Euskara alderdien hauteskunde-programetan: EHBildu

Euskara alderdien hauteskunde-programetan: EHBildu –

Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka dauzkagula, begiak jarri ditugu EAEko Legebiltzarreko bigarren talde politikoak (EH Bildu) 2016ko bozetarako aurkeztutako egitarauan, apirilaren 5erako aurkeztuko duenaren zain.

Euskara alderdien hauteskunde-programetan: EHBildu

Egoeraren deskribapena: 2016an EHBilduk zioen bi estatu handiren hegemonia linguistikoaren mendean bizi dela Euskal Herria, menpeko estatus juridikoa duela, eta, erdaldunen elebakartasuna onartua den arren, euskalduna behartuta dagoela gaztelaniaz edo frantsesez egitera Hegoaldean nahiz Iparraldean.

Euskal Herriari, euskararen zazpi lurraldeei egiten zien erreferentzia EHBilduren programak garbi, hizkuntzan funtsaturiko errealitateari hain zuzen, eta horiek etorkizunean politikoki batzeko asmoari. Ikuspegi ideologiko horrek erabat bereizten zuen programa EAJtik eta Elkarrekin Podemos,PSE eta PPtik.

Helburuak: xede nagusi gisa euskaraz oso-osoan bizitzea posible egingo duten baldintza politiko-juridiko-sozial-ekonomiko eta kulturalak sortzea planteatzen zuen EH Bilduk: “…euskararen erabilera handitzeko, ohiko hizkuntza bihurtzeko eta euskararen normalizazioa bideratzeko, euskara jakitea unibertsalizatzeko eta euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko”, eta jarraian honela zehazten zuen: “EH-Bilduren hizkuntza-politikarako proposamena gaur egungo errealitatetik abiatuko da… egingarria, bideragarria eta pragmatikoa izango da”.

EHBilduren programaren inspiratzaileak Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak proposatutako gutxienekoak ei ziren: “[Hizkuntz politika] burujabea, kanpoko esku-hartzerik gabekoa. Euskarari estatus juridiko egokia eskaintzen diona. Euskara erdigunera eraman eta baliabide nahikoak dituena: euskararen normalizazioaren zentralitatea aldarrikatu eta praktikara eramango duena. Elkarlana, lidergo partekatua eta zeharkakoa: euskararen normalizazioa norbanako eta eragile guztien bultzadatik, auzolan estutik, eta erakunde zein administrazio ezberdinen koordinaziotik etorriko da. Hizkuntza politikaren xedeak euskararen hiztun komunitatea izan behar du, … udalerri euskaldunak, hiriburuak eta eskualde buruak hizkuntza politika gauzatzeko garrantzia berezia izango dute”.

Baina nola egin ihes kanpoko esku hartzeari?
Nola esleitu baliabide nahikoak?
Benetan uste ote du EHBilduk posible dela norbanako eta eragile guztien auzolana?

Ondoren 19 neurri. Lehenbizikoa: “Hizkuntza politika izaera estrategikoz, Lehendakaritzan kokatu”.
Nabarmentzeko modukoak iruditu zaizkigu 1982ko Euskararen Legea berritzeko asmoa edota eta “Hizkuntza politikari esleitutakoa, aurrekontu osoaren %2 ingurukoa” izatea.

Beste batzuk, aldiz, gauzatzen oso zailak, iragarritako errealismotik urrun:
“hizkuntza politika burujabea”…
“Euskararen Normalizaziorako Plan Estrategikoa eragile sozial eta politiko guztiekin (PP, PSE, CCOO, UGT…) elkarlanean”…
Enpresetan (guztietan?) euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza bihurtu .


Horiexek gertatu zaizkigu, labur-zurrean, nabarmentzeko modukoak.
Zer falta zuen EHBilduren programak bere eraginkortasuna neurtzeko?
Errealitatean gauzatzea, eltzea sutan probatzen baita.
Arazo handiena, segur aski, aurrera eramateko aukera gutxi izatea, egungo indar politikoen arteko harremanak eta botoak kontuan hartuta.

“Eragile guztien artean” gauzatzeko ekimenak, bestalde, politika-fikzioa iruditzen zaizkigu. Adostasun orokorraren bila, bidean ez atzera ez aurrera geratzeko arriskua nabarmena da, gaur egungo egoerak garbi frogatzen duen bezalaxe. Nahikoa lan euskaldunon hizkuntz eskubideak benetan bermatu eta euskararen normalizazioan aurrera egin nahi dutenen artean akordioak erdiesten!

Euskara alderdien hauteskunde-programetan: EHBildu