Euskara jarrera kontua da

Euskara jarrera kontua da

Aitortu behar dut inbidiatan nagoela, izan ere, kasik castellanos hitz egin gabe bueltatu naiz Bartzelonatik. Zapalduaren aldeak beti eskaintzen du elkartasunerako tartea. Euskal hiztuna izanda Katalunian katalanez mintzo denari hizkuntzaz aldatzeko eskatu baino nahiago izan dut, tabernan esaterako, ulertu diodan plater bakarra eskatu, edo gustuko ez dudan zerbait jatera arriskatu.

Plazer bat da –nahiz eta komunikazioa zailtzen duen– beste bati bere hizkuntza eskubidea ez Euskara jarrera kontua daurratzea, ez urkatzea. Zenbat hobe gurean ere lehenengo esaldia, beti, euskaraz egingo bagenu. Gero, akaso espainolez errepikatuko diogu ulertu ez badu, baina bigarren esaldia berriro ere geurean.

Izan ere, ez dakit zuei gertatuko ote zaizuen baina ni behinik behin ez naiz pertsona bera euskaraz, gaztelaniaz edota ingelesez hitz egiten dudanean. Pentsatzen dudan hori esatetik gertuen ama hizkuntzan egoten nahiz; hurrengo bietan itzulpen prozesuak daude medio, eta badakigu halakoetan interpretazio ezberdinek esan/izan nahi ez duzun hori esan edo izatera zaramatzatela.

Maiz, komunikazioaren hobe beharraz hizkuntza hautu kontziente bat egin eta euskara baztertzen dut gaztelania lehenesteko (izan zitekeen frantsesa, ingelesa edo beste edozein hizkuntza hegemoniko), baina neure buruaren itzulpenean kateatu eta azkenean modu batera edo bestera traizio egiten diot esan/izan nahi nuen horri. Hizkuntzaz aldatzea ez baita kuleroz aldatzea bezain erraza, nahiz eta, Euskal Herrian maiztasun berberarekin egiten dugun.

Batek baino gehiagok esango du akaso, katalanaren eta euskararen ezaugarriak ez direla berberak. Katalanak castellanoaren sustrai berak izanik errazagoa dela ulertzeko eta abar, eta abar, eta abar. Ados, baina hizkuntzalaritzaz baino jarrera kontuez ari naiz oraingoan. Komunikazioa eraginkor igorleak eta hartzaileak egiten dute eta horretarako bien aldetik behar da jarrera aktiboa, bestela jai dago; eta hori faltan botatzen dut hemen.

Katalanezko txutea hartuta, indartsu etorri naiz bueltan, neure buruari jarrera kontua dela esan eta hangoa hona ekartzea posible dela sinetsita. Baina goizean ogia gazteleraz erosi behar izan dut, castellanos hartu dut Bilborako autobusa eta espainolez egingo ditut arratsaldean masterreko klaseak.

Begi guztiak hara begira ditugu, independentzia bideak deskubritu nahian. Haiek euren eskemak dituzte, euren ezaugarriak, euren mundu ikuskera; guk geureak. Baina jarrerak estrapolatu daitezke, independència independentzia bihurtzeko.

Euskara jarrera kontua da