Euskara gordetzen duten Ahotsak

Euskara gordetzen duten Ahotsak –

Eibarko Markeskua Jauregiko ganbaran gordeta dago Euskal Herriko altxorrik distiratsuenetarikoa. 15 urteetan zehar atalez atal, alez ale eta kontakizunez kontakizun Badihardugu Euskara Elkarteko kideek mimoz osatu eta gorde dutena.

Ahotsak proiektuak egun 30.000 Gb informazio du bere zerbitzarietan. Denera 51082 bideo eta audio, elkarlanean jasoak, Euskal Herriaren tokian tokiko eta garaian garaiko erretratu bat osatzen dutenak.

Lan eskerga horren ondorioa da Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 30ean emango dien Abbadia saria. “Ondo merezitakoa” Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendariak azpimarratu bezala.

Euskara gordetzen duten Ahotsak
Aintzane Agirrebeña, Ahotsak proiektuko kidea

Badihardugu elkartea mende hasierarekin batera sortu zen, Deba Ibarreko euskaldunak ahalduntzeko eta bertako euskara bultzatzeko asmotan. “Hemen konplexu handia izan dugu gure euskararekin, eta belaunaldi batek euskara galdu zuen. Bertako euskara bultzatzeko sortu zen elkartea”. Sortu eta hiru urtera, Aintzane Agirrebeña (Eibar, 1981) filologoa elkartera batu zen une berean, Ahotsak proiektua hasi zuten. “Garai hartan herriz herri zebilen jendea bertako euskara jasotzen, grabazioak egiten-eta. Azkenean liburua kaleratzen zuten eta grabazioak baztertuta geratzen ziren”, dio Agirrebeñak. Grabazio horien bilketa izan zen Ahotsak ekimenaren lehen beharra. “Bertako euskara ezagutzeko zer hobe grabazio horiek nonbait eskegita ipintzea baino”.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Abbadia saria
azaroaren 30ean jasoko du Ahotsak ekimenak

Altxorraren lehen ogerlekoak izan ziren Deba Ibarreko euskararen testigantza haiek. Artean XXI. mendearen lehen hamarkada zen eta leherketa teknologikoak bete-betean harrapatu zuen proiektua: “Teknologia analogikotik digitalera salto eginda, geroz eta errazagoa zen grabazioak egitea, eta irudiak jasotzea”, azaldu du filologoak.

Euskara gordetzen duten Ahotsak
Agirrebeña Markeskua Jauregiko ganbaran

.

Deba Ibarretik Euskal Herri osora

Hastapenean eskualde bateko euskararen bilketa zena, apurka Euskal Herri osora hedatu zen eta horrek dimentsio ikaragarria eman zion proiektuari. “Bergara izan zen lehen herria, baina, beka batzuk medio Gipuzkoa osora zabaldu genuen proiektua” -argitu du Agirrebeñak- “Zarauzko Udalak beka bat atera zuen bertako euskara jasotzeko, Zumaia, Getaria eta Beasain ere segidan etorri ziren”.

«Lanik gogorrena ez da elkarrizketak grabatzea,
berauek gaika banatu eta sailkatzea baino»

Hedapen hori medio metodologia bat finkatu zuten adineko jendea elkarrizketatu, informazioa transkribatu, kodifikatu eta sailkatzeko. “Garai bertsuan, Koldo Zuazok bere unibertsitateko ikasleek dialektologia ikasgairako egindako elkarrizketen zintak eman zizkigun eta horrek eremua Euskal Herri osora zabaldu arazi zigun”, dio.

Euskara gordetzen duten Ahotsak
Ahotsak ekimeneko lantalde osoa.

.

Elkarlana oinarrian

Ahotsak.eus webgunearen baitan berrehundik gora proiektu daude sailkatuta, halako artxiboa osatzea hainbat ekintzaileren elkarlanaren fruitua baita. “Berrehun horietatik 20 edo 25 dira gure ekimenez sortuak. Bergaran lanean hasi ginenetik, lehendik egindako grabazio pila bat sailkatu genituen webgunean”. Bilketa eta sailkatze horren ondorioz, hizkuntzaren belaunaldiz belaunaldiko erretratu bat osatzea lortu dute Badiharduguko kideek.

.

Anizeta Agirrek (1888-1992) auto bat lehenengo aldiz ikusi zuenekoa:

Urteak igaro ahala artxiboak are eta balio handiagoa hartzen du, artelan ederrak edo ardo onak bezala. 1888tik gaurdainoko belaunaldi ororen euskara jasota izateak ematen dio altxorrari duen distira.

.

Antonia Anaut Garde (1888) Zuberoan ikasi zuen gabon kantaz solasean:

.

Eta orain zer?

2009tik 2012ra hitzarmen zuzen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kutxarekin Gipuzkoako testigantzak jasotzeko. “3 urte horietan zehar milaka elkarrizketa egin ziren Gipuzkoako herri guztietan. Presaz jabetzen ginen orduan, jendea hiltzen ari baitzen, eta testigantzak jaso behar genituen”, azaldu du Agirrebeñak. Arduradunaren arabera orain material hori guztia sailkatu landu eta aurkeztea da lana: “Gure lanik gogorrena ez da elkarrizketak grabatzea, berauek lantzea baino. Grabazio guztiak entzun eta 2-3 minutuko pasarteak sortzen ditugu. Gaikako sailkapen bat egiteko”, dio. Lanik gogorrena aurkeztean eta erakusgarri ipintzean datza. “Lan hori ezkutuan geratzen da”.

«Araban 3 herri baino ez ditugu eta planteatu izan dugu gazteleraz ere testigantzak jasotzea»

Garaiak aldatu dira eta gaur egun edonoren esku dago, modu erraz batean, grabaketak egitea. Nahikoa da mugikorra eskura izatea. Aitzitik, grabaketen lana asko apaldu dela azaltzen du filologoak, nahiz eta, urtero jasotzen den “zer edo zer“. “Planteatu izan dugu gaztelaniaz testigantzak jasotzea, Araban bi edo hiru herriko grabaketak bakarrik baitauzkagu. Gainera, ‘Gazte gara gazte’ proiektua sortu genuen baita, beste adin tarte bateko ahotsak jasotzeko”.

Informazio gehiago jasotzea baino, dagoen informazioari erabilera bat ematea da erronka Badihardugu elkartearen aburuz. Ildo horri jarraiki sortu dute Ahotsak Ikasgelan, grabaketak eta testigantzak probestuz ikasgeletarako materiala sortzeko asmotan.

Ahotsak proiektuko beste hainbat ekimen:

101L
Euskal Herrian hitz egiten diren atzerriko hizkuntzak jasotzen dituen webgunea.

Gerrako ahotsak
1936ko gerrako kontakizunak jasotzen dituen webgune tematikoa.

Kanten kantoia
Euskal Herriko kantuen biltegi bat, belaunaldi zaharrenen ahotsetan abestuta.

Euskara gordetzen duten Ahotsak  Euskara gordetzen duten Ahotsak  Euskara gordetzen duten Ahotsak Euskara gordetzen duten Ahotsak Euskara gordetzen duten Ahotsak Euskara gordetzen duten Ahotsak Euskara gordetzen duten Ahotsak  Euskara gordetzen duten Ahotsak

Ekaitza bainuontzi batean