Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa

Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa –

Zientziari begiratzen diogu gizakiok gure errealitatea, edozein arlotan, zehatz ezagutu eta arazoei modu eraginkorrean aurre egiteko premia dugunean. Horrela izan da gizateriaren historian, eta horrela izan beharko luke gaur egun. Baina maiz gertatzen da zientziaren aplikazioa eta hortik datozen ondorioak ilundu eta baztertu ere egiten dituztela botere desberdinetatik, beraien komenientziak beste bide batetik doazelakoan. Era horretako kasuetan, zientzia makurrarazi eta, haren ondorio argi eta zehatzen tokian, fabulazio antizientifikoak lehenesten eta inposatzen dizkigute. Bada, horixe ari zaigu gertatzen. Zientzia aplikatuak, hau da, soziolinguistika zientifikoak baieztapen zehatzak eskaintzen dituenean, botere desberdinetatik “soziolinguistika politikoa” delakoa asmatzen dute eta euskararen egoeraz eta etorkizunaz fabulak eskaintzen dizkigute.

Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa

Euskararen Historia liburua argitara eman zuen, duela lau urte, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politika sailak, hainbat adituren lanek osatua eta, beraz, zientziaren eremuan kokatzeko asmoa zuena. Baina ondorioen atalean hau idatzi zuen aditu horietako batek: “Esan daiteke, inoiz ez bezala, oraingo belaunaldien esku dagoela hizkuntzaren etorkizuna: nahi badute, erabiliko dute”. Baieztapen hori erabat faltsua da zientziaren ikuspegitik, Jaurlaritzari mesedegarri bazaio ere, haren Hizkuntza Politikaren emaitzak makilatu eta edertu egiten dituelakoan. Soziolinguistika zientifikoak argi utzi baitu euskararen etorkizuna faktore konplexu eta indartsuen mende dagoela, baina ez, hain zuzen ere, euskal hiztunen esku, besterik gabe. Euskal hiztunok euskara erabili nahi arren, ezin izaten dugu erabili kasu gehienetan, orain eta hemen erabileraren aurkako faktore erabakigarriak daudelako, euskararen erabilera librea trabatzen digutenak.

Nazionalismo linguistiko zapaltzailearen ideologia da ‘elebitasuna‘ deitua, euskara ordezkatzeko amarru hutsa

Baina zein da, bada, euskararen egoera orain eta hemen? Zer dio soziolinguistika zientifikoak? Euskararen estatusa eta erabilera aztertuz, elebitasuna deitzen den estatus arautua fabula hutsa dela, eta ez adierazpen zientifikoa, erdara (izan espainiera, izan frantsesa) eta euskara ez daudelako pareko egoera orekatuan, legez eta erabileraz euskara mende hartzen baitute erdara biek. Derrigorrezko diren bakarrak erdarak baitira Euskal Herrian, eta ez euskara. Nazionalismo linguistiko zapaltzailearen ideologia da elebitasuna deitua, euskara ordezkatzeko amarru hutsa.

Okerrena da, euskal  politikagintzaren  eremuan bertan, ideologia hori bereganatu egin dutela alderdi abertzale deituek, eta “eleaniztasunaz” zein “kultura pluraltasunaz” mintzo dira barra-barra, azterketa zientifikoaren ordez fabulazioa besarkatuz. Bitartean, indarrean den hizkuntza politika autonomiko horrek, “elebitasun” horren bitartez gizarte osoa erdalduntzea errazten du, eta euskaldun sentitzen ez diren belaunaldi berriak elikatzen ditu. Sistema espainiarraren eta frantziarraren mesedetan, espainiera eta frantsesa hizkuntza “natural” bihurtzen ditu gazteen artean.

Zientziak oso bestelako alternatibak markatzen dizkigu. Bizi dugun egoeran irauli egin behar dugu euskararen egoera soziala. Eremu euskaldunetan euskara bihurtu behar dugu hizkuntza nagusi, horretarako behar den guztia eginez. Euskal polisistema nagusi bihurtu, horretarako erdarak desikasi behar baditugu ere. Zientzia euskaldunon alde jarri nahi badugu, behintzat, oso bestelako Hizkuntza Politika zientifikoa behar dugu gurean.

ARGIArentzat egindako kolaborazioa

Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa

10 pentsamendu “Euskara, politika, zientzia eta fabulazioa”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2022-11-08 10:25

    “Hizkuntza bat ez da galtzen…, hizkuntza ordezkatu egiten da”. Argi dago, sekulan ez da hizkuntza bat bera ere galdu, berez, bere kasa, desagertua… beti, beti, beste hizkuntza batek ordezkatzen du. Alderantziz, Euskara berreskuratzeak dakar Gaztelania ordezkatu behar dugula, behar den tokian. Hau hala da, ala ez gara normalizatuko gure hizkuntzan.
    Batzuentzat, ordea, hau ausartegia da… egia gordinari begiratzeko adorerik ez dutenentzat.
    Elebitasuna, zera, politikoki zuzena den aukera bat… haizeak eramanen duena, ez baita inon ere kolektibitate edo komunitate bat elebiduna; gizabanakoak bai, eleaniztunak ere bai, baina komunitaterik ez. Egoera beti diglosikoa izanen da, alor batean zein bestean, eta dinamika -ez egoera…- soziolinguistikoak edo glotopolitikoak alde batera ala bestera eramanen du.

  • Euskara batuak ez daduka ezer normaletik. Izena bera ere barregarria eta batera negargarria da: batua. Zuzendu beharreko akats lazgarria da. Deitura ere sobran daduka: EUSKARA edo EUSKERA aski da, orotariko eta orotarako euskara, alegia.
    Adeitsuki

  • Beñat Castorene 2022-11-08 18:51

    Nola, egiari inportantziari emaiten dion bat ez izan ados teoria soziolinguistiko horrekin?
    Baina praktikan? irakurtzen dut:
    “Eremu euskaldunetan euskara bihurtu behar dugu hizkuntza nagusi, horretarako behar den guztia eginez”
    Madriden eta Pariseren erreakzioa momentuz ahantziz, Askoitin, Lekeition, Urepelen eta horrelako tokietan teknikoki egingarria litzateke. Baina beste toki anitzetan, adibidez, duela 100 urte erabat euskalduna zen Uztaritze herrian bertan nun orain biztanlegoaren erdia zuzen zuzenetik Frantziatik datorren eta nun euskal “lokutoreak” %20 garen gainetik jota eta lokutore hitzaren gainean ez sobera exigentea izanez?
    Honako hau erraiten dut ez arrazoinamendu zientifikoa kontestatzeagatik (ados naiz eta) baizik eta kasu guziak aztertzeko eta eta kasu guzietarako taktika zientifiko apropos bateraino asmatzeko.

  • Karmelo Landa 2022-11-14 19:08

    Mikel, zure iruzkinarekin ados, Historian zehar euskara bere eremu propioetatik egotzi, bota, jaurti egin digute, lekurik gabe utzi, eta orain euskara berreskuratu nahi badugu, gune horiek libratu egin bear ditugu euskararentzat. Gaztelera desikasi. Euskarak bere gune propioak berreskuratu behar ditu eta polisistema propioa antolatuz. Menpe egotetik beregaina izatera eraman behar dugu euskara

  • Karmelo Landa 2022-11-14 19:11

    Josu, Euskara Euskal Herri osoko eta Munduko euskaldun guztientzako hizkuntza izan dadin, ezinbestekoa da euskara literarioa edo batua, komunikazio eredu bateratua. Horrek ez dauka eztabaidarako tarte handirik.

  • Karmelo Landa 2022-11-14 19:21

    Beñat, Soziolinguistika zientifikoak, ez apologetikoak, argitu du dagoeneko euskara Euskal Herri osoan hizkuntza bizi eta errotua izan dadin zer den ezinbestekoa, polisistema propioa osatzea, osagarri guzti guztiak garatuz. Arazoa praktikan kokatzen da nagusiki gaur egun. Euskaldunon komunitateak praktikara begirako erabaki finkoak hartu behar ditugu, tokian tokiko egoera kontsideratuz eta gune bakoitzean ditugun indarren arabera. Baina erabaki praktik argiak eta eraginkorrak, beti ere, ez badugu oraingo maldan behea honetan jarraitu. Arloz arlo eta ginez gune euskara hedatu eta espainiera-fratsesa “desikasi” beharko ditugu. Frantsesa eta espainiera erretiratu eta euskara arlo eta gune horiez jabetu dadin neurri praktikoak hartu.Ez “aldi” baterako (Euskaraldi, Ibilaldi, Loraldi…etabar), baizik eta hemendik aurrera doan betirako.

  • Karmelo,

    Euskara literarioaren barruan deutsat edo deutsot, deraukat edo deraukot, DIOT bezain onak dira.
    Euskara batua euskara arbitrarioki murritza da.
    Guk behar dugu orotariko eta orotarako euskara nazionala.

    Adeitsuki

  • Benat Castorene 2022-11-14 21:55

    Gau on Karmelo
    Polisistima hitz horri zentzu intuitiboa (poli sistema) emaiten diozu? ala kontzeptu landu bat da?

  • Karmelo Landa 2022-11-18 21:53

    Beñat, polisistema kontzeptuaz galdetzen didazu. Kontzeptu landua da, bai, arlo akademikoan kulturaren arloa aztertzeko metodologia zehatza proposatzen duena, bai eta soziologia modernoan , Pierre Bourdieu eta haren jarraitzaileen aldetik. Literaturaren eremua lantzen hasi, eta ondoren kultura sistema osoa kontsideratuz, batetik; bestalde, hizkuntzen eta kulturen arteko interferentziak aztertzeko oso egoki gertatu da. Hortik aurrera urratsak eman ditu nazio berrien sorrera modu konplexuan aztertzeko bidean: nazio-literatura eta historia nazionala; hizkuntza eta kultura sistemen arteko erlazioak, etab. Uste dut gure nazio-egoera eta naziogintza prozesua era konkretu eta zientifikoan aztertzeko egokia gertatzen dela, eta hortik aurrera gure jokabide estrategikoa argitzeko ere bai. Badugu asmoa epe laburrean honen gustieren argitara euskal naziogintzari buruz gogoeta sakonagoa modu kolektiboan garatzeko.

  • Benat Castorene 2022-11-19 17:15

    Karmelo, milesker erantzunik. Bourdieu ez dut ezagutzen entzunez baizik. Interes handirekin aztertuko dut zuen gogoeta lan hori . Espero dut ez dela sobera konplikatua izanen. Bestaldi artio.