Euskarabentura 2020

Euskarabentura 2020 –

2020ko uztailaren 1etik 31ra bitarte, EuskarAbentura oinezko espedizioaren hirugarren ekitaldiak Euskal Herria zeharkatuko du. 2003-2004 urteetan jaioa bazara, euskararen lurraldearen historiaz, gure kulturaz eta natur altxorrez gehiago jakin nahi baduzu, hau da zure abentura! Eman izena!

Euskarabentura 2020

Hitz horiekin aurkezten zaigu ekimen txalogarri hori bere webgune propioan. Eta txalogarri deritzot ekimenari, besteak beste euskarari egiten dion ekarpenaren ikuspuntutik. Nagusiki erdara hutsean funtzionatzen duen gure gizarte honetan, leiho argitsua irekitzen zaio gure hizkuntzari. Ez da hutsala 16-17 urteko 120 bat neska-mutil euskal geografian, kulturan eta historian murgiltzea, abentura kutsua duen euskarazko espedizio horren bitartez. Lagunarteko giroan hilabete bat ondo pasatzea eta, gainera, euskaraz ez da makala!

Abentura hezitzaile horretan euskara hezkuntza sistematik atera eta eremu ludikora igarotzen da. Ehunka kilometro oinez eginda, eguneroko eginkizunetan ardurak hartuz, ibilbide horretan hainbat txoko, elkarte eta ekintza kilikagarri ezagutuz, eta lagun berriak eginez, euskara barru-barruraino sartuko zaie parte hartuko duten neska-mutilei. Bihotzaren erdi-erdian sendo txertatuko zaizkie euskara eta euskararen mundua.

Euskal Herriko zein euskal diasporako gazteei zuzentzen zaie EuskarAbentura, eta espero izatekoa da Arabatik ere multzo politak emango duela izena. Oso pozgarria litzateke hori. Beraz, animo gazte arabarrok EuskarAbentura zain duzue eta!

Euskarabentura 2020

Jubilatua eta zoriontsu! Euskararen soziolinguistikari begira.