Euskararen lau aurpegi

Euskararen lau aurpegi >

“1980an Euskal Herria Oñatitik Bilbora zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Ordudanik, 19 Korrika eta 37 urte igaro dira. 2017ko martxoaren 30ean hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatuko du hogeigarren aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka partaiderekin, gau eta egun gelditu gabe. Korrika hasi eta amaitu arte, lekukoa pasatzen da eskuz esku eta kilometroz kilometro korrikalarien artean; lekuko horren barruan, euskaldun ezagun batek Korrika helmugara iristean idatzi eta irakurriko duen mezua gordetzen da, ordura arte sekretupean gordetzen dena“.

Lekukoaren barruan joaten den mezuak beti gordetzen du misterio hori, ea nork idatzi duen zer esateko. Baina gaurkoan lekukoaren inguruan mintzatu baino nahiago lekukotzak aipatu, lekuko hori ematen duten aurpegi ezberdinen lekukotzak. Dokumental ederra egin dute AEK-ko eta Hiru Damatxo ideia faktoriako kideek, eta honakoa sinopsia:

Euskararen lau aurpegi

“Euskal Herrian, hainbat modu daude euskara eta hizkuntzak bizitzeko, pertsona bakoitzeko bat, BatZUK: zenbait elkarren oso antzekoak, beste zenbait ia antagonikoak. Lan honetan, horietako lau ezagutuko ditugu; lau herritarren bizitzetan sartuko gara, nor bere testuinguruan dagoela. Euskaraz bizi den jendea, edo euskarara hurbildu dena, masa homogeneoa izatetik urrun, kolore eta ñabardura ugariko multzoa da, eta aniztasun horren argazkia duzue dokumental hau. Hauek dira euskaldun BatZuk. Hemen dituzue euskararen lau aurpegi, beste askoren artean.
Euskalduna izateko milaka modu daude, eta Maikak, Danik, Anderrek eta Elenak, zein bere hizkuntza-aberastasun eta kultura-aniztasunetik, euskararekin bat egiten dute”.

  • Maika Etxekopar (Gotaine-Irabarne, Xiberoa) antzerkilaria, kantaria eta musikaria da, baita dantzaria ere. Amaren Alabak kantari taldean egin zen ezagun, eta Le Petit Théâtre de Pain tropan ibili da antzezle profesional bilakatzen.
  • Daniel Alvarez galiziarra da, eta kazetari lanetan aritzen da Radio Euskadiko Boulevard saioan eta ETB2-n, “Lector de Huesos”-en. Duela 20 urte etorri zen Euskal Herrira kazetaritza ikastera.
  • Elena Caballero, La Basu, Etxebarriakoa da. Rapera.
  • Ander Larunberena iruindarra da, baita erdi eskoziarra ere; eta elebiduna izanda, ez zekizkien jatorriko bi hizkuntzak, ez euskara, ez gaelikoa.

Zorionak dokumentalarengatik, zukua aterako diogu luzaz. 

Euskararen lau aurpegi