Euskararen denbora eta espazioak

Euskararen denbora eta espazioak –

Aspaldi honetan iritzi artikulu ugari daude ZuZeun, kezka, poz edota buruhauste iturri bera daukatenak: Soziolinguistika Klusterrak egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Laburbildu ditzagun lerro gutxi batzuetan lan honek utzitako zenbait puntu.

Euskararen denbora eta espazioak

%12,6. Horixe da euskarak kaleko eztabaidetan daukan lekua.

2006an puntu bat handiagoa zen, %13,7. Araban eta Nafarroan aitzinera doa; gainerako herrialdeetan, ordea, gibelera. Badirudi Euskal Herriak une honetan bizi duen “hizkuntzen arteko bizikidetza” aulki txikiz (hizkuntza txikiz) inguratutako hiru eserlekuko sofa bat dela, eta bertan jazarria daukate beraien ipurdi erraldoia bi erdarek; euskara bien artean dago, ito beharrean, tokirik ezin aurkituta.

Lehen kale-neurketa egin zenetik (28 urte) 1,8 puntu egin du gora euskararen erabilerak. Hasiera hartan, 1989an, % 10,8ko erabilera jaso zen. Baina duela hamar urtetik hona euskararen kale-erabilera apaldu egin da. Gaztelaniaren erabilera % 76,4koa da, frantsesarena% 8,3koa, eta beste hizkuntzen erabilera % 2,7koa. Beste hizkuntzen kale-erabilerak azken bost urteotan behera egin du, eta duela hamar urte jasotako erabilera maila bera jaso antzematen da (%3,7koa duela sei urte).

Euskara baino gaztelania gehiago mintzatzen da Baionan”

Euskaldun trinkoak

Euskal Herriak hiru milioi biztanle dauzkala kontutan hartuta, horietatik %16,5a da euskaldun trinkoa, 8200 laguneko lagina duen Inkesta Soziolinguistikoaren arabera. Euskaraz erdaraz adina egiten dutenak (%6,2) eta euskaraz gehiago mintzatzen direnak (%10,3) batuta osatzen da ehuneko hori. 440.000 hiztun inguruk osatutako komunitatea litzateke. Datu honek, beste askoren antzera, badauzka bere argi-ilunak. 1991n euskaldun trinkoak 325.000 inguru ziren, eta horrek esan nahi du azken 25 urteetan komunitate honen gorakada %34,43koa izan dela. Baina igoera hau lurraldetasunean herrena da, Ipar Euskal Herrian beherakada bortitza izan baita: 29.300 lagunetik 20.300era (%30,7ko jaitsiera).

Lurralde desoreka

Gune bakoitzeko azterketari heldu aurretik, komeni da txapel orokor bat izatea. Hego Euskal Herriaren kasuan, biztanle gehienak euskararen ezagutza %25 baino txikiagoa den guneetan bizi dira (kontutan izan behar da biztanleriaren ia hiru laurdenak hiriguneetan bizi direla). Eremu hau eta ezagutza %25-%50 tartean kokatzen diren lur-guneak egonkor mantendu dira azken bosturtekoan; ez da hori, tamalez, ezagutza handiagoa den zonaldeetako kasua. Euskararen ezagutza %50tik gora dagoen esparruetan atzerakada nabaritu da. Beraz, Hego Euskal Herriari dagokionez, honakoa litzateke ondorio orokorra: ezagutza gutxiagoko eremuetan euskararen erabilera egonkor dago, eta ezagutza gehiagoko eremuetan atzera egin du. Ipar Euskal Herrian, aurkakoa.

Gasteizen gertatu da kale-erabileraren igoerarik nabarmenena: 0,6koa”

Euskararen denbora eta espazioak

Gipuzkoa. 1989 urtetik hasita, goranzko joera etengabea izan da Gipuzkoan, 2011 arte (%23,3tik %32,6ra). Tendentzia hori eten da, ordea, puntu eta erdi jaitsi baita kale erabilera azkeneko bosturtean. Lurraldeak bizi duen egoeraren isla are eta gordinagoa da hiriburua. Donostian %10,3koa zen erabilera 1989ean, eta %18,2koa soilik 2006an. Une honetan donostiarren %15,2a mintzo da kalean euskaraz; hori Igeldo eta Añorga kontutan hartuta (azkeneko inkestan ez ziren bertako datuak neurtu), bestela emaitza %13,9koa litzateke.

