Euskara desagerrarazteko arriskua

Euskara desagerrarazteko arriskua –

  • Ministroen Kontseiluak onartzear duen Ikus-entzunezkoen Legearen aurreproiektuaren inguruko filtrazioek kezka handia sortzen dute
  • Euskalgintzaren Kontseiluak, Hekimen, Tokikom, Topagunea eta Pantailak Euskaraz eragileekin batera, derrigorrezko hizkuntza-kuotak ezarri beharra eskatu zuen
  • Kontseiluak kezkagarriak jo du Madrilgo Gobernuak hizkuntza gutxituen aldeko ekarpen guztiak baztertu izana

Euskara desagerrarazteko arriskua

Azken egunotan hainbat hedabidek aurreratu dute Espainiako Ministroen Kontseiluak epe laburrean onartuko duela Ikus-entzunezkoen Lege Orokorra. Aurreratutako berri horietan guztietan berezko hizkuntzei buruz egindako alegazioak kontuan hartuko ez direla jasotzen ari da.

Hizkuntza-eskubideak bermatzeko eskaerei entzungor

Uztailean zabaldu zuen Espainiako Gobernuak Ikus-entzunezko Lege Orokorraren aurreproiektuari ekarpenak egiteko bigarren aukera. Eta Euskalgintzaren Kontseiluak, Topagunea, Hekimen, Tokikom eta Pantailak Euskaraz elkarteekin batera, ekarpen zehatzak egin zizkion legeari.

Kontseiluak orduan ere kezka agertu zuen lehen zirriborrotik bigarrenera ez zuelako inolako aldaketarik ikusi berezko hizkuntzen presentziari dagokionez: “Gobernuak aukera izan zuen bigarren zirriborro horretan berezko hizkuntzen erabilera bermatzeko neurriak txertatzeko, baina ez zuen halakorik egin, eta gurea bezalako hizkuntzei inolako tarterik ez esleitzeko aukera zabalik utzi zuen beste behin”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

Horrela, euskararen aldeko eragileek hainbat alegazio helarazi zituzten: “Hizkuntzen erabilerari buruzko artikulu guztietan kuota zehatz batzuk agintzeko eskatu genuen. Horixe baita hizkuntza gutxituen erabilera bermatzeko bide bakarra” adierazi du Bilbaok. Euskararen aldeko eragileek ez ezik, galizieraren edota katalanaren aldeko gizarte eragileek ere antzeko zuzenketak egin zizkioten legearen aurreproiektuari.

Zabaltzen ari diren berrien arabera, zuzenketa horiek guztiak baztertu egin ditu Espainiako Gobernuak: “Hartara, lege honek gurea eta gure bezalako hizkuntzen desagerpena ekar dezake ikus-entzunezkoen eremuan”, azaldu du Kontseiluko eledunak.

Estrategia bateratua adostu beharra

Euskalgintzaren Kontseiluak argi du estrategia bateratua eraiki behar dela lege berriak gurea eta gurea bezalako hizkuntzen presentzia bermatzeko neurriak jaso ditzan: “Azken boladan behin eta berriz esaten ari gara Batuz Aldatzeko aukerak izango ditugula, eta honetan ere halaxe izango dela uste dugu” adierazi du.

Bilbaok azaldutakoaren arabera, badaiteke hurrengo asteartean bertan Ministroen Kontseiluak legearen tramitazioari ekitea. Horrexegatik, Kontseiluak eragile sozial eta alderdi politikoekin erantzun bateratua emateko estrategia adosteari ekingo dio hurrengo egunetan. “Alde batetik, zer-nola erantzungo dugun zehaztu behar dugu ekarpenak gurekin egin zituzten eragileekin zein Estatuko gainerako eragileekin. Bestalde, Madrilen ordezkaritza duten alderdiekin bilerak egiteko asmoa du Kontseiluak, azken finean, haien esku ere baitago orain behin betiko legea. Beti diogun bezala, erantzukizun partekatuak ditugu, eta zeinek bere funtzioak bete beharko ditu legeak bere horretan aurrera egin ez dezan”, gaineratu du.

Euskara desagerrarazteko arriskua

3 pentsamendu “Euskara desagerrarazteko arriskua”-ri buruz

  • Kontseiluarena itxurakeria baino ez da.
    Zer egin duzue azken urteotan euskarak jasotzen dituen erasoak desaktibatzeko? Ezer ere ez!
    Euskaldunok ez dugu merezi euskalgintza hau

  • Txikitero: zai nago Kontselukoek zer erantzunen dizuten. Aurki ez dizute erantzunen, beste liga batekoak baitira, lehen mailakoak. Nahiago nuke huts eginen banu!

  • Kate motzean bezain lotuta zaudete, zer zabiltzate egiten Estatu espainiarreko hizkuntz aniztasuna? Noizko ekimena, gauzak behar bezala salatzeko eta eraikitzeko? Nafarroa Garaian edozein ekarpen ona izan daiteke. Errigoraren modukoak gainerako lan arloetara eramanez.
    Bitartean, Iruñean euskarazko haurreskola bakarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude