Euskararen bigarren heriotza

Euskararen bigarren heriotza –

Pako Aristik Berria egunkarian.

Itxialdi garaian ETB1eko albistegiak gehixeago ikusi ditut, gure albisteak jakite aldera, eta harrituta geratu nintzen zenbat pertsona ageri zen bertan espainolez hitz egiten, eta ez gure hizkuntzan, ETB1en espirituari zegokion bezala. Zerrenda ere egiten hasi nintzen: Bilboko Santa Marina ospitaleko medikua, Eroskiko online salmenten zuzendaria, Osasuna futbol taldeko presidentea, Gernikako rugbi kirol zuzendaria, Camara liburu dendako jabea, Gasteizko Mercedes lantegiko arduraduna, Santurtziko ostalarien bozeramailea, Lakua hoteleko zuzendaria… eta libreta amaitu zitzaidan. Utzikeria, zabarkeria, edo asimilazio estrategia den asmatu ezinik nabil. Edo hirurak. ETB1en hainbeste espainol hiztun agertzea zaplazteko bat iruditzen zait euskal komunitatearen aurka, halakorik oraindik existitzen bada, behintzat, ia inori ez baitiot protestarik edo saminik entzuten delako komunitateari izena ematen dion hizkuntzaren aurkako eraso zuzen eta instituzional hauen aurka.

Euskararen bigarren heriotzaHerrialde oso euskaldunean bizi naizen arren, nire belarriak egunero ohartzen dira euskararen endekapenaz, gutxiagotzeaz, bere presentzia urritzen ari da etengabe kaleetan, bileretan, haurren jolasetan, edozer motatako erakundeetan, tabernetan. Lasai gosaltzea gustatzen zait, egun berria dastatuz, munduari neurria hartuz; Euskal Herriko milaka tabernetatik zenbatetan gosaldu dezaket euskal musika entzunez? Zenbateko bolumena du euskarak gure espazioan? Auto-engainua elikatzen duten zifrak alboratuz, nabarmena da euskarak punch-a galdu duela azken hamarkada honetan. Asko, gainera.

Hizkuntza bat hiltzen da, batetik, erabiltzen ez dugunean, gizartean hizkuntza horren demandarik ez dagoenean; eta bestetik, hizkuntza erabili nahita ere zure interlokutoreen aldetik erantzunik ez dagoenean, euskaraz egiteko hamar eginahaletatik bederatzitan espainolez erantzuten dizutenean.

Baina hizkuntza bat bigarren aldiz hiltzen da gizartearen irudimen kolektiboak hizkuntza hori gabeko etorkizun bat diseinatzen duenean, posible ikusten duenean hizkuntza horren bazter-presentziarekin bizitzen jarraitzea, gu izaten jarraitzea hori gabe, euskararik gabe, kasu honetan. Posible ikusten duenean hizkuntza horren agerpen minimo batzuekin, hala nola esparru murriztu batzuetan, urteko egun jakin batzuetan posible dela, berdin-berdin, euskaldun izaten jarraitzea, eta gainera euskaldun modernoagoak orain, teorian bi edo hiru hizkuntza dakizkigunean, erakundeetatik etengabe bermatzen diguten gezurra: normalean hizkuntza hegemoniko militarista bat dakigu ongi, espainola edo frantsesa; beste hizkuntza hegemoniko inperialista bat erdipurdi, ingelesa; eta euskara gutxi, gaizki, edo bat ere ez.

Jende askoren irudimenean parametro horietan dago finkatua euskararen etorkizuna, gure euskaldun identitatearen prospekzioa; ontzat dauzka euskararen presentziaren portzentajeak, eta gainera beste ideia bat hedatu eta errotu da haiengan: euskarak, bere txikian, bere murritzean, aski daukala daukanarekin, ez duela munduan ibiltzeko, enpresetan aurrera egiteko edo eskailera ekonomikoan gora egiteko aukera handirik eskaintzen, eta gehiegizko pisurik ere ez zaiola eskaini behar berari.