Bizkaia. 1997tik 2006ra bitarte erabilera-indizea egonkor zegoen, ez atzera ez aurrera, baina azken hamar urteetan behera egin du, %10,6tik %8,8ra. Bilbo da euskaldun gehien bizi diren hiria, baina dena den, kale erabilerak beherakada latza jasan du azken hamabost urteetan, %4,6tik %2,5era. Geure hiriburu populatuenean, gaztelaniaz aparte mintzatzen diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen dira.

Nafarroa. Azken urteetan goranzko joera nabari da, baina perspektiba luzeko irakurketa eginez gero, jabetuko gara mugimendua urria izan dela azken 28 urteetan. 1989ean %6,5ekoa zen euskararen kale erabilera; %6,7koa da egun. Iruñean emaitza 1997ko berdina da: %2,9.

Ipar Euskal Herria. 1997tik beheranzko joera etenik gabea da. Inoizko erabilera-indizerik baxuena jaso da azken inkestan: %5,3. Hiru eremu bereizi behar dira hemen. BAMen (Baiona, Angelu, Miarritze eta Bokale) ezagutza %8koa da, eta erabilera %1,6koa. Lapurdi barnealdean %25ekoa da elebidun kopurua, eta %5,4koa erabilera. Nafarroa Beheran eta Zuberoan %50eko da euskaraz dakien herritar kopurua, eta inkestak igoera sumatu du erabileran: %10etik %14,6ra. Baionan %2,3tik %1,9ra jaitsi da kale erabilera; gaur egun, euskararen erabilera gaztelaniaren erabileraren bezainbestekoa da Lapurdiko hiriburuan.

Araba. Azken 28 urteetako joera goranzkoa da, baina apala oso: %3,9tik (1989) %4,6ra (2016). Duela bost urtetik hona, Gasteizen gertatu da kale-erabileraren igoerarik nabarmenena, 0,6ko igoera izan bada ere.Dena den, azpimarratu behar da 2006an %4ekoa zela, eta egun %3,7koa.

Zahar eta gazteen arteko parabola

Euskara ezin daiteke adin batez molda, baina Soziolinguistika Klusterrak garbi dio: Euskal Herrian zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara. Txakurrekin izandako berriketak ere kontutan hartuko balituzte, ziur estadistikak igoko liratekeela euskararen mesedetan.

Adin-taldeak gehien hitz egiten dutenetik gutxien hitz egiten dutenera ordenatuz gero, edade odena jarraitzera derrigotuak gaude: haurrak daude lehen tokian (% 18,3), gero gazteak (% 12,3), helduak (% 11,5) eta, azkenik, adinekoak (% 8,1).

Azken hamar urteotan atzerakada eman da adin talde guztietan”

Araban, Gipuzkoan, eta, oro har Euskal Herrian gazteenak mintzo dira gehien euskaraz. Nafarroan gazteek eta helduek erabilera bera dute. Bizkaian eta Ipar Euskal Herrian,ordea , gazteen euskararen erabilera helduena baino baxuagoa da. Ipar Euskal Herrian gazteen erabilera adinekoen parekoa da.

Irakurketa orokor bat eginez gero, berriz ere errealitate gordinarekin egingo dugu tupust: azken hamar urteotan atzerakada eman da adin talde guztietan.

Euskararen denbora eta espazioak
Euskararen denbora eta espazioak 
 Euskararen denbora eta espazioak
adin tarteak, euskaldun trinkoak, Euskararen denbora eta espazioak, hizkuntza, hizkuntza eta adina, hizkuntzen erabileraren kale neurketa, kale neurketa, Kale neurketak, lurraldetasuna, soziolinguistika klusterra
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

15 pentsamendu “Euskararen denbora eta espazioak”-ri buruz

  • Ikerketa honek demografia joeren inguruko aldagairik hartu al du? Hots, euskara trinkoen dagoen lekuen zahartze tasa kontutan hartuta etorkizuneko joerarik edo antzeko zerbait? Gauzak dauden moduan egonda kontutan hartzeko moduko faktore garrantzitsua deritzot, landa munduaren zahartze progresiboa kontutan hartuta

  • Beñat Hach Embarek

    Kaixo Mikelats:
    Ez nik dakidala. Arrrazoi duzu, beste zenbait konturen artean faktore pisuzkoa da, kontutan hartuta gazteenek hitz egiten dugula gehien euskaraz.

    Txostenari begirada bat eman nahi badiozu adin profiletan gehiago sakontzeko, hemen: http://www.soziolinguistika.eus/files/hekn2016-_eu_1.pdf

    Demografiak daukan eraginaren inguruan behin Eneko Bidegainen idatzi bat irakurri nuen, Lapurdiko kostaldean zentratuta, baina zure interesekoa izan daitekeena:
    https://zuzeu.eus/euskara/nola-euskaldundu-40000-lapurtar/

    Ondo bizi

    • Eta immigrazioak duen eragina?
      Inmigrante gehienek euskaraz paso egiten dute, batez ere hiri handi eta erdaldunetan. Hor daude gehienak gainera.

      Horretaz aparte, jaioberrien %20 immigranteen umeak dira. Berdin dio umeek euskara eskolan ikasi baino inola ere hizkuntzarekin identifikatzen ez badira. Atzerriko beste hizkuntza ikastea bezalakoa da, ez dute ez erabiliko ezta defendatuko ere.

      • Beñat Hach Embarek

        Niri ez nauzu ba batere harritzen, “harritua”, euskararekin zerikusia daukan idatziren bat dagoen bakoitzean hor baitzaudete zuen mezua zabaltzeko: arrazismoa eta xenofobia.

        “Inmingranteak, inmigranteak, inmigranteak…”

        Inmigranteek paso egiten dute euskaraz ez daukagulako beraiek horretara behartuko dituen estatu bat. Eta hori Espainia eta Frantziarekin daukagun konfrontazio bat da, ez etorkinekin eta beraien umeekin.

        40.000 frantziar Lapurdira bizitzera joatea hain tarte txikian arazo bat da. Geure herriak jasan duen demasako inmigrazioak eragin kaltegarria izan du geure komunitatearentzat. Baina hori pasa zen, ia, ZuZeuko idatzi bakoitzean negar egiteagatik hori ez da aldatuko. Edo bai? Ze asmo daukazu? Etorkinak bota? Bardeetan balneario batzuk zabaldu? Utzi iruzkinak soilik egiteari eta idatzi zentzu minimo bat daukan artikulu bat, otoi, izugarrizko kuriositatea daukat eta zure alternatibak zein diren jakiteko.

        Etorkinek ez dute euskaraz ikasten okupatzen gaituzten bi estatuek hori horrela izan dadila nahi dutelako, eta beraien eskuetan dauden bitarteko guztiak jarri dituztelako. Horren errua estatuena da, ez etorkinena. Bale ia.

        • Gure herriak duen egoeraren erantzule handienak zapaltzen gaituzten estatuak eta gu geu gara, horretan ez dago zalantzarik. Euskaldunok gurearen defentsan gogorrago eta koherenteago jardungo bagenu hobeago egongo ginateke dudarik gabe.

          Baina egia da era berean “harritua”k dioen bezala inmigrazioaren fenomenoari ez zaiola behar besteko garrantzia ematen, ez euskararen arloan, ez politikarenean, ez herrigintzan oro har. Errealitate gordinari aurre egiteko beldurragatik, zuzentasun politiko zentzugabeagatik edo norbere eskema ideologikoak kolokan jartzen dituen gai bat delako. Gure herriko demografia drastikoki aldatuko da hamarkada gutxitan, gure lurrean gutxiengo garenak are eta gehiago gutxiagotuz (bertakoen jaiotza tasa negargarria<atzerritarren bonba demografikoa). Honek nazio gisa euskaldunon biziraupenerako mehatxua suposatzen du, etorri berrietako askoren integratzeko gogo eza kontutan hartuz.

          Nik neuk pertsonalki ez dut ezer etorri berrien aurka, baina lehentasuna geurearen defentsa da. Eta masa inmigrazioaren aurrean inolako kritikotasun eta analisi arrazionalik gabeko posturak herri honi kalte handia egin diezaioke. Tabu mentalak botatzeak ez dio kalterik egingo euskalgintzari/abertzaletasunari, geure biziraupena baita jokoan dagoena

        • harritua (Mikel) 2017-12-21 21:20

          Argudioetan sartu ordez, betikoa: arrasista ta xenofobo. Berdin dio etorritakoa alemaniar zuri, afrikar beltza edo berdea den. Kontua da, eragina dutela gure hizkuntzan.

          Euskaldunok ziurrenik ezin dugu inmigrazioa guztiz eten, baina okerrena da PNV eta Bildu-k mundu guztia ekartzearen alde egiten dutela. Ta baita dirua jarri ere. Diru-laguntza pilo ematen diegu atzerritarrei EHrekiko ezertxo ere eskatu gabe bueltan.

          Ta zu bezelakoek, ez duzue gai hau arrazionalki eztabaidatu nahi. Gauza askotarako, Beñat, analista ontzat zaitut. Ba, gai honi, naturaltasunez eutsi behar diozu. Badirudi progreena izatearren, ezin dela immigrazioa kritikatu modu koherente ta arrazionalean.

    • Beñat Castorene
      Benat Castorene 2017-12-22 23:50

      Kaixo Beñat,
      Othoi, Baiona ez da Lapurdiko hiriburua Baionako suprefeturarena baizik.
      Bai “Euskara baino gaztelania gehiago mintzatzen da Baionan” arrazoi duzu bainan beti danik, existitzen denetik.

  • Beñat Hach Embarek

    Aho-bizarrik gabe: herri txiki batean etxebizitzak egin eta dozena bat familia erdaldun joatea bizitzera tragedia bat da, familia horiek, seguraski, ez dutelako inongo beharrik ikusiko euskara ikasteko, eta erdaraz maneiatuko dira herrian.

    Noski, masa-inmigrazioa ona denik inork gutxik defendituko dizu. Baina hanka kontu berarekin sartzen duzue: “etorri berrietako askoren integratzeko gogo eza kontutan hartuz”. Noiztik balio du integrazioa norbanakoaren “gogoan” ezartzeak? Aski da zama norbanakoaren gogoan jartzeaz, hemen kolektiboa da behartu beharrekoa; eta horretarako, estatu egiturak behar ditugu.

    Zeren eta espainiarrak, frantziarrak eta hemen jaiotako euskaldun askok, geure herria itotzen duten soka eusten dute. HEMEN JAIOTAKO EUSKALDUN ASKOK gure herria galbidera daramaten aginte postuetan dabiltz, eta aldiz, ETORKINEN SEME-ALABA ASKO espazio euskladun berriak sortzen dabiltza azken hamarkadetan; nahiz eta, bistan dena, hori borondatez egiten duen jendea den, ez baitago behartuko duen inor, ez etorkin bat, ez abizen guztiak euskaldunak dauzkan erdaldun bat, euskara ikastera.

    Nire aberria euskara da, ez zuhaitz genealogiko bat. Eta euskararekin aberria egin ahal izateko herrigintza eta estatugintza landu behar dira. Hor duzu Katalunia; zuek planteatzen duzuen eskemarekin lan egin balute azken hamarkadetan, katalana Pirinioetako dozenaerdi bat herrixketan hitz egingo zen.

    Masa inmigrazioa txarra da. Masa inmigrazioaren ardura eta honek sortzen dituen gatazkak eta haserreak etorkinari botatzea, okerragoa. Badirudi ahazten zaizuela jende horrek ez zuela bere etxetik alde egin nahi.

    • Beñat, esaiguzu, faborez, Katalunian zenbat inmigrantek bozkatzen du alderdi independentista eta zenbatek ez? Erreferendumean, zenbat inmigrantek eman zute boto?

      Bartzelonako “gerriko industriala” espainiar inmigrantez beteta dago eta hor lortzen dituzte botoak nazionalista espainiarrek.

