Euskaraldiaren bitakora – 0, 1 eta 2

Euskaraldiaren bitakora – 0,1 eta 2 –

Euskaraldian egunero idaztea proposatu zidaten Uriolako lagunek eta ezetz erantzun nuen. Patxik inbidia eman dit eta bitakora kaiera idaztera animatu naiz. Hona lehen apunteak:

0. eguna

Gaur da argazki-eguna! Aste zoroa daramagu lanean. Lankideek esaten didate oso zakar nagoela. Ez zaie arrazoirik faltako, baina… Euskaraldia badator! Handia izango da!

Argazkia primeran joan da. Talde handia batu gara eta ez ginen enfokean sartzen! Arrazoia du Gaizkak, beste leku batean eginez gero, iazkoarekin kontrastea nabarmenagoa izango zen. Hurrengorako gordeta!

Dena batu ostean, pote batzuk hartu ditugu Deustun. Txapak nonahi ikusten ziren. Bihar da eguna.

Martxan gaude!

Euskaraldiaren bitakora - 0,1 eta 2

1. Eguna

Txapa asko ikusi ditut kalean. Euskaraldia igartzen da giroan. Supermerkatuan emakume txapadun batek artatu gaitu: bera Ahobizi eta gu Belarriprest. Euskaraz egin dugu. Afarian ‘zakilaprest’ eta ‘alubizi’ argazkiak erakutsi dizkit lagun batek. Gauzak ondo egiten badira, umorea barne, mundu erdaldunengana heltzen dira, Berri Txarrak da adibidea.

Aurten oso ondo antolatu dugu txapa-banaketa. Dinamika, berez, erraza da: partaidea dator, bere izena bilatzen dugu excelean eta txapa ematen diogu (batzuetan biak aldi berean). Txandak izan ditugu egunero eta, estres uneren bat gorabehera, primeran joan dira. Jende asko etortzen ari da. Gaur  3.000 izen-ematearen mugan gaude eta bigarrenez joan gara Ahobizi txapa gehiagoren bila.

Komunikabide eguna ere izan da (aita, ama, telebistan nago!)*. Galdetu didate** zergatik naizen Belarriprest. Nire hizkuntza-ohiturak onak direla eta hamaika egun hauek patxadaz hartu nahi ditudala erantzun diet. Lan karga handia daukat eta ez dut presio gehiago nahi. Iazko irakaspena da.

2. Eguna 

Lasaitasuna nagusi. BMk Euskaraldiarekin bat egin du, baina txaparen arrastorik ez. Langile guztiak erdaldunak izango ote dira?

Eguerdian Bilbiko Biziprest Egunean egon naiz. Oso giro polita. Leku zoragarria da bertoko plaza. Gurea ostegunean izango da, baina ez dut lanari buruz berba egingo asteburuan.

Gaur ere “txapa-ehizan” aritu naiz kalean. Noiz arte izango dut radarra piztuta? Zuei ere gertatzen zaizue?

Oh: 3.000ren langa gainditu dugu! Lan ona, ekipo!


* 1:20:00tik aurrera
** 15:00tik aurrera

Euskaraldiaren bitakora - 0, 1 eta 2

Euskaraldiaren bitakora – 0,1 eta 2
#Ahobizi, #Belarriprest, #BiziprestEguna, 1 eta 2, Bilbo, deustu, Euskaraldiaren bitakora - 0, Uriola
Jon Intxaurraga

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude