Euskara Donostiako udal berrian

Hauteskunde kanpainaren barruan, eta Donostiako hurrengo udalbatzara begira, Bagera elkarteak lehian diren alderdi politiko guztiak batu nahi izan zituen atzo Koldo Mitxelena Kulturguneko mahai-inguruan.

Abiapuntu legez galdera bakarra  zuten: “Zein da zure alderdiak datozen lau urteetan Donostian aurrera eramango duen hizkuntza politika?.

Euskara Donostiako udal berrianAitor Abaroa kazetaria gidari zutela, bost politikari izan genituen hizlari, azken orduan eta agenda arazo batzuk tarteko -bertan adierazi zutenez-, Miren Albistur PP-ko alkategaia ez baitzen mahairatu. EHBilduren izenean Nerea Txakartegi kultur zinegotziaren partaidetza zegoen iragarrita, baina Juan Karlos Izagirre alkatea izan genuen hizlari. PlaZ! alderdi feministatik Josebe Iturrioz, PSE-tik Duñike Agirrrezabalaga, EAJ-tik Miren Azkarate eta sortu berria den Irabazi Donostiatik Sabin Zubiri.

Lehen txanda batean bakoitzak berea defendatu zuen eta gero besteek esandakoari erreplika emateko txanda bana izan zuten. Bigarren orduan herritarren galdera eta kezkei erantzuten saiatu ziren. Hauteskundeetako beste eztabaidekin alderatuta, giro lasai eta atseginean burutu zen mahai-ingurua, kalapita handiegirik gabe.

Nola edo hala, partaide bakoitzak esandakoa laburtu eta zertzelada nagusiak jasotzen ahalegindu gara, idatziz zein bideoz:

 

Sabin Zubiri (Irabazi Donostia)

«Euskarak doakoa behar du euskaltegietan eta progresiboa lan eskaintza publikoetan»

 

Euskara Donostiako udal berrian“Euskararen hiztun komunitatea txikia izanda, sustapena behar du hizkuntzak. Eta positiboki, ez baitugu babesten erdaldunari oztopoak jartzea.

Bi proposamen zehatz ditugu egiteko. Batetik, euskaltegien doakotasuna, euskararen ezagutza eskubidea dela bermatzeko. Bestetik, progresibitatearen akordioa berreskuratu behar da. Donostiarren heren bat baino ez da euskalduna (langabeen laurdena), eta horrek islada izan behar du enplegu publikoan; aukerak eman eta ez planteatu erdaldunei bazterkeria”.

 

 

 

 Josebe Iturrioz (PlaZ!)

«Euskarak eta feminismoak estrategia bera behar dute, zeharkakotasuna»

 

Euskara Donostiako udal berrian“Euskara Euskal Herriaren hizkuntza da eta euskarak Donostiaren erdigunean beharko luke. Euskarak eta feminismoak estrategia bera behar dute, transbertsalitatea; hiria ikus dezakegu guztiz feminismotik eta euskaratik, ez dira era sektorialean landu beharreko gaiak.

Administrazioan baliabideak jarri behar dira euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko. Eta hizkuntza kultura bada, Donostia kulturalki erreferente bat izan behar da, euskararen hiriburua”.

 

 

 

Miren Azkarate (EAJ)

«Udala txukun ari da; ezagutzan egin da aurrera eta erabileran behar dugu ahalegina»

 

Euskara Donostiako udal berrian“Transbertsalitatea aipatu da eta euskalgintzan dagoeneko udalean egin den lana bide horretatik doa. Ez gara hutsetik abiatuko eta onartu beharra dago Donostiako Udalean txukun egin dela lan, baita sozialisten garaian ere.

Donostian %40 da euskalduna, eta 15 urtetik beherakoak ez didra %90etik urrun (%42ak eskolan ikasi du). Ezagutzan aurrera egin dugu baina erabileran ez -%20 Donostian-, eta hemen egin behar da ahalegina; euskalgintzarekin elkarlanean aldaketa txiki batzuk sortzen hasteko”.

 

 

 

Duñike Agirrezabalaga (PSE)

«Hiri hau elebiduna da eta ez elebakarra, ezin da euskara erabili apartheid bat egiteko»

 

Euskara Donostiako udal berrian“Alderdi Sozialistak hogei urte eman ditu udal gobernuan euskarari bultzada emanez; Donostia da egun euskararen hiriburua. Eta plan berriarekin, ea lortzen dugun erabilera datuak hobetzea; poliki-poliki ondo goaz.

