Euskararen bidegurutzetik

Euskararen bidegurutzetik –

Euskaltzale eta abertzaleok errealitate desatseginarekin egin ohi dugu topo nahi baino toki eta egoera gehiagotan, eta modu eta era askotara eguna joan eta eguna etorri, eta halaber, Zuzeu-n, etsipenezko komentario askotxo irakur daiteke euskararen eta Euskal Herriaren patu eta halabehar halamoduzkoaz. Jakinik Kike Amonarrizek liburua atera duela artikulu honi eman diodan izenburukoa, di-da batean irakurri dut bururik buru.

Gogoan dut duela urte mordoxka J.M. Odriozolak eta K. Amonarrizek eztabaida bizi bat izan zutela: esan dezagun labur-zurrean eta sinplifikatuz, bi ikuspunturen bozeramaile gertatu zirela; Odriozolaren arabera, erdaren alde funtzionatzen duten egiturak (sozial-politiko-kultural-ekonomikoak) eraldatu gabe, euskaldunon boluntarismoa udazkeneko hego haizea da, eta Amonarrizen arabera, aldiz, boluntarismoa aktibatzea axola handikoa da, eta egituren garrantzia ukatu gabe, ezinbestekoa. Liburu honek Amonarrizen eboluziorik ageri ote du?, ala lehengo lepotik jarraitzen ote du, funtsean? Galdera horiek nituen buruan liburu honen irakurketari ekitean.

Esan liteke, hondarrik hondarrenean, atxikitzen duela Amonarrizek gorago aipaturiko eztabaidan defendaturiko ikuspegia, hots, euskaldunok sozialki ahalduntzearen axola itzela, baina euskararen aldeko politiken beharra ere ahobizarrik gabe erantsirik. Azken hauek premiazkoak dira, baina euskaldunon aktibazio sozialik gabe, Irlandan gaelikoak duen estatusa dugu hodeiertzean, suntsitze bidea, alegia.

Euskararen bidegurutzetikItxura batera tolosarrak kaxkarina eman dezake, gutxirekin kontentatzen dena, edota gidoi eta eskakizun sozial-mediatikoek horixe eskatzen diotena, baina irakur itzazue esaldi hauek:

“Azken batean, hizkuntzen inguruko borrokak eta eztabaidak botere-borroka ere badira, errelato-borroka (…) Horregatik, iruditzen zait euskararen aldeko gure planteamenduei oinarri etiko eta diskurtsibo sakona, integratzailea eta demokratikoa eman behar diegula, balio aurrerakoietan sustraituta, hizkuntza-normalizazio prozesua gizarte hobe, askeago, berdinzaleago eta justuago baten eraikuntza-prozesuaren zati banaezina delako. Eta horrek gurean esan nahiko luke (…) euskara hizkuntza nagusi eta komuna izango litzatekeen egoera eleaniztun batera iristea, non bestelako hiztunen hizkuntza-eskubideak ere errespetatuko diren. Egoera normalizatu horretara iristeko, euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko duten hizkuntza-politikak ezinbestekoak dira, eta, euskarak nozitu duen bazterketa eta jazarpen historia aintzat harturik, diskriminazio positibo hori guztiz demokratikoa eta justiziazkoa dela irmoki defendatu behar dugu. Are gehiago “erreparazio historiko”tzat ere har liteke, eta horrela gutxitan planteatu bada ere, justizia leheneratzailearen (“restauratiboa”, alegia) eskemetan planteatu.”(43 or.).

Beraz, euskararen normalizazioari, oinarri etiko eta diskurtsibo sakona erantsi beharra. Eta diskriminazio positiboa, eta justizia leheneratzailea. Egia gertatzeko ederregia?, idealistegia? Edozein planteamenduri egin dakizkioke erreparo horiek. Jarraitu dezagun liburuko zatirik politikoenak aldatzen:

“Euskarak iraun dezake estaturik gabe (orain arte egin duen bezala) ala estatuarekin, eta desager daiteke estatuarekin ala gabe. Baina euskararen normalizazioa bultzatu eta euskararen erabilera sustatuko lukeen balizko euskal estatu batek berme gehiago eskainiko lituzke espainiar eta frantses estatuen menpeko gaur egungo zatiketa administratiboak baino, estatu hori independentea, konfederatua edo dena delakoa izan. Horretan ez dut dudarik. Historian atzera begiratu besterik ez dago ikusteko estatu frantsesak eta espainolak, salbuespen apurrak salbuespen, historikoki joera homogeneizatzailea izan dutela eta hizkuntza-aniztasunarekiko uzkurrak izan direla, edo zuzen-zuzenean aurkakoak (…) Hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik ere, euskaldunok ahalik eta burujabetza-mailarik handiena eta eremu administratibo desberdinen arteko harreman ahalik eta estuena lortzen saiatu beharko genuke (…) Zenbat eta botere politiko gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugu euskararen eta euskal hizkuntza-komunitatearen geroa bermatzeko. Zentzu honetan, euskal estatu batek kanpo-injerentziarik gabeko hizkuntza-politikak blindatzea eta bideratzea erraztuko luke. Eta hori hainbat egitura politikoren bidez berma daiteke; ez oraingoekin, ordea.

