Euskaraldia 2020 (IV)

Euskaraldia 2020 (IV) –

Orain dela hogeita hiru urte, 1997 urtean, martxoak 7-8 egunetan Euskararen Unibertsoa JARDUNALDIAK egin ziren Donostian. Bertatik sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua. Hona ekarri ditugu Euskararen Unibertsoa: Pentsabide Nagusiak.

Euskaraldia 2020 (IV)
Arg: NASA (Wikimedia)
  1. Euskararen unibertsoa gara. Euskararen unibertsoa euskaraz egin, berregin eta sozializatzen den kultura eta gizartea da. Azterketa eta lan ildo gehienetan beste unibertso batzuen azpikategoriatzat hartzen gaituzte, gure ikuspegi eta garabideak saihestuz.  Hizkuntza komunitatea da euskararen unibertsoaren ardatza. Euskararen komunitateak bere baitan zebtratu behar du, bere indarrak bildu eta artikulatum izan eta zabalduko bada.
  2. Euskararen komunitatearen kokapena. Denboraren ibilbidean, euskararen komunitatearen oinordeko, parte eta berregile gara. Partaidetza honek iraganaren ilunean galtzen diren belaunaldien esperientzia eta emaitzarekin lotzen gaitu: euskararekin. Bestetik, orain eta hemen, gure lurraldean, munduko giza esperientziaren dibertsitatearen osagai gara. Aniztasun hori baloretzat hartzen dugu. Kulturen arteko harreman eta nahasketak bakoitzaren bizi baldintzetan eta bizinahiaren errespetuan oinarritu behar du. Dibertsitatearen alde, munduko hizkuntzen ahaleginen ildoan, trukaketa eta harremana bultzatu behar dugu.
  3. Euskararen komunitateak badu bizinahia. Euskararen komunitateak badu bizinahia, izaten jarraitzeko borondatea. Bizinahi horren etengabeko birsortzeak ekarri gaitu honaino, eta une historiko zail honetan ere modu askotara agertzen da, gutako bakoitzaren baitan eta gizarteko ahaleginetan.
  4. Garapen oso eta eutsigarria behar dugu. Euskararen unibertsoak garapen oso eta eutsigarriaren bila joan behar du. Horretarako helburu eta mugak zedarritu behar dira, eta merkatuaren konkurrentzia legeak justiziazko eta berdintzaleak izatea lortu.
  5. Hau da gizaldi protagonista. Une honetako euskaldunon belaunaldia oso garrantzitsua da galera prozesua norabidez aldatzeko. Jarrera berriak landu behar dira, euskararen lekukoa daramatenek beren protagonismoa berrituz eta gazte belaunaldietan protagonista berriak sortuz.
  6. Berbazko eta ez-berbazko kultur produkzioak bereizi behar dira. Euskal Herrian hizkuntza unibertso bat baino gehiago dago, bakoitza bere bizi baldintza eta dinamika bereziekin. Kultura, aztertu, landu, babestu eta diruz hornitzeko beharrezkoa da hurrengo kultur parametroetan oinarrituko eremuak bereiztea, berbazko eta ez-berbazko produkzioak bananduz: euskararen kultur produkzioa, gaztelera eta frantsesaren kultur produkzioak, eta ez-berbazko kultur produkzioak. Euskarari bere garabide eta beharren neurrian erantzutea da kultur politikaren zereginik behinena.
  7. Plangintza orokorra osatzeko garaia da. Orain arteko hizkuntza politika eta normalkuntza ekinbidea ez dira behar bezain egokiak izan, ez dira nahikoa izan. Euskararen unibertsoaren garapenerako, normalizazio osorako, bada tresna neharrezko bat: plangintza orokorra. Plangintza horren premia aldarrikatu behar dugu. Gizarte ekimena, eta baita administrazioen hizkuntza eta kultur politikak ere, jardunbide horretan inplikatzea ipartzat izanik, sektorez sektore plangintza formulatzeko eta garatzeko garaia da.

       Euskararen unibertsotik Bai Euskarari!, ondoren 23 urte, bada zer ikasi.

Euskaraldia 2020 (IV)