Euskara batuaren ajeak Araban

Euskara batuaren ajeak Araban –

Egun hauetan euskararen batasunaren 50. urteurrena ospatzen ari da, eta kronika askotan agertzen den bezala, ez zen prozesu erraza, hainbat ahots batasunaren aurka altxatu baitziren. Oro har, ertz ugariko borroka izan zen, bertan politika edo erlijioa nahastu ziren; asko sinplifikatuta, ikuspegi tradizionalista eta berritzailearen arteko talka gertatu zen.

Euskara batuaren ajeak ArabanAraban esan dezakegu hizkuntzaren estandarizazioa onartua izan zela orduko gazte euskaltzaleen artean. Esate baterako, 1971n Anaitasuna aldizkarian 100 euskara ikasleen artean egindako inkesta batean, guztiek begi onez ikusten zuten hizkuntzaren batasuna, eta arrazoi ezberdinak aipatzen zuten, besteak beste, “herriaren batasunerako beharrezkoa, euskerak iraun dezan eta zabal dadin, euskaldun berrientzat oso egokia…” Euskalgintzaren aitzindariak izan zinenek, Andoni Urrestarazu Umandik eta Izaskun Arruek, aldiz, ez zuten euskara batua atsegin.

Biek paper garrantzitsu bat jokatu zuten hilzorian zegoen hizkuntzaren berreskurapenean. Umandi 1942an espetxetik atera bezain pronto helduei euskara irakasten hasi zen, bere etxean bertan. Klaseak isilpean ematen ziren, ez zuten testu-libururik, makinaz idatzitako orri batzuk besterik ez. 1951an EAJk bultzatutako greba orokor batean parte hartzeagatik, erbesteko bidea hartu zuen, baina hazia ereinda zegoen, eta ikasle batzuek klaseekin jarraitzeko ardura hartu zuten.

Izaskun Arruek sortu zuen bere etxean Gasteizko lehenengo ikastola, Olabide, hain zuzen ere. 14 umerekin hasi zen 1963an, baina urtez urte ikasleen kopuruak gora egin zuen eta 1967an Ikastola Estibalitz Etorbideko txalet batera lekualdatu zen. Era berean, legeztatzeko bidea hasi zen, eta horrela, Ikastolaren lana klandestinitatetik atera zen, alabaina, zailtasunak ez ziren desagertu: hala ohiko ikuskapen zorrotzak, nola “Ikastola” kartela kentzeko agindua.

Ikastolan guraso eta irakasleen gehiengoak batua onartu zuen batzar gatazkatsu batean, Izaskun Arruek, berriz, ez zuen bat egin erabakiarekin eta Ikastola utzi zuen. Urrestarazuk, bere aldetik, batasuna arbuiatu ez arren, ez zuen gustuko aukeratutako bidea; bere ustez, erdarakadak alboratuta, euskara batzen joan zitekeen. Hori zela eta, lehenik euskalkiak batu behar ziren. Horregatik, ez zitzaion batere gustatu 1975ean sortutako ikastolak bere ezizena edukitzea, bertan batuaz irakasten zela eta.

Zaitasunak zailtasun, 1970eko hamarkadan Arabako euskalgintzak jauzi kualitatibo bat eman zuen, klandestinitatetik ateratzearekin batera, gau eskolak eta ikastolak formalizatu eta herrialdean zehar zabaldu ziren. Jauzi horretan, zalantzarik gabe, euskara batua ezinbesteko erreminta izan zen.

Gaurko ikuspuntutik zaila da ulertzea batuaren aurkako jarrerak, are gehiago euskalki propioa desagertuta zegoen herrialde honetan. Hala eta guztiz ere, ezin dugu mespretxatu garai zailetan egindako lana. Izan ere, Umandi zein Izaskun Arrueren ezinbestekoak izan ziren Araba berreuskalduntzeko bidearen abiapuntuan.

Euskara batuaren ajeak Araban

Historialaria

Zer duzu buruan “Euskara batuaren ajeak Araban”-ri buruz

  • Kuriosoa da euskararen kontua Araban. Gaur egun bizkaiera deitzen diogunak epizentroa bertan eduki zuela irakurri izan dut, eta hara non, hainbat gasteiztar ezagututa konturatu naiz beren eskolan ikasitako euskarak bizkaieraren forma hartu duela urteen joanean. Zerikusia edukiko du noski Gasteiz unibertsitarioen hiri izateak. Denboraren joanean emango diote beren kaleko puntu informala eskolako hizkuntzari, ziur naiz. Animo periferiako euskaldunak!