      Ni ere ez nago inmigranteen aurka, baina bai inmigrazio masibo honen aurka. Inmigrante asko euskararen alde egiten dute, bai, baina ze proportzioan? Ze, ehuneko hain txikian izanda, berdin dio 10.000 euskaltzale gehiago sortu, 200.000 erdalzale sortzen diren bitartean. Demokrazian, gehiengoak neurtzen dira eta hizkuntzen indarrari dagokionenan ere, balio proportzionalak ezinbesteko garrantzia du.

      Egia da hori ez dela arrazoi bakarra, baina artikulu honetan euskararen erabileraren eboluzioa aztertu eta inmigrazioa ez aipatzea, tabu eta mozal lege onartezina dagoela adierazten du.

      • Beñat Hach Embarek

        Egun on, anonimoa:

        Bota dituzun galderak erretorikoak direla pentsatuko duzu, akaso, baina gustura jakingo nuke zein den erantzuna.

        Sorpresa: espainiar inmigrazio gehien dagoen tokian espainiar nazionalismoak bozka gehiago jasotzen ditu Bartzelonako gerriko industrialean; Bilbokoan ere.

        Hirugarren eta azkeneko aldiz errpeikatuko dut: ” Inmigrante asko euskararen alde egiten dute, bai, baina ze proportzioan?” Berriz ere, gogoa norbanakoan zentratuta.

        Artikulu honetan euskararen erabileraren eboluzioa aztertu eta inmigrazioa ez da aipatzen, Soziolinguistika Klusterrak ez duelako aldagai hori sartzen azterketan. Sartu beharko litzateke? Bai, zergatik ez, objektiboa da esatea inmigrazio fluxuek eragina daukatela hizkuntzengan, bereziki indar harreman orekaturik ez dagoenean.

        Baina behatza, beti bezala, etorkina seinalatzen jartzen duzue. Eta etorkinak mugiaraztearen erantzuleak politika ekonomikoak ezartzen dituzten enpresariak dira; besteak beste, Josu Jon, euskaldun aurpegi paregabea daukan gizasemea.

        • harritua (Mikel) 2017-12-21 21:24

          Funtsean bat egiten dugu esaten duzun %90ean. Zuk, nik eta gainontzekoek. Enpresarioei, estatuei… buruz diozunak zentzua da.

          Baina denok esaten dizuguna, Beñat, zera da; inmigrazioa euskararentzat eta euskal identidadearentzat kaltegarria den neurrian, zergatik bultzatu? Nahiko arazo ditugu gurean, arazo handiagoa sortzeko, ez duzu uste?

          • Inmigrazioaren aldagaia neurtzearekin bat nator. Zenbat eta datu gehiago eta zehatzagoak eduki, azterketa zuzenagoak egiteko aukera edukiko dugu.
            Baina funtsean Beñatek arrazoia dauka. Etorkin gehienak ez dira heien helmuga herrialdeetara hango hikuntzarekiko maitasunagatik iristen, beraien bizi baldintzak hobetzeko baizik. Hizkuntzari dagokionez, neutroak dira, beraz. Tokian tokiko baldintzak (legeak, telebista, irratia, kaleko hizkuntza…) dira haien hizkuntza ohiturak ezartzen dituztenak.
            Datu interesgarria litzateke, adibidez, Azpeitira eta Bilbora etorritako inmigranteen arteko euskararen erabilera alderatzea. Datu zehatza jakiteke, aldea nabarmena dela jakina da. Ze azalpen du honek? Batera eta bestera datozen inmigranteak ezberdinak al dira jatorriz? Ala bertako baldintza ezberdinek (egoera soziolinguistikoa kasu honetan) eragiten dute haien jarrera? Non jarri behar da beraz fokua? Etorkinengan? Ala bertako baldintzetan?

  • Hobeto esplikatzerik ez dago, Beñat.
    Bide batez, animo eta besarkada bat.

  • Izenak ez du axola 2017-12-23 20:07

    Harrituarekin erabat ados.
    “Inmigrante askok euskararen alde egiten duela!?”.
    Horietako bakoitzarengatik 20 aurkeztuko nizkizuke “Egun on” eta “Agur”rretik haratago ezer esaten ez dakitenak, edo ezta hori ere.
    Beste kontu bat da inmigrante konsideratzen ez garenok daukagun errua, baina hori esanda bezela, beste kontu bat da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude