Euskararen misterioa (I)

Euskararen misterioa (I) –

Koldo Mitxelena hizkuntzalari eta euskaltzainak zioenez euskararen historiak ezkutatzen duen benetako misterioa ez da bere jatorria, iraupena baizik (Mitxelena, 1978). Eta iraupenaz ari garenean, ezinbestean, erabileraz ari gara, izan ere, erabilerarik gabe ez baitago iraupenik.

Eta iraupen horretan erabakigarriak ditugu euskararen hiztunek historiaren sokan izan dituzten antolaketa sozialak, antolaketa ekonomikoak eta baita geografikoak ere. Eta, antolaketa horietan guztietan, euskararen hiztun horien bizitokiak, etxeak, bete-beteko eragina izan du euskararen gaur arteko iraupen bidean.

Euskararen misterioa (I)

Etxea eta etxekoak

Azken mila urteotan, XX. mendera arte, etxea izan da Euskal Herriko gizarte antolaketaren oinarrizko erakundea, gizakiek elkarren babesean bizitzeko duten premiaren funtsezko egitura sozial eta ekonomikoa. Etxea familian ardaztutako oinarrizko giza erakundea dugu, etxekoen sorleku eta hilerri, poz eta negar iturri. Etxea dugu lantegi eta aisialdi, nekaldi eta atsedenaldi. Etxea dugu bizitzaren eskola eta unibertsitate, otoizleku eta pentsaleku. Etxea dugu bakerako eta gerrarako, aserako eta goserako. Azken batean, mila urteko aldian, etxea izan dugu gizarte eredu baten bizimolde eta bizimodu. Eta, batez ere, gure euskararen babesleku eta gordeleku.

Euskal Herrian jendea etxearena da, «etxekoa», eta ez etxea jendearena (Etxegoien, 2016). Etxean erdi ziren etxekoak, jaiotetxe eta sortetxe zutelako. Etxeak sustraiak ematen zizkien eta dizkie etxekoei, etxekoak izan ziren eta direnei, lehengo eta oraingo belaunaldien kateari. Hortik, etxeko jendea eta etxeko jendearen jatorria etxearenak dira.

Izena ere etxearena da eta etxeak ematen die daukan izena etxekoei: Murgiondo, Etxaluze, Etxezarreta, Etxeberria… Modu berean, etxerako hartutakoak edo etxera ezkondutakoak, etxekotutakoak alegia, etxeak emandako izena hartzen zuen, baita etxez aldatu eta etxe batetik bestera bizitzera joandako familiek ere. Etxeak bere baitan bizi zituen guztiei ematen zien bere izena eta babesa.

Etxea eta lana

1000. urte inguruan hasi zen Euskal Herrian gaur egunera arte iritsi zaigun etxeen antolaketa geografikoa zirriborratzen. Tenore hartan etxeak elkarrengandik aldentzen hasi ziren, mendi eta haranetan sakabanatzen. Familian ardaztutako lurraren ustiaketa zen etxe haien antolaketa sozial eta ekonomikoaren oinarria; eta euskara zen etxe guztietako mintzo bakarra.

Gaur egunera arte iritsi zaizkigun baserriak XV-XVI. mendekoak dira, etxeak lastoz, lurrez nahiz egur hutsez egiteari utzi eta harria erabiltzen hasi ziren garaikoak. Baserriak, familiaren bizitoki izateaz gain, etxeko aziendarena ere baziren, txuriarena eta gorriarena, xehearena eta larriarena. Baita kopetako izerdiarekin eta nekearen ordainarekin baratze-soroetatik etxeratutako uztaren biltegi, aletegi, hazitegi, belartegi eta lastategi ere. Izan ere, etxeak bizitoki ez ezik, bizibidea ateratzeko lantoki ere baziren; gizakia, izaki den aldetik, bizirik irauteko, elikatzearen oinarrizko premiari lotuta bizi baita, eta lotura horretan jarraituko du izaki den arteraino. Eta funtsezko premia horren asegarri izan dugu etxea historiaren sokan.

Lana zen baserri-etxe haien arteko lokarria. Lanean, oro har, eta, auzolanean, bereziki, ardaztutako giza hartu-emanak ziren garai urruti haietako jendearen arteko harreman bide nagusia.

Auzolan horren adibide bikaina dugu XVII. mendetik aurrerako artazuriketarena. Etxeko ganbaran artoa zuritzen zuten bitartean, lanaren lagungarri eta aringarri izan ohi ziren elkarri eta elkarrekin esandako kontu, kantu, ipuin, bertso eta istorioak. Artazuriketa, batez ere, neska-mutil gazteen arteko harreman bidea izan ohi zen, orduko elizkeriaren infernu-mehatxu eta bekatu-bideetatik ihesi.

