Euskara eskubidea delako

Euskara eskubidea delako –

Askotan, euskarari buruz ari garenean hitz ederrak erabiltzen dira, guztion ondarea, zaindu behar dugun altxorra eta haren hondatzea eta galera eragoztea behar dugula. Hori esaten da Nafarroako Euskararen Foru legean atarikoan.

Euskara eskubidea delako
Arg: JAIZKI FONTANEDA / FOKU (BERRIA)

Bertan ezartzen duenari jarraikiz “euskara errespetu eta babes berezia behar duen kultura ondarea dela aitortu behar da”.

Beraz, azken hau Nafarroako Erakunde publiko guztiek bete beharko luketen printzipioa da, nahiz eta eguneroko praktikan eta bereziki zenbait alor administratiboetan ez den nabari.

Batez ere euskara, hizkuntz eskubidea dela kontuan hartuz, eskubidea erabiltzeko dakitenentzat, eta jakiten ez dutenak ikasteko, Legearen Xedapen Orokorren 2. artikuluan jartzen duen gisan: “Gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta, horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea”. Eta hala ere, euskarari dagokionez, nahiz eta aurrerapenak eta aldaketa sozialak egon diren, traba askoren gainetik hobetu dute euskararen egoera, gehiegitan ekintza murriztaileekin eta debekuekin talka egiten dugu. Hau guztia aurretik aipatu ditugun eskubideak trabatu nahi dituztelako euskararen kontrako aurreiritziak edo gorrotoa dutelako, kasu batzuetan.

Berez Legea bera murrutza eta zatiktzailea bada, hona hemen hurbileko azken kasuak:

Iruñean, alkateak erabaki duen euskarazko haur eskolen kopuruen murrizketa, 12tk 2ra uzten eta gainera plaza kopurua orain 5 urtetako baino txikiagoa izanda. Hori ez dagokio egungo errealitate sozialari, eskaera asko handitu da azken urtetan eta, beste aldetik, ez du ematen errespetua dagoenik aurrean aipaturiko legearen helburuei: euskara ikasi nahi dutenei eskubidea onartu eta bideak eskaintzea.

Irakaskuntzaren kasuan, orain 5 urte eremu ez-euskalduna delakoan, euskara Sistema publikoan ikasteko debekua edo muga kendu zuten. Hala ere, jarritako baldintzak kontuan hartuz herri askoren tamainak zailtzen du euskarako lerroen irekiera, gainera baldintzak kontraesankorrak dira, ez badira malgutasunez aplikatzen. Eskaria atenditua izanen omen da “pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez, egun dauden ikastetxe publikoetan euskaraz irakasten duten lerroak sortuz eskariaren arabera”. Zer progresibotasun errespetatzen da, adibidez Mendigorriko kasuan, orain debekua jartzen bazaie, ratioa betetzen ez dutelako aitzakiaz, noiz eta bi urteren epean ratio hori beteko eta gaindituko dutenean? Borondate eta malgutasun kontua da.

Hau Legearen atariko printzipioei muzin egitea da. Gainera prozedura hau galga izan da euskararen eskaria hedatzeko beste herrietan.

Jarrera horrek ez du errespetatzen euskarazko irakaskuntza haien seme alabentzat eskatzen dituztenen eskubideak, oso gutxigatik ez baita bermatzen gurasoen borondatea.

Eta euskararen kasuan nahikotasuna, inposaketa eta bestelakoak aipatzen dizkigutenean topatzen gara Castejon eskola publikoaren kasuarekin, non bertako Eskola Kontseiluaren eta Klaustroaren babesarekin erabaki duten PAI programatik ateratzea, eta Hezkuntza Kontseilaritzatik uko egin dioten beren eskaerari.

Beraz administrazioak nahi badu malgutu edota inposatu ditzake bere irizpideak gurasoen eskaera eta erabakien aurka. Euskararen kasuan, bereziki, aurka.

Beste hezkuntza eremuetan, mantentzen dira oztopo eta traba ugari, lanbide heziketa euskaraz emateko, azken boladan Sakanan bertan.

Unibertsitatearen kasuan, Magisteritza dugu euskaraz egin daitekeen gradu bakarra. Nahiz eta orain bi urte erizaintzako gradua euskaraz emateko aukera bazegoela frogatu zen ikasleen artean egindako ikerketa batean, eta Nafarroako Legebiltzarrean 2018ko otsailean akordio hau onartu zen: “Nafarroako Gobernua eta NUP premiatzen dira pausoak eman ditzaten euskaraz egin ahal izateko eskaera duten graduetan eskaintza zabaltzeko”.

“Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onartu du, zeinaren bidez Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari eskatzen dien “erizaintza graduko ikasketak euskaraz egiteko aukera eskain dezan, baita eskaera dagoen gainerako graduetako ikasketak ere, eta horretarako eman behar diren urrats guztiak ahalbidetu ditzan aipatu helburua lortu ahal izateko”.

Gaur egun ez da urratsik egin akordio hori betetzeko. Eta nabarmena da ere euskarazko kredituak eta graduak ez direla zabaldu behar diren neurrian, kontuan hartuz ikasleen %30,75ek hitz egiten edo ulertzen duela. Beraz, NUPen ez da errespetatzen euskaraz ikasteko eskubidea.

Euskararen aurkako zenbait neurri berriz hartu dute Iruñeko Udalean euskarazko hedabideei publizitateei murriztuz, Euskararen Legean hedabide hauen promozioaz esaten dena kontuan hartu gabe, eta baita ere Europako hizkuntz gutxituen bulegoaren iritziaren aurka, ordenantza berria eta murriztailea indarrean jarriz. Eta Iruñean eta beste herrietan euskarazko adierazpen artistikoak zentsuratuz.

Badaude beste udaletan hartu beharko liratekeen neurriak euskara sustatzeko eta hartzen ez direnak, euskarazko haur eskolak jartzea, Udal publizitatea elebiduna jartzea… Askotan euskararen eskaria erakundeek egiten dutenarekin handitzen baitira. Trabak jartzen badituzte zailago egiten dute euskarazko ereduak aukeratzea. Ez da muga geografikoak kentzea soilik, bestelako mugak ere apurtu behar dira jarrera irekiagoak izaten, eta eskubideak errespetatuz. Ez gehiago. Ez gutxiago.

Zorionez, gizartean bada beste jarrera bat, anitzagoa, irekiagoa eta integratzaileagoa jarrera euskarafobikoen eta euskararen aurkako kanpainen gainetik. Euskararen aldeko babesa duena, eta euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubideak ezagutu eta defendatzen dituena.

Euskara eskubidea delako
Euskara eskubidea delako
Euskara eskubidea delako

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude