Euskara eta Rosalia

Euskara eta Rosalia –

Txoli Mateos soziologoak Naiz hedabidean.

Hautu kulturala ez da hil ala biziko arazoa haientzat. Are gehiago, nago euskarazko kulturara hurbiltzen ez diren gazte euskaldunak nekez hurbiltzen direla beste adierazpen kultural askotara.

Euskara eta RosaliaAuzoko batek aitortu zidan etsita zegoela bere alaba nerabearen gustuekin. Lehengo batean Rosaliaren azkenengo abestia noiz agertuko zain egon omen zen esna, desorduetan. Billie Eillishekin batera grabatutako kanta horrek miloi eta erdi ikustaldi izan zituen Youtuben hogeita lau orduan, eta horietako bat nirea izan zen. Baina ni ez naiz gaztea, eta, azkenaldi honetan, euskaltzale askoren ahotan dagoen gaia da gazte euskaldunek ez dutela euskaraz ekoitzitako kulturarik kontsumitzen. Baina belaunaldi kontua al da? Edadeko euskaldunez inguratuta bizi naiz ni eta gutxiengo bat da euskaraz zerbait irakurtzen duena, adibidez. Orduan, kontua ez da gazteak ez direla euskarazko kulturaren kontsumitzaile: zaharrak ere ez. Adinak, ordea, badakar osagai garrantzitsu bat eztabaida honetara: gazteek mundu oso bat dute eskura, nire belaunaldiak izan ez zuena. Askok ingelesa dakite, Interneten bizi dira eta, arlo batzuetan, behintzat, guk baino ezagutza zabalagoa daukate. Orduan, galdera nagusia ondorengoa da: euskarazko produkzioaren bezero izateko, mundutik isolatuta egon behar duzu? Nik ezagutzen ditudan gazteak gai dira egun berean Anari, C. Tangana, Harry Styles, Xsakara, Silvia Perez Cruz eta Izaki Gardenak entzuteko, bata bestearen ostean, hiru hizkuntza eta ez dakit zenbat musika estilo ezberdin nahastuta. Eta hurrengo egunean Harkaitz Canoren “Sisiforen paperak” antzerki lana ikus lezateke edo Netflix-eko “Sex Education” seriarekin maratoia egin, horretarako, beren-beregi, Youtuben aurkitutako ingelesezko errezeta bat kozinatuta. Edo, beharbada, bertso saio batera joan litezke eta Maialen Lujanbiorekin liluratu. Hautu kulturala ez da hil ala biziko arazoa haientzat. Are gehiago esango nuke; nago euskarazko kulturara hurbiltzen ez diren gazte euskaldunak nekez hurbiltzen direla beste adierazpen kultural askotara. Eta hor ez gara hizkuntzaz ari, kultura ohituraz baino. Eta gazteek kultura ohitura zabalak izateak ez du esan nahi euskaratik aldenduko direnik, euskara maitatzera heldu badira. Euskarak eta Rosaliak ez dute zertan bateraezin izan; ez dira, izan ere.

Euskara eta Rosalia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Euskara eta Rosalia”-ri buruz

  • Bai, gurea omen den euskarazko kultura honetan dena da bateragarria.

    Baina bateragarria da baldin eta soil-soilik, zuzen edo zeharka, “del Sur” etortzen bazaigu bateratzen dugun hori. Errealitatea ikusteko moduak, izakera, umorea, telebista-ereduak, mapak…, guztia egiten dugu bateragarri baldin eta Ebrotik behera dagoen horretatik iragazita etortzen bazaigu.

    Lexikoa ere egiten dugu haienarekin bateragarri euskaraz mintzo garenean, gu izatez irekiak eta unibertsalak baikara, espainol unibertsalak.

    Gure mintzaira bera darabilten Ipartar probintzianoekin, berriz, ezer gutxi dugu bateragarri. Ez izateagatik, ez hizkuntza eta ez kultura ere ez dugu bateragarri.

  • Lexikoa ere egiten dugu haienarekin bateragarri euskaraz mintzo garenean.

    Barkatu!

    Lexikoa eta esamoldeak eta hizkuntz makuluak eta… porke, txiko, no me diras ke no es bonito euskaraz hitz egitea madrildar batekin eta ke te entienta todo, berda? Ai, ze guai!