Euskara ezin da zaila izan

Euskara ezin da zaila izan –

Arkaitz Zarraga Azumendik ARGIAn.


Glotodidaktika VII. Topaketa burutu berri dugu UEUren 50. urteurrenaren ingurumarian. Aurrekoa orain dela lau urte egin genuen, Euskaltzaindiak Bilbon duen egoitzan eta erabakiak hartzeko aukera duten arduradun gehiagorekin. Hala ere, oraingoan elkarrekin hausnartzeko aukera gehiago izan ditugu eta emaitza bikaina izan da. Funtsean, VI. eta VII. topaketetan euskaltegiek euskara bidegurutzetik (edo biribilgunetik) ateratzen laguntzeko gakoak mahai gainean jarri ditugula esan dezakegu.

Euskara ezin da zaila izan
Arg: @ueu_orokorra

VI.ean euskaltegien paperaz aritu ginen, eta argazkia ere egin genien. Egituraketa ez dela egokia adierazi zuten euskaltegietako zuzendariek. Gainera, euskara lan-mundura eramaten izan beharko luketen papera eta zenbait plangintza jakinen baitan garatutako ekimen eredugarri batzuk aztertu genituen. Horrez gain, ahozkotasunaren garrantzia eta ezaugarriak aztertu genituen metodologiarekin batera, eta argi geratu zen ahozkoan zentratu behar garela, erabileran eragingo badugu.

“Bada garaia azterketei buelta bat emateko, ezagutzaren bermea lortzeko bide berriak jorratzeko (portfolioa…) eta ikasle tipologia zabalagoetara heltzeko”

Aurtengoa atzera begira hasi dugu. Garai batean burua altxatu eta munduan zeuden puntako joerak geurera egokitzeko ahalegina egin zuten bidegileei gorazarre egin diegu. Besteak beste, Paulo Freire ekarri zuten. Ekarpen hura aztertu dugu eta argi geratu da metodologia komunikatibo haren eta egungoaren artean antzekotasun nabariak daudela eta, beraz, badugula iraganetik ikasteko aukera garbia.

Geuk ere burua altxatzen jarraitu dugu, eta puntako ikerketak eta tresnak ekarri ditugu topaketa hauetara. Hasteko, ‘Euskara’ marka aztertu duten euskal ikerlarien lana aztertu dugu, larritasunez ikusi dugu euskara “zaila” dela uste dutela askok, eta susmoa dugu euskaltegiok badugula errurik horretan. Azterketek erabat baldintzatzen dituzte euskararekiko loturak, baita irakasteko modua ere. Ikasleen ekarpenak ere jaso ditugu eta ondorio argiak irten dira hausnarketatik: bada garaia azterketei buelta bat emateko, ezagutzaren bermea lortzeko bide berriak jorratzeko (portfolioa…) eta ikasle tipologia zabalagoetara heltzeko. Beste hainbat gai tekniko ere landu ditugu, eta argi dago baditugula puntakoak izateko nahikoa ezagutza eta ikertzeko gaitasuna eta gogoa.

UEUko Glotodidaktika Sailean burua altxatzen jarraitzeko asmoa dugu, eta, besteak beste, euskalgintzaren ondoan dauden beste “bazterretatik” ikasten eta ekarpenak jasotzen hasiak gara. Adibidez, material didaktikoak eta jarduera akademikoak kolore askotako betaurrekoekin aztertu behar direla ikusi dugu, eta argi dugu horretan ere euskaltegiak aitzindariak izan behar garela, Freireren “zapalduen pedagogia” gogoan, egungo errealitatera itsatsirik.

Euskara ezin da zaila izan

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Euskara ezin da zaila izan”-ri buruz

  • josu naberan 2022-08-04 18:13

    AEKren “Kulturgintza bidezko Metodologia” ere aurkeztu genuen, horrek Paulo Freirerekin izan zuen harremana, eta gaur egun Euskaltegietan aplikatzeko ahalbideaz hitz egin.

  • R. Alkarterri 2022-08-04 23:33

    Euskaltegien orain-geroa trebakuntzan oinarritu beharra dago, irakaskuntzatik harago.
    «IRAKASKUNTZATIK TREBAKUNTZARA»
    (R. Alkarterri) ?
    https://t.co/rex14a6B6M

  • Atrebentzia ez bada… Berdin dio zein metodologia, azterketa-molde eta abar erabiltzen dugun. Egiturazko baldintzak aldarazten ez baditugu, mixeria kuedatzen ibiliko gara beti euskaltegietan edota ikastetxeetan. Agintari espainia/Frantziazaleek euskarari (euskaldunoi) eraso egiten diote zuzenean Iparraldean, Nafarroan (ZIzurren, abertzaleak ere kopiatzen hasi zaizkie) eta EAEn.
    EAEn, EAJ-PSE koalilzioaren mezu argia jasotzen dugu egunero-egunero EiTBren bitartez, adibidez: “euskara zaborretara. Española da hemen balio duena”, euskararen aldeko ekimen puntualetako argazkietan agertuz euren irudia zuritzeko gero.
    Batzuen eta besteen “elkarlanari” esker, euskararen aldeko motibazioa (egiazkoa, ez imintziozkoa) lurretik dago.
    EHBilduren eta Euskalgintzaren jardunak, hurrengo baterako…
    Baldintza hauetan, euskaltegietako eta ikastetxeetako irakasleen ahaleginari etekina ateratzea oso zaila da.
    Metodologiari arreta gutxixeago eta politikan indar askoz gehiago jarri beharko genukeelakoan nago.

  • Eta esan gabe doa, euskararen “zailtasunari” buruzko aipuak akats potoloa iruditzen zaizkit. Ingelesa, frantsesa, alemana… errazak dira???
    Horien azterketak aldatu beharra dago?
    Pixkanaka-pixkanaka, PSOEtarren propaganda asimilaziozalea irentsiz joan gara, antza.