Euskara: batzen eta libratzen gaituena

Euskara: batzen eta libratzen gaituena –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

EH Bildu koalizioak duela urte batzu antolatu zuen ekitaldi batean, Amets Arzallusek hitz liluragarriak adierazi zituen identitateaz zuen ikuspunduaz. Hasi zen erranez politikak ez bazuen bermatzen liberazio kulturala, berdin kulturak liberazio politikoa segurtatzen edo bultzatzen ahal zuela. Horren haritik eta gaurko Euskal Herriaren errealitatea kontutan hartuz, galderak pausatzen ahal dira euskararen lekuaz edo funtzioaz abertzaletasunaren bidean edo burujabetzaren bidean. Ametsek aldarrikatzen zuen bezala “euskaraz ari naizen oro, ari naiz independentziaz….

Euskara: batzen eta libratzen gaituena

Azken asteetan eta egunetan, hainbat aldarrikapen edo lan ardatz ateratu dira plazara Euskal Herri osoan, iduri luke euskara sartzen dela etapa berri batean. Azken hamarkadetan elkarteek, egitura batzuek edo botere publikoek bultzatu dituzte hainbat ekimen, plangintza edo beste. Bilanak gazi gozoa iduri du.

Euskalduna printzipioz ezezkorra baita, entzuten da euskara lanjerean dela, emeki emeki baztertze prosesu batean sartua dela duela aspaldi eta ez dela hortik ateratzen. Faktore ainitz sartzen dira hortan bainan labur bilduz erran ginezake diglosi egoera present dela beti eta berdin azkartzen dela ere. Ez da dudarik, euskararen presentzia garatu dela (bederen teorian) irakaskuntzan eta espazio publikoetan adibidez. Euskararen aldeko borroka gehiengo batek begi onez ikusten du, hor ere, zazpi probintzietan aintzinamenduak bizitzen ditugu eta inkestek frogatzen dute.

Aldiz, praktikan, alarma liranjak piztu dira joan diren urteetan. Betidanik izan diren “feudo” euskaldun batzutan entzutea gaztelera ainitz edo Iparraldeko ikasle elebidunen artean, ahulezi inportanteak ikustea ez du bereziki baikorra izateko emeia ematen.

Aldi berean, seinale berdeak hor dira. Joan den maiatzaren 29an iragan den manifa, bihurgune bat bezala ikusia izan da. Kopuruen aldetik, 10.000 jende ikustea Baionako karriketan murgiltze sistemaren alde garaipen eder bat bezala aztertua izan da. Kualitatiboki, jende berriak ikusten ahal ziren, duela gutti manifestaldi batean parte hartuko ez zutenak. Frantses Estatuaren mesprexuak gure hizkuntzari begira erreakzioak pizten ditu. Jende gero eta gehiago identitateaz larderiatzen da; hemen, euskarak ditu emeki bainan segurki bereganatzen.

Hegoaldean ere, nukleo batzu euskararen kontra agertzen baitira oraindik, euskarak bere bidea egiten du eta gizartean normalizatzen da.

Aldarrikapenak eta proiektuak aintzinatzen dira. Hor dira, Euskal elkargoak bultzaten duen kanpaina, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatzen duen manifa abendoaren 6an «euskararen errepublika independientea» aldarrikatzeko edo EH bilduk plazaratu duen proiektua “hezkuntza sistema burujabea osatzeko”, ikusten da euskara egoten dela bihotza.

Zendako euskara ez da bilakatzen burujabetza prozesuan bide orri bat eta gure herria eraikitzeko bizkar hezurra?

Asma dezagun ikastola bakoitzak, murgiltze sisteman ari den gela bakoitzak harremanak pizten eta eraikitzen dituela beste probintzi bateko eskola batekin, asma dezagun Baionako karriketan 30.000 mila jendeko manifa bat euskararen ofizialtasunaren edo bederen errespetuaren alde.

Asmatzen ahal dira ere konkretuki martxan ematen ahal diren beste ekintza ainitz. Potentziala hor da… eta pentsatzekoa da sentsibilitate guziko jendeak hurbiltzen ahal direla eta batzen ahal direla horren inguruan.

Hainbat arlotan, iduri luke bide komuna atzematea sobera zaila dela abertzale edo euskaltzale diren alderdi edo mugimenduen artean, desafio eder bat litaike euskararen inguruan hori lortzea.

Euskara: batzen eta libratzen gaituena Euskara: batzen eta libratzen gaituena

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

18 pentsamendu “Euskara: batzen eta libratzen gaituena”-ri buruz

  • Hausnarketa interesgarria, Peio.
    Alabaina, Amets Arzallusen hitz horiek aipatzen ditularik, ez dirudi EHBilduko buruzagiak konbentzitu zituenik.
    EHBilduko lehen lerroko hainbat ordezkarik, nagusiki erdaraz edota erdarari lehentasuna emanez jardun ohi dute oraindik ere, Espainiak eta Frantziak (bortxaz) inposatzen dizkiguten hizkuntzen aldeko “hautu librea eginez”.
    “Euskalduna printzipioz ezezkorra” dela diozu. Ez nator bat. Areago, Hegoaldean bederen, “poziktybiti” amets betean bizi izan gara orain arte, Jaurlaritzak indarrez bultzatutako baikorkeria orokortu batean, egoera benetakoaren datuak estaltzen ziren bitartean.
    EAEko Admninistrazio publikoa jartzen da eredu gisa nonahi, errealitatea “eredugarritasun” horretatik oso orrun dagoelarik, oro har (Gipuzkoako Foru Aldundia, eta zenbait udal salbu).
    Adibide (esanguratsu) bat emango: EAEko Osakidetzak 42.000 langile dauzka. Bada, 2020an argitaratu duen II. Euskara Planaren ebaluazioan, oso datu neurgarri gutxi emateaz gain, plantilla erdia baino gehiago Plan horretatik kanpo geratzen da… 27 mila langile ez baitira Osakidetzako “langile estruktural”, hots, ez daude plantillan “ofizialki” jasota.
    Horrek ere laguntzen du ulertzen zergaitik dagoen euskarazko arreta minimoetan oraindik EAEko osasun sistema publikoan (ere).
    Jaurlaritzak kudeatzen duen EiTBren errealitateaz eta bilakaeraz ere luze hitz egin genezake, baina ez ongi (espainierazko kateak bultzatzen ditu Jaurlaritzak).
    EAEko Hezkuntza sistemak gero eta zailtasun handiagoak dauzka haurrak eta gazteak euskalduntzeko, Hezkuntza sailburua oraindik konturatu ez omen den arren. Nafarroan egoera askoz larriagoa da, eta Iparraldean, zer esango dizut ba…
    “Hegoaldean ere… euskarak bere bidea egiten du eta gizartean normalizatzen da” diozu. Bada, ez da horrela. Nafarroan egoera kritikoa da; Nafar gobernutik bertatik (EHBilduk sostengatzen duen hori, bai) , Espainiako “justizia” organuetatik bezala, gogor ari zaizkigu eraso egiten euskaldunoi: euskara (euskaldunak) desagerrarazi nahi dute behin betiko Nafarroatik, eta ez daude lortzetik urrun.
    EAEn euskararen normalizazioa “lautada” batean dago… kasurik onenean. Aldiz, euskararen ordezkapena berrabiarazi dute, Espainiako gobernuak, EAEko bere sukurtsalek, “justizia” sistema espainiarrak… Eraso bete antolatuan dihardute, abertzaleek gobernatutako erakundeen erantzun (?) epela tarteko.
    Egoera larria da. Eta kezkagarriena ez da egoera bera (pasarte ilunagoak jasan izan ditugu historian zehar), egoerari aurre egiteko eta kolonizatzaileei (Espainia eta Frantziari) aurre egiteko, alderdi abertzaleek (EAJk eta EHBilduk, biek ala biek) erakusten duten gaitasun edota borondate falta baizik.
    Hortik aurrera, egiten dituzun proposamenekin ados. Behar beharrezkoak dira. Behar beharrezkoa den bezala, errealitateaz jabetzea eta eragile abertzale guztiei babesa eta pulamentua exijitzea. Baina lehenik, euskaltzaleok antolatu beharko gara horretarako. Aitzina beti!

  • Euskara ez da inoiz oraingo egoera larrian egon, ez frantsez iraultzaren denboran eta ez De Gaulleren menean, inoiz. Fracoren garaian hobeki ginen orain baino. Gure jendea lozorroan, gorasoak bere umetxo erdaltzailei so: konprenitzen dute euskaraz, ikasiko dute -…ja, ja
    Eta instituzioak? J J k esan du dena goiti
    Eta Nafarroako Gobernua? Eta oposizioa? Nafarroako agintari, komunikabide eta puxanteen aldetik ez dugu hainbeste gutxieste eta laido inoiz jasan.
    Eta gure jendea, zeruari so, ea noiz atertuko duen. Hori da egoera

  • Eutsi goiari! 2021-12-12 02:00

    Interesgarria.
    JJ Agirreri erantzunez, egia da instituzioetatik lan gehiago egin beharko litzatekeela euskararen normalizaziorako, baina ez dezagun ahaztu euskara erabili, normalizatu eta errespetarazi behar dugunak hiztunok garela.
    Hortxe dago gakoa nire ustez, herri bezala desmobilizatuak gaude zentzu horretan, zertarako eskatu (ez dut esaten egin behar ez denik) instituzioetatikan indar edo esfortzu bat, gero herritik ateratzen ez dena. Esango nuke euskera historia modernoan gutxitan egon dela instituzioetan hain “onartua”, euskerak orain arte biziraun badu herritarren borondatearengaitik eta borrokarengatik izan da, Instituzioek gauza gutxitan lagundu diote gure hizkuntzari, kaltetu asko.
    Esan ahi dudana da arazoa herrian dagoela neurri batean, eta herriak salbatu behar duela egoera hau, instituzioetatik datorren laguntzekiko dependentzia ez dut uste epe luzerako herramienta oso egokia denik, kontuz ibili behar dugu horrekin.
    Nik uste belaunaldien arteko erreleboan haustura bat edo interes desberdintasun bat dagoela eta hori konpondu behar dela,REAKTIBAZIOA, haustura itzela dago, gaztediaren zati handi batek euskerarekiko atxekimendu falta itzela du,seguraski beti egon dena hor,baina oso deigarria dena gaur egun, ematen du euskaldunoi ez badigute kaña pixka bat ematen ez garela mugitzen hasten.
    Gaur egungo gaztediak ez baditu euskarazko edukiak sortzen, kontsumitzen eraikitzen.. gureak akabo! hemen esan beharra dago lotsagarria dela ETBk gazte eta nerabeekin duen jarrera eta programazio lotsagarria, zerk bultzatzen du gaur egungo gazte bat ETB1 ikustera? zer eskaintzen dio? Hor argi eta garbi ikusten da instituzioen erantzunkizuna, baina gaztediak sortu beharko du honen aurrean alternatibaren bat ETB1k “espabilatu” bitartean…
    Guzti hau esanda zurekin ados nago baina esandakoa gehituko nioke.

  • Benat Castorene 2021-12-12 10:18

    Borroka ideologikoa errealitatearen baloratzean bertan hasten da.
    “Euskalduna printzipioz ezezkorra baita…” dio Peiok.
    Beraz, orduan, pentsatzekoa da euskaldun guti gelditzen dela. Izan ere kurutzatzen ditudan abertzale gehienak baikor dira eta areago baikor egon nahi dute, beren ezaugarri politiko nausietarik bat da. Batez ere BABko inguru eta Elkargoko “ameslari” horietan.
    Iduritzen zait Peiok bere argumentua esaldi hauetan laburbiltzen duela;
    “… euskararen presentzia garatu dela (bederen teorian) irakaskuntzan eta espazio publikoetan adibidez.”
    Egia da azken mende erdi honetan eta batez ere batez ere BABko aldean sekula (XII. mendetik bederen) mintzatu zen. Baionez jatorriko jendea harritzeraino.
    Aldiz eranat euskaldu zien Uztaritze eta Senpere bezalako herrietan euskaalduna lehertua dago erdara eta arrotzen azpian.
    Nola debru izan gaitezke baikor? Misterio bat da.
    “Euskararen aldeko borroka gehiengo batek begi onez ikusten du,..” Horrelako baloratze bat erabat lausoa eta subjektiboa da. Ala Peiok erran nahi digu Neozelandar aglo saxoiek kultura maoria begi onez ikusten duten bezala?
    Baina hor ere limita bat laster agertuko da erdaldunak eta arrotzak gehiengoa bilakatu diren arau.
    “…hor ere, zazpi probintzietan aintzinamenduak bizitzen ditugu eta inkestek frogatzen dute. ”
    Horretaz JJAgirrek nahikoa erantzun du eta pazientzia handiz.
    Horiek guziak horrela, hala ere iduritzen zait duda izpi bat erdikusten dela Peioren, diskurtsoan, ala beharnada ene agiantza egiatzat hartzen dut…
    Egia da euskaraen arazoa aztertzea premiazkoa dela eta ongi eginez geroz biziki urruti ereman gaitzakeela, urrun nahi dugunok behintzat.
    Eutsi goiari! ren iruzkinari dagokionez, erran nahi nuke berak bezala ez dudala erreakzioa instituzioetarik goaitatzen ezta oraiko partidu eta politikarietarik ere( ez ote zuen hori iradokitzen Arzalluzek?)
    Momentuz ene espero bakarra dago ekimen herrikoiaren iratzartzean, minoritarioa eta elitista izanda ere.

  • “Euskara erabili, normalizatu eta errespetarazi behar dugunak hiztunok garela” egia da, baina horretarako gutxieneko baldintza batzuk eman behar dira. Nire aitite-amama baserritarrek erdara gauza gutxitarako behar zuten, nahikoa zuten gaztelera oinarrizko bat medikuarekin (erdalduna, herri erabat euskaldunean), udatiar bilbotar erdaldunduekin, edo noizbehinka Bilbora joaten zirenerako. Euskaldun ia elebakar izanda ia normaltasunez bizitzea bazegoen orduan Bakion, Bermeon, Tolosan, Durangon, Amikuzen edota Senperen bezala, EHko beste herri askotan ere.
    Baina erakunde espainiar eta frantsesek bazuten plangintza bat, estu eta zorrotz bete dutena mendez mende gaurdaino, sekula eten ez dutena: administrazioarekin erdaraz, eskola derrigorrezkoa erdaraz, hedabideak erdaraz, Espainiako lurralde pobretuetatik eta Frantziako lurralde aberatsetatik berariaz sustatutako migrazio masiboa, Ipar EHtik euskaldunak migratzera behartzearekin batera… arian-arian, EHko populazio OSOA erdaldundu duten arte, eta euskaraz normaltasunez jardutea, ariketa oso zail bihurtu duten arte ia Euskal Herri osoan (arnasguneak salbu oraingoz, baina gainbeheran).
    Hizkuntza politika GENOZIDA horri aurre egiteko, oso egitura politiko ahulak ditugu EAEn abertzaleen eskuetan (Nafarroan eta Iparraldean oso-oso gutxi), eta EAEko horiek ere, EAJ regionalista eta PSOE euskarafoboaren eskuetan.
    Dagoeneko, EAEn euskaraz jardutea ez da konzientzia-auzia soilik, oso ariketa zaila baizik, azken herri euskaldunetan salbu. EAEko biztanleen %35 dira euskaraz jarduteko gai, baina %65 soilik erdaraz. Soilik zenbaki horiei erreparatuta, ez dago matematikoa izan beharrik euskaraz normaltasunez egiteko aukerak murritzak direla ulertzeko. Horri gehitzen bazaio era guztietako hedabideetako eskaintzaren %95 españolez dela, edota EAJ-telebista eta irrati “publikoek” espainiera (gaztelera, barka) lehenesten dutela, bertoko “segurtasun” indarrekin (kanpokoekin ezta pentsatu ere) euskaraz jardutea arrisku-kirola dela, oso lantoki, saltoki, taberna edo gasolindegi gutxitan jardun daitekeela euskaraz normaltasunez, erraz ulertzen da zergaitik euskal hiztun gehienek ere, erdarara jotzen duten. Batetik, (eta erabakigarria da) dagoeneko gehien-gehienok hobeto menperatzen ditugulako espainiera edo frantsesa, euskara baino. Eta bestetik, euskaraz jardun ahal izateko (azken erreserbatan salbu) sekulako ahalegina egin beharra dagoelako, konzientzia eta militantzia mailak oso altuak behar direlako haize kontra aritzeko gau eta egun, erdaren itsaso zakar honetan.
    Berri on bat: 200.000 lagun inguru gara, gutxienez, euskaraz bizitzeko determinazioa erakutsi ohi dugunak aldez edo moldez, baldintza oso-oso zail hauetan, eta alderdi abertzale / regionalisten epelkeriaren aurrean ere.
    Baina Beñatek iradoki bezala, “borroka ideologikoa errealitatearen baloratzean bertan hasten da”.