Baina XXI. mende honetan euskaldunok lortzen dugun burujabetza-maila lortzen dugula ere, gaur egun ditugun arazo eta erronka gehienek bere horretan jarraituko dute, independentzia lortu duten eta hizkuntza gutxituak dituzten munduko estatu gehienetan gertatzen den bezala. Edozein estatus politiko lortzen dugula ere, eta mende honetan zehar, eremu batzuetan edo askotan euskarak nagusitasuna lortu arren, gaztelaniak eta frantsesak jarraituko dute Euskal Herriko eremu askotan hizkuntzarik nagusienak eta erabilienak izaten, aldaketa soziolinguistikoak mantsoak izan ohi direlako eta aurrean ditugunak oso hizkuntza indartsuak direlako. Euskarazko eskaintza asko hobetu eta hedatu arren, hedabide eta ikus-entzunezko eskaintza eta kontsumoa proportzio handi batean (nagusian?) hizkuntza hegemonikoetan izango da (kasu honetan, gaztelaniaz edo frantsesez izan beharrean, seguruenik ingelesez). Euskal Herritar askoren etxeko eta ohiko hizkuntzak euskara ez bestelakoak izaten jarraituko dute, eta iristen joango diren etorkin gehienek ez dute euskararik berehala ikasiko, baina, topatuko duten egoeraren arabera, beren seme-alaben erabilera-hizkuntza nagusia euskara izango da ala ez. Alegia, estatu bat edo estatus politiko berri bat oso lagungarriak gertatu arren, hizkuntza-normalizazio prozesua ez dela hor amaituko”.(180-182 orr.).

Errealitatearen pertzepzio errealista-objektiborik ez zaio falta, falta ez zaionez! Segur aski euskaltzale gehienok ados egongo gara iritzi horiekin.

Euskararen bidegurutzetikZenbaitetan, inkesta soziolinguistikoen emaitzen irakurketa baikorregia iruditu zait (parentesia gorabehera): “80ko hamarkadaren hasieran euskal ereduetako matrikulazioaren portzentajeak eta euskararen ezagutzarenak %20 inguruan zebiltzan; alegia, 5 gaztetik bakarra zen euskalduna edo euskal ereduetan matrikulatua. Gaur egun 5etik 4 baino gehiago dira. Hori da belaunaldi batean lortu dena. EAEn eta Nafarroako Iparraldean ia ezagutzaren unibertsalizaziora iritsi gara haur eta gazteen artean (ezagutza hori mugatua baldin bada ere kasu askotan), beste eremuetan ere portzentaje gero eta esanguratsuagoak ditugularik” (78-79 orr.).

Erabat harturik (350 orrialde ditu), interesgarria, eta ekarpentzat jotzekoa iritzi diot. Gomendagarria.

Euskararen bidegurutzetik

Euskararen bidegurutzetik

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

37 pentsamendu “Euskararen bidegurutzetik”-ri buruz

  • “Euskal estatu batek kanpo-injerentziarik gabeko hizkuntza-politikak blindatzea eta bideratzea erraztuko luke. Eta hori hainbat egitura politikoren bidez berma daiteke; ez oraingoekin, ordea”
    Egia biribila, alabaina, egungo egitura politikoen bidez, egun garatzen direnak baino askoz hizkuntza politika aurrerakoiagoak gara litezke menpean dauzkagun egitura politikoen gerizan, baina Jaurlaritzak, edo Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek, eta hiri nagusietako udalek, egin dezaketena baino askoz gutxiago egiten dute, baina inor gutxik azpimarratzen du hori, eta hortik hasi behar genuke.
    Euskal Estatua ez da bihar sortuko (eta bihar sortuko balitz ere, egungo agintariekin jai). Eta euskaltzaletasun boluntaristaren hedapena ere, estu loturik dago botere eragile ezberdinen diskurtsoari eta ekimenari.
    Bien bitartean, zer egiten dute agintari eta eragile abertzaleek?
    Zeren eta agintari eta eragile unionistek zer egiten duten ondotxo baitakigu.
    Bestalde, “Euskarak iraun dezake estaturik gabe (orain arte egin duen bezala) ala estatuarekin, eta desager daiteke estatuarekin ala gabe” esladiarekin ez nator bat.
    Egia da euskara desager daitekeela Estatu bat izan arren (areago EAJ-PSOEk agintean jarraituz gero), baina ia segurua da desagerpena Estaturik edo bestelako gotortze-egiturarik ez badugu eraikitzen epe ertain batean. Apenas babes administratiborik ez daukagun lurraldeetan (Iparraldean eta Nafarroako bi herenetan) euskara desagertzear (Iparraldean) edo dagoeneko desagertuta dago (Nafarroako bi herenetan).

  • euskaldun bat 2019-12-09 11:38

    Hiztunen aktibazioa… Orain dela larunbata batzutako kontua da: larunbata eguerdia Tolosan, Kike Amonarriz, Jokin Bildarratz eta ezagutzen ez nituen bi emakume kopa eskuan, taberna aurrean, baserritarren zerkausian aterpea hartuta. Laurak españolez hizketan, “ba… bi emakume horiek ez dute jakingo euskara” pentsatu nuen. Bai zera! Gero ikusi nuen bazekitela eta euskaldun zaharrak zirela gainera. Horra hor euskaldunen aktibazioa! Erderaz hitz egiteak oraindik ere plus bat ematen duelako ari ziren españolez. Hauteskunde bezperetan eta joaten dira baserritarren postuetara euskara jatorrean alboan argazkilaria dutela, ze majoak! Disimulatu ere ez dute egiten gutxienez! Kike hau majisimoa da!

  • Euskararen Funtzionarioa 2019-12-09 18:08

    Egoera kezkagarri honetan euskarak behar du ikerketa soziolinguistiko zabal eta berritzailea (genero ikuspegia eta larrialdi klimatikoa kontuan hartuko dituena), gero emaitzak euskal jendartean luze eta zabal eztabaidatzeko.
    Hausnarketa horren fruituak heldu den urteko Durangoko Azokan liburu berri bat (edo gehiago) plazaratzeko materiala emanen du .

  • Zer da euskaldun zaharra? Neronek ez dut entelegatzen. Euskaldun txarrak, ezagutu, anitz ezagutzen ditut, zaharrak ordea, gutti.

  • Zer, ez da ahaztu behar, 2019an , izan, badirela. ahoa eta beste zerbait bettetzen dutenak, euskaldunzahar, barka, euskaldunza,r hitzez, leitzen eta izkribatzen ez dakitenak, ez batuaz, euskaraz. Behar da gero! Franco duela hainbat urte lurperatu zuten eta, lehendabizilo aldiz bazen ere!

  • Ekarpen bikaina, Nagore. Ez duzu basorik etxetik gertu?

  • Ekarpen? Nazka-nazka eginda nago horiekin. Ez dute euskal kantarik entzun, ez libururik irakurri. baina “arrotz” egiten zait zure hizkera, “guk”, “gerok”, ez dakit zer ostia den “guk” hori, ezjakintasuna babesteko hesia ez bada. Gu? Gure aita-ama eta ni, zer nire anaia txikiak ez zuen euskaraz ikasi, baina euskalduna da, bai, ez nekien bada!

  • Benat Castorene 2019-12-09 23:10

    Arrazoi duzu, Patxi, liburuaren gaia dago bete betean egunero Zuzeuen adierazten diren kezken erdian. Hau berez oso inportantea izan liteke hausnarketan aurreratzeko.
    Ezdakit libu horren irakurketak konfirmatuko didan zuk emandako pasarteetan erdikusten ditudan ezbaiak (eta kontraesanak ere beharbada) egia biziki garrantzitsu batzuekin nahasiak.
    Mementoko, urrunago joan gabe, iduritzen zait gutiesten duela bi edo hiru alderdi sozio linguistiko antagonista daudela gure Herrian eta bakoitzak baduela demokraziaren, normalizazioaren eta justiziaren bere ikuskera propioa.
    Beraz irakur dezadan lehenik.

  • Nik uste ez zaizula damutuko, Beñat!
    Spoiler izaten jarraiturik, aurreratzen dizut Israelgo egoera soziolinguistikoaz labur(regi) aritzen dela, hartaz informazioa emateari iskin egiten diola, berarekin partekatzen dudan iritzi politiko-militarraren estakuruan. Gaizki egina.
    Israelen hebreerak zer leku duen egun, arabierak zein, eta ingelesak zein duen jakitea, interesgarria da euskaldunontzat, eta Israelek palestinarrekin darabilen bortizkeria gaitzesgarria ez da arrazoi nahikoa horrelako liburu batean informazio soziolinguistiko gehiago ez emateko.

  • Kaixo Pako:
    Ezer baino lehen eskerrak eman behar dizkizut liburuari egindako kritikagatik eta hartutako lanengatik. Eztabaida eragitea ere bada liburuaren helburu, eta irakurleekin adostasunak eta ikuspegi desberdinak partekatzea eta kontrajartzea.
    Israelgo egoerari buruzko informazio gehiago eman nezakeen -beste hainbat egoera eta gairi buruz bezala-, baina nire ezagutzaren mugak, espazioarenak eta liburuan lehentasunez jorratu nahi nituen beste gai batzuek behar zuten lekuak, gai horretan eta beste askotan laburretik jotzera behartu naute. Gaizki egina den ala ez irakurleak juzga beza!
    Besarkada bat

  • Berdin, Kike. Zorionak liburuagatik.

  • Beñat Castorene 2019-12-26 15:47

    Patxi “spoiler” ona zara (“zeba”) ez zait batere damutu liburua irakurririk. Asko eta asko ikasi baitut, puntetako kultur eragile baten ganik. Konbentzitua nago erabileraren erabakigarritasunaren eta zailtasunaren gaineko hausnarketarekin, eta, parte haundi batean, problemak iraungo lukeela ere politika estruktura eraldaketa erradikal baten ondoren.

    Uste nuen baino asko gehiago ikasi dut euskalgintzari buruz eta bertan dihardutenen pentsamoldeari bereziari.

    Nago ian pentsamoldea erraitea baino ez litzateke justuago erraitea ideologia batez ere ikusi ondoren gure idazlea miretsita dagoela Paskal Indoren esaldi honen aurrean ” baikorra ez bazara ezin zara militante ona izan”
    Badakit aldea badela “baikorra” eta “optimista” artean. bainan gure egoera ezagututa “errealista” ere badago eta ez zaitzu egokiagoa izanen zela esaldi horretan?
    Egia erraiteko, zaila zait sinestea gizarte moderno eleanizdun horretan nun euskara ere hegemonikoa izango litzatekeen beste bizpahiru hizkuntza hegemonikoekin batera. Konfiantxa mugatua dut kanpotiarren artean euskara erakargarri bihurtzeko operazio horretan interes folkloriko bat sortzeaz haraindikoa litzatekeena. Izan ere, den mendren presioa sentituko orduko hortzak erakusiko lituzke laster. Espainiolak desberdinak dira beharbada ?
    Iduritzen zait Amonarrizek arrazoitzen duela oraiko baldintza politikoen markoan. Horrengatik asmoa da euskara hizkuntza gutxituenen artean gutxitu eredugarriena bilakatzea. Pertsonalki nik nahiago nuke argiki jaun eta jabe eremu batean, eremu hura nahiago ginukeen baino tipiagoa baldin bada ere
    Azkenean ezdakit diozun bezala “izkin” egiten duen bainan jokatuko nuke juduen esperientzia ez zaiola goiatsgai “jota” gustukoa izango.( zuekin ene euskara aberasten dut). Bego horretan momentuz.
    Egiatan, irakurketa baten ondotik, momentuz ez naiz sentitzen liburu horren analisia serio bat egiteko gai,
    Ene ustez sekulako lana litzateke zinez bertan dauden analisi oso serioki dokumentatuak “euskalgintzaren klase” ideologiari doazkon garapenetarik. Utziko diegu Aristi eta Odriozola bezalako aditu batzuei.

  • Ekarpenagatik, milesker Beñat.

  • Milesker iruzkinarengatik Beñat. Ea Uztaritzen lasai hitz egiteko estakurua dugun hurrengo batean!

  • Benat Castorene 2019-12-30 10:51

    Edo berdin Tolosan, Kike.

  • Odriozolak eman du bere epaia Beñat, gaurko Berrian “Zegamarraren euskalduntasuna” deritzan artikuluan; ez, Kike Amonarrizen liburuaz baina bai botere autonomikoaren hizkuntza eta bestelako politikaz: “Eta gaur botere autonomikoak aplikatzen duen egiturazko biolentzia politikoa euskaltzaleon aurkakoa eta hemengo espainolen eta erdaltzaleen aldekoa da. Hori da gure demokrata bakezaleen elkarbizitza eredua, motzean esanda.” Eta Kike Amonarrizek badu esperantza, baina Odriozolak ez: “Nolanahi ere, hau guztia salatzea alfer lana da, Euskal Herriaren eta euskaldunon kontrako bortxa aspaldi handitik dagoelako naturalizatua gure iruditeria sozialean”.

  • Beñat Castorene 2019-12-31 11:30

    Milesker Patxi artikuluaz abisatzeagatik. Lerhegin baietz irakurriko dutala. “Nolanahi ere, hau guztia salatzea alfer lana da, Euskal Herriaren eta euskaldunon kontrako bortxa aspaldi handitik dagoelako naturalizatua gure iruditeria sozialean”.
    Hau ezin zen hobeki esan;
    Ideia bera bestela entseiatzen nintzan baldarki formulatzen erranez hainbat mendeko koloniizazio batek eragindako eritasun filosofiko batek larriki joak ginela euskaldunak, abertzaleak batez ere, zuzen arrazoitzeko gaitasun oro galtzeraino.
    Ezin dut imaginatu ere, frantsesek, are gutiago inglesek, horrelako hizkuntza eta kultural zapelketa suportatzen.
    Horrengatik oraindik asko espero dut ezagutzen ditutan zenbait euskal filosofo erradikal gazteen laneetarik..

  • Peru_Ganbarako 2019-12-31 13:20

    Nik esango nizueke gaur bizi ditugun aje asko aspalditik, lehengo mendeetatik datozkigula. Gaure aitzinekoek erdal-kutsu hori emeki-emeki hartu eta onartu izan dute mendeetan.

    Zuek horri kolonizazio hitza eransten diozue. Ez dakit hori kontzeptu egokia den. Errebisdatu edo berrikusi beharko lirateke gauza hauek astiro, ea benetan hala izan ote den.

    Horretarako, ez litzateke abiapuntu txarra Patxik ZUZEUn bertan egindako Azurmendiren ideia historikoen laburpen moduko hori pixka bat jorratzea. Erantzun zabala espero nuen nik, jendeak biziki parte hartuko zuela alegia. Zenbait gauza aztertu daitezke hor adierazitakoen bueltan.

    Zergatik ez dugu Euskal Herrian errenazimendu kulturalik izan??

    Galderak asko eta asko dira, erantzunak…

    Urte berri on, lagunok!

  • Beste horrenbeste, Peru!

