Euskara Nafarroa osora heda ezazue, konplexurik gabe

Euskara Nafarroa osora heda ezazue, konplexurik gabe

Nafarroako Gobernuak administrazioan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretua berrituko du, oraindik indarrean baitago euskaldunak bazterkeriara kondenatu zituen erregimenaren dekretua. Baina jatorrizko ajea du “aldaketaren” Gobernuak aurkeztutako dekretu egitasmoak, Vascuencearen Legearen zonifikazioa bere egin duelako. Lege horrek nafarren arteko bereizkeria ezartzen du, eta dekretu egitasmoak berretsi du “eskubide maila desberdineko” nafarrak daudela. Horregatik, Vascuencearen Legea ordezkatu eta zonifikazioa eraitsi gabe, ezin du dekretu honek euskaldunon hizkuntza eskubiderik bermatu administrazioan, Nafarroa osoan eta edozein egoeratan. Hori argi utzita, Kontseiluak bere ekarpena egin du, dekretu egitasmoaren gabeziak osatu nahian. Hemen azalduko dugu, gaingiroki.

Euskara Nafarroa osora heda ezazue, konplexurik gabeHasteko, aipatu behar da dekretua osatzen joan dela, erakundeen eta eragileen ekarpenekin. Bide horretan, Kontseiluak proposatutako zenbait neurri onartu ditu Gobernuak, osorik edo neurri batean, hala nola dekretuaren izenburuan eta testuan Nafarroako berezko hizkuntzen ordez euskara aipatzea, ezarritako helburuen ebaluaziorako bideak ezartzea erakundeen plangintzetan, eremu euskaldunean dauden administrazioetan barne komunikazioak euskara hutsez egin ahal izatea, Zerbitzu Zentralak eremu euskalduneko administrazioekin euskara hutsez aritu ahal izatea, ele biko zirkuituaren definizioa gehitzea, eta irudi korporatiboari dagozkion aspektuetan ere euskararen lehentasuna ezartzea (eremu euskalduneko eta mistoko bide-seinaleetan ezarriko da).

Horiekin batera, azpimarratzekoak dira dekretu egitasmoak jaso dituen hainbat alderdi aurreragarri, hala nola herritarrak euskaraz artatzeko neurriak bultzatzea, Zerbitzu Zentraletan, edo euskara planak egitera derrigortzea eremu diskriminatuetako udalak. Plangintzetan neurriak zehaztean ere, lehentasuna izango dute herritarrei arreta zuzena ematen dieten unitateek eta lanpostuek, eta lanpostu horietan sarbidea oposizio lehiaketaz egiten bada, beste lanpostuek baino balorazio handiagoa izango dute. Gainera, jaso ditu ere euskara hutsezko jarduera baimentzea eremu euskalduneko administrazioei, eta bi eleko jarduera baimentzea eremu diskriminatuetako administrazioei, kasu batzuetan. Horiez gain, zerbitzu publikoen emakidetan hizkuntzagatiko aurreikuspenak egiteko beharra ezartzen du, kontratazio publikoetako hizkuntza irizpideen araudi bat osatzeko aukera zabalduz.

Gabeziei dagokienez, hasteko, argitu beharra dugu Nafarroako Gobernuak ez duela harreman egokirik bideratu euskalgintzarekin, dekretua lantzeko. Lehen zirriborroari ekarpenak egin zizkion euskalgintzak, baina ondotik ez du aukerarik izan. Hiru idazketa izan ditu dekretuak eta, tarte honetan, irabazi baino galdu egin du kalitatea. Besteren artean, dekretuaren helburuetatik kendu dute hizkuntza erabiltzeko irizpideak ezartzea, eginkizun nagusietakoa beharko bazuen ere. Baztertu da ere administrazioen artean lankidetzan aritzea eta koordinatzea, dekretua ezartzeko, eta udalei laguntza emate hutsa bihurtu dute. Era berean, hedabideetan zabaldu bazen ere dekretuak aginduko ziela Zerbitzu Zentralei bermatzea nafar guztiei euskaraz artatuak izateko eskubidea, azken idazketan soilik zehazten da horretarako neurriak hartzera bultzatuko dituela. Bide beretik, herritarrei igorritako komunikazioak ele biz idaztera behartzen bazituen ere zirriborroak, orain aukera gisa uzten die. Baimen huts nola bihurtu diren ikustea ere dezepzioa izan da, dekretuaren zirriborroaren azken idazketan, eremu mistoan beharkizun izan behar zuten neurri batzuk, herritarrekiko harremanetan euskara ziurtatzeko. Gauzak horrela, hizkuntza ofizialtasunaren araubidean bezala praktikan ere ez da alde handirik izango bi eremu diskriminatuen artean, herritarren hizkuntza hautua bermatzea tokian tokiko borondate politikoaren baitan izango baita.

Bestalde, dekretu egitasmoak ez du proaktibotasunik erakusten. Horrela, Zerbitzu Zentralek ele biz erantzungo dituzte interesdunek euskaraz hasitako espedienteak. Era berean, dagokien hizkuntza eskakizuna ez duten pertsonek borondatezkoa izango dute euskarazko prestakuntzan parte hartzea. Ildo horretan, dekretuak ele biko zirkuituak deskribatu baditu ere, ez ditu esleitu, ez du eperik ezarri, ezta horien jardueraren eta eginkizunen zehaztapenik egin ere. Gainera, udalek ez dute nahitaez zehaztu beharko zein lanpostutan den nahitaezkoa euskara ezagutzea. Lanbidean aritzeko euskararen merezimendua zehaztean ere, eskualdekatzearen araberako banaketari eutsi dio dekretu egitasmoak.

Tamalez, dekretu egitasmoak ez die bermerik ekarri, iaz, hizkuntza aukera berdintasuna kalean eskatu zuten milaka nafarrei. Dekretuaren idazketak izan dituen murrizketa kualitatiboek erakusten dute oraindik badirela hainbat konplexu, arduradun politikoen artean, eta erregimenak eragiten jarraitzen duela, euskararen garapenaren aurka. Eskutik dute nafarrei kohesioa eskaintzeko aukera, ez al die aukerak eskuetatik alde egingo!

Euskara Nafarroa osora heda ezazue, konplexurik gabe Euskara Nafarroa osora heda ezazue, konplexurik gabe
Zigor Etxeburua Urbizu (Kontseiluko kidea)

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.