Euskara eta borondatea

Euskara eta borondatea –

Markos Zapiainek bere blogean.

Euskara eta borondateaAzkeneko ikasturteotan, Bigarren Hezkuntzan suspentso mordoa atera, errepikatu edo beste ikastetxe batera alde egin behar izan duten ikasleen artean, guzti-guztiei, ehuneko ehun, bai Bermeon eta bai Bilbon, oinarri linguistiko sendo baten faltagatik gertatu zaie.

Eta ikasle, irakasle eta guraso askori entzuten diegu, nota txar horiek zuritzeko, euskara ez dutela ama hizkuntza eta ez direla inguru euskaldun batean bizi. Eragozpen hori garrantzitsua izan daiteke, baina ez erabakigarria. Batez ere, alabari egundoko arazo psikolinguistikoak eragiten dizkioten gurasoen ahotik entzunda, euskara behar bezala menperatu gabe ingeleseko eta txinerako partikularretara bidaltzen baitute.

EAEko ikastetxeetan txorakeria ugari egiten da, eta ez da txikiena euskara kili-kolo dabilen D ereduko ikastetxeetan sekulako programa eleaniztun distiratsuak ezartzea, gurasoak, matrikulazioak eta prestigioa erakartzeko, omen. Munduko gauzarik nazkagarrienen artean dago, inolaz ere, tankera horretako prestigioa, ez baita itxurakeria baizik.

Harira: familia hizkuntza eta ingurua baino garrantzitsuagoa da erabakimena, borondatea eta lana.

Urteak joan urteak etorri, hainbat adibideren lekuko izan naiz. Ikusgarriena, apika, Bermeora bederatzi urte zituela etorritako errumaniarrarena, ez zekiena ez euskaraz ez gaztelaniaz, eta DBHko hirugarren mailan, Euskaran, Institutu osoko notarik onena atera zuena. Hamar atera zuen, halaber, Selektibitatean, beste bi herrikidek bezalaxe. Familia pobrekoak, ondo zuten etxean ikasia aurrera ateratzeko zer egin behar den: lan eta lan. Euskaran buru-belarri murgiltzeko deliberamenduaz gain, buru argitasunak ere lagundu zien, hori ere egia da.

Bien bitartean, hemen jaiotako jendea, euskaraz ikasteko sekulako aukerak izan dituena, egunean bospasei ordu telebista espainolaren aurrean, “La isla de las tentaciones”, “Sálvame”, “Al rojo vivo”… Eta behin eta berriro “es que yo no tuve la suerte de ir a la ikastola”… “Es que el euskara no es mi lengua materna”…

Venga ya, no cuela. Gizaki guztiok dugu borondatea eta lan egiteko ahalmena, eta borondate eta lan egiteko ahalmen horiek nora bideratu eta zertan baliatu erabakitzeko askatasuna. Ez beti eta ez erabatekoa, konforme. Baina gaur egun Euskal Herrian euskara aukeratzea edo baztertzea norberaren erantzukizuna da.

Kexu eta aiene horiek, ordea, errua beti gurasoena, haurtzaroarena… utikan, alferrontzi!

Euskara eta borondatea

9 pentsamendu “Euskara eta borondatea”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2021-11-08 11:59

    Guztiz ados!!

  • josu naberan 2021-11-08 18:28

    Bertoko euskal nerabeen motibazio faltaren zergatiaz sakondu beharra dago. Norbere borondatea bai dela garrantzitsua, noski. Baina eta INGURUA?
    Zergatik ez dago INGURUAREN MOTIBAZIORIK nerabe EUSKALDUN horientzat?
    Zergatik jotzen dute TBko erdal edukietara?
    Zergatik ez ditu erakartzen eskolako EUSKERA kurrikulumak? Akaso euskera “a palo seco” ematen dielako goitiko PROGRAMAZIOAK? Kulturaren mamirik gabeko euskera derrigorrez gainditu beharrekoa?

    Beraz, erantzun gutxi daukat, baina galdera asko,

  • Mikel Haranburu 2021-11-08 19:39

    Josu, nik nire erantzuna emanen dizut; arrazoia duzu goitik behera esaten duzunean kultura bat doala hizkuntzarekin batean. Ez daiteke Euskara ikasi kultura (zibilizazio?) aldi berean jaso gabe, edo alferrikakoa izanen da transmisioari begira. Atzerritar batek Euskara ikas dezake, erabilera instrumental baterako, nola guk Ingelesa edo Bretoiera.
    Eta arrazoi osoa duzu ingurua aipatzen duzunean. Nik sarritan pentsatzen dut ikastoletan eta eskoletan motibazioa gurasoena dela, eta ezagutza ikasleena. Txepetxen teoriak eskatzen du biak (eta erabilpena, jakina) norberarengan ematea.
    Baina uste dut euskal eskolen arazo handiena horixe dela. Are gehiago, motibazio eskasa izan da kulturari begira, gure herrian kanpokoari begira jarri eta etxekoari muzin egiteko ohitura petrala dugulako.
    Uste dut kulturaren alderdi guztiak eta bakoitza begiratuta, utzikeria galanta dagoela, dela kiroletan, dela musikan, arteetan, eskulangintzetan…
    Adituek aztertu eta esan beharko dute; nire iritzia behintzat horixe da.

