Euskara eta errefuxiatuak

Euskara eta errefuxiatuak

Badira aste pare bat lehen hiru errefuxiatuak Bilbora iritsi zirela. Calais-en ziren beste berrogeita hamar lagun inguru ere ailegatu dira Baigorrira.

Euskara eta errefuxiatuakInora iritsitakoan, bertara egokitzen saiatzeko ahalegina egiten du pertsonak, zailtasunak zailtasun, bertan epe luze bat egon behar badu. Hor sartzen da hizkuntza ere, noski. Norvegiara doanak norvegiera ikasten du, baita Islandiara doanak islandiera ere, aski hizkuntza txikia izan arren. Bistan da islandiera jakitea beste edozein hizkuntza jakitea bezain garrantzitsua eta aberasgarria dela. Besterik ezean, herrialde bateko kultura eta bizimodua ikasteko tresna da. Baina egia da halaber Islandiarekiko lotura berezirik izan ezean islandiera ikastea ez dela lehentasun munduan ia inorentzat. Berdin gainontzeko hizkuntza guztiekin, hizkuntza handienak kenduta. Eta hala ere, Norvegiara doanak norvegiera, Islandiara joanak islandiera edo Estonian bizi denak estoniera ikasten dute.

Gurera datorrenak, pentsatzekoa da besteen pareko prestutasuna daukala iritsi diren lekuko hizkuntza ikasteko, hurrengo urteak emango dituen txokoan ahal bezain ondo bizitzeko beharrezko diren hizkuntza eta ezaugarriak ikasteko. Baina inork ez du euskara ikasten Euskal Herrira datorrenean. Ez du beharrezko. Etorri berri direnen artean, kopuru txiki batek ekiten dio euskara ikasteari, egia da; beti ere “gure” erdara baino maila kaskarragoa lortzeko eta oso gutxitan irisiten dira solasaldi bat izateko mailara. Salbuespenak badaude, noski, ia beti haurtzaroan etorri zirenak (gurasoek “ekarri zituztenak”, zehazki), edo espainolean ondo murgildu ostean euskararekiko konpromisoa hartzen duen gutxiengo hori (ze ederra Ondarroako bideoa). Hizkuntza gutxitu bati dagokiona, alegia, inolaz ere ez normalizatuta dagoen edo bide horretan den hizkuntza bati.

Euskara normalizatzea horixe litzateke, Euskal Herrira datorrenari harrera egiten dioten lehen bulegoan esatea hemen euskaraz egiten dela, eta non eta nola ikasi euskaraz eta hori guztia. CEAReko arduradunak argi adierazi zuen Bilbora iritsi diren hiru errefuxiatuek zer egingo duten datozen aste eta hiletan, bizileku berrira egokitzeko:

Ez gaitezen espantuka hasi eskandalizatuta, otoi, denok dakigu horrela dela. Eta ez dut inongo asmorik CEAR egurtzeko, ondo dakit zer nolako lana egiten duten milaka lagunekin, gehien behar duten une horretan, ezagutzen ez duten hiri batera iritsi berritan. Euskaltzale bezala, bistan da kontraesana, nabarmena da euskararik irakatsi ez eta espainiera irakastera bideratzen duen erakundea dela. Hau da, 100 herritarretatik 98k espainola baldin badakite, horietako 40k euskara eta espainola, eta 2 herritar eritrear badituzu ez bata ez bestea ez dakitenak, euskararentzat hartu ordez espainierari ematen dizkiozun herritar berriak dira. Baina badakigu: espainiera irakastean errefuxiatuen alde egiten duzu, eta euskara irakastean euskararen alde. Eta errefuxituak dira lehentasun, haien oinarrizko premiak ase behar dira.

Guk geuk barneratuta daukagun kontraesana da. Ezin dugulako irudikatu herritar berriak euskara ikasten, herri normala bagina bezala, espainieraren beharrik gabe, eta amharera eta euskara edo arabiera eta euskara dakiten herritarrak izatea, espainieraren zirkuitutik kanpo. Normalizazioak euskarak zirkuitu oso eta propioa izatea dakar, baina inor ez dago horretarako prest egiaz, bere telebista, antzoki eta aisialdiko esparruetaraino iritsita.

Urrundu naiz, baina. Lehen ere idatzi nuen honi buruz, UEMAk ere egin du aldarrikapenik, baina badakigu euskararen lekua gero datorrela. Errefuxiatuen lehentasunak bete eta gero. Eta lehentasunak espainolez betetzen dira. Migratzaileekin lan egiten dutenei nahi zaiena leporatuko zaie, baina euskaltzaleak etxean begiratu beharko du zerk egiten duen kale. Zergatik euskara ez den normaltzeko esparruotan murgiltzen edo, are gehiago, murgiltzen denean zergatik onartzen duen berak ere salbuespen-klausula. Edozer ikasteko prest datozen horiei guk geuk uzten baitiegu argi hasieratik espainiera dutela hemen beharrezko; behin hori eginda, tira, detaile polita litzatekeela euskaraz ikastea. “Euskal Herrian oso gustura dagoela dio, eta hitzen bat edo beste esan du euskaraz” irakurri genuen BERRIAn, eta pentsa liteke bisitan etorri zen norbaiti buruz ziharduela, baina ez, Hernanin bizi den saharar batez ari zen. Parisen balego elkarrizketa frantsesez egingo litzateke, baina gurean “hitzen bat euskaraz” esateak eskertzeko motibo dirudi.

Berriz ere, eta azkenez, ez dezagun jo-muga erratu: herrialde berri batera doana beti dago prest bertako hizkuntza ikasteko, arazoa ez dago gurera datozenengan. Eta haiei harrera egiten dieten elkarteak kritikatzea ere errazegia da; nik ere nahiko nuke euskaraz izatea harrera, baina ez da eta kito. Salbuespenak salbuespen, eskualde euskaldunetara iritsitako bosniar helduak ez ziren euskaldundu, Urola aldeko pakistandar guztiek dakite halamoduzko espainola, eta gero, beti gero, euskaraz saiatzen dira batzuk. Doi-doi lanerako beharrezko esaldiak dakizkiten kebapetan, txinatar jatetxe eta dendetan, espainolez egiten diegu, haien hizkuntza jakin ez eta gurea haiekin egitea erridikulua balitz legez. Hizkuntza ikasteko borondate handiena duten pertsonen artean hain gutxik ikasten badute euskara, euskaltzaleok badugu zer hausnartu. Ez ote dugun, edozein migratzailerekin daukagun harreman apurretan, behin eta berriz markatzen espainola dela lingua franca eta euskara, bertako natibook bertakoon artean egiteko hizkuntza, haiek eskueran ere ez daukaten berbeta arrotz eta iluna. Badakit minorizazio prozesu luze bat dagoela horren guztiaren atzean, baina gaur egun, klase ertain euskaldunak lanean daukan migratzaileari ukatzen dion hizkuntza ere bada.

Kanadak milaka errefuxiatu hartuko dituela iragarri berri du. Urtez urtez herritar berri gehien hartzen dituen herrialdeetako bat da Kanada. Badaki lurralde zabalean oraindik biztanleria hazteko neurrietako bat migrazioan dagoela, eta horretarako oso lan interesgarriak egin ditu. Baten batek agian gurean ere pentsatu ahalko luke horrelakorik, euskarak ere irabaz ditzakeela hiztun berriak migraziotik, bertan jaiotako elebakarren artean honezkero euskalduntzeko borondate apala ikusita. Horretarako berariazko politikak egin, iragarri gurean euskara ikasita herritartasunerako eta Europako txoko honetan errotzeko erraztasunak daudela, nik zer dakit.

Euskaltzaleok egin beharko dugu hausnarketa. Munduko gauza normalena baita iritsi berri denak bertako hizkuntza ikasteko grina izatea. Eta grina berarekin datoz hona. Baina guk espainola/frantsesa ematen diegu.

15 pentsamendu “Euskara eta errefuxiatuak”-ri buruz

  • Atzerritarrak euskalduntzea primerakoa da. Ezinbestekoa eta eskertzekoa. Baina izan gaitezen errealistak: artikuluak dioen bezala atzerritarrren % oso txikiak ikasten du eta are gutxiago hitz egin.

    Guri ingelesa irakatsi ondoren, guk ingelesez egiten al dugu lagunekin? Ba… EZ.

    Gune ez euskaldunetan daudenak (hau da gehiengoak), euskara euren lehentasunen artean azkena dago. Ez dezagun gure burua engainatu. Izan dezagun ikuspegi orokorra. Euskara ikastea ez da nahikoa. Berau maite ez baduzu, ez duzu zure bizitzan txertatuko. Bitxia dirudi, baina zenbat eta abertzaleago, orduan eta pro-immigrazioago. Ez dauka ez hanka ez buru. Immigrazioa bai, baina ez masiboa. Mugatua eta euskaldundua soilik.
    https://stopimmigrazioa.wordpress.com/

    • Justu kontrakoa da eman gura dudan mezua. Migratzaileak Norvegian norvegiera eta Estonian estoniera ikasten badu, eta Euskal Herrian euskara ez, seinale geu garela zerbait txarto egiten ari garenak. Hizkuntza maitatzearena pitokeria bat da, komunikatzeko beharrez ikasten dute norvegiera, estoniera edo islandiera, bizi diren lekuan txertatzeko. Gurean leku hori espainolak eta frantsesak hartzen dute, eta ez euskarak. Baina argi izan, Europan hizkuntzak ikasteko inor badago prest, migratzailea da pertsona hori. Euskal Herriko elebakar gehienek baino askoz borondate handiagoa dakarte. Baina gurera iritsitakoan berehala uzten diegu argi hemen zertarako balio duen euskarak, eta zein den benetan balio duen hizkuntza.

      Are gehiago, Kanadak edo bere garaian Estatu Batuek egin bezala, migrazioa izan liteke euskaldunak irabazteko bide bat, berariazko politika bat balego -eta hori garatzeko subiranotasun politikoa, bistan da-. Zuk bermatu euskaldun orok euskal herritar izateko eskubidea duela, hau da, euskara ikasita Europako herritar izateko eskubidea lortzen duzula, eta egon ziur bertako elebakar gehienek baino borondate handiagoa adieraziko dizutela.

  • «Europan hizkuntzak ikasteko inor badago prest, migratzailea da pertsona hori».

    Egia biribila. Nik neuk (migratzaileen semea, bidenabar) hasiberrientzako doako euskara eskolak ematen ditut EHko hiriburu batean eta 20 ikasletik 1 baino ez da bertakoa. Beste guztiak migratzaileak.

  • Aupa, Urtzi
    Ados nago ia guztiarekin. Argi dut eurak ere badirela gure etorkizuna. Hainbat eskolatan konturatu dira kanpotik etorritako umeek (ez badira Hego Amerikakoak) euren hizkuntza eguiten dutela. Baina elkartzen badira, jo dezagun, marokiar bat eta txinatar bat, euskaraz egiten dutela. Autoktono batekin, ordea, beti gaztelaniaz!
    Honetaz gain, pare bat kontu ere aipatu nahi nituzke. Batetik ez ote dugun kanpotik datozenenganjartzen larregi lupa, gure herrikide erdaldun elebakarrekin konparatuta.
    Bestetik, ados nago txip aldaketa behar dugula euskaldunok, eta beste itxura batekoekin euskaraz egin. Nik sorpresa politak hartu ditut. Gutxi, baina ederrak.
    Eta azkenik, euskalduntzeak duen prezioarekin justu eurendako ezinezkoa euskaltegian apuntatzea! Hori denondako aldatu beharko lizatekeen zerbait da!
    Behingoagatik ados egongo gara! 😉
    Ondo izan!

    • Ez gezurrik esan: “Baina elkartzen badira, jo dezagun, marokiar bat eta txinatar bat, euskaraz egiten dutela.”. Desirak eta errealitatea bereizten ikasi eta ez pentsatu gainontzekook mito hauek sinetsiko ditugunik.

      • Bete-betean asmatu duzu Irati.

        Uste dut Leire Narbaizak bere euskal-burbuilatik atera behar duela.
        Atzo Durangon ikusi nituen etorkinei ez nien euskaraz batere entzun. Ta larriena, gure gazte autoktono askori ere ez.

        Euskal Herria amildegirantz doa, batetik erdararen indarrari ezin eutsirik (komunikabideetan argi ikusten da) eta bestetik immigrante uholde espainolizatu berria ezin euskaldundurik (bai, zati batek D ereduan ikasten du, %20 edo, baina horrek ez du esan nahi hitz egingo dutenik eta are gutxiago gure hizkuntzaren alde borrokatuko dutenik edo sikiera ETB1 edo HAMAIKA ikusiko dutenik).

        Ze nazka, hainbeste urtez ezker abertzalearen alde eta orain ezker abertzalea bera da orain EHa akabatzeko lan egiten dabilena (ez nahita, baina bai pentsaera itsu eta oker baten eraginez).

  • Guztiz ados, Leire. Badu hipokrisia puntu ageriko bat jarrerak, kanpokoei etxekoei baino gehiago eskatzea, alegia. Baina zuk jakingo duzu beste inork baino hobeto zein den Euskal Herriko elebakar heldu gehienen jarrera. Euskaldundu gura zuten gehienak euskaldundu ziren. Beste milaka daude hor, baina badakigu horietako gehienak sekula ez direla euskaldunduko. Bizimodu berri baten bila datorrenak bestelako jarrera bat dauka, ordea, eta ez gara ari aukera hori baliatzen. Etxekoek ez daukaten prestutasuna dakarte.

    Kontraesanaren adibidea, hipotesi baten: EH bihar independente bihurtuz gero, egun herritar diren guztiak, euskaldun zein erdaldun, automatikoki errepublikako herritar bihurtuko lirateke. Hala gertatzen da sezesio guztietan. Baina aurrerantzean herritartasuna eskatzen dutenei, hizkuntza-eskakizuna jar diezaiekezu, Espainiak zein Frantziak egiten duten legez. Gure bost urteko alabarekin Alemaniara bizitzera joango bagina, eta 15 urterekin espainolik ez dakiela itzuli, espainol herritartasunari eutsiko lioke. Baina aleman batek espainol nazionalitatea eskatu nahi badu, espainieraz dakiela erakutsi behar du.

    • “Kanpokoei etxekoei baino gehiago” = “Español eta frantsesei gainontzekoei baino gehiago”.
      Beraz “Etxekoak” = “Español eta frantsesak”. Zer gertatu da ezker abertzalearekin?

  • Peru Dulantz 2015-12-02 07:23

    Gaur gauean oso erreportaje polita omen dago ETBn gai hori buruz.

  • ganbaratxotik 2015-12-13 18:00

    Zelan interpretatzen duzue honakoa?

    Joan naiz nere udaleko harrera zerbitzura eta txandako papeltxoa jaso dut. Nere aurretik 12 bat lagun zain,erdiak migranteak besteak “bertakoak”. Harrera egiten 3 langile bakoitza bere lehiatilatxoan.

    Nik belarriak erne, bertakoetatik %100ak euskeraz egin du bere eskakizuna udal langilearen aurrean. Batzuei bere zailtasuntxoa nabaritu diet. Kanpotarrek, denek espainolez. Hauei ere zailtasuntxoa beraien asmoak adierazteko.

    Gure herriko euskeraren ezagutza %50 eta erabilpena inkesten erabera %15 ingurukoa ei da.

    Nik badut nere hipotesia bertakoen euskeraren aldeko batbateko hautu unanimea esplikatzeko. Zein da zuena?

    • Hiltzen Hil 2015-12-13 18:42

      Esan nahi duzu bertakoek euskaraz egin dutela kanpotarrengandik ezberdintzeko borondateagatik? Hau da, kanpotar ugariren presentziak nolabaiteko sen tribal bat piztu duela bertakoongan? Baliteke, edo agian erabili dute kanpotarrei adierazteko, zeharka bada ere, badela gazteleraz gain beste hizkuntza bat ere lur hauetan. Dena dela, jarrera deitoragarria iruditzen zaizu ezberdindu nahi izan hori?

      • Ganbaratxotik 2015-12-14 17:53

        Ez, ez doa hortik nere esplikazioa horrelako paradoxaren aurrean, baina ez dudanez erabat argi nahiago dut beste iritzi batzuk jakin, ze oso gauza harrigarria egin zitzaidan. Izan ere “bertako” horien erdia estatistikoki ia ziurra da lehenagoko migrante edo haien seme-alabak izango ziren. Eta errepikatuko dut: Euskeraz aritu ziren baina nabarmena zen kasuren baten gazteleraz erosoago jardungo zela, alegia ahalegin berezia egiten ari zela eta zailtasunak zituela.

        • Hiltzen Hil 2015-12-15 10:01

          Diozun bezalakoa bada, hona hemen interpretazio posible bat:

          Nortasun indartsu batekin datozen kanpotar horiek (Komunitate islamiarrak, txinatar diaspora edo ijito errumaniarrak, kasu) ez dute euskal gizartearen barnean integratzeko beharrik izaten normalean, horiek badutelako euren tradizio,klan, familia, komunitate, eta “mikro-gizarte” propioa, eta horren parte sentitzeak asetu egiten du erdigune erreferentzial baten beharra, hots, barne-lasaitasuna eta segurtasuna emango diena.

          Badira, ordea, merkantilismoaren, kapitalismoaren eta industrializazioaren seme diren masa indeterminatuak, hau da, munduko pariak (proletarios del mundo). Hauek ez dira aurreko etorkinak bezala, izan ere, aspaldi galdu baitzuten euren erreferente kolektibo naturalarekiko identifikazioa, euren aiton-amonek nekazal-mundua utzi eta hirira emigratu zutenean. Ez dira hangoak ezta guztiz hemengoak ere. Ez dira erabat euskaldunak baina jada ezta galiziarrak, extremeñoak edo andaluzak.