Eta hemendik sortzen da euskararen aurkako integrismo eta fanatismo linguistiko bat, bere hiztun kopuru eskasaren errealitate soziala aprobetxatuz eta erlijio kristauaren biktimizazioa erabiliz oso modu trebean euskarari aplikatzen zaiona: Jainkoari buruzko txiste eta komiki (ustez) erdeinagarriekin kristauak mintzen diren bezala, irainduak sentitzeraino, hala mintzen dira espainol/frantses hiztunak euskaraz egiten diezunean, dokumentu bat euskaraz iristen zaienean, politikoak (gutxitan bada ere) euskaraz mintzo direnean, bileran norbait euskaraz abiatzen denean: ‘Euskaraz egitearen tramitea gaindituko dugu, dena espainolez azkarrago eta zehatzago egiteko’. Esaldi hau Euskal Herriko biztanle bakoitzaren garunean txertatua dago, hain sakon non irainduak ere ez garen sentitzen jada. Iraindua sentitzeko ere, kontzientziaz aparte, botere baten jabe izan behar duzu.

Frankismoan gure aurrekoek sistema totalitarioaren arrakalak aprobetxatu zituzten euskararen defentsa burutzeko. Ondoren, euskalgintzak euskara indartzeko eta hedatzeko ekimen ugari jarri zituen martxan. Denok sentitu genuen gure hizkuntzak prestigioa lortu zuela, herri honen etorkizuna egituratzeko orduan ezinbesteko bihurtu zela haren presentzia alor askotan, eta suziri bat bezala zihoala gero eta alor gehiago okupatzen. Baina sabai bat zegoen, ez kristalezkoa, subordinaziozkoa, baizik, eta euskara atzeraka hasi zen, frankismoan baino atzerago iristeko; eta ez naiz hiztunen kopuruaz eta gisako datuez ari, euskararekiko jarreraz eta ideologiaz baizik.

Jada haren defentsarik ere ez du egiten euskalgintzak, politikagintzak, enpresagintzak, ia inork. Konformatze etsitu bat baizik ez dut ikusten. Lortuak genituen (eta murrizten joan diren) kuota horiekin konforme gara, larri konforme ere, kuota izpiak hedabideetan, parlamentuan, erakundeetan, jaietako programazioetan, zaharren egoitzetan, Ertzaintzan … Gizarteko esparru askotan ez baita ageri ere egiten, disimulatu ere egiten ez duten supremazismo linguistiko totala erabiliz.

Euskararen profila eskatu eskatzen da zentro publiko ofizialetan, hala nola zaharren egoitzetan, ospitaletan eta abar, baina gehienetan espainola da nagusi praktikan. Euskara, berriz, simulakro hutsa. Ospitaletan jendea ari da euskarazko profila ateratzen puntuak lortzeko, ez euskara erabiltzeko. Puntuak axola zaizkie, ez euskara. Ez dute asmorik euskara hitz egiteko. Edozein eraikin ofizialetan sartu eta belarria jartzea aski da, espainola barra-barra entzuteko. ETB1erako elkarrizketa bat egin zidatenean, aurkezlea soilik mintzo zen euskaraz nirekin; ekipoko guzti-guztiak espainolez aritu ziren han egon nintzen ordu erdian, nire aurrean disimulatu ere egin gabe. «Ilaski, concéntrate!», esan nuen eta denek barre egin zuten nire konplizitateaz txundituta.

Gaur egun euskarari, dagoen lekuetan, utzi egiten zaio egoten, lobby baten eskakizuna balitz bezala, nolabaiteko bake instituzional bat edukitzeko. Baina jada euskara ez da herri honen identitatea osatzeko tresna gisan hartzen, ez da aberasgarri, ez da etorkizuneko tresna bat, ez dugu irudikatzen gehiago zabal daitekeenik; eta hau dena zerutik erori dela pentsatu nahi dugu!

Ez dadila gehiago uzkurtu, hori da gure barne otoitz sekretua.

Euskararen bigarren heriotza Euskararen bigarren heriotza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

12 pentsamendu “Euskararen bigarren heriotza”-ri buruz

  • Ozenago agian bai, baina ez argiago. Errepikatzea besterik ez, beraz:

    Gaur egun euskarari, dagoen lekutxoetan, utzi egiten zaio egoten.

    Lobby zaharkitu eta ahul baten eskakizuna balitz bezala uzte zaio egoten.

    Bake instituzionala ekartzen du horrek.

    Euskaraldia bezalakoak ildo horretako itxurakeriak baino ez dira.

    Baina jada euskara ez da herri honen identitatea osatzeko tresna.

    Euskara ez da aberasgarri.

    Euskara ez da etorkizuneko tresna.

    Inork ez du irudikatzen zoko ilun hauetatik at heda daitekeenik.

  • Jokin Garmendia 2020-10-06 14:41

    Unamunok duela 100 urte baino gehiago esaten zuena alegia.
    Orain konturatu dira batzuk…
    Euskara zombie bat da.

  • Ez konfunditu, Jokin. Eta ez lelokeriekin etorri, mesedez.

    Unamunok ez zekien euskaraz eta, ez zekienez eta oso listoa zenez, euskarari egotzi zizkion bere gabezia propioak. Oso joko intelijentea izan zatekeen, baldin eta beste batzuei zuzendutako “desprecian cuanto ignoran” esaldi hura asmatu izan ez balu. Baina kasu honetan tiroa eskopeta-ipurditik atera zitzaion.

    Ikas ezazu zonbiak ongi identifikatzen. Uste duzuna baino hurbilago dituzu eta.

  • Eta bazterretik eztabaidatzen hasi zaitezkeenez, fake new zahar bat argituko dizut lehendabizi.

    Machadok idatzi omen zuen aipatu dizudan esaldi ospetsu hori aurreneko aldiz, baina asmatu Unamunok asmatu eta formulatu zuen Machadoren aurrean eta aurretik (1908-1910).

    Ongi dakizunez, mendearen hasieran egin ziren biak adiskide, eta Machadok Unamunoren filosofian bilatu eta aurkitu zuen bere poemetarako behar zuen mundu-ikuskera, eta ideia asko.

    Bide batez, 1912ko Campos de Castilla poema-liburuaren kritika aldekoenak eta garrantzizkoenak Ortegak, Azorinek eta Unamunok egin zizkioten.

    Ez horregatik.

  • Benat Castorene 2020-10-06 16:29

    Jokinek gogorrarazten digu badela herrian gure axolgabeetaz aparte “subordinaziozko sabaia”rekin agerian edo ezkutuan ados den jende andana bat. Horiek, oso bakanki ez bada, ezin dira konbentzitu baitituzte beren hizkuntza-atxikimendu, leialtasun eta logika propioak guk gureak ditugun bezalaxe. Haien portzentaia aldatzen da lurraldea eta eskualdearen arabera. Guretzat ( haientzat bezalaxe) kontua izango da nola, noiz eta nun lor daitekeen indar-erlazio politiko et numeriko aldeko bat.

  • Jokin Garmendia 2020-10-06 16:39

    Meredith, noiz izan da euskera herri honen identitatea osatzeko tresna? Duela hamarkada gutxi, 60tik aurrera, Euskara Batuaren sorrerarekin… Txillardegiren desioa zen hori, baina desioak desioak dira. Are gehiago, Euskaltzaindiak erderaz egiten zituen bere batzarrak garai hartatsu arte. Gero egia da lan handia egin dela norabide hortan baita gauza asko lortu ere, baina errealitatea horma gogorra da. Eta alferrik da hormaren kontra egitea. Eta gure errealitatea asko aldatu da. Munduan gehien hitz egiten den hirugarren hizkuntza alboan edukita desafioa askoz zailagoa da. Islandierak ez du horren aurka borrokatu behar.
    Gainera abertzaletasunak ez du euskararen beharrik (Irlandan gaelikoarena ez duten bezala). Alderatu hauteskundeen emaitzak eta mapa soziolinguistikoa. Belaunaldi berriek beste ikuspegi bat dute eta hainbat musika taldek ingelesez ere kantatzen dute.
    Desideologizazioaz ere ari da Aresti baina hori ere Sobiet Batasunaren menpeko herrietan gertatu zen, murrua erori berritan denak kapitalismoaren altzora… Orain jendea desideologizatua badago (eta eztabaidagarria da hori desegokia ote dan), aurreko hamarkadetan egon den hiperrideologizazioari zor zaio hori.
    Machado eta Unamuno aipatu ditugu. Baroja ere hor dago eta ederki zekien euskeraz baina beste ikuspegi bat zuen. Erderaz idatzi arren eukaltzale askoren laguna izan zen (Koldo Mitxelena adibidez) eta Euskal Herria primeran islatu zuen bere lanetan. Ez agian zuk nahiko zenukeena baina ez dago EH bakar bat asko baizik.