  • Beñat Castorene 2019-12-31 15:29

    “Utziko diegu Aristi eta Odriozola bezalako aditu batzuei.” esaldiarekin bukatzen nuenean aurreko iruzkin batean, ez nuen espero Olentzerok hain laster adituko ninduela.
    Odriozolaren artikulu hunek, gure adiskide kikeren liburua zuzen zuzenean bainan lerroz lerro iruzkindu beharrean, kolpe batez eta modu trinko batez oposatzen dio kontrako ikuskera erradikal bat. Dudarik gabe azken hau dut nahiago. Aldiz Kikeren liburuaren komentario exaustiboa (garia eta lastoa bereizten ahalbada) egitekoa litzateke oraindik eta merezi du.
    Artikuluari jarriko nioke bemol ttipi bat, Odriozolak bere nazio kontzientzia politikoaren arrazoizko defentsan, badu beti kontzientzia etno kulturalaren gutiesteko joera, beharbada Kikek bezala azkenean. Bainan ene uste apalez iduritzen zait hura gabe ez ginela hemen izango eta orduan etorkizunari buruz maluruski Kikek lukeela nunbait arrazoi.
    Olentzero ahantziko ez balu Urrestillako erosketa entregatzea bikain litzateke.
    Anartean, zer nahi gisaz bi aportazio hoiekin badugu jadaniko bihia ehotzeko.
    Peru “kolonizazioa” ez zaitzula egokia… nahi dut, baina, uste duzu “erdal kutsu” kontzeptua egokiagoa dela gertatu zaigun kolonizazio prozezua adierazteko?
    Ez ote da, Odriozolak dioen bezala justuki “naturalizatu” duzulako froga?
    Aldiz, ados zurekin Azurmendiren ideien laburpena irakurtzeko.
    Zuzeukide guzioi urteberrion bihotzetik.

  • Ez dakit Madrileko kongresuko mintzaldiak eta eztabaidak jarraitu dituzuen. Nire iritzirako, absente handi batzuk egon dira: katalana, galegoa eta gure hizkuntza. Estatuaren plurinazionaltasuna aipatu bai, baina nazioen funtsa diren hizkuntzak ez. Gurera mugaturik, Aitor Estebanek aldeko botoa justifikatzeko agenda autonomista eta estatuaren lurralde egitura egokitu beharra aipatzearekin aski izan zuen atzo –bidenabar filmzale amorratua eta hizlari adeitsua dela erakutsi zuen-, eta hala egin zuen presidentegaiaren atseginerako; eta, gaur, Mertxe Aizpuruak bere mintzaldia 1978ko erregimen autoritario-antidemokratikoa salatuz ekin dionez, Espainiaren zatiezintasuna eta merkatu ekonomiaren nagusitasuna, eta herrien kartzela dela aipatzean, ahoko zuloan zeukan hizkuntza zapalkuntza ere salatzea -Konstituzioaren 3. artikulua, gaztelania derrigorrezko, eta beste hizkuntzak hautazko deklaratzen dituena, eta gure hizkuntza egoera prekarioan iraunarazteko giltzarrietakoa dena-, baina hitz erdirik ere ez.
    Aipaturiko bioi entzunda, zapalkuntza linguistikorik ez dugu, eta, denok dakigu Espainiako eta Frantziako estatu-nazioen kohesioa hizkuntzak bermatzen duela beste gauza guztien gainetik, baina euskaldunok nonbait, nazio independente izateko ez daukagu euskaldun izan beharrik; onenean, elebidun izatea aski, eta elebakar izatea ere, ez da eragozpena. Horrek erakusten du nazioaren ardaztzat euskara daukagunok ez dugula alderdi politiko nazionalista-independisten benetako sostengurik.

  • Eskerrik asko Kike Amonarrizi liburuagatik, eskerrik asko, Pako, artikulu honegatik, eta eztabaidak jarrai dezala, euskarak ere bai(..)Baina euskararen normalizazioa bultzatu eta euskararen erabilera sustatuko lukeen balizko euskal estatu batek berme gehiago eskainiko lituzke espainiar eta frantses estatuen menpeko gaur egungo zatiketa administratiboak baino, estatu hori independentea, konfederatua edo dena delakoa izan(…)

  • Ez horregatik Ainara. Ez naiz joan zahar Correos-era, posta bidez botoak jasotzeko eskaria egitera. Euskaraldia atean utzi behar izan dut, erdaraldian murgiltzeko. Bi jendeari kasu egiten eta biak erdaldunak. Ez al dugu eskumenik Correos-en euskaraz egiteko? Ez, ez daukagu! ” 2020ko maiatzean.
    Ertzain-etxera joan naizenetan berdin gertatu izan zait.
    Beno, poziktibity, poziktibity, poziktibity…aurretiagoko zerak egongo dira eta.

  • “Kike Amonarrizek ere bere liburuan dioen bezala, bidegurutzean gaude”

    Funtsezko zuzenketa bat, Kike Amonarrizen liburua dela eta.

    Euskara ez dago bidegurutzean. Kikek dioena dioela.

    Une eta toki hori aspaldi pasatu genuen. Berrogei urte luze izan ditugu bidegurutze horretaz jabetzeko. Eta orain beste nonbaiten gaude.

    Euskara orain gurutze-bidean dago. Eta euskaldunok ere bai.

    Bai, hala da: EUSKARA GURUTZE-BIDEAN dago, bere bizitzaren unerik larrienetako batean. Heriotza naturalez hiltzeko zorian, euskaldunek berek ere ez baitute buru gaineko ezpata ikusten.

    Askok omen daki hemen euskaraz, baina gero eta hutsalago da, garrantzirik gabekoa, alferrikakoa. Inon ez da premiazkoa.

    Aski zaigu euskaldunoi “en erderaz, mesedez” entzutea, euskara baztertzeko eta gaztelaniaz hasteko.

    Adarra jotzen ari zaizkigu bestelakorik diotenak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu hizkuntza politikaz arduratzen diren agintariak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu EITBkoak.

    Adarra jotzen ari zaizkigu euskaltzale omen diren erdaldun elebakar bokazionalak.

    Eta horretaz ohartzen ez dena ez da ezertaz ohartzen.

    Bidegurutzean bageunde, bide egokia hautatzeko aukera izango genuke oraindik. Baina hemen ez da horrelakorik. Egoera agonikoan gaude.

    Hemen gurutze-bidea da euskara eta euskaldunok egiten ari garen bidea.

    Urkamendira garamatzate eta halere gu, inozo hutsak, itxaropentsu eta irribarrea ezpainetan.

    Beste holokausto bat, modernoa, konstituzionala, demokratikoa, naturala.

    “Gureak egin du” esaldia zorrozteko garaia, beraz.

  • Ados, Meredith.
    Adar-jotzaileen zerrenda zehatza egin duzu.
    Pena bakarra. Izen-abizenekin sinatuta, askoz indar handiagoa izango luke salaketa guztiz zuzen horrek.

  • Ez nator bat Meredithen ezkorkeriarekin, putre beltza dirudi. Salbatore Mitxelenaren oihu urratua ekarri dit gogora esaldi batzuetan: “Gure herriari ADIO dario” (iragan mendeko 40ko hamarkadan idatzia).
    Kaltegarria da frankismo betean bageunde bezala aritzea. Honako burutazioa dakarkit: etxea sutan badago, goazen aldameneko etxe zabalera! Txalupak zulo gehiegi badu, goazen pozik hartuko gaituen barkura!
    Gabezia eta urritasun eta menpekotasun gehiegi baina euskarak bizipoza ere ematen digu eta beste hainbat gauza. Baikorkeriarik gabe, segi!

  • Nik bestela ulertu dut Meredithen mezua, eta erdaldunen foro batean zabalduko ez nukeen bezala, uste dut hau plaza oso egokia dela eztabaida horri heltzeko. Eta ados nago berarekin hein handi batean: “euskara bere bizitzaren unerik larrienetako batean dago. Heriotza “naturalez” hiltzeko zorian, euskaldunek berek ere ez baitute buru gaineko ezpata ikusten”… Eta hortxe dago gakoa. Egoeraren larria baino okerragoa da, euskaldun gehienek, bereziki euskara gutxien erabiltzen dutenek egoeraz duten pertzepzio gozotua.
    Hamarkadak daramatzagu entzuten eta irakurtzen euskara odo doala, gero eta hiztun gehiago dauzkala, eta gure eredua mundura zabaltzeko moduko balentria dela, besteak beste.
    Horrekin batera, esaten zaigu erabiltzea norbanakoon ardura eta borondate kontua besterik ez dela… gezur handia eta oso kaltegarria dena, etsipena eragiten baitu hiztunengan, ez beste ezer, agintarien ardura(gabekeria) urtzen eta besterentzen duen bitartean.
    Benetan uste dut “asko garela” eta ondo goazela eta pixka bat ahaleginduz gero jauzi handia emango dugula esateak ez digula batere laguntzen. Ez baita egia osoa, erdia edo kaurden bat baino. Hori ez da positibo jokatzea, balizko egoera bat irudikatzea baizik.
    Meredithi ulertu diot, berak argituko du nahi badu, egoera latza dela argi eta garbi esan beharra dagoela, baldin eta egoera hori iraularaziko badugu.
    Eta azken hau, nire kolkotik: zenbat “aurreratu” dugun, eta zenbat “eta zenbat” garen, eta interneten 30.ak garela (nahiz erabilera oso urria izan), eta borondatea dela gakoa esatea… hizkuntz politika serio bat exijitu barik , eta agintariei erantzukizunik eskatu gabe aldi berean, edota adierazle objektiboek (euskarazko hedabideen eta ekoizpenen kontsumoa adibidez) ematen dizkiguten datu larriei ezikusiarena eginez, minbiziak jotako gaixoari aspirinak ematea eta horrekin sendatuko dela agintzea bezalako zerbait iruditzen zait. Ez hori bakarrik: euskaldun ez konzientziatuak desmobilizatzeko baino ez du balio.
    Aurrera egiteko, baikorkeria bazterrera utzi behar dugu, bai horixe.

  • Benat Castorene 2020-05-24 10:46

    Errealitate (adibidez euskararena) beraren aurrean euskaldun guziek ez dugu pertzeptzio bera. Pertzeptzioa ez da errealitatearen isla sinple bat. Badu zer ikus gure ideologiarekin (adibidez euskal nazio kontzientzia maila). Pertzepzioa ideologiaren irazkitik iragaiten da.
    Egoera sozio politikoa justifikatu behar edo nahi duenak ezin du baikorkeria bazterrera utzi. Horrengatik eta zorigaitzez ezin dugu denek pertzeptzio bera partekatu eta hori lortzeko ere dena ez da egin ginezakeen konbentzitzeko lan historio.
    Esplizituki ala ez, batzuetan ukatu arren, euskararena beste arazo politiko ugariren artean da gatazkatsuena euskaldun guzientzat, Herriko talde eta partidu guzientzat abertzaletarik has eta espainolista eta frantximantetaraino (ez dut beste hitzik aurkitzen espainolista hitzaren kide) maila guzietatik pasatuz.
    Borroka nazionalean, euskararen alderakoa behar duen tokian ongi pentzatzea etengabeko hausnarketa eta erronka da, beti gaurkotu eta tokika egokitu beharrekoa. Animo denei.

  • Peru_Gabiriko 2020-05-24 20:43

    Beñat,
    gauza bat zuri esateko irrikaz nago aspaldian. Agian (agian ez, ziur nago) zenbaiti fantasia harroa irudituko zaio hemen idaztera noana

    Euskaldunak kulturalki nor bagina Bidasoaz horraindiko euskaldunek guri euskararekin batera frantsesa ekarriko zenigukete (premia ederra daukagu hemengo gehienok, astakirten hutsak baikara guttiz-gehienak), eta guk zuei euskararekin batera gaztelania pasaraziko genizueke.

    Euskaldun guziek hiru hizkuntza izango genituzke, eta hori nire ustez ikaragarri aberatsa litzateke guztiontzat. Geroari begira, gure seme-alabentzat abantaila zoragarri bat

    Mundu mailan zenbat herrialdek lukete halako aberastasunik???

    Ideia honek gure ohiko pentsamendu tribala, bere beldur ataviko eta guzti iraultzea suposatzen du.

    Ez dakit ulertzen didazuen. Beldur naiz ZUZEUko zenbaitek “traidore saldutzat” joko ote nauten….

    Blasphemia, blasphemia…!

    Esan dudan hau utopia bat da, ez da blasfemia bat. Amets eder hau gauzatzeko kulturalki nor izan beharko genuke Bidasoaz bi aldeetako euskaldunok

    Eta… zer nahi duzue? Nik ere argi ikusten dut ez garela…

  • Benat Castorene 2020-05-25 10:24

    Peru, eni ere gustatuko litzaidake alemana eta greko klasikoa ikastea filosofiarentzat bai eta ere hebreera eta aramearra…
    Ez dut uste nehork ez gintuzkeela biok traidore edo blasfematzaletzat hartuko hain gutirako bainan bai ordea pertsona ez biziki kontzekuentetzat ikasten balute euskaltzale izaiteko pretentsio badugula.
    Uzkurtasunak oro bazterturik irudikazazu euskal estatu independente dederal baten hezkuntza ministro zarela ( eta ni ministro ordea zuk pistonaturik) ideia bat iradokiko nizuke : 2 eta 3garren hizkuntzatzat espainola eta inglesa Hegoaldean eta frantsesa eta inglesa iparraldean.
    Horrela lehenik Ipar hego harremanetan euskara nazionalaren erabilera sustengatuko ginuke, gero kanpoko harreman komertzialerako enpresek alde batean ala bestean komertzialak aurki litzazkete, eta, azkenean transizio linguistikoa erraztuko ginezake denentzat.
    Zer iduritzen zaitzu ?

  • Hirugarrena izateko prest estatu konfederal horretan, hezkuntza ministro ordearen hurrengo.

  • Neronek nahiago Beñat eta Patxi Ministro eta ordeko edo alderantziz. Peru atezain, asko jota.
    Euskara elkarren artean ezin “garraiatu” ez Iparraldean ez Hegoaldean, eta inposatzen dizkiguten erdarak “garraiatzen” hasi behar ote dugu mugaz gaindi???
    Hori ez da kulturalki nor izatea, morroietan morroi izatea baizik.

  • Peru_Gabiriko 2020-05-25 19:33

    Bai Jone, aitortzen dizut nire proposamena eidos-aren mundu perfektutik lur honetara ekarri nahi izan dudala. Batzuetan Platonen kobazuloan konfinatuta sentitzen naiz, eta halako beroaldiak izaten ditut. Nire ameskeriak gazta batek baino zulo gehiago ditu. Aitortzen dut.

    Beñaten erantzunari dagokionez, halako zerbait ulertu uste dut, parafrasea eginez: “Atxikizkigun lehenik politikaren giderrak geure eskuan, eta ondoren erabakiko dugu zer eskualde komeni zaigun, aldiaren arabera. Lehena lehenik, beraz. Gerokoak geroko”
    Ez pentsa, hala ere, Beñat horrek ezeren segurtamenik ekarriko digunik. Arazoa (nire ustez) ez baita politikoa (soilik). sakonagoa, edo nahi baduzu, zabalagoa da.

    Euskal Herriko biztanleen ohitura intimoekin du zerikusia. Zuk zein hizkuntzatan egiten duzu amets? Big brother, anai handia, inspektorea atzetik begira ez daukazunean, zein mintzo-modu aukeratzen duzu zeuretzat? Zure pentsamenduei, zeure psikismoak antolatzen eta oratzen dituen barne ikara guztiei zein itxura eman nehi izaten diezu? Hor, hor, hor… lagunak

    Ez dago politikarik (nire ustez) leku horietaraino sar daitekeenik, non eta beldurrez eta bortxaz egiten ez den, inposizio bidez.

    “Qu’est ce que c’est une langue maternelle?” Barbara Cassin frantses akademikoaren hitzaldi ederra gomendatuko nioke gai honetan interesa duen orori.

    Nire uste apalean, hiru hizkuntza hauek, elkarren eskutik joan beharra daukate, onerako, txarrerako, nahi duzuen bezala.

    Zein da gure etsaia? Estatu kolonizatzailea?

  • Peru_Gabiriko 2020-05-25 19:51

    Labur esanez: gure bene-benetako arazoa, gure gabezia, kulturala da. Eta herri honetan dena politikaren bidez konpondu nahi izan da hamarkadetan. Ate guztietako giltza horretan bailegoen…

  • Hau ez da paradisua, Peru.

    Hizkuntza hegemonikoekin nekez joan daiteke eskutik inora, menpean har ditzaketen gainerako hizkuntza guztien irensle huts baitira.

    Glotofagia deitzen zaio horri. Bai, hurrengo berrogeita hamar urtetan munduko ehunka hizkuntza mapatik xahutuko dituen fenomeno demokratikoa.

    Jokoa ez dago, beraz, norbere hizkuntz aniztasuna garatzeko gogo, asmo edota ametsetan, baizik eta hizkuntza bakoitzak irauteko behar dituen gizarte-esparru sinboliko eta praktikoak finkatzean eta gotortzean.

    Erregulartu eta normaldu, hortaz, euskarari eta euskaldunei dagokien espazioa lehendabizi.

    Eta gero gerokoak.

  • Bat nator Meredithekin.
    Hizkuntza eta kultura historia politikotik, politiko-kultural-linguistikotik ezin bereizi. Buruan gutxienez (edo gehienez) bi hizkuntza ditugula ondo landaturik? Noski.
    Demagun, PNVk eta Bilduk erabakitzen dutela Gasteizko Legebiltzarrean etsenplu eman behar dutela -badute garaia etsenplu emateko-, eta hemendik aurrera beren lan-hizkuntza, bai ahozkoa eta bai idatzizkoa euskara izango dela. Orain bereziki gaztelania lantzen duten bezala, euskara gehiago lantzen hasi beharko lukete; berehala ez, baina epe batera posible izango litzateke politikariek beren argot edo jargoi berezia sortzea, eta guk ere hedabideen bitartez eta ikasi ahal izango genuke.
    Gure euskal garunean neurona berriak sortuko lirateke. Eta amets politikoak egitean -zergatik ez!, amets ederragorik badela? Bai noski!-, euskal itzuli jatorrak xuxurlatuko genituzke amets-eldarniotan! Hala bedi, halabiz!

  • Benat Castorene 2020-05-26 11:19

    Peru, iduritzen zait konstatatzen duzula euskararen erabileraren maila ez dela nahikoa kultura hizkuntza izaiteko eta baduzula duda bat izanen ote den sekulan. Hortik datorke beharbada bi edo hiru kulturalismoaren aberastasunerako defentsa.
    Erran nahi nizuke lehenik zure kezkak ez zaizkidala batere arrotz. Zure galderetarik bati erantzuteko bederen erran nezake haurrean pentsatzen eta amesten nuela euskaraz et gero ene ibilbide urruneko eta konplikatuengatik pasatu nintzela frantsera eta euskal herrian sartu naizenetik piskat nahasia dela ene buruan. Alde batetik bizi naiz ingurumen gero ta frantsestuagoan eta bestetik horri ihardokitzeko denbora asko kontsekratzen dut euskaraz irakurtzeari eta idazten entseiatzeari ere. Adibidez lerro kaskar hauek zuri idazterakoan euskaraz pentsatzen dut.
    Jonek, Meredithek eta Patxik erantzun digute parte handi batean.
    Geitu nahi nuke, linguistikoki, izraeldarrak gu baino urrunagotik abiatu zirela eta beren hizkuntza ez dut uste zela gurea baino errazagoa denik. Alta, ez banaiz oker, gaur Knesseten denak hebraeraz aritzen dira. Patxiren iradokizunari pentsatzen dut araiz.
    Aldiz haiek ez dute « big brother »ik buruaren gainean. Hizkuntza ofizial bakarra da hebrearra.
    Badakit lan asko badela euskara kultura hizkuntza bihurtzeko oraindik, espainola era frantsesa pareko, eta baldintza politiko onenak goaitatu gabe hasi behar garela bainan gure aurreko asko jadanik lotu dira lanari eta haien mailara hupatzen entseiatu behar ginuke hasteko bederen.