Euskararen egoerari buruzko ipuin gehiagorik ez, mesedez

Euskararen egoerari buruzko ipuin gehiagorik ez – 

Blancanieves y los siete enanitos - Fotogramas

Boterean dauden talde politiko guztien gaitza da, egoeraren alde onak azpimarratzea edota asmatzea. Aldeko hedabideen laguntzaz, diskurtso gozo-baikorrak hedatzen dituzte etengabe, herritarrok kontakizun hori “geure” egiten dugun arte. Eremu guztietan gertatzen da hori, ekonomian, ingurumenean… denetan, baina bereziki euskarari dagokionean. Hala, euskararen egoerari buruzko ipuin harrigarriak entzun-irakurri ditugu egunotan ere.

EAJ-ko Lexuri Arrizabalagari, Hezkuntza lege berriaz entzun diogu esaten: “gure helburuak dira bikaintasuna, integrazioa, inklusioa, hezkidetza, aniztasuna (euskararen arrastorik ez) … baina talde batzuek eztabaida zahar batzuk atera dituzte, eta guk hori alde batera utzi nahi dugu. Euskadin, ez daukagu arazorik euskararekin, duela 40 urte konpondutako zerbait da, adostasun maila handia dago.”

EAEn euskarak arazorik ez? Ez gutxi!
Eusko Jaurlaritzaren ISEI institutuak berak aitortzen du, D ereduan ikasleen %40k ez duela euskarazko nahikotasun maila erdiesten. Lanbide Heziketan D ereduko matrikulazioa ez da %20ra heltzen. Izan ere, Baskongadetako Hezkuntza Sistemak kasu gehienetan ez du ziurtatzen ikasleak euskaradun oso ateratzea. Sare sozialetan euskararen eskaintza (eta erabilera) hutsaren hurrengoa da; ETB1ek ez du ikusleen %2aren langa gainditzen, eta horren guztiaren ondorioz, gazteen eta haurren artean ere, erabilera maldan behera doa (kale neurketek adin guztietarako frogatzen dutenez). Gainera, alderdi eta epaile espainiarrak eraso betean ari zaizkigu, Nafarroan bezala, EAEn ere.

Arrizabalagaren alderdi bereko Jose Manuel Bujandak ere, idatzi ditu bereak: “Euskarak Euskadiko EAEn sekulan ez du ezagutu gaur bizi duen egoera: inoiz baino hiztun gehiago ditu eta proportzio handienak gazteen artean…”.

Tira, egoerak aldatuz doaz denboran zehar, baina euskarak inoiz baino hiztun gehiago dituela, gertuago dago gezurretik egiatik baino. EAEn euskaraz dakigun herritarrak %35 inguru omen gara (eztabaidarako hori ere) , baina euskara gutxi-asko erabiltzen dugunok horien erdiak ere ez gara (%15?).

Bestalde, proportzioan, Francoren diktadurara arte orain baino askoz gehiago izan dira beti euskal hiztunak, Bujandak, aldagai erabakigarria den garaian garaiko biztanle kopurua “ahaztu” baitu. Ordura arte, gainera, euskaldun elebakarrek ematen zioten nolabaiteko trinkotasuna eta bizia euskarari; egun, ordea, horien funtsezko ekarpena galdu, eta erdarekiko menpekotasuna areagotu da.
“Eta egoera horren oinarrian, lege-babes egoki bat, euskara sustatzea ardatz duen hizkuntza politika baliabidez behar bezala hornitua, eta herritarren atxikimendua dago” jarraitu du.

Lege-babes egoki bat? Non bizi da Bujanda jauna?
Ez du izan azken hilabeteotako (eta aurretiko) epaile espainiarren sententzien berri? Ez daki Udalerrien Legea ere auzitara eraman dutela? “Baliabidez egoki hornitutako hizkuntz politika” da euskal bikoiztaileak kale gorrian utzi dituena? Fikzioa euskarazkio telebistatik ezabatu duena? Aldibereko itzulpen zerbitzu publikoak erabiltzeagatik diru mordoxka eskatzen duena? Gizarte-sareetan, plataformetan ezer gutxi bultzatu duena?…

Txapelaraino gaude “baikortasun” balizko eta antzu baten izenean zabaltzen diren euskararen gaineko diskurtso faltsu eztituez. Diskurtso horrek gainera, ez du jendea adoretzeko balio, desmobilizatzeko baizik. Lobelarra da. EAJkide agurgarriok, euskara (euskararen herria) kinka larrian dado EAEn, eta areago, aipatu ere egin ez dituzuen Nafarroan eta Iparraldean ere. Baikortasunez jardun nahi duzue? Ekin hizkuntza politika serioak egikaritzeari EAEn, eta biderkatu Nafarroako eta Iparraldeko eragile euskaltzaleei laguntza eta babesa.

Joxemi Campillo eta JJ Agirre
Plazara gatoz ekimeneko kideak

14 pentsamendu “Euskararen egoerari buruzko ipuin gehiagorik ez, mesedez”-ri buruz

  • Nik lasaitzeko esango nizueke artikulu honen egileoi. Ziur nago EAJk Ukraniako hezkuntz eredua hartuko duela eta EAE desespañolizatzeko kanpaina serio bati ekingo diotela.

  • Bai… PSOErekin adostu dituen zuzenketak ikusi besterik ez dago…

  • Fake bat izango da, Maite. Nik dakidanez sozialistek men egiten diote EAJri.

  • Bai, aldebietatikotasunaren izenean: lehenik aurretik eta gero, eta batez ere, atzetik.

  • EAJren hizkuntza politika negargarria da, eta horren emaitza kaxkarrak oso agerikoak dira. Gauza batzuk ezin dira ezkutatu

  • Letonia, Lituania, Ukraniako… hizkuntza politikak bagenitu!!! Je, je!
    Eta zegatik ez ote dituzte horien berri ematen Kontseiluak, Amonartizek, Bilduk eta Maria Santisimak?
    Ja , ja!
    Orain dugu dute aukera horien berri emateko. Jakin nahian gaudek, Kike!!!!

  • Zergatik bilatu behar dugu atzerrian gure arazoen konponbidea? Ez dut ulertzen. Hain autoestimu gutxi daukagu euskaldunok ala? Euskal sena erabiltzea eta koherentzia besterik ez dugu behar

  • Ez, atzerrian ez dugu bilatu behar, Guk gerok konpondu beharko dugu. Hala ere, ongi edo, ari direnei ere begiratu beharko diegu ea horiek egiten ari denak baliotzen ahal digun ikusteko. Nik uste dena asmatua dagoela, eta egin behar duguna da egokitu eta aplikatu. Besterik ez
    Gu gauzak gaizki egiten ari gara, emaitzak ikustea besterik ez dago. Gure gidariek ez dakite nola jokatu edo maltzurkeriaz ari dira gu engainatu nahiean. Bigarren hau dela uste dut, ez dakit zergatik.

  • Arrazoia daukazu Txikitero; ez daukagu kanpora begiratu behar eta agian ukrainiarrek gugandik ikasi beharko lukete. Zelenskyk ere asko ikas dezake Urkullurengandik.

  • Urkulu ez da ezertan eredugarria. Aurreko egunean Ezpañako erregearen alboan agertu zen harro harro, Generalitateko presidenteak hor egoteari uko egin zion bitartean

  • … Ekin hizkuntza politika serioak egikaritzeari EAEn… diozue artikulu bukaeran. Ez, ba. Atzo argitaratu zuen Berriak EAEko administrazioa euskalduntzeko dekretuaren aurrerapena, besteak beste perfilen sistema zulatzen duena 0 maila aitortuz adibidez, idatzirako (gaztelaniaz ez dago 0 mailarik jakina) edota euskara maila egiaztatzeko ikasketak euskaraz egin izana nahikotzat jotzen duena (denok dakigunean Jaurlaritzako Isei Iveik esanda, %41,3k besterik ez duela lortzen B1…. eta D ereduan, gainera). Hori guztia oraindik ere ez dakigularik Hezkuntza Lege berria nondik norakoa izango den euskarari dagokionez. Jakin nahiko nuke atzerriko hizkuntzekin ere berdin jokatuko ote den…. Pozik egongo dira ‘una política lingüística sensata’ hartako egileak. Lortzen ari dira perfilen eta sarbideen sistema zulatzea. Lasai, emaitzak 20 urte barru ikusiko dira eta

  • Maldan behera goaz, ta jende guztia isilik dago. Euskalgintza bitartean erabilera datuak manipulatzen dabil (gaurko BERRIAren datuak, adibidez) beraien lana justifikatzearren.

  • Erramun, XX. mendeko 90. hamarralditik honat Ukrainak profitaturiko hizkuntza politika zozoen “erretore” horrek egin izan balu, gainerat, kasurako, epe tarte amini berean, prefosta eskuararen erabilerak zuen arrakasta izanen,
    Bainan, folkloreak du hautatu, eta ez mintzoaren kontzientziak.

  • Erramunekin bat, batez ere Urkullu jaunak zentzuzko hizkuntza plan bat abian jarriko duelako ideian, Baltikoan bezalakoa. :))

    Umoretik behera itzuliz, diskurtso politikotik euskararen defentsa ia desagertu da, euskara ez da agertzen jada iraganeko, orainaldiko eta etorkizuneko proiektu kolektibo bati loturik. Euskaraz ozen hitz egitea ez omen da aholkagarria, baten bati enbarazu egingo diolako.

    Txikiterorekin bat etorriz: isiltasuna da nagusi, egin dezagun ez enteratzearen plantak, katuak harrapatu duen sagua bezala, harmoniaren alde! Geure buruari gaztelania, frantsesa, ingelesa eta euskara parekoak direla sinetsarazi besterik ez dugu. Are, ingelesak ez ote ditu gaztelania eta frantsesa pixka bat ere zapaltzen? Oreka perfektua, gora asepsia! Dena ondo doa, Arrizabalaga andreak dioen bezala, izan fedeeeeeea