  • Labur:

    “noiz izan da euskera herri honen identitatea osatzeko tresna?”
    Zergatik uste duzu eman ziola Herri honek bere buruari Euskal Herria izena?

    “Baroja ere hor dago eta ederki zekien euskeraz”
    On Piok ez zekien euskaraz; ideiarik ere ez zeukan, maitia. Berako euskaldunekin erdaraz mintzo zen. Are gehiago, Julio Caro Barojak baino gutxiago zekien, eta ez da hori marka txarra! Ez konfunditu, beraz. Euskaraz ongi zekiena haren aita izan zen, Serafin Baroja.

    “euskaltzale askoren laguna izan zen (Koldo Mitxelena adibidez)”
    Koldo Mitxelena ez zen inoiz izan Barojaren laguna. Harreman aitortu bakarra, On Piori hil baino hilabete batzuk lehenago egin zion elkarrizketaren aitzakiarekin izan zuen. Barojak ez zukeen jasango Mitxelena bezalako baten sentsibilitate abertzalea; nahiago zituen Azorin bezalako espainoltxoak.

    “Erderaz idatzi arren Euskal Herria primeran islatu zuen bere lanetan”
    Bai, Euskal Herria primeran islatu daiteke euskaraz jakin gabe.
    Oximoron? paradoxa? Maria gora? Maria behera? haluzinea?

  • Pakok esandakoa egia da,baina egia ere ETB 2 kanalan askotan euskarazko hiztunak agertZen direla, erdarara itzuliz.
    Beste batzuk ez gara herri euskaldun batean bizi, baina gero eta gehiago entzuten dugu euskara txikien eta gazteen artean,eta konparatuta geure txiki aroarekin edo nerabezaroarekin aldaketa nabarmena da.Are gehiago :geure kuadrila historikoki erdaldunean euskaraz egiten dugu txikitxuak ailega direnetik!
    Eta azkenik , zerbitzari bat, Hego EHn zehar ibiltzen dana industria bisitatzen,beti doa euskaraz bezero berriengana, bazkaltzen duen tabernetan…Eta esango nuke enpresen %50an (Gutxi gora behera) maila ezberdinetan (erosketa,ingenieritza,langile) euskaraz lortzen dudala mintzatzea.Eta ez futbol partiduari buruz:prozesuak,kostuak…Eta tabernetan antzekoa.
    Argiak eta itzalak topatzen ditugu egunero Erdal herri honetan,eta benetan ulertzen dudala batzutan amorrua,tristura,frustrazioa…sentitzea. Baina benetan, askotan sentimendu horiek bor bor dauzenean eta dena galdutzat ematen duzunean..han non ,eta nonork geure eleaz hasten zaizu ,min guziak sendatuz eta indarra ostabere sentiaraziz, COVIDa baino indar gehiago duen geure xomorro hau sakabanatzeko premia sentituz.

  • Pello Santxez 2020-10-07 10:13

    Jokin… eta zein da ba herri honen identitatea osatzeko tresna?

  • Benat Castorene 2020-10-08 19:09

    Alta Peio Santxezen galdera honek erantzuna merezi luke… Beste batzu bezala berantetsia naiz eta!

  • Peru_Gabiriko 2020-10-10 20:51

    Jokin, bada zerbait ixilik zauzkana. Ez dituzu zure ideiak publikoki agertu nahi. Nire ustez, ez zenuke beldurrik eduki behar pentsatzen duzuna adierazteko. Azken finean, nor gara hemen egia osoaren jabe, lagun?
    Neu ere berantetsia naiz, ea nondik ateratzen zaren ikusteko..

  • EHn, alderdi politiko guztiek erabaki eta onartu dute beren komunikazio hizkuntza gaztelera dela. Euskarak toki “sinbolikoa” baino ez du beren helburuetan. Eta, gizartea eta kultura aldatzen saiatzeko beharrezkoa da, zoritxarrez, politika…
    Jai daukagu!