Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan

Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan –

Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotanErdal nagusikeria linguistikoa oso hedatuta dago Euskal Herrian; euskaldunon menpekotasunerako joera ikasia bezainbeste, baina ez dago horren aurkako ekimenik eragile abertzaleen aldetik, eta euskalgintzaren erantzuna ere gero eta epelagoa da, bide instituzionalean tematuta.

Bigarren mailako herritarrak gara euskaldunak EAEn, baita abertzaleek gidatutako erakunde gehienetan ere. Españolek / frantsesek gidatutakoetan hori ere ez gara, edo hobeki esanda, desagerrarazi beharreko jendeak baino ez, disimuluarekin EAEn, baina lotsagabe Nafarroan eta Iparraldean, debekua eta erdeinua bata bestearen atzetik, aginte organoetatik bertatik.

EAEko aginte politikotik eta bere ingurutik zabaltzen diren mezuak baikorrak dira:  “gero eta euskaldun gehiago gara”, baina hizkuntzaren osasunaren adierazle nagusia, euskararen erabilera, ez da hazten, eta herritarroi leporatzen digute erabileraren bilakaera kaxkarra, haien “ahaleginak ahalegin”. “Erakundeek ezin dute dena egin” irakurrita gaude behin baino gehiagotan, lotsaz.

Izan ere, EAEko  erakunde nagusiak garatzen duten (euskararekiko) hizkuntz politika oso kaxkarra da arlo gehienetan, Eusko Jaurlaritzatik bertatik hasita.

EiTB: Eusko Jaurlaritzak erdarazko kateak saritzen eta lehenesten ditu lotsa gabe, euskarazkoetara askoz baliabide gutxiago bideratuz. Emaitzak inbertsioaren araberakoak dira, noski.

Gainera, euskarazko kultur ekoizpenaren eskaintza bazterrekoa da, baita euskarazko kateetan ere. Euskadi irratian bertan euskal musikarekin gertatzen dena ez sinisteko modukoa da: musika-saio nagusietan euskal musika zeharo bazterrekoa da edo hutsala! Eta erdal kateak zertarako aipatu…

Ordezkari politikoen hizkuntza-aukera “librea”
EAEn eta Nafarroan ia ez dago gizarte-sareetan euskaraz diharduen politikari “constitucionalistarik”, Arriolak tira, Anduezak oso gutxi… eta kitto.

Aldiz, ordezkari abertzale guztiek erabiltzen dute espainiera, gehien-gehienek euskara baino gehiago, eta batzuek espainiera soilik edo ia. Bestela esanda, ordezkari abertzale gehienek ere, inposatzen zaigun hizkuntzaren aldeko “aukera librea” egiten dute, hara non!

Ez zaigu iruditzen herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko eredurik onena, bada…

Poliziari “buenos días” aukeran
Ez gara soilik Espainiako Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari buruz ari.
Gezurra badirudi ere, Ertzaintzarekin eta Udaltzaingo ezberdinekin ere, sarri-sarri espainolez jardun beste aukerarik ez dugu izaten. Ertzaintza eta udaltzaingoak alderdi abertzaleen, bereziki EAJren ardurapean daude gehientsuenak. Agintari estimatuok, poliziek herritarroi erdaraz eginaraztea ez da euskararen erabilera sustatzeko teknikarik eraginkorrena, gure uste apalean…
Hamaika adibide gehiago ekarri ditzakegu, baina beharrezkoa da?
Hizkuntz politika errotik aldatu beharra dago EAEn.

Nafarroan eta Iparraldean, horretarako indarrik ezean, erresistentzia antolatu beharra dago bizirauteko… eta EAEko eragileek zer esan handia dute zeregin horretan.

Erakunde abertzaleak euskaltzaletzea premiazkoa da, menpekotasunetik inoiz aterako bagara.
Euskalgintza autonomoa eta ausarta ezinbestekoa dugu. Behar denari, alderdiei, sindikatuei eta bestelako erakundeei, bereak eta bost esango dizkiena, behar denean.

Ezin egokiago adierazi zuen euskaltzale batek berrian duela egun batzuk:
“Politikari euskaltzale konprometituak lortu behar ditugu… hizkuntza politika folklorikotik, euskaldunon eskubideak defendatuko dituen hizkuntza politika batera pasatzeko eragin nahikoa edukiko dutenak”.

Horretarako antolatu eta bultza egin beharko dugu. Ez baitira berez sortuko.
Eta norabide horretan ekiten ez badugu, hortxe geratuko gara, bide bazterrean, ahaztuta.

 

JJ Agirre eta Gilen Mejuto
 (Plazara gatoz ekimeneko kideak) 

Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan

Oinezkoa

3 pentsamendu “Euskara bidegurutzean? Bide bazterrean, izatekotan”-ri buruz

  • eUSKERA BIZIBARRITZEARI BURUZKO ene iritzia behin baino gehiagotan azaldu diat ZUZEU honetan.

    Helburu horretara ez gaituk bideratuko lehenik GORA begira (instituzio eta abarretara). Goiak lehortuta zeudek aspalditik.

    Egungo jendartea motibatzeko, gure hikuntzaren altxor miragarriaz jabetu beharra zeukatek: eta horretarako ez dakusaat beste biderik KULTURGINTZA PROGRAMA zehatz bat diseinatzea eta herriz herri zabaltzea baino.

    Zelan gauzatu?
    Herrialdeka nukleo-taldetxo batzuk programa zehatz-mehatza eskaini, bizirik dirauten Kultur Etxe eta topagune aktiboei.

    Zer eskaini? Euskeraren historia, pentsaera (antropologia), literatuta, sozio-kultura…
    Nire aldetik prest niagok Euskeraren historia eta antropologia programatzeko lantalde batean parte hartzeko.

    Eta hori urte honetan bertan, tronpetariek gure Jerikó hiriari zazpigarren buelta emon baino lehen. Ez duk aski gora begira egotea kexuz eta lanturuz!!

  • Azken esaldia kendurik ados egon ninteke brste gainekoarekin. hein batean.
    Zuk aipatutakoa erabat beharrezkoa, 1960ko hamarkadan hori bera egin baldin bazen, zergatik orain ez ekin bigarren aldiz?
    Hala ere, zure programaz gain beste zenbait tokitan jo beharko dugu, erasoak toki askotatik baitozkigu

  • Josu: “Kexuz eta lanturuz” direnak ez dituzu begiko. Bada, nire ustez, hor “kexuz eta lanturuz” diren horiek, euskararen aldeko eguneroko lanez gain, noizbehinka pausatu , gogoeta egin, ideiak bota, eta aserretzeko deretxo guzia dutela.
    Segi bide horretatik, lagunok!