          Sustrai eta nortasun irmorik gabeko masa herrigabe eta mestizoen artean izan ohi da identidade behar bat talde zehatz baten eta destino garrantzitsu baten parte sentitzeko. Horren adibide: jatorri etorkineko langile-auzoetako gazteengan handiagoa da tribu urbanoen (punkiak, kinkiak, raperoak, heaviak…), pandilleroen eta baita aktibismo politikoaren maila eta aniztasuna. Nahikoa da halako auzoetara jutea hori horrela dela ikusteko. Era berean, tankerako masa indeterminatu baten parte sentitzeak ematen duen hersturatik atera nahiean, jende asko saihatu egiten da klase sozialean gora egiten, parietatik ezberdindu eta beste talde dotoreago baten parte izateko, hau da, burgesen klub eta taldeetan sartzeko. Beste batzuk, ordea, komunitate autoktonoaren zeinu eta sinboloak bere egiten dituzte, eta, horrela, ikus ditzakegu katalan etnikoak baino independentistagoak diren txarnegoak, edo estetika hiper-euskaldunaz janzten diren barakaldotar maketoak.

          Identidade ezak eragiten duen krisi existentzial hori ez da langile-masa zehaztugabean soilik gauzatzen, baina bai da nabariagoa. Agian indeterminazio horretatik ezberdindu nahi izate horretan datza zuk aipatu duzun kasuaren azalpena, hau da, labealdi berriko etorkinengandik ezberdindu nahi izate hori, nork daki.

  • Ganbaratxotik 2015-12-15 19:04

    Estimauta dago benetan zure ahalegina. Baliteke hori izatea portaera horren zergatietako bat baina hona beste adibide bat nere kezkaren nondik norakoak azaltzeko: gure herriko DBHko bi ikastetxe batzeko asmoaren zurrumurrua zabaltzen ari da. Batean etorkinak pilatzen dira eta ondorioz integrazio arazoak dituzte. Bestean ikastolako haurrak biltzen dira batez ere. Bigarren honetan bi zentroak elkartzearen aurkako jarrera indartsua artikulatzen ari da.
    Nere intuizioak esaten dit gurean inoiz baino euskaltzale gehiago azalduko direla bazterretan. Bat batean euskareran erabilpena gurasoen artean igo egingo dela zenbait plazatan.
    Egia esango dizuet, ni deseroso sentitzen naiz halakoetan (udaleko harreran lez). Zerbaitek krak egiten dit. Ez al da “euskeraren arriskua” aitzaki modura erabiltzea desberdin den horrekiko “distantziak” mantentzeko? Ez al da bide motza? Ez al dugu euskaltzaleok jarrera ausartagoa eduki behar egoerari aurre egiteko? Nago, Beldurra bidelagun oso txarra dala. Gure buruarekin konfidantza gehiago izan eta iniziatiba har dezagun behingoz. Estrategia eraginkorra zehaztu eta denok batera bultza, adostutako helburuak lortzeko, tartean etorkinak euskalduntzeko. Eta horretarako ezinbestean adostutakoa Estatu egitura (hizkuntzaren derrigortasuna) bada, ba zuzen horren bila. Horra nere proposamena.

  • Kanpokoak oso adi egoten dira heltzen diren tokikoa hartzeko, oso praktikoak dira, eta gerorrek / geure gizarteak proiektatzen duena harrapatzen dute. Alde horretatik, nik bizitako kasu etsigarrienak beti hemengo jendearena da. Poker aurpegia jartzen dizutenena, kultura nagusiaren bitartez euskararekiko intrantsigentzia / intolerantzia jaso dutenena, eta ez da ezagutza / ez-ezagutza kontua, jarrera baizik, elebitasunaren kontrakoa.

    Azkena Donostiako Afede dendan izan zen. Denak hemen hezitako neskak (ikastetxea, colegio frances, dena delakoa), baten batek hitz batzuek bazekizkien euskaraz, baina ordaintzeko orduan euskaraz galdera sinple bat egin, eta siberiarra izan banintz berdin erantzungo zidan, poker, eta berdin-berdin gaztelaniaz jarraitu. Planto egiten ikasi behar dugu, argi dago, flandestarrek egiten dutenaren antzeko zerbait.