Euskara askatasunez

Euskara askatasunez. Resaka emozional gogor batek jota bueltatu naiz Gazte Danbadatik. Sentsazioa daukat hiru egunez ordulariari begiratu beharrik gabe ibili naizela bateko kontzertu eta besteko hitzaldietan. “Euskara eta askatasuna” izan zen ostiralean iritsi bezain laster entzutera joan nintzen lehen mahai-ingurua. Estitxu Eizagirre, Zigor Etxaburua eta Urko Aierbe aritu ziren berriketan; gazte mordoa berriz, entzuten.

Euskara askatasunezBorroka euskaltzalearen egoera, euskalgintzak independentismoari egin diezaioken ekarpena, feminismotik irakaspenak, istituzionalizazioaren mugak eta gainditu beharreko topikoak izan zituzten hizpide, besteak beste.

Aitortuko dizuet halako euforia eta euskara zaletasun dosi gehigarri batekin irten nintzela aretotik. Neure baitan desordenatuta eta sakabanatuta zeuden hainbat ideia fin lotu eta egituratu zituzten hiruen artean; euskararen normalizaziora bidean, akomodatu xamar gaudela zioten, eta ez zaie arrazoirik falta. Hitzaldian zehar paraleloki hitz egin zuten euskaraz eta feminismoaz, eta hari horri tiraka bota zuen Eizagirrek feminismoak egin bezala euskarak ere egunerokoan jasaten dituen bortxaketa eta erasoak salatu behar dituela. Izan ere, hizkuntzaren instituzionalizazioarekin normalizazio (faltsu) baten sentsazio orokor bat zabaldu da, eta horren aitzakiapean maiz zanpatuak geratzen dira hizkuntza eskubideak.

Egian abiatu eta Donostiako auzo ezberdinetan zabaldu den ekimenaren gainean ere jardun zuten hizkuntza urraketei buelta emateko aukera gisa: “Egian euskaraz bizi nahi dugulako”. Konpromisoak hartu eta euskararen erabilera sustatzeko zortzi astez euskara hutsean bizitzea zen helburua. Orain Añorgan egingo dute, eta Donostiako mugez gaindi beste herri eta auzoetan praktikan jartzea ere ez legoke sobera; askotan, geuk uste baino jende gehiagorekin euskaraz hitz egitea posible baita. Eta hala, hiruak hizketan entzuten nituen bitartean irudikatu dut neure burua Donostiako edozein dendatan gaztelaniaz.

Hitzaldiak aurrera egin ahala, feminismotik hartu beharreko irakaspenez, hizkuntza praktikez, euskararen borrokez eta bestez entzuten eta pentsatzen nenbilela alboko lagunaren asperena entzun nuen: “gogoratzen zertaz hitz egin dugun hitzaldira bidean?”. Eta bai, gogoratzen nintzen. Gazte Danbadara iritsi eta kanpin dendatik herrira bidean (egon ez zinetenontzat, jakin dezenteko distantzia zegoela), gurutzatutako gazteetatik ia inor ez genuen euskaraz entzun. Horrek sortutako haserrea eta mahai inguruak emandako euskaltzaletasun dosia tarteko, sentsazio gazi-gozoarekin hasi nuen asteburua. Gero ohartu naiz, akaso, errealitateren isla garbi bat dela: euskaradun jende mordo bat gaztelaniaz hizketan eta burugogor han eta hemen euskaraz ari diren lau.

Euskaltzale eta feminista naizen aldetik, Estitxu Eizagirrek botatako azken ideia bat berreskuratu nahi nuke: feminismoa festa handi bat da, gu geure erritmora ari gara dantzan, festara batu nahi duena ongi etorri izango da, baina ez gara inoren zain egongo; euskararekin berdin.

Euskara askatasunez