  • Eta zuk, zergatik erabili duzu “Venga ya, no cuela” eta ez euskarazko esamolderik (“Bai zera, horratio”, “Bai zera, txepelkeriarik?!”), borondate falta edo naturalki ez zaizulako atera? Edo euskarazko bertsioak ez zuelako zuk nahi zenuen “zera” hori , indar hori adierazten? Inmigranteek (espainiarrek edo ez espainiarrek) modu naturalean eta inkontzientean Euskal Herrian erdalduntzen dute.

    Errumaniarren adibidea aipatzea, orokorra balitz bezala ezagutzera ematea, zure burua engainatzea da. Nik ere ezagutzen ditut errumaniarrak, euskara ondo ikasi dutenak. Eta “ya se que no te gusta, pero yo estoy en España” esaten dizutenak lasai asko. Ezin duzu salbuespena arau bihurtu. Gezur bat zabaldu nahi duzu (Marcos Zapiain).

    Zoritxarrez, euskaldunok gero eta pisu demografiko txikiagoa dugu. Immigrazio masiboari “esker” euskaldunok gero eta presio sozial eta demografiko egin dezakegu, politikan, komunikabideetan, ekonomian… Salbuespenak salbuespen inmigrante asko “gutar” bihurtu baditugu ere (adi, baita nik ere). Baina, galtzeko dena dugu, 1.000 etorkin “gure kausara” erakartzen baditugu, 200.000 euskararekiko inolako begirunerik eta borondaterik erakusten ez duten bitartean.

  • Hainbeste etsipen ikusten dut euskararen salbazioaren inguruan ezen uste dudan jadanik inor ez dagoela salbatu daitekeela sinetsirik, are gutxiago hizkuntza nazionalaren mailara igo dezakegunik. Beraz, etsipenari aurre egiteko, gozatu dezagun gure endekapenaz, sortu dezagun sekta euskaldun bat eta egin ditzagun erritu sataniko maltzurrak hizkuntza honetan, horrela historiak adoretsu gogoratuko gaitu behintzat, ez negarti.

  • Ez dut ezagutzen, eta atzerritarrez inguraturik bizi naiz, Euskalerrira etorri den atzerritarrik. Den denak Espaniara omen datoz. Euskaraz ikasi dutenen artean, Espaniara etorritakoak ere daude.
    Herri soberanoa ez garen bitartean, beti beti beti, inmigrazio masiboa gure kalterako izango da.

  • Euskararen etorkizunaz baikorra naizen bakarra izango naiz ba…
    Hara, Estatu ez izatea, Netflixen euskararik ez edukitzea… horrek guztiak eragiten du egoera soziolinguistikoan. Hala ere, badago faktore bat bereziki eragiten duena erabileran: lehen hizkuntza.
    Euskara lehen hizkuntza (edo ama hizkuntza, ia sinonimoak, ñabardurak dauden arren) dutenen kopurua oso motel hazi da azken hamarkadetan, euskal hiztun berri gehienek hezkuntzaren bidez jaso dutelako euskara.
    Orain, aldiz, pixkanaka igotzen ari da, guraso izaten ari direnen artean gero eta gehiago direlako D ereduan ikasi dutenak. Horrek, zaintzen badugu, sekulako ahalmena du eta fruituak ekarriko ditu.
    Une honetan, EAEko hiru gaztetatik bakarrak du euskara etxeko hizkuntza, baina 10-15 urte barru erdia izan litezke. Hori da gaur egun Gipuzkoan dugun datua. Zaindu dezagun hori eta bila ditzagun horientzako aukerak.

  • Naberan, erabat ados zure kezkarekin. Oso adierazgarria da, adibidez, Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hedabideen artean banatu dituen bost milioi horietatik gaztelaniazkoei % 93, 6 ematea eta euskarazkoei % 6, 4. Nire testu horretako arrazoiak ikasleei eta gurasoei zuzentzen dizkiet, euskaran murgilaraztea helburu. Ebaluazioaren osteko bileretan ezin zara soziologiari eta hizkuntz politikari buruzko eztabaidetan galdu. Gainera, ikastetxe askotan gutxi dira euskararen aldeko kontakizun abertzalearekin bat egiten duten guraso eta ikasleak (ez ahaztu VOX eta PPko guraso eta ikasleak ere baditugula). Sentimendua kutsatzeko ahaleginean denbora galdu barik, boterea aipatzea da efikazena: euskaraz ondo idazteak boterea emango dizu: azterketak eta selektibitatea hobeto egingo dituzu eta nahi duzun gradua ikasteko eta lana aurkitzeko aukerak biderkatu. Bide batez, eskerrik asko bihotzez Peloponesoko gerraren eta Leviathanen itzulpenengatik eta oro harturiko zure lan itzelarengatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude