Euskararen erabilera urriaren misterioa argituta!

Inkesteam-T taldearen ikerketaburua ekinean

Euskararen erabilera urriaren misterioa argituta!Euskararen erabilera ez atzera ez aurrera, minimoetan dagoelarik, kezka zabaltzen hasi omen da (bazen garaia) euskal ikastetxeetan hasi eta “euskal” Administrazioan bukatu.

Lankide eta lagun batzuon artean (Inkesteam Team), euskararen erabilera mixerablea… (barkatu!, “ez guk nahi bezain ona” esan nahi genuen) azaldu dezaketen zenbait eragile zerrendatzen ahalegindu gara, ikastetxeetan, euskaltzaleon etxeetan, udaletan, aldundietan eta baita Eusko Jaurlaritzan ere, erabakiak hartzeko ahalmena dutenei lorratz batzuk ematearren. Gure uste apalean:

1. “Pues como te iba diciendo, … Izugarrikaitz!!! Ez jo Mirarigorriri, edo nik emango dizut zuri!!!… es que me pone de los nervios este crio…” Adibidekoa eta gisa horretako hizkuntza jokabideak, gurasoon artean oso ohikoak direnak, ez bide lirateke txit egokienak Izugarrikaitzek, Mirarigorrik eta haur elebidunek oro har, euskaraz egin dezaten. Bestela esanda, txikitero porrokatua izanik seme-alabei alkoholik edan ez dezaten esateak, ez omen ditu emaitzarik onenak ematen (Waxinton ost aldizkari zientifiko ospetsuak esana).

2. Telebistaren aurrean bataz beste hiru ordu inguru ematen badituzte gure haur eta gazteek, eta euskal EITBn apenas ezer interesgarririk aurkitzen ez badute, eta erdarazko 40 kate inguru eskura badauzkate… arazo potolo samar baten aurrean egon gintezkeelako susmoa zabaltzen has lyteke gure arduradun politikoen artean , atrebentzia ez bada.

3. Internet-en ere beste hainbeste ordu ematen badituzte, eta euskarazko edukiak erdarazkoen aldean urriak, mugatuak eta sakabanatuak badira, gure sen zientifikoak aditzera eman diezaguke (edo ez), beste arazo(tzar) baten aurrean egon edo izan gintezkeela, agian.

4. Haur, gazte nahiz helduok, aisia- eta kirol-jardueretara, kioskora, liburu eta diska dendetara, edo udal-liburutegietara joatean, erdarazko eskaintza amaigabearekin egiten badugu topo, eta euskarazkoa ia ikusiezina edo hutsaren hurrengoa bada haren aldean, hor ere, datozen 30 urteetan azterketa kualitatiboak, kuantitatiboak eta mintegi ponpoxoak antolatzeko nahikoa lehengai badugulakoan gaude(ke).

5. Gizartean eredu diren enpresari, politikari, artista, kirolari, sukaldari eta bestelari elebidun gehien-gehien-gehienek erdara lehenesten badute euren jardunean, haurrei eta gazteei euskaraz egin dezaten eskatzea ariketa antzu samarra izan lyteke. Bestela esanda, etxeko zakurrari “txuri” baina goi mailako ikerketa guneari “Basque Culinary Center”  deitzen badiegu, euskarari ez diogu halako mesede handi-handirik egiten (hipotesia litzateke betty ere).

6. Euskal Herrian dauden polizietako edozeinekin euskaraz jarduten ahalegintzea arazo bilaka badaiteke hamarretik bederatzitan herritarrarentzat, ez (omen) gindoazke (erabat) ongi.

7. Euskal (ohi) Herriko epaitegietan euskaraz jardutea, txineraz, inglesez edo urdueraz aritzea bezain ariketa naturala bada, baliteke hor ere zer hobetu egotea (beharbada). Izan ere, adituek diotenez, (ustezko) errealitate horrek ez bide dio euskararen prestigioari onik egiten. Ez eta epaipeko euskaldunari ere, antza.

8. Erakunde politiko “kosmopolitek” (PP, PSOE, UPyD…) euskara arriskutzat jotzen badute, eragozpenak pilatzen ari zaizkigula pentsatzea ez litzateke hipotesirik zoroena. Hausnartzeke.

9. Erakunde politiko “nazionalistek” (EAJ, Sortu, EA, Aralar, GB…) batek euskara bigarren mailan, beste batzuek hirugarrenean eta besteren batek ekimen sinboliko jakinetarako baino ez badaukate, eragozpenak pilatu baino, gaindiezin bilakatu zaizkigulako hipotesiari arreta jartzen hasi beharko ginateke, beste batzuk baztertu ez arren.

10. Estatu espainiarrak espainiera derrigorrezko eta euskara borondatezko
egiten dituelarik…
Euskal erakunde publikoetan agintean dauden politikari “euskaltzale” gehienek erabat langileen esku uzten badute euskararen erabilera, eta agintean dauden politikari “kosmopolitek” euskara zuzenean bazterrera uzten badute…
Guraso gehienek seme-alabei egozten badiete euskara erabiltzeko ardura osoa…

Euskaraz lan egiten duen irakasle eta ez irakasle askok, lana amaitu bezain laster erdarari lotzen bazaio…
Azken batean, egoera hau iraularazteari ekiten ez badiogu, Inkesteam taldeko batzorde zientifikoaren hipotesia honakoa da: hobe dugu azterketak, ikerketak, behaketak eta inkestak egiteari utzi, eta jai hartu. Atseden hartzeko balioko digu behintzat.

Euskararen erabilera urriaren misterioa argituta!

4 pentsamendu “Euskararen erabilera urriaren misterioa argituta!”-ri buruz