  • EAEz aritu naiz azken lerrootan… Esan gabe doa, Nafarroan eta Iparraldean euskaraz aritzea ekintza ia-heroikoa dela, herri oso jakinetan ez bada.
    Eta bukatzeko, ozen salatu nahi nuke, EAJ-k ez, baina EHBilduk ere EZ dutela egitasmorik euskararen herriarentzat (ez bada zaintza paliatiboak ematea, kaka gehiegi eman gabe ihartu eta agortu gaitezen).

  • Eutsi goiari! 2021-12-12 12:57

    Erabat ados emandako 2 iruzkinekin. Gaur egun militantea izan beharra duzu euskaraz bizi nahi baduzu, euskaraz bizitzeko autua egiteak sekulako exijentzia eskatzen du toki askotan, eta hau guztia “euskaldun”-a den eremu batean bizi naizela kontuan izanik, ez dut pentsatu ere egin nahi nola izan behar duen eguneroko bizitza euskaraz egin nahi duen iparralde edo Nafarroako pertsona baten lana.
    Zeozer positiboa ateratze aldera zuk emandako eta Peiok emandako albiste onei kasu egin behar diogula uste dut eta elkarlanetik euskal komunitatea trinkotu.
    Egoera tristea izan harren ez dugu ezkortasunean erori behar eta ditugun alde positiboetan zentratu eta negatiboak indartu behar ditugu.
    Ongi izan!

  • Berdin… eta eutsi goiari!

  • Beñat Castorene 2021-12-12 15:30

    Iduri du euskal jendeak ez dakiela gehiago zer erran nahi duten errealitatea et egia hitzek. Ezkortasuna eta baikortasun bakarrik ditu konprenitzen edo erabiltzen. Eritasun filosofiko baten seinalea dateke.

  • Eutsi goiari! 2021-12-12 15:47

    Baliteke horren seinalea izatea????.

  • Txapela dut eranzten zure gaurko inspirazioaren aurrean, JJ. Berebizikoa.

  • Arraioa… Eskerrik asko!

  • josu naberan 2021-12-12 22:06

    Dena dela, nehaur neurera: epe luzeko plangintza batek EUSKERA bera KULTURAZ (eta KULTURGINTZAZ) JANZTEA behar du. Bestela ekintza iragankor eta aski sentimentala izanen duna. Eta hori gerauhok jarri beharko diagu abian, INOREN zain egon bagerik… eta hobeto HAINBAT AZKARREN!

  • Kaixo, Naberan jauna. Niri oso zentzuzkoa eta garrantzitsua iruditzen zait hizkuntza kulturari lotua joan behar denaren ideia, berebizikoa izatez. Baina nik badaukat kezka bat, eta zuk espreski, daukazun posizioa edukita, argitu diezadakezun jakin nahiko nuke. Zalantza hori euskal jendartearen heterogeneotasunari lotua doa, konkretuki heterogeneotasun politikoari lotua.
    Zuzeu irakurtzen dugunon artean oso ezaguna dugu zuk Iruña-Veleia eta coronavirus auzien inguruan daukazun iritzia, gertatzen delarik euskal jendartearen zati oso batek zure iritziok baztertzen dituela erabat, zutaz trufatzeraino, tamalez. Horregatik, galdegin nahiko nizuke, zu nolabait egin nahi den berpizkunde kultural horren aitzindari izanik, nola tajutuko zenituzkeen euskaldunon artean dauden egungo mesfidantzak eta, egungo kasua harturik, posible liteke mugimendu berberean gobernuaren pandemia kudeaketa babesten dutenak eta baztertzen dutenak? Badakidalako mugimendu hori zerbait holistiko eta integratu moduan pentsatua duzula eta, beraz, malgutasuna, zentzu askotan, mugatua litzatekeela.
    Nire iritziz, eta errespetu guztiarekin diotsut, zaila egiten zait pentsatzea egungo euskal jendartea bandera berdinaren pean jarri daitekeenik, are gutxiago talde motorreko pertsonek ideia aski kontrobertituak jaurtitzen badituzte. Egitan kezkatzen nauen auzia da, batasunik gabe ez dagoelako garaipenik. Heroi bakartien istorioa tragedia moduan bukatu ohi da.

  • Benat Castorene 2021-12-13 09:29

    Ez dakit, Eutsi Goiari, zure azken gakdera motz hori eni zuzendua den ezta zer den ere zure galdera. Beraz barkatu erratzen banaiz.
    Bai iduritzen zait Peioren testu horrek baduela eritasun horren zantzua. Baina biziki hedatua da abertzaleen artean eta haratago ere.
    Ez dut dena esplikatuko iruzkin honetan , gaiak berez merezi luke garapen serio eta luzeago bat bat. Iradokiko dizut bakaarrik nun duen ijatorria gure gizartran:
    Alde batetik bizimodu nahikoa erosoa du gure Iparraldean, abertzaleek beresk gozatzen dutena. Bizimodu hori parte batean zor diogu estatuaren asimilazio politikari.
    Bestetik gelditzen da gure kontzientzietan (oraindik) euskaltasunari buruzko atxikimendu baten ondarra.
    Horrek ezinbestez sortzen du ezuntsa existentziak bat.
    Ezuntsa hori ekidin edo baretzeko eta bizimodu lasaiari eusteko, errazena da ukatzea euskaltasuna azkenetan dagoela iparraldean.
    Eritasun hori unibertsala da ez da deus originalik.
    Ezdakit aski argia izan naizen.

    .

  • Benat Castorene 2021-12-13 11:11

    Aurreko ene iruzina berriro idazten dut, txarto idatzia zen eta.
    Ez dakit, Eutsi Goiari, zure azken galdera motz hori eni zuzendua zen ezta zer den ere zure galderaren esan nahia. Beraz barkatu erratzen banaiz.
    Bai iduritzen zait Peioren testu horrek baduela eritasun horren zantzua. Baina biziki hedatua da abertzaleen artean eta haratago ere.
    Ez dut dena esplikatuko iruzkin honetan, gaiak berez merezi bailuke garapen serio eta luzeago bat. Iradokiko dizut bakarrik nun duen, ene ustez, jatorria gure gizartean:
    Alde batetik bizimodu nahikoa erosoa dugu gure Iparraldean, abertzaleek berek gozatzen dutena. Bizimodu eroso hori parte handi batean zor diogu estatu frantziarraren asimilazio politikari, zuzenean ala zeharka.
    Bi datu horiek, ezinbestez, anitzi sortzen digute ezuntsa existentzial bat. Izan dadin kontzientea ala ez.
    Ezuntsa existentzial dorpe hori ekidin edo baretzeko, eta sustut bizimodu lasai horri kontzientzia onekin eusteko, errazena da errealitatearen gordina ukatzea, alegia, euskaltasuna azkenetan dagoela iparraldean.
    Izan ere errealitatea aitortzeak jartzen gaitu beste galdera existentzial baten aurrean: Herria eta euskaltasuna aski maite dugu gure bizimodua arriskuan jartzeko?
    Eritasun horren mekanismoa unibertsala da eta gureak ez du deus edo guti baizik originalik. Eta denboran zehar eta anitz tokitan gertatu da.
    Zuzeuk mesedez borratzen balu aurreko ene iruzkina, hobeto denontzat!

    .

  • josu naberan 2021-12-13 12:09

    Arrazoia Harri,

    Gaur eguneko menfintza eta dibergentziak.

    Orduan, minimoetara jo behar diagu elkar ulertzeko DEMOKRATEN artean (gainerakoei utzi bakean (RIP).

    1) Ez dugu laket datuak ezkutatzea edo zentsuratzea.
    2) Ez dugu laket dogmak ezartzea

    …eta hori lortu arte, lana eta pazientzia iraultzailea.

  • Eutsi goiari! 2021-12-13 22:21

    Gaizki ulertu bat izan da! Emoticono edo emoji bat jarria nuen iruzkinean eta iruzkina argitaratzeko unean galdera ikurrek ordezkatu dute.
    Ados esan duzunarekin eta ongi segi!