan, Henri Grégoire abade iraultzaileak, 1794ko ekainaren 4an, Frantziako Lehen Errepublika sortu zuen batzar konstituziogilearen aurrean, Konbentzio Nazionalaren aurrean, «Dialektoak suntsitzeko eta Frantziako hizkuntzaren erabilera orokortzeko, behar eta baliabideei buruz» aurkeztu zuen txostenean zioenez (Grégoire, 1794), Frantziako biztanleen % 11k besterik ez zuen hitz egiten Napoleonek ere ikasi beharra izan zuen hizkuntza. 28 milioi biztanleetatik 3 baino gutxiagok egiten zuen frantsesez. Frantzia iraultzaile hartako 83 departamentuetatik 15etan bakarrik egiten zen frantsesez. Garai hartako errealismo linguistikotik oso urrun zegoen Frantziaren luze-zabalean iraultzaren agintetik ezarri zuten hizkuntza.

Frantzian ere, iraultza handiaren ondoren, XIX. mendean barrena, hainbat legeren bidez eskolako hizkuntza bakartzat ezarri zuten frantsesa (1833ko Guizot legea, 1850eko Falloux legea, 1882ko Ferry legea…).

1876an, Bigarren Karlistaldiko gerratearen ondoren, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan Foruak galdu zirenean, gaztelania ezarri zen hizkuntza bakar. Gerra galtzeak herrigintzarako ahalmena, erabakimena eta ekimena galtzea ekarri zuen eta hortik berebiziko kultura-txikizioa etorri zen. Hondamendirik handiena Nafarroan gertatu zen. Izan ere, Nafarroak zazpiehun urtez, XI. mendetik, herrigintzarako berezkoak zituen erakunde guztiak galdu zituen —bereziki, Gorteak eta Erresumako Diputazioa—, hain zuzen ere, euskararen nafar gizartea egituratzen eta saretzen zuten erakunderik funtsezkoenak. Garai hartako Madrilgo El Imparcial egunkariak hauxe argitaratu zuen bere editorialean:

«Quitarles los Fueros no es suficiente, ahora tenemos que quitarles la lengua… ».«Foruak kentzea ez da nahikoa, orain hizkuntza kendu behar diegu… ». 

1914an, Lehen Mundu Gerra piztu zenean, Ipar Euskal Herriko baserriak —Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberokoak— hustu egin ziren gazte-jendez. Lau urte iraun zuen gerra luze eta odoltsu hartara joan ziren gazte euskaldunak frantsestuta itzuli ziren lubakietatik, Frantziaren aldeko herritartasun atxikimenduz beterik. Borrokaren lehen lerroan ziren euskaldun anitz frantsesa ez jakiteagatik hil ziren, aginduak ez ulertzeagatik. Kantuak dioen bezala, «Euskara baizik ez zekiten haiek, morts pour la patrie». Armak hartzera deitutako euskaldun frankok gerra latz hartan euskara soilik jakitea trabarako eta kalterako zutela iritzi zioten eta, horregatik, frantsestu egin ziren. Frantziaren alde bokorratzeak herritartasun lokarri sendoak sortu zituen euskaldun anitzengan. Eskolak eta armadak funtsezko funtzioa izan zuten frantses nazioaren sorkuntzan, nazio kontzientzia horren errotzean. Eta Euskal Herrian ere eragina izan zuten (Bidegain, 2012).

Gerrek on guztia eraman eta txar guztia ekartzen dute. Hala, beste gerra batek ekarri zuen euskara Hego Euskal Herriko karriketatik, dendetatik, aldizkarietatik, egunkarietatik, liburuetatik, irratietatik, disketatik, antzokietatik, elizetako ponteetatik eta bizitza publikotik desagerrarazteko agindua. Baina, batez ere, hitza mintzo bihurtzeko debekua eta zigorra ekarri zuen. Falangisten fusilen aurrean zigortutako euskaldunekin herri askotako hormak tiroz zulatu eta odolez gorritu zituen erregimen frankistak ekarri zuen euskararen erabateko debeku eta jazarpena. 1938an, esate baterako, haur jaioberriei euskarazko ponte-izena jartzea debekatu zuen 40 urte iraun zuen Frankoren diktadura glotofobo hark. 1944an, berriz, idazki publiko guztietan debekatu zuen euskara, baita hildakoen hilobietan ere. Euskaraz jaio, bizi eta hiltzea debeku eta zigorra zen Generalísimoaren diktadura hartan.

Baina euskararen galera inondik etorri bazen, modernizazioak ekarritako lan egiteko moldearen aldaketatik etorri zen. Industrializazioak ordura arteko gizartearen antolaketa irauli egin baitzuen. Familia asko eta asko mendi-mendian belardiz inguratutako baserri-etxe zabaletan bizitzetik, etxe-ilarez osatutako kalezuloetara joan ziren bizitzera, izenik eta izanik gabeko etxe estuetara, ke beltza zerien lantegien altzora. Industrializazioak euskararen lurraldea kolonizatu eta urbanizatu egin zuen, bereziki Espainiatik saldoka etorritako langile erdaldunekin. Erdaraz lan egiten zuten fabrika haietan soldatapeko langile bihurtzeko ezinbestekoa zen euskara bazter uztea, baita erdaldunez jositako hiri, herri eta auzoetan bizitzeko ere. Biztanleriaren hazkunderik handiena 1950 eta 1975. urteen artean gertatu zen: % 93 hazi zen biztanleen kopurua Hego Euskal Herrian. Ia bikoiztu egin zen biztanleria: 1950. urtean  1.443.472 biztanle izatetik, 1975. urtean 2.783.352 biztanle izatera igaro zen biztanleria Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, 1.300.000 herritar gehiago hogeita bost urtean (Picavea, 1983).

Baserri-etxeetan oinarritutako familiaren egitura sozialak eta ekonomikoak bere azken arnasa eman zuen industrializazioarekin. Baserriak mendeetan hezur-mamitutako burujabetza ekonomikoa galdu egin zen, lantegi handien menpekotasun ekonomikoaren gatibu bihurtzeko.

Eta gaur egun, euskararekin ere, horretan gaude. Gizakia gizaki denetik biziraupena eta garapena lanean ardaztuta dituen gizarteak nola bihurtuko du euskara bere hizkuntza nagusi, lanerako baliorik ematen ez dion bitartean? Euskara lan egiteko hizkuntza izaten dugunean, orduan bihurtuko dugu euskaldunez osatutako gizartearen ardatz-hizkuntza. Azken batean, gizakiaren hiru oinarri funtsezkoenak euskaratik eraikitzea da gakoa: familia, lagunartea eta lana (Saez, 2018). Horiek azken mila urteotan etxetik eta euskaratik eraiki ditugu. Eta aurrerantzean ere, euskaratik eraiki beharko ditugu euskaldunon mintzoa, morrontzarik gabe, bere buruaren jabe izatea nahi badugu.

 

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

Artikulua oso-osorik irakurtzeko sakatu HEMEN.

  • Estreinakoz Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 60. zenbakian argitaratua, 84-91 orr., 2018ko abenduan.

https://drive.google.com/file/d/1Pogsf9rdW1Zq_shAZQSnV-mEBFMvniE1/view

  • Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.

)

5 pentsamendu “Euskararen misterioa (III)”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Beñat Castorene 2019-01-12 10:21

    Milesker Patxi lan serio honentzat.
    Enetako euskararentzat atera litekeen konklusio bat hau litzateke :
    Edo alde duen Estatu aske batek inposatzen dio gizarte osoari frantziarrek eta espainiolek egiten duten bezala, edo, ezinezkoa baldinbada arrazoizko epe batean, orduan, adibidez behiala juduek egiten ikasi zuten bezala, abertzaleek asmatu eta sortzen dituzte estruktura komunitario sendoak nun zer gerta ere euskaldun gisan lan eta bizi egin litekeen.
    Oneski erran beharra daukat nahita ere momentuz ez dutala beste aukerarik ikusten.
    Aukera batarentzat edo bestearentzat egin beharko liratekeen esfortzuak bateragarriak dira

  • Diozun bigarren bide hori gauzatzeko, Beñat, euskaldunen arteko endogamia sustatu eta bideratu behar litzateke. Tamalez, gero eta zailagoa da bikote euskaldunak sortzea, zeren, batetik, amodioaren nahikerien mende bizi baikara (eta euskaldunak ere itsaso globalean arrantzatzen du gaur egun), eta bestetik, eta batez ere gizonek, gutxitan baitugu lortzen ahal guk zinez nahi dugun bikotekidea. Pentsa nolako erreakzioak gertatuko liratekeen baldin abiatuko bagenu kanpaina bat dioela “Euskaldun, aukeratu bikotekide euskalduna!”.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-12 12:26

    Garrett, ipatzen duzuna egiazko hausnargaia da. Arrazoi duzu problema hasieratik pausatzea.
    Momentuz, ez dut soluziorik ez eta ideia argirik.
    Beharbada ez da dramatisatu behar eta begiratu eskuin eta esker garen egoeran ziren populuak nola portatu ziren.
    Erabateko endogamia ez da sekulan desiragarria arrazoi askorentzat eta gainera ez da sekulan existitu.
    Begira, sendo, bizkor eta trinko zen denboran gure populuak auzotik jindako arrotzak beti asimilatu izan ditu bearnes, gallego eta abar. Gure abizen asko ditugu lekuko.
    Gureganatu eta euskara ikasten zuten nahitaez.
    Gure gana etorri nahiko duten bakarrek euskara ikasi beharko dute lehenik eta gero pratikatzera derrigortuak izanen dira.
    Kontua da komunitate euskaldunak osatzea ez eta baitezpada abertzale guziak horietan sartzea.
    Ahal eta nahi dutenen ekarpena eta abentura izanen litzateke eta hauiek kausitzeko kanpotik abertzale guzien laguntza eta sustengua beharko dute. Eginen luketena gu guzion onurako litzateke eta

  • Pare bat ohar.

    Dirudienez, Gaztelaren eta Frantziaren lehen debeku ezagunen aurretik, beste norbait nabarmendu zen euskaldunak diskriminatzen: nor eta Nafarroa bera.

    Izan ere, Nafarroan gertatu zen, XI. mendean, euskal hiztunek komunitate gisa inoiz pairatu duten lehen restrikzio dokumentatua. Jimeno Juriok dioenez, 1090ean Estella fundatu zen Lizarrako lurraldean, zeina hizkuntzaz “nafarra” baitzen, baina hiri berria atzerritar frankoez soil-soilik jendeztatu zuten; nafarrak, aldiz, ezin ziren bertako bizilagun izan. Testuetan agertzen den “navarro” terminoak konotazio linguistikoa omen du, eta, hortaz, hura euskal hiztunen kontrako debekua izan zen.

    XII. mendean, berriz, Garesko foruan (1122) eta Iruñeko San Zerningo Burgukoan (1129) ere aurkitzen dira nafarrei burguotan sartzea debekatzen zieteneko aipuak.

  • “Hondamendirik handiena Nafarroan gertatu zen. Izan ere, Nafarroak zazpiehun urtez, XI. mendetik, herrigintzarako berezkoak zituen erakunde guztiak galdu zituen”
    Mesedez, ahal izanez gero, jakin nahi nuke zer oinarri dagoen esaldi honetarako. Ez da argudiorik ematen eta nahiko arbitrarioa ematen du. Eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude