Euskara babestu eta indartzeko arkitektura juridiko berri bat beharrezkoa da

Euskara babestu eta indartzeko arkitektura juridiko berri bat beharrezkoa da

150 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk antolatu duten “Hizkuntza eta Lurraldea. Erronkak & Tresnak” II. jardunaldietan. Bertan, azterketa sozioekonomiko eta soziolinguistikotik eratorritako datuak erakutsi, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) tresna aurkeztu, bere aplikazioa Tolosaldean ezagutu eta Katalunia eta Balear Uhartetako egoerak aztertu dituzte, besteak beste. Hizkuntzaren biziraupenerako euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea helburu duten ekimenei aterki juridikoa ematea beharrezkoa dela ondorioztatu dute.

euskaraHauek dira jardunaldien ondorio eta erronkak:

LEHENENGOA

Ondorioa: Udalerri euskaldunetan izandako aldaketa sozioekonomikoek eta soziokulturalek gune horietako egoera soziolinguistikoaren atzerakada eragin dute; besteak beste, lurralde-antolaketari eta –garapenari lotutako politikek ez diotelako erreparatu udalerri horien izaera linguistikoari.

  • Erronka:
    Udalerri euskaldunek hizkuntzaren normalizazioan duten estrategikotasuna kontuan hartuta, politika berezituak abiaraztea.

BIGARRENA

Ondorioa:  Gaur egungo hizkuntza-politiketan aldaketak eman behar dira udalerri euskaldunetan euskararen erabateko normalizazioa ahalbidetzeko, eta edozein politikak hizkuntzaren zeharlerrotasuna izan behar du.

Erronkak:

  • Hizkuntza-askatasun hutsetik, berezko hizkuntzaren eremu funtzionalak indartzeko jauzia egitea.
  • Hizkuntza-politika euskara zerbitzuetatik harago, hizkuntzan eragina duten politika publiko guztietara zabaltzea.
  • Hizkuntza-politika lurralderatzeko jauzia ematea, lehentasunezko hizkuntza bihurtuz ohiko jardueretan.

HIRUGARRENA

Ondorioa: Egungo marko juridiko zurrunak elebitasuna helburu izanik, euskaraz jarduten duten udalei mugak ezartzen dizkie, tratamendu homogeneoa baitakar.

Erronkak:

2.1- Aurrera begirako eztabaidetan euskararen zentralitatea bermatzea:

Status juridiko eta politiko berriaren definizioan, euskarari zentralitatea ematea; lehentasunezko hizkuntza bihurtzeko.

2.2- Eusko Legebiltzarrean Udal Legearen proposamena aztertzen ari diren alderdiei, ausardiaz eta erantzukizunez joka dezatela eskatzea.

Udalerri euskaldunei trataera berezia eskaintzea, euskarazko funtzionamendua babestu eta sutatzeko.
Eskumenaz harago, Udal Legeak betebeharrak ezarri beharko lizkieke udalei euskara lehentasunezko hizkuntza izan dadin.
2.3. 10/1982 Legea berrikustea
Legea udalerri euskaldunetarako zurrunegia dela kontuan harturik, beharrezko aldaketak egitea.

LAUGARRENA

Ondorioa: Euskal komunitatea suspertuko duten parte-hartze dinamika eraldatzaileak martxan jartzea.

Erronka:

  • Arazoa gizarteratzea eta herritarren kontzientzian eragitea.

BOSGARRENA

Ondorioa:  Hizkuntza-ekologiaren paradigma barneratzea: Aniztasuna = aberastasuna

Erronka:

  • Ekologiak baliatzen dituen tresnak, kontzeptuak, babes-teknikak eta eskuhartze-baliabideak hizkuntzaren berreskurapen zerbitzura ekartzea.

SEIGARRENA

Ondorioa: Lurralde-antolaketek eta hirigintza-planek hizkuntzaren egoeran eragina dute, baina, era berean, tresna eragingarriak izan daitezke hizkuntza biziberritzeko.

Erronkak:

  • LAG-Lurraldea Antolatzeko Gidalerroek udalerri euskaldunak berariaz jasotzea eta 17. atalean aipatzen den hizkuntza-eragina modu berezituan jorratzea eta loteslea izatea.
  • Euskararen Lurralde Plan Sektoriala egitea.
  • Oraindik egiteke dauden paisaia-katalogoetan hizkuntzaren gaia aintzat hartzea.

ZAZPIGARRENA

Ondorioa: Eragin Linguistikoaren Ebaluaziorako tresna baliagarria da hizkuntzan eragin negatiboak izan ditzaketen neurriak aurreikusteko.

Erronkak:

  • Lurraldean eragina duen edozein proiektu zein planetan ELEren aplikazioa beharrezkoa izatea.
  • Bertan jasotako neurri zuzentzaileak lotesleak izan daitezen marko juridikoa aldatzea.

ZORTZIGARRENA ETA KONPROMISOA

Batzorde Akademikoaren konpromisoa Eusko Jaurlaritzako talde desberdinei ondorio hauek aurkezteko.

Donostian, 2015eko otsailaren 6an

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU)

5 pentsamendu “Euskara babestu eta indartzeko arkitektura juridiko berri bat beharrezkoa da”-ri buruz

  • Errealitatea ikusten ez dutenentzat . 2015-02-06 21:35

    Hain zaila da ekuazio hau onartzea?

    Kanpoko erdaldunak gora (espainolak edo espainiatik kanpokoak), euskarak behera.

    Edo… ez al da onartzen, ekuazio-progrea ez delako?

  • Independentziarik gabe nekez lortuko dugu arkitektura juridiko eraginkorra. Beti egongo gara espainolisten beto eta inposizioen menpe.

    “AUZITEGIAK BERTAN BEHERA UTZI DU GIPUZKOAK XALBADOR KOLEGIOARI EMANDAKO LAGUNTZA”

    “600.000 euroko laguntza zen, hiru urterako hitzarmenen bidez sinatua. Urkijok auzitara jo zuen, eta arrazoi eman dio epaileak. Auzitegiak uste du aldundiaren eskumenen eta Kanboko kolegioaren artean “loturarik” ez dagoela.”

    http://www.berria.eus/albisteak/107794/auzitegiak_bertan_behera_utzi_du_gipuzkoak_xalbador_kolegioari_emandako_laguntza.htm

    • …. espainolisten eta …. jakobinoen…. beto eta inposizioen menpe.

      Gauden egoera gaudela ahal dugun guztia egin behar dugu, noski, eta ongi etorriak izan daitezen ekimen guzti hauek, baina zapalketa egoera honetan haiek izango dute beti azken erabakia.

  • Zenbat bilkura nazio zapalkuntzaren gordina estaltzeko ?
    Zenbat ahalegin benetako egoera politikoa desitxuratzeko ?
    Zergatik ez da aipatzen independentzia biltzar horren ondorioetan ?
    Zein da biltzar horretan parte hartu dutenen ideologia ?
    Noiz arte jarraitu behar dugu erridikulua egiten?
    Noiz hasi behar dugu, herri serioen antzera, arazoei benetako irtenbideak ematen?
    Euskal estaturik gabeko arkitektura juridikoa nork egindako arkitektura juridikoa izango da?
    Noiz ikasiko dugu, zein biltzarretan ikasiko dugu, zuzenbidea biolentziaren monopolioaren ondorio dela ?
    Noiz aspertuko gara gure buruari gezurra esatearekin?

  • Zerogarrena (“Condition Zero” delakoa):
    Ondorioa: Mundu mailako bi inperio okupatutako lurralde bateko nazioa izanik, bere hizkuntzaren pertsekuzio eta desagerpena geldituaraztea.

    Erronka:
    -Euskaldunon pertsekuzioa erreala dela ukatzen duten akademiko merzenarioak EHUtik kanporatzea, bera sortzeko helburuen aurka aritzeagatik.
    -Unibertsitateetatik gaur egungo euskaldunon kontrako errepresioa gizarte osoari bistaratzea.
    -Herri konkistatua garela ohartuta, euskal errepublika (edo monarkia, inperioa, niri bost) sortzea gure seme-alabek bakean eta zoriontsu bizi dezaten beren nazioa eta hizkuntza.