Euskaraldia 2020 (VII)

Euskaraldia 2020 (VII) –

Gure lagunaren minbizia larria zen, oinaze latzak zituen. Erradioterapiak ez zion lagundu eta immunoterapiak deus gutxi. Halere, galdetzen genionean ea zer moduz zegoen, “ondo” esaten zigun, bazegoela jende asko bera baino okerrago zegoena. Arrazoi zuen bera baino okerrago zeudenak baziren. Gure laguna udan hil zen.

Euskara UNESCOren sailkapenaren arabera hizkuntza zaurgarria da. Hau da, ez dago hilzorian baina arriskuan dago. UNESCOren irizpideak hizkuntzak sailkatzeko berdinak dira hizkuntza guztietarako, ez dugu uste inolako motiborik euskara modu berezian tratatzeko. Egia da, euskara munduko hizkuntza asko eta asko baino hobeto dagoela, baina horrek ez du esan nahi ondo dagoenik. Euskara hizkuntza gutxitua da eta hizkuntza normalizatua izatetik urrun dago oraindik.

Euskara biziberritzeko garrantzitsua da hizkuntza egoera ahalik eta ondoen ezagutzea. Euskara hizkuntza zaurgarria dela (UNESCO) onartu gabe nekez egin daiteke hizkuntza politika sinesgarria hizkuntza biziberritzeko. Euskararen arazoa ez da euskaldunok, oro har, gutxi erabiltzen dugula; erabilera maila egoeraren arabera itxaro daitekeen bezainbat delako.

Euskara hizkuntza gutxitua da, euskaldunok gutxiengoa gara, gure hiztun elkartea zatikatua eta sakabanatuta dago administrazio-egoera desberdinetan. Euskararen estatus ez da berdina lurralde guztietan; Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan eta Nafarroa Garaiko eremu zabalean ez da hizkuntza ofiziala.

Oraindik orain, badira eremu batzuk non ezinezkoa den euskaraz jardun. Hasi Euskal Herrian dauden Espainiako eta Frantziako estatuetako administrazio guneetan, lantoki gehienetan, osasun-zerbitzu ia guztietan… Hedabideetan aldea izugarria dago euskarazko (Berria, ETB1…) eta erdarazkoen artean. Irakaskuntzan, oraindino, zailtasunak izaten dira euskaraz ikasi ahal izateko, adibidez, Lanbide Heziketan.

https://www.jakin.eus/html/3.0/fileman/Uploads/Egunkaria%20Sortzen%20prentsaurrekoa%201_page-0001.jpg

Horrela jarrai dezakegu, xehe-xehe, hizkuntzen arteko asimetria deskribatzen. Hizkuntzen arteko asimetria, hain zuzen, hizkuntza egoeraren ezaugarria da eta hizkuntza gutxituaren hiztun elkarteak sufritzen duen. Kontua da, nola ikus behar dugu hizkuntza egoera? Agian galderak bestelakoa izan beharko luke. Zertarako daude soziolinguistika, linguistika eta antzerako jakintza-alorrak? Zientziak ez daude hizkuntza egoera bezalako fenomenoak ikertzeko eta zertan diren guri azaltzeko?

Botila erdi betea ala erdi hutsik? Botilak zulorik al du? Barkatu baina hizkuntza egoera ez da botila, ez du haren antzik; botilarena ez da metaforarik egokiena hizkuntza egoera irudikatzeko. Egokiagoa izan zitekeen, kasurako, osmosiaren metafora.

Hizkuntza egoerak, oro har, dinamikoak dira, eraldatzen ari dira etenik gabe. Are dinamikoagoak dira garai digitalotan. Demolinguistikan, hizkuntzen arteko ukipen egoeratan, hiztun elkarteak etengabeko trukean bizi dira. Hizkuntza berrietako hiztunak datoz gurera, euskaldunak badoaz, erdaldunek ikasi egiten dute euskaraz, euskaldun batzuk galdu egiten dute euskara,… Hori horrela da eta, seguru asko, horrela izango da betiko.

Aski aztertuta dago elebitasun egoera edo, hobeto esanda, hizkuntzen arteko ukipen egoera, egoera egongaitza dela. Egoera iragankorra esan genezake. Bai, ondo, baina ekar dezagun berriz lehengo galdera: nola ikusi behar dugu euskaldunok gure hizkuntzaren egoera?

Barkatu, baina, berriro ere, ez dut uste galdera egokia denik. Galdegileek jakin nahi dutena da euskaldunok ezkorrak ala baikorrak garen. A! Ondo. Ba, euskaldunak baikorrak gara. Horren baikorrak non oraindik ere euskaraz ari garen!

Euskaraldia 2020 (VII)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude