Euskararen lekua

Euskararen lekua –

Nerea Ibarzabal Salegik Argia aldizkarian.

Euskararen lekuaFrantziako Hezkuntza ministerioak zehaztu zuen “baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatu ahal izango direla”, eta Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoak hori gauzatzearen alde mobilizatu ziren joan den astean. Pauso bat litzateke, nahi bezain handia izan ez arren, eskubide hori lortzea.

Ezin izan dut saihestu neure burua euskarazko lehenengo proba horren aurrean irudikatzea. Trauma zahar bat piztu zait, mesfidantza moduko bat, honezkero badakienarena euskara hautatzeak hainbat arrisku dakartzala berarekin; euskarari zenbait eremutan lekua egiteak ez duela esan nahi euskara eta euskaldunak errespetatuko dituztenik.

“Geuk zuzentzen ditugu barrutik akatsak, baina akatsa bera ere ez da arazo nagusia ia, errespetu falta baizik”

Oroitu dut gidabaimena ateratzeko azterketa euskaraz egitea erabaki nuenekoa. Azterketa irakurri eta, aitortzen dut, une batez damutu egin nintzela nire militantziaz. Nor-nork eta nor-nori-nork formak inoiz baino garrantzitsuagoak zirenean (nork utziko dio pasatzen nori, nor geratuko da geldirik, nork ezin du nor aurreratu), galderak akats gramatikalez josita zeuden. A, B edo C aukeratu bitartean, pentsatzen nuen: “Mesedez, zuzentzailea behintzat izan dadila euskalduna, jabetu dadila galderaren baitako nahasmenduaz, barka nazala eta asalda dadila azterketa honen egilearen aurrean”.

Antzekoak gertatzen dira unibertsitateko edo lanbide heziketako apunteekin. Gai espezializatu mordo bat erdaraz ematen dira euskarazko graduetan ere, edo, bestela, begiak erre eta bihotza belzten duten itzulpen negargarriak jasan behar izaten ditu ikasleriak: esaldi erdaldunen kalko ortopediko googledarrak, testu kamutsak, euskararen formetatik eta logikatik urrun dauden letra pilo ulertezinak. Zer gertatzen da halakoetan? Erdarazkoa aukeratzen dela, euskarazko testuaren berrinterpretazio lanak aurrezteko (zenbait tabernatako menuak irakurtzean bezala). Eta zeresanik ez sare-sozialetan edo aparailu elektronikoetan euskara aukeratzeak zer dakarren. It’s your lagunaren urtebetetzea! Wish berari zorionak! You have one jakinarazpen berri. Bai ederra, elebitasuna.

Ohitu egin gara arriskura eta gutxiespenera, beldurrez irakurtzera kartelak, seinaleak, paragrafoak; geuk zuzentzen ditugu barrutik akatsak, baina akatsa bera ere ez da arazo nagusia ia, errespetu falta baizik, ezerk ez asaldatzea eta ezer espero ez izatea. Hegoaldeko unibertsitaterako sarbide frogan gazteleraz eskatzen den hizkuntza maila eta euskarazkoa alderatzea nahikoa da horretaz jabetzeko. Lekua egiteak ez du balioan jartzea bermatzen.

Euskararen lekua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.