Garbi utzi nahi dugu guretzako hiri hau elebiduna dela eta ez elebakarra, eta euskara ezin dela erabili apartheid bat egin edo diskriminatzeko. 2016 egitasmo “potentea” da, erabili dezakeguna Donostia barruan eta kanpoan mezu hau zabaltzeko: hizkuntza elkartzeko da eta ez banatzeko”.

 

 

 

Juan Karlos Izagirre (EHBildu)

«Aurrekontua erabiliko dugu euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko»

 

Euskara Donostiako udal berrian“Sinisten dugu, guretik abiatuta, kultur aniztasunean. Gure helburua Euskal Herri euskalduna da.

Bi hizkuntza ofizial baina euskaldunon eskubideak urratuak ditugu. Helburua euskaraz bizitzeko baldintzak hobetzea da eta horretarako aurrekontu osoaren %1 erabiliko dugu. Hiritarren eskubidea bermatzeko administrazioa euskaldundu eta lanpostu berri guztiak hizkuntza eskakizunarekin ateratzen ditugu. Doakotasunaren bidean jarri dugu euskara ikastea eta euskarazko hedabideen aldeko apustuarekin jarraituko dugu”.

 

ZUZEUko erredakzio kide

9 pentsamendu “Euskara Donostiako udal berrian”-ri buruz

  • Euskerari merezi duen tokia eman nahi dioten bakarrak EHBildukoak dira, besteenak hitz politak ezer erran gabe edo aitzakiak Euskera baztertzeko erran bait dituzte.

  • Peru Dulantz 2015-05-13 07:16

    “Euskararen alde gaude, baina…” eta baina horren atzean “diskriminazioa”, “gizartea zatitzea”, “apartheida”… eta era horretako hitzak entzuten dira, beti-beti, alderdi estatalisten ahotik gaia ateratzen den bakoitzean, baita jelkideen ahotik ere, kasu askotan.

  • Bai Sugar, EH Bildukoak dira euskaldun zintzo bakarrak, AMEN

  • Euskara ikastea doakoa izatea oso polita da, baina badakizue zer?? Ikasle txarrenak ikastaroa doakoa dutenak dira. Doakoa bai, baina soilik ikasturtea gainditu eta asistentzia betetzen badute.

  • “Donostia hiri elebiduna dela-eta, hautagai erdaldun elebakarra aurkeztu dugu” Eta horrela …

  • Ninaiznaizena 2015-05-14 12:01

    Feminismoa eta euskara! a ze nolako kontraesana! hitzetatik eta hauteskunde interesetatik haratago joan gaitezen mesedez errealitatearen erradiografia bat egitera. Euskal herrian euskarak bizirik luze iraungo badu, euskal hiztunen transmisioa behar da hasteko. Datu zehatzak ez dakizkidan arren, ez da oso aditua izan behar jakiteko euskal herrian jaiotze tasa generazio gutxiren barnean ikaragarri jetxi dela eta horrek euskararen herioa dakarrela! Negargarria iruditzen zait euskal emakumeon alternatiba errealik ez izatea, ze nik behinik behin teoriez haratago ez dut nere erraietan sentitzen feminismoak emakumeok defendatzen gaituztenik inondik inora. Hare gehiago esango nuke feminismoak emakumearen zapalkuntza ekarri duela berarekin batera eta gure herri maitearen hondamendirako baseak ezarri. Gora Euskadi Anarkista!

  • Sutagar, ez dira Euskaldun zintzo bakarrak , baina EHBildu bai da Euskarari bere tokia eman nahi dion alderdi bakarra, bata ta besteen proposamenak ta Euskararen aldeko politikak ikustearekin nahiko da hori ikusteko.

    Beste ze talde politikoa nahi du Euskara Gazteleraren zuzenbide berberak izan dezn? EAJk? Ez, beratzako Gaztelera bai inposatu daiteke ta Euskara ez.
    Bildu Donostian ta Gipuzkoan 4 urteetan administrazioa izugarri Euskaldundu du, Gaztelerarekin gertatzen dan antzera, bakarrak dira izunak eskatzen saltoki haundiak Euskara batertu ez dezaten…

    Ta akatsak izango dituzte, kolonizatuak daude guztiok bezala… Baina datu objetiboak dira nik eman ditudanak.