Batzuetan auzolana norgehiagoka bihurtzen zen, bizitza arriskuan jartzerainokoa, eta horrek oso kidetasun estua sortzen zuen elkarlanean ibiltzen ziren auzokoen artean. Balearen arrantza dugu horren adibide. Jarduera horren lehenengo idatzizko agiria 670. urtekoa da, Lapurdin harrapatutako balea bati buruzkoa. Baleak udazkena igarotzera Bizkaiko golkora etortzen zirenean izaten zen baleen arrantza garaia, hau da, urri eta maiatz artean. Baleen arrantzan ibili ohi zirenetatik asko ez ziren itsasotik bizi, ez ziren marinelak. Itsasertzeko muinoetan talaiak jartzen zituzten itsasaldea zaintzeko. Talaiariak balea ikusitakoan, abisua eman eta baserriko lanak utzita inguruko auzokideekin osatutako txalupak balearen bila itsasoratzen ziren. Orduan hasten zen balea arpoiaz jotzeko estropada eta norlehenka: baleari arpoia sartzen zion lehendabizikoak eskubideak zituen animaliaren salmentan. Horrek berebiziko lehiak eta liskarrak sortzen zituen baleazaleen artean. Horren adibide dugu 1878an zarauztarren eta getariarren artean gertatutako xextra (ZAVALA, 1978). Lege zaharrean harrapatutako azken balea izan omen zen Zarauzko hura. Euskal baleazaleen balentria haiek euskararen ahozko literaturan herriaren ahotik kantatutako bertso gogoangarri asko utzi dituzte.

Garai urruti haietako aisialdiko jarduerek ere lanean oinarritutako norgehiagokan zuten sorburua: lokotx biltzeak, laia-lasterketak, lasto altxatzeak, sega-apustuak, aizkora-jokoak, harri-jasotzeak, arraunketak… Lana zegoen gizartearen erdigunean, gaur egun dagoen bezalaxe eta gizakiaren historiaren sokan beti izan den legetxe.

Familia, lana eta lagunartea dira gizakiaren oinarri funtsezkoenak. Azken mila urteotan etxeari lotuta ibili dira. Ez, ordea, gaur egun. Eta, lotura hori eten denean, etorri da gure hizkuntzaren gainbehera.

 

(PATXI SAEZ BELOKI soziolinguista eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea).

Artikulua oso-osorik irakurtzeko sakatu HEMEN.

  • Estreinakoz Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren 60. zenbakian argitaratua, 84-91 orr., 2018ko abenduan.

https://drive.google.com/file/d/1Pogsf9rdW1Zq_shAZQSnV-mEBFMvniE1/view

  • Artikulu honen PDF fitxategia eskuratu nahi baduzu, sakatu HEMEN.
Euskararen misterioa (I)
Euskararen misterioa (I)
Euskararen misterioa (I)
Euskararen misterioa (I)
baserra, etxea, euskararen misterioa, Euskararen misterioa (I), historia, idiosinkrasia, iraupena, kosmobisioa

10 pentsamendu “Euskararen misterioa (I)”-ri buruz

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Oso erromantikoa baina guztiz okerra nire uste apalean. Hasteko, euskara historian zehar galdu eta aihenatu egin delako, iraun adina. Euskararen iraupenaren kontua aipatzea ongi dago, baina engainagarria gertatzen da, askoz handiagoa den galeraren aurrean ez ikusiarena egiteko erabiltzen bada. Euskara etengabe galtzen aritu da: galdu zen.Gaskuñan, galdu zen Bearnen,.galdu zen Sobrarben, galdu zen Oskan, galdu zen Errioxan ( guztietan auzolanak indarrean zirauen bitartean), galdu zen Erronkarin. Euskal Herriko zuztar-zuztarrean iraun du kotoi artean, apurka erdalduntzen zen periferiak eta itsasoak emandako babesari esker. Baina ez dago misteriorik ez eta lotura kultural mitikorik. Euskarak irauten du elebakartasuna nagusi den artean eta elebitasun diglosikoa gailentzen denean galdu egiten da. Horrela gertatu da etengabe eta horrela gertatuko da zuztar zilborzale honetan zerbait berri asmatzen ez badugu.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-10 22:13

    Ni ados naiz Patxirekin baserrietako bizitza eta auzoko etxeen arteko harremanak azpimarratzen dituenean euskal ondare etno-kulturalaren biziraupena konprenitzeko.
    Baserria zen lantoki, bizitoki, eskola, aisialditoki eta biltoki,
    Hauien desagertze prozezu berriak eta gure Estatu propio baten falta zaharrak, biek batera, aisa esplikatzen dute euskaltasunaren beherekada akzeleratua.
    Beraz, Juan Inazio ez dut ulertzen zergatik diozun “Oso erromantikoa baina guztiz okerra” dela.
    Aldiz erabat ados zurekin pentsatzeko “zerbait berri” asmatu behar dugula

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-10 22:20

    Juan Inazio, mesedez, “zuztar zilborzale” zer den ulertu nahi nuke

  • Baina enteratzen ari gara euskaldunok jasaten dugun hizkuntz egoeraz? Hain gara bihozbera, bihotz oneko, demokratiko eta eskuzabal! Geure buruari galdetzekoa da ez ote garen itsu eta gor egongo, edo ez ote gabiltzan geure ahuleziak berak zorabiaturik.
    Amatxi? Etxea? Auzolana?
    Hain berdinak iruditzen ote zaizkigu XX. mendearen aurreko mundua eta egungoa? Egun ere kandelak aldarrikatu beharko ditugu etxea argitzeko eta laiak eta aitzurrak gure soro berriak lantzeko?
    Begira dezagun, arren, begiratu behar den tokira eta has gaitezen behingoz errealitateaz jabetzen!
    Euskararen normalizazioa eta iraupena ez dira hiztunon ardurapekoak bakarrik. Hizkuntzen dinamikaren ibaian guk egin dezakeguna hutsaren hurrengoa baino ez da: okindegian ogia euskaraz eskatu, lagunen batekin euskaraz poteatu, euskararen aurkako ostiak salatzeko manifa batera joan… Klima-aldaketa berbideratzeko inurriek egin dezaketenaren parekoa, azken finean.
    Instituzioek eta gobernariek dute horretan ardura nagusia. Haiek bideratu behar dute normalizazio-prozesua, haiei dagokie euskara sustatzea, indartzea eta hedatzea.
    Euskara prestigiatu, euskara politikoki, sozialki eta ekonomikoki baloratu, hartarako legeak xedatu, legeek diotena betetzeko eta betearazteko neurri zorrotzak hartu eta bitartekoak jarri, euskara ikasarazteko baliabideak eskaini, erdaldun huts edota etorkin direnentzat euskara xinple, ikasterraz eta erabilgarri bat moldatzeko ekimena bultzatu, euskarazko kultur adierazpen oro hedatzeko diru-laguntzak aurreikusi, euskara hutsez diharduen telebista indartsu bat sustatu, euskal esparruan emititzera iristen diren irrati-telebistetan euskarazko programazioak exijitu…
    Zerrenda horretako eginkizunak dira euskararen normalizaziorako benetan funtsezkoak direnak, eta ez guk gabonetan Guadalajarako koinatuarekin euskaraz mintzatzen saiatzean egiten duguna.
    Ezin gara engainu baboen tunelean sartu.
    Azken muntaiak, adibidez, hizkuntz errealitateren ispilu tristea eta latza izan da: instituzio guztien bedeinkapen mediatikoarekin izan bada ere, hiru miloi eta piku biztanle dituen herrian %7k baino ez du parte hartu gauzarik xinpleena izan beharko lukeena egiteko orduan.
    Baina jendeak jarritako ilusioak ilusio, susmoa da beste bat izan dela muntaia horren ezkutuko xedea: euskararen normalizazioaren ardura guztia euskal hiztunon bizkarraren gainean uztea, berrogei urtetako normalizazio-plan instituzionalen porrota hiztunon erruagatik izan balitz bezala.
    Esanguratsua agintariek bitartean egin dutena: txapatxo bat paparrean jarri eta zezenak barreratik ikusi, besterik ez.
    Epe laburreko suntsipen linguistikoaren errua geureganaraztea, errua geure egitera eraman nahi izan gaituztela ematen du eta, nola ez, gu inozo gizagaixoak erraz erori gara amarruan: belarriprestak eta ahobiziak, ahobiziak eta belarriprestak, eta, anekdota anker bezala, euskararen normalizazioaren erantzukizuna, benetako erantzukizun politikoa zutenak eta era eredugarrian jokatu behar zutenak, horiek, euskaldun petoak izanik ere, “belarriprest” ausart agertu zaizkigu.
    Ez dira gutxi gutaz deskojonatzen direnak, noski, baina aldi berean argi asko erakusten ari dira estrategia berria finkatzea bilatzen duen jokaldian sartu nahi gaituztela, hau da, haien erruagatik gertatzen ari den hizkuntz porrotaren erruen eta erantzukizunen sozializazioa bilatzen duen horretan.
    Eta horrek, bistan da, euskararen etorkizunean itxaropenik ez duen eta inolako ahalegin erabakigarririk egin nahi ez duen politika-era baten zuritzea ere izango luke xede.
    Xinplea baino xinpleagoa jolasa. Eta lelo argikoa: denona da hizkuntza iraunarazteko erantzukizuna eta denok dugu horretan erantzukizun berdina, berdin agintariek eta instituzioek zein Aralarko azken artzainak.
    Euskaldunon ilusioaz baliatzen ari direnen partida ederra, zinez, instituzioenak eta alderdi politikoenak diren erantzukizunak eta erruak geure burura transferituta ikusi baititugu bat-batean.

  • Juan Inazio Hartsuaga
    Juan Inazio Hartsuaga 2019-01-10 23:50

    “Zuztar zilborzale” diodanean adierazi nahi dut bere zilborrari baino begiratzen ez dion erdigunea. Horrela bakarrik esan baitaiteke euskarak iraun duela, alde batera utziz azken bi mila urteotan galdu duen lurralde izugarria. Euskara zenbat lekuetan galdu den eta noiz galdu den erreparatuta garbi ikusten da galera horrek zer ikusirik ez duela baserri munduaren gainbeherarekin. Aipatu ditudan lurralde horietan guzietan nekazari kultura besterik ez zegoen garaian galdu zen euskara.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2019-01-11 06:38

    Milesker Juan Inazio, hobeki ulertzen dut.
    Bainan, iduritzen zait Biarnoan, euskara eta euskararen galera baserri-auzo zibilizazioa baino askoz aintzinagokoa izan zela. Aldiz bai Patxik dioen bezala, zibilizazio hura babeslekua izan zen gaskoierarentzat euskararentzat bezala, gu bien Estatu propioen faltan, eta, Estatu frantziarraren hizkuntza aldaketa politikaren kontra.
    Euskarak eta Gaskoierak berdin berdina berrikitan gainbehera egin zuten biek galdu zutelarik beren azken babeslekua zen baserri-auzo zibilizazioa.
    Meredith erabat arrazoi duzu, horrengatik gehitu nuen gurea izango estatuaren falta. Bainan ez du ezer kentzen Patxiren analisiari.
    Beharbada Juan inaziok iradokitzen duen bezala, gure buruari galdegitekoa da egiazko estaturik ez duguno ( batez ere eukitzeko esperantza galdu dugun lurraldeetan) zer egin dezakegu babesleku berritzat erreskate moduan baserri auzo estruktura soziala ordezteko betiko galdua denean.
    Ez bakarrik hizkuntza kontua baizik eta harekin batera doan ondare kontua ere.

  • Ganbaratxotik 2019-01-11 10:22

    Erabat ados zurekin Meredith: ardura partekatua da, jakina, baina ez da inola ere aktore guztiena BERDINA. Ea behingoz oinarrizko printzpio horri heltzen diogun, alegia, GEHIAGO ESKATU GEHIAGO AHAL DUENARI, GERO ETA BOTEREA HANDIAGOA ARDURA.ERE HORRENBESTEKOA.

    Edozelan ere, aipatzen dituzun hizkuntza-politikako neurrien artean euskeraren arnasguneak babestea begobistakoa dela dirudi. Hau da, euskera nagusi den eremu apurrei eustea, hizkuntzaren beharrezkotasun zonaldeak indartzea. Eta horretan euskeraz bizi den iharduera ekonomiko bakarrenetakoa kantauri aldeko nekazaritza da. Zoritxarrez gure administrazioek.ez dute inolako erreparorik izan sektorea birmoldatzeko. Europak eta Epainiak markatutako politikak aplikatu dituzte Patxik aipatzen dituen milaka
    EUSKERAREN ETXE desagertarazi arte.

    Egoera ez da aldatuko ez baserrian ez eta kalean bakoitzari dagokion erantzunkizuna eeskatu arte. Herritar soilona txapa jartzeaz gain aldarrikatzea eta adminiistrazioetako arduradun politikoak txandatzea sarri; hots, bozka aldatzea noizean behin.

  • Tontokeri gutxiago, faborez. Patxi Saezek ez du esan iraganeko bizimodua kopiatu behar dugunik.

    Zer behar duzue bada akusazioak asmatzen aritzeko?

  • Ados lan honekin, etxea izan dela uste det euskal herriaren azken gotorleku ,administrazioak birrindu nahi zuen azken harresia. Batzuek hemen eudkara baserri eremuak ziren herri edo eremuetan ere galdu zela diozue,noski azken gotorleku izateak ez du esan nahi garatua ez izatea,baina eudkara galdutako eremu hoietan eudkararen (edo eudkal kulturaren) arrastoak topatzeko nora joko zenueke? Hain zuzen, baserri mundura, ez kalera.

  • Barkau,autobusean zutik idazti dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude