EuskarAbenturak sartu-irten azkarra egin du Gipuzkoan eta indartsu iritsi da, bigarrenez, Nafarroara

EuskarAbenturak sartu-irten azkarra egin du Gipuzkoan eta indartsu iritsi da, bigarrenez, Nafarroara –

Zerainera ailegatu ziren uztailaren 14an, eta Tolosan bi egun eman ostean, espedizioa Lesakara iritsi da uztailaren 17an.

  • Uztailaren 14an, Araia – Zerain bitarteko etapa osatuta, Aizkorri-Aratz parke naturaleko bideetan aurrera eta San Adriango koban barrena iritsi ziren espediziokideak Gipuzkoara, Araba atzean utzita.
  • Urtero legez, Zeraingo herritarrek afari eder batekin egin zieten harrera eta, gainera, Ion Maia, Oihane Perea eta Irantzu Idoate bertsolariak ere hurbildu ziren afaria girotzera.
  • Ostiralean (uztailak 15) Zerain atzean utzi eta Tolosara iritsi zen espedizioa. Arratsaldez Kike Amonarrizek hartu zituen Laskorain ikastolan.
  • Uztailaren 16ko atseden-eguna Tolosan pasatu ostean, hilaren 17an Lesakara ailegatu da Oiartzundik igarota.
  • Datozen hiru egunetan Zugarramurdi, Amaiur eta Bidarrai inguruan ibiliko dira, hilaren 20an Baionara heldu arte.

EuskarAbenturak sartu-irten azkarra egin du Gipuzkoan eta indartsu iritsi da, bigarrenez, Nafarroara

 

Uztailak 14: Araia – Zerain

Etapa ederrenetako bat osatuta zeharkatu zuen EuskarAbentura 2022 espedizioak Arabatik Gipuzkoara. Uztailaren 14an, goizeko 05:45ean jaiki eta 7:00tan abiatu ziren jzioquitarrak Araiako frontoitik Aizkorri-Arantz parkeko parajeetarantz; San Adriango pasabide naturalean barrena iritsi ziren Zegamara lehenik, eta Zerainera gero.

Zeraingo frontoia hartu zuten kanpaleku nagusi gisa, eta iluntzean heldu zen eguneko momenturik bereziena. EuskarAbenturaren aurreko edizioetan gertatu bezalaxe, zeraindarrek herri-afari mundiala prestatu zieten espediziokideei, ongietorri gisara: txorizo egosia, entsaladak, Euskaber arrautzekin egindako patata tortillak eta Lumagorri oilasko hegalak. Espedizioak ukitzen duen herri txikienetako bat da Zerain baina, dudarik gabe, jzioquitarrei harrera handi eta beroena egiten diena.

Eta ez hori bakarrik: sorpresa modura, Ion Maia, Oihane Perea eta Irantzu Idoate (aurtengo eskola arteko txapelduna) bertsolariak bertaratu ziren puntuz puntu gaua girotzera. Bota zituzten bertsoetako batzuk, gainera, jzioquitarrek musikatu zituzten triki eta atabal doinuz.

Uztailak 15: Zerain – Tolosa

Zerainen, baina, egun oso bat ere ez zuen egin EuskarAbenturak. Izan ere, arratsaldez heldu eta biharamunean goizean goiz berrekin zioten bideari espediziokideek. 18 kilometro oinez egin zituzten Beasaineraino, eta han trena hartu zuten Tolosara.

Laskorain ikastolako instalazioetan hartu zuten aterpe, eta hain justu ikastetxe horretako areto nagusian jaso zuten Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariaren bisita. Bidelagun leiala da Amonarriz, EuskarAbentura espedizioaren lehen-lehen edizioaz (2018) geroztik ez baitio hutsik egin Tolosako hitzordu horri.

