Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia

Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia –

Amatiñok bere blogean.

Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia
Suzuku Tamura 1984an.

Nazioarteko Euskaralarien Topaketak eratu ziren, Gernikan, 1980ko abuztuan. Haien aztarrenez ezer gutxi aurki daitekeen arren egungo gizarte-sareetan, horra non, ustekabean, orduko argazki anonimoak dirauen erdi ezkutuan, nahiz, berrogei urte geroago, oraingo belaunaldiarentzat harako aurpegiak arrunt ezezagunak gertatu.

Euskaltzaindiak eratu topaketa haiek “Bai Euskarari” kanpainiaren baitan burutu ziren eta Austria, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Japonia, Polonia, Sobietar Batasuna, Suedia eta U.S.A.ko adituak bildu zituen, euskararekiko ikerketak zertan ziren elkarrekin aztertu ahal izateko.

Koldo Mitxelenak une hartan aditzera eman zuenez, “agian zenbaitek galde dezake zer dela-eta orain ikerketa teorikoei ekin, oinarrizko hainbat gai praktiko zehazteke dugun honetan, baina teoriak praktikan duen eraginaz jabetzeaz gainera, beti ere garrantzitsua da nazioarteko euskaralariak gurean biltzea, elkar ezagutzeko, elkarren arteko harremanak finkatzeko eta, aldi berean, euskara zertan den bertatik bertara jakin ere jakin dezaten”.

Koldo Mitxelenaren ustez, aspaldidanik zor zitzaien nolabaiteko aitortza eta esker ona Wilhelm von Humboldt jakitun prusiarraren hildotik euskararen nondik norakoaz arduratu izan diren hizkuntzalari europar guztiei, beraien ekarriak nekez erakar ziezaiolakoan euskarari mesede besterik.

Hala ere, Suzuko  Ainhoa* Tamura japoniarrak topaketa haietan esan zuenez, “ikerketak beharrezko dira, baita erabaki politikoak ere, baina, baldintza guztien gainetik, euskarak aurrera egingo badu, ahaleginik egiazkoena eta zintzoena zera da: NAHIA”.

Nahia… bai duela 40 urte eta, zalantzarik ez gero, baita 40 urte barru ere.

Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia
GERNIKA, 1980: Ezkerretik eskuinera, zutik, bistan belarria besterik ez duela, Jose Maria Satrustegi.Atzekaldean, Koldo Mitxelena. Aldamenekoa, Julita Berrojalbiz. Ondoren, errenkadan, Odon Apraiz, Jon Bilbao, Mikel Atxaga, andere nahiz neska ezezagunak eta, barrenean, Joxemari Aranalde. Belauniko, ezkerreko bizarduna, Juanjo Zearreta. Ondorengo laukotea: Pedro Sancristoval, Henrike Knörr,Karmele Rotaetxe eta Jose Antonio Mujika (bizi den bakarra).

—oo0oo—

* Euskaltzaleen artean aski ezaguna denez, Tamura hizkuntzalari japoniarrak  Ainhoa izena erantsi nahi izan zion jaiotzetikako Suzuku deiturari, euskal atxikimenduaren adierazgarri. Ez da horren ezaguna, ordea, Suzuku Tamura, jatorriz, ainua  zela, “ainu” askazikoa. Ainua, Ainhoa… Segurutik, aukeran, kausalitate gehiago, kasualitate baino.

Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Euskararen errezeta nagusia, lehen, orain eta gero: nahia”-ri buruz

  • “Nahiak” desberdinak dira pisuz eta kalitatez. Eta balio desberdinekoak.
    Norberaren nahia, familiaren nahia, talde txikiaren nahia, gizatalde handiaren nahia, agintari lokalen nahia, estatuko agintarien nahia.
    Guztiak beharrezkoak diren arren, batzuk ezer gutxi balio dute euskarak aurrera egin dezan. Beste batzuk, aldiz, erabakiorrak dira euskararen iraupena eta bizigarritasuna lortzeko.
    Ez badugu hori bereizten ikasten eta bakoitzari eman dezakeena eskatzen, hobe lirika lantzeari ekitea. Eta aukeran hobe beste hizkuntza batean, badaezpada ere.

  • Nahia bai, eta hizkuntza politika duin bat ere bai, eta ez Amatiiñoren alderdiak ezarri duena. EiTB zertan den ikusi besterik ez dauka. Baina IKUSTEKO ere, NAHIA ezinbestekoa da. baBALOREA behar da!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude