Euskaraldi iraunkorra

Euskaraldi iraunkorra –

Duela zortzi hilabete egin zen, eta berriz hemendik urte eta erdira egingo da baina hedabideetan egunotan iragarri dutenez, ematen du psikologikoki beti Euskaraldian gaudela, etenik gabeko lerro jarraitu bat dela euskaraz mintzatzeko ariketa hori. Urte eta erdi lehenago iragartzearen asmo ezkutua horixe da, ezta? Beraz, iaz euskaraldiaren aroan sartu ginenetik ez da garaiz kanpokoa euskaraldiaz idaztea edo mintzatzea.

Euskaraldi iraunkorra

Euskaraldiaz goresteko bakarrik idatz dezake euskaltzale batek. Ez da batez ere hankak mugitzeko Korrika bezala -badakit asko gehiago ere badela Euskal Herri guztia ttipi-ttapa korritzea-, edo Kilometroak, Bizkaiko ibilaldia, Araban euskaraz, Nafarroa oinez edo Herri Urrats bezalakoa -horietan ere jende askok egiten du bere ekarpen merezigarria-, baizik eta mingainari eragiteko eta belarria zolitzeko. Euskara-elkarrizketa luzeagoak edo laburragoak, euskara hobexeagoan edo kaxkarxeagoan, batek euskaraz eta besteak erdaraz nahi baduzue, baina Euskal Herria euskal hitzez betetzeko, okupatzeko, gozatzeko ariketa ezberdina, orain arte inoiz ikusi eta entzun gabea. Euskaltzale asko mugiarazten du, ilusionatzen ere, batez ere, ingurune erdaldunetan, euskararen ezagutzan eta erabileran pixkanaka eta neke handiz gora datozen ingurunetan, Arabako lautadan, esaterako; nola jorratu, bada!

Aurrekoan ere bai eta oraingoan ere txapa izango da erdal jendartean euskaldunok eraman beharreko seinalea, elkarren berri izateko. Seinale hori berori da gutxi garela adierazten duen marka, eta gutxi izateaz gainera, erdal gizartean sakabanatuak eta barreiatuak egoki, elkar ezagutzeko edo elkar adoretzeko zerbait behar dugunaren adierazgarri, zeren elkar ezagutzen duten gizon-emakume euskaldunek ez dute seinale edo txapa beharrik elkarrekin euskaraz egiteko. Beraz, txapa hori esanahi-anitzekoa da, gutxienez hiru baditu: 1. Gutxi garela. 2. Elkar ez dugula ezagutzen, eta 3. Ez dugula euskaraz egiten egin dezakegun kasu guztietan. Asko kontsekuenteak ez direlako ere jarri beharra dago txapa hortxe nonbait. Eta puntu honetan sortzen zaizkit niri zalantzak eta galderak.

Zakar planteatuta, euskaldun elebidunok (edo eleaniztunak) ausartak izan behar dugu eta Euskal Herrian nonahi euskaraz egin, Bilboko Licenciado Poza inguruan edo zeinahi auzotan bezala Gasteizko Dato kaleko zeinhai establezimendutan, edota Donostiako Amara Berri-n edo euskalduna topatzeko aukerak murritzak begitantzen zaizkigun leku orotan? Elkarrizketa horien “kalitatea” ikaragarri kaxkarra izanagatik, hots, turista-elkarrizketak izanagatik (imajinatu okindegi bat, arrandegi edo harategi bat…), Lutxo Egia performance famatuan bezalakoak izan behar dugu? Hain gutxi izatera iritsiak al gaude?, eta axola handiagoko galdera: ausartago eta kontsekuenteago jokatzen badugu euskaldun elebidunok, orduan instituzioetako politikari euskaltzale-abertzaleak-eta gehiago inplikatuko dira, serioago hartuko dute euskararena eta euskararen lege zaharkituak euskararen aldera berritzera deliberatuko dira? Ez al zaigu larregi eta sobera eskatzen euskaldunoi? Erdaraz bizi nahi duenak erraztasun gehiago ditu euskaraz bizi nahi dugunok baino, eta kanpaina honek agerian ez bada estalian badu hortik ere, hots, euskara gehiago ez erabiltzearen errua euskaldunoi leporatzearena, politikariei arduragabetzen lagunduz edota arduragabezian goxo jarrai dezaten ahalbidetuz.

Euskaraldiaren bigarren ekinaldi honek norbanakoak ez ezik taldeak, establezimenduak, lantokiak, eta abar adoretu nahi ditu beren euskara-gaitasunen berri ematera, txapen bitartez ariguneak identifikatzera, eta horretaz dudarik ez dut: euskaldunon onerako izango da, euskaraz egiteko aukerak bistaratuko dizkigulako, eta euskaldun guztion txaloak merezi dituzten ahaleginen eragile gertatuko da -bihoaz nire zorion-hitz zintzoenak ahalegintzen diren guztiei-, baina izan litekeen ondoen aterata ere bigarren ekinaldi honek beste asko beharko ditu jarraian, eta, espero dut hein batean balioko duela euskararen unibertsalizaziorako, zeren Euskal Herrian lortzen ez badugu euskara denon ondare komuna izatea, ahalegin hauek guztiak debaldetan izango dira, eta hori Hezkuntzan behar diren baliabideak jarriz egingo da, besteak beste, eta erabilera esparruak indartuz eta bultzatuz, eta goikoek, politikari kargudunek etsenplua eta jarraibidea emanez.

Zenbateraino gerta liteke Euskaraldia bultzada Euskararen Lege aurreratuagoak burutan ateratzeko, eta, zenbateraino politikariak euskararen arduraz axolagabetzeko edo axolagabe jarraitzeko?

Euskaraldi iraunkorra
Euskaraldi iraunkorra
Euskaraldi iraunkorra

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)