Gaztetxoa zelarik euskal udalekuetan egon zenetik gaur egunera arte Euskal Herriko errealitate soziolinguistikoak nola eraldatu diren kontatu zien Amonarrizek gazteei. Eta azaldu zien euskara bidegurutzean dagoela une honetan: ezagutza asko hazi dela, ez ordea erabilera; eta hain justu EuskarAbenturan parte hartzen ari diren gazteen belaunaldiak baldintzatuko duela gure hizkuntzaren etorkizuna. Zentzu horretan, aurreko jzioquitar labekadei helarazitako mezu berbera transmititu zien aurtengo parte-hartzaileei ere: “Bizi ezazue euskara abentura bat bezala, eta luza ezazue EuskarAbentura hilabete honetatik harago”. Eta gazte bereziak direla ohartarazi zien: “Hemen (EuskarAbenturan) bazaudete, ilusioa eta gogoa duzuelako da, eta hori ez dauka mundu guztiak. Seguru nago hemendik 15 urtera liderrak izango zaretela, nor bere alorrean; ziurrenik euskalgintzan ere bai”. Eta gehitu zuen: “Euskara da azken urteotan biziberritzea lortu duen hizkuntza gutxitu bakarretako bat, eta erantzukizun handia dugu, egoera bertsuan dauden beste herri askok kopiatzen baitituzte guk hemen martxan jartzen ditugun ekimenak”.

Uztailak 16: Atseden eguna Tolosan

Larunbatean, espedizioaren erdia osatuta, merezitako atseden-eguna hartu zuen taldeak Tolosan bertan. Gazteek, gainera, gurasoen bisita jasotzeko aukera izan zuten, eta gorputza ongi luzatzeko yoga tailerra egin zuten arratsaldean.

Nafarroa Garaian indartsu sartu da EuskarAbentura 2022

Gipuzkoa utzi eta Nafarroa Garaian sartu da gaur (uztailak 17), bigarren aldiz, espedizioa (Auritz, Zubiri, Irun?a, Gares eta Lizarra inguruan ibili ziren lehendabiziko astean). Oraingoan Lesakara sartu dira (Oiartzundik), eta bertan emango dute eguna Zugarramurdirantz abiatu arte.

.

Honakoak dira datozen egunetarako aurreikusitako etapak eta hitzordu garrantzitsuenak:

> Uztailak 18: Lesaka – Zugarramurdi, 20km.

* Oinezko etapa bertan behera geratuko da, muturreko tenperatura beroak aurreikusi dituzte eta ariketa fisikoa saihestea erabaki dute EuskarAbentura elkarteko kideek. Horren ordez, goizean Lesakako igerilekuetan freskatuko dira gazteak.

* Arratsaldean (Lesakan):
In?igo Martinez filosofoarekin izango dute saioa, ‘Mandamendu hipermodernoak: egungo inertziak zalantzan jartzen’ liburuaren egilea. Gure aroa bereizten duten ezaugarriak hauteman nahi ditu Martinezek eta, horretarako, inkontzienteki geureganatu ditugun aginduak bilatu eta definitzen ditu: bidaia ezazu, ez egon triste, izan zu zeu, zaindu zaitez, ez hartu maitasun konpromisorik, izan zoriontsu, bilatu berriena… Horrela, 19 mandamenduren zerrenda osatu arte. Garai likidoa, kontsumoaren gizartea, globalizazioa, informazioaren, sarearen edo errendimenduaren jendarteaz ariko zaie EuskarAbenturako espediziokideei.

Arratsaldearen azken partean autobusez lekualdatuko dira Zugarramurdira.

*Gauean:

Helena Xurio-rekin izango dute solasaldia. Zugarramurdiarra da Xurio, eta sorgin-ehiza pairatu zuten arbasoen inguruko egia ezagutzeko beharrak bultzatuta hasi zen irakurtzen, dokumentatzen eta gehiago ezagutzen. Sorginkeriaren eta sorginen mitoaren atzean ezkutaturik geratu den sarraskiaren eta horren helburu politikoen berri eman nahi die gazteei.

> Uztailak 19: Zugarramurdi – Amaiur, 20km.

Amaiurko gazteluaren sitioaren 500. urteurrenean, Asisko Urmenetaren bisita izango dute espediziokideek, gazteluaren hondarretan bertan, gertakari haiek eta idatzi den historia berrikusteko.

> Uztailak 20: Amaiur – Bidarrai , 20km. + trena Baionara.

EuskarAbentura 2022 espedizioa Lapurdira sartuko da asteazkenean.

EuskarAbenturak sartu-irten azkarra egin du Gipuzkoan EuskarAbenturak sartu-irten azkarra egin du